www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO ZAZPIGARREN ERREMEDIOA: BORZ ZENSUEZ, ETA LEHENBIZIKORIK BEGIEZ, KONTU EDUKITZEA

KAP. XLI

 

256 Nork ere nahi baitu bere buruaz kontu onik eman, behar ditu borz zensuak (zein baitira, ikhustea, dastatzea, enzutea, usnatzea, eta ukitzea) guardiatu eta begiratu. Zeren hauk dira leihoak eta portaleak, zeiñetarik bekhatu guztiak, eta guztiz ere haragiarenak, ariman barrena sartzen baitira. Athe hauk behar ditugu hertsi, eta hautzaz eduki kontu, baldin etsaia geure arimako gazteluan sartzetik nahi badugu begiratu.

        Lehenbiziko athea eta portale prinzipala da begietako bista, Visus. Hunek bertze zensu guztiei eramaiten deraue abantail. Hunek denbora gutiz egiten du anhitz. Urruititik ikhusten du, eta ikhusten duena gogoan barrena sartzen du, eta gogoak ere errezibitzen du. Baldin begiari edukitzen ezpazaika begia, kalte handiak gerthatuko dira.

        Ebak ikhusi zuen sagarra, eta handik bere burua gurekin batean, penatan ibeni zuen. Davitek behatu zioen behar etzen emazteari, eta handik egiteko handitan erori zen.

        Komunzki amorioa begietarik sarzen da, handik hasten eta sortzen da. Ihiztari handiak dira begiak, eta bere gogarako ihizirik eraikitzen dutenean, eztira erdiets arteiño baratzen.

        Begietako bista batek, behingo behatzeak, eta are anhitzetan ere, iragaitzaz eta ustekabean behatzeak, arrobatzen du bihotza: zer eginen du bada behin eta berriz, berariaz eta luzaro beha egoite hark? Bigarren behatze hark, berriz bihurtze hark, gogoeta egiten duela, eta zer hari den dakiela, begiak finkaturik eta landaturik, emaztearen begiei, begitarteari, gorputzari, edertasunari eta ibilguneari beha egoite hark, sua pitzten du, aitzinatzen du eta azkenean erratzen du. Hargatik erraiten du Spiritu Sainduak: Ne respicias mulierem multivolam, ne forte incidas in laqueos illius (Eccle. 9). Eztiazozula beha, emazte arin, airatu, leihariari: behin ikhusiz gero, ne respicias, ez bir-ikhus, ez berriz bihur. Zeren bihurtzen bazara, haren saretan erortzeko periletan iarriko zara. Ahalke gabeki, muthiriki, kantoin guztietara begiak dabiltzala, dabillan emaztea, peril da eroria den, edo sarri eroriko den. Ne dicatis vos habere animos pudicos, si habeatis oculos impudicos, quia impudicus oculus, animi impudici est nuntius (August. in regula). Ezterrazuela (dio San Agustinek) bihotz garbiak eta onhestak ditutzuela, baldin begi desonhestak eta ahalke gabeak baditutzue. Zeren begi desonhesta, ahalke gabea, eta kanpoan sosegurik eztuena, barren gaixtoaren, sosegu gabearen eta desonhestaren mandataria da eta seiñalea. Emaztètarik begiratu nahi duenak, begiratu behar du halaber emaztei behatzetik, behintzat bai, aiherkunde gaixtoz, eta handik kilikatzen dela, sentitzen duelarik beha egoitetik.

 

§ 1

 

257 Gauza ederra da, eta arimakotzat probetxu handitakoa onhetstasun batetan begien beheititurik edukitzea. Kontatzen da Hugo Ipizpiku saindu hartzaz, hain zedukala kontu handia bere begien egin bideaz, non emazte batekin minzatzen zenean, bethiere burua ahal bezanbat, bertze alderat itzultzen baitzuen (Guidus Cartus, in vita Hugonis). Eta erraiten zuen ongi zela hala egitea, zeren bertzela gaitz zela bere gogarako gauza ikhusiz gero, haren ez desiratzea, edo hartzaz gogoetarik egin gabe, egoitea.

        Ziroren soldaduek hartu zituztenean Asirioen iendeak eta onak, ediren zuten bertze presoen artean Pantea ederra, errege Abradaten emaztea. Eta eman zioten berehala aditzera errege Zirori, emazte haren edertasuna nolakoa eta zein abantaillatua zen. Baiña zeren erregek ez aditu iduri egiten baitzuen, lehiatu zeikan bere adiskide mamietarik bat, trebèn zeikana, Arraspas zeritzan bat, erraitera: Errege, ezta egundaiño lurraren gaiñean hain emazte ederrik sorthu, merezi du hain bertze ohore eman diazozun, merezi du behin ikhus dezazun: eta prometatzen deratzut, ezen baldin behin ikhusten baduzu, eztuzula bigarrenean gonbidatzaillerik beharko, zerori egonen zarela errana (Rhodig. lib. 13 c. 3).

        Orduan ihardetsi zioen erregek, hala erraile hari: Bada arrazoin horren beronengatik, eztut ikhusi nahi. Zeren baldin behin libreki ikhusten badut, beldur naiz bigarreneko gathiba nadin, eta neure desira desordenatuak behar eztena eragin diazadan. Errepuesta eder haur eman zuen errege ientil hark. Zeren baitziakien, zenbat kalte egiten zuen, gauza debekuaren ikhusteak.

        Hala irakurtzen dugu Alexandro handiak ere biktoria famatu hura errege Darioren gaiñean izan zuenean, eta haren alaba ederrak bertze presoen artean hartu zituztenean, etzuela nahi izatu ekhar ziazoten hetarik bat ere bere aitzinera, beldurrez ikhusi eta gero, behar etzena eragin ziazoten.

        Edireiten da bertzerik ere anhitz hunelako exenplorik, zeiñetarik athera behar baitugu, baldin nahi ezpadugu, behar ezten amorioa gogoan eta bihotzean barrena sar dakigun, zenbait aldiz begiak beheititu eta hertsi behar ditugula: begietako bistaren portale hunez (zein baita lehenbiziko zensua), kontu eduki behar dugula. Zeren haur da erremedio ona haragiaren bekhatutik begiratzeko hartu behar dena.

 

aurrekoa hurrengoa