www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA LUZAMENDUTAN GEROTIK GERORA DABILLANAK, EGITEN DERAUEN BIDEGABE AINGIRUEI

KAP. LIV

 

356 Erraiten du Spiritu Sainduak: Spes quae differtur affligit animam (Prov. 3). Luzatzen den esperantzak nekhatzen du gogoa, penatzen du arima. Beraz handia da halaber bere arauaz, Aingiruei luzamendutan ibiltzeaz egiten derauegun bidegabea. Zeren desira handi batekin, gure penitentziaren eta konbertitzearen beha baitaude, eta berantzeaz damu hartzen baitute. Hala emaiten du aditzera San Agustinek: Quoties bene agimus gaudent Angeli, et tristantur Daemones: gaudium est enim Angelis super uno poenitentiam agente: sed Diabolo, super uno poenitentiam deserente (Aug. in Soliloq. anim. ad Deum c. 27 Tom. 9). Ongi egiten dugun guztiaz alegeratzen dira Aingiruak eta tristetzen deabruak. Eta erraiten denean Aingiruak alegeratzen direla, eta deabruak tristetzen: aditzen da ezen geure aldetik denaz bezan batean, guk alegeratzen ditugula, edo tristetzen: eta alegera edo triste albalitezi, guk egiten ditugun obrek, alegera eta trista litzaketela. Zeren bertze gainerakoan, Aingiruak nola bethi lorian baitaude, ezin triste ditezke, eta ez deabruak ere alegera, zeren hek ere bethi penatan baitira.

        Erraiten du San Tomasek: Daemones propter invidiam, profectum hominum impedire nituntur; et propter superbiam divinae potestatis similitudinem usurpant, deputando sibi ministros, ad hominum impugnationem: sicut et Angeli Deo ministrant, in determinatis officiis, ad hominum salutem ( S. Thom. 1 part. q. 114 art. 1). Badakigu, baduela gutarik bat bederak, Iainkoak emanik, nork bere Aingiru begiraillea: eta Aingiru hark bertze guztien artetik, eta gainetik, edukitzen duela bere kargukoaz kontu, eta desiratzen duela haren salbamendua. Eta nola Iainkoak ontasunean egiten duena, nahi bailluke Deabruak ere gaixtatasunean egin; halatan Luziferrek Deabru buruzagiak eta kapitainak, emaiten du halaber zenbait Aingiru gaixto, eta Deabru tentatzeko, eta bekhatu eragiteko. Eta hala erran ahal dezakegu ezen Aingiru on bat begiratzeko bezala, badugula halaber gaixto bat ere, bere ahalaz gure tentatzeko; ona Iainkoak emanik, eta gaixtoa Luziferrek igorririk.

357 Eta ezin erran diteke zein gerla handia duten Aingiru hek biek, onak eta gaixtoak, gure arimaren gaiñean. Biak permatzen dira, biak enseiatzen dira. Eta zintkienik, heriotzeko orenean enplegatzen dira. Zeren orduan dira zinak eta minak: orduan da arimaren gorabehera guztia, eta balantzaren alde batera edo bertzera erortzeko pontua eta puntada. Orduan biltzen dira Deabruak eta laguntzen zaitza elkharri, erraiten dutela: Deus dereliquit eum, persequimini et comprehendite, quia non est qui eripiat (Ps. 70). Utzi du Iainkoak, har dezagun beraz guk, daramagun, zeren gurea da, eta nori berea, ezin nehork edeki diazaio. Inguratzen dute, tentatzen dute, desesperatzeko pontura ekhartzen dute: eta peril da, zenbait desespera arazitzen ere baduten. Pontu hartan ethortzen zaitza arima tristeari gogora egundaiño egin dituen falta guztiak: eta hanbat eta hain handiak direla ikhusirik, bihotza hersten zaika, hiltzen zaika: eta iartzen da bere buruarekin gogoetan, erraiten duela: Zer izanen da orai nitzaz? Zer bide hartuko othe dut? Salbatuko othe naiz? Pontuaren latza. Pausuaren gaitza; egitekoaren handia: hersturaren hertsia, eta izigarria. Zer eginen du orduan arima izi hark? Nor deituko du bere faboretan? Nork eskua emanen dio? Nor helduko? Nor lagunduko zaika? Nor bada? Bera Aingiru begiraillea: hark orduan, adiskide onak bezala, laster egiten du, hark eskuel eragiten deraue: eta inguruneko etsai guztiak, demonio tentazailleak, alde batera eta bertzera bulkhatzeintu.

        Eta gero erraiten dio arimari: Ea arima izitua, bihotz har ezazu, esportza zaitezi, etzaitezila errenda, eztezazula gal esperantza. Zeren zure bekhatuak anhitz, eta handiak badira ere, iakizu ezen Iainkoaren miserikordia are dela handiago: eta Iainkoak nahi duela salba zaitezin; eta izaitekotz faltarik, zure aldetik izanen dela, eta ez Iainkoarenetik. Orduan Elizak ere egiten du othoitz, erraiten duela: Occurrite Angeli Domini, suscipientes animam eius. Ea zeruko Aingiruak, Iainkoaren aitzinean zaudetenak, orai da ordua, laster egizue, hersturatan dagoen arima huni eskua emozue, hel zakitzate. Orduan arima hark bere barren hartan, bere obrekin, berak iharduki behar du: Ezta ahaide adiskiderik hara heltzen: baiña bai Aingiru begiraillea, hark edukitzen dio on, hura dagoka aldakan, hark eztu utzten, gorputzean dagoen bitartean.

 

§ 1

 

358 Baldin arima hura, ontasunean, fedean, eta esperantzan firme egonik, eta bere faltak erremediaturik, partitzen bada Iainkoaren garazian dagoela mundutik: nork erranen du, zein handia den orduan Aingiru begirailleak hartzen duen atsegina, eta plazera? Lehenbizikorik arima haren ondoan zebiltzan Deabruak musikatzeintu, eskarniatzeintu, irriz iokatzeintu.

        Eta gero hartzen du arima hura, besarkatzen du, Iainkoaren aitzinera eramaiten du, erraiten dioela Iainkoari: Iauna, huna non den zuk gomendiotan eman zenerautan arima: manatu nenduzun begira nezala: begiratu dut, sendorik eta salborik bihurtzen deratzut. Errezibi ezazu bada, eta emozu huni zure loria, eta niri ere, neure trabailluaren golardoa, eta pagamendua.

        Ordea baldin arima hura ilkitzen bada, bekhatutan dagoela, gorputzetik, baldin kondenatzen bada: orduan utzten du bere Aingiru begirailleak, apartatzen zaika, eta apartatze hartan, erraiten dio: «ha gaiztoa, ene nekhagarria, ala nik gaizki enplegatu baitut hirekiko denbora. Amaren sabeletik iltki intzen pontutik, pontu hunetaraino, bethiere iarraiki natzain, eznatzain behin ere apartatu. Anhitz enseiu egin dinat, hire horretarik begiratzeko, eta orai daramanan bide gaixtoaren huts eragiteko. Baina alferrik guztiak. Zeren nola baituen libertatea, eta heure burua heure eskuko, hala egin dun heure plazera eta borondatea: garaitu naun, eztun nitzaz konturik egin: ez aiz nitzaz gobernatu. Galdu dinat nik neure trabaillua, eta bai hik ere, sekula fingabekotzat heure burua.»

359 Baldin Aniguru hura triste albaledi, edo ahalke, uste dut ezen arima haren galtzeaz, eta etsai gaixtoak daramakola ikhusteaz, triste litekeiela, eta alhalke. Eta badirudi ahalketurik bezala erraiten derauela bere lagun Aingiruei, Ieremias Profetak Babiloniako hiriaz erran zuena: Curavimus Babilonem. Nik egin dut neure aldetik egiteko zen guztia. Galdu da arima haur, eta eztu nehork ere nik baino damuago. Berak du ordea falta. Ni sinhetsi banendu, ezkinen egiteko hunetan izanen: ez nik izanen nuen hunenbat damu, eta ez hunek ere hunenbat kalte, eta atsekabe.

        Ordea zer da haur? Nolatan galdu da arima haur? Etzuen Iainkoak hunen salbatzeagatik odol isuri, eta heriotze errezibitu? Eta etzituen halaber eritzen zeneko medizinak, eta erremedioak, Sakramendu sainduak ordenatu? Eta etzeratzun zuri ere, Aingiru saindua, begiratzeko kargua eman? Nolatan bada galdu da? Nolatan kondenatu da? Ihardesten du Aingiruak:

        Egiak dira horiok guztiok: ene kargutan zen, eta etzen erremedio eskasik ere: Ordea etzaitza deus probetxatu: zeren bataz eritasuna baitzuen handia, eta sendatzeko desira ttipia: eta berriz bertzea zeren bere fantasiaz, eta borondatez gobernatu baita, eta ez ene konseilluz. Damu hartzeko okhasino handia emaiten zaika Aingiru begirailleari, bere kargutan duena, bekhatutik ilkitzeko luzamendutan dabilkonean, eta are handiagoa kondenatzen zaikala dakusanean. Handia da hunetan Aingiru begirailleari, eta bertze Aingiru guztiei ere egiten zaien damua, eta bidegabea. Zeren guztiek gure salbamendua, eta lehen baiño lehen bekhatutarik iltkirik ikhustea, desiratzen baitute, eta ilkitzen garela dakusatenean, atsegin hartzen baitute.

        Beraz hunelatan, hargatik beragatik ere, Aingiruei bai atsegin, baiña damurik, eta atsekaberik ez egiteagatik ere, behar genduke egun beretik, geroko luzatu gabe, trabu guztiak khendurik, salbamenduko bidea hartu, eta hartan, gelditzen zaikun geure mende aphurra, enplegatu.

 

aurrekoa hurrengoa