www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ARRAZOIÑA, ZERGATIK BEHAR DIOGUN GEURE ETSAIARI BARKHATU, DA, ZEREN MENDEKATZEA BERETZAT BEGIRATZEN BAITU IAINKOAK

KAP. XXIX
220
Nehork bidegabe bat egiten deratzunean, eztu nahi Iainkoak zuk ordaiñik bihur diazozun: berak hartzen du bere gaiñera mendekatzea eta iustizia egitea. Mea est ultio et ego retribuam eis in tempore (Dt. 32; Rom. 12). Etsaiak gaizki bat egiten deratzunean, zuri baiño gehiago egiten dio Iainkoari, zeren hartan haren manua hausten baitu. Ordea eztu hargatik Iainkoak berehala gaztigatzen, igurikitzen dio, eta igurikiagatik eztu desohorerik. Beraz eztuzu zuk ere desohorerik izanen, bertze munduraiño igurikitzeaz, hareraiño ez mendekatzeaz. Baldin orai pazientzia baduzu, Iainkoari berari, berak dagiela utzten badiozu, zaren segur, berak berari, egin zaikan bidegabea, eta zuri ere egin deratzutena, kolpe batez, eskas gabe, eta merezi bezala gaztigatuko dituela, eta behar den deskargua etsaiari eraginen deraukala.

        Zerori zeure eskuz mendekatu nahi bazara, penatu behar zara, eta anhitzetan ere deus ezin eginez gelditu behar zara. Zeren benturaz etsaia izanen baita, zu baiño indartsuago eta botheretsuago. Eta Liviok dioen bezala, Vana sine viribus ira (Livius dec. 1, lib. 1). Indar gabeko kolera, haserrea eta mendekatzeko desira, parrik ezin iragan dezakeienarena, bano da, alfer eta guti balio. Eta erraiten du Senekak ere: Ergo ab ira abstinendum est sive par est qui lacessendus est, sive superior sive inferior. Nam cum pari contendere anceps, cum superiori furiosum, et cum inferiori sordidum (Senec. lib. 2 de ira cap. 34). Nola nahi den dela, begiratu behar da ihardukitzetik eta etsaiaren akometatzetik, nahiz dela etsai hura zure berdin, nahiz handiago, eta nahiz ttipiago. Zeren berdinarekin ihardukitzea dudos da eta perilos, andiagoarekin erhokeria, eta ttipiagoarekin itsusi eta dosohore. Eta guztiarekin ere haur hunela delarik eta dela dakizularik ere, iharduki nahiz zabiltza, desira gaixtoz bethea zaude, eztiozu etsaiari barkhatu nahi. Eta hartan zeure burua galtzen duzu. Zeren hartan zeure buruari, etsaiari baiño kalte gehiago egiten baitiozu. Hala emaiten du aditzera errege Davitek erraiten duenean: Circumdederunt me sicut apes (Ps. 117).

        Inguratu nenduten etsaiek, erlek bezala. Erleak nehor autsikitzen duenean, autsikitzenago du bere burua. Zeren bere eztena eta bizia han utzten baititu. Hala gerthatzen zaitzu bada zuri ere, etsaiari autsiki egiten diozunean, barkhatu nahi eztiozunean, eta bidegaberik egiten diozunean, gehiago egiten diozu zeure buruari.

221 Eta pontu hunen gaiñean gauza bat erran nai deratzut: iakin behar duzu ezen zuk zeure etsaiari ez barkhatuagatik, eztela handik segitzen, baldin hark bere aldetik bere eginbidea egiten badu, eztioela hari Iainkoak barkhatuko. Orduan ez barkhatzeaz, zeure buruari egiten diozu kalte, eta ez zeure etsaiari.

        Eta hala bethiere bai, baiña guztiz ere zerori ezin mendeka zaitezkeienean, konsola zaite eta iakizu ezen, Iainkoa mendekatuko dela. Eta hark eztuela utzten, eta ez utziko ere, faltarik, gaztigatu gabe: eta zuk zerorrek eginen zinituen baiño, zintkiago, eta fintkiago gaztigatuko dituela. Eta nola anhitzetan ere, aita batek bere semea zehatu duenean, zathitzen baitu zigorra eta egotzten sura: hala zure etsaia, zure zehatzaillea, eta penatzaillea ere zathituko du Iainkoak, eta azkenean egotziko ifernuko sura.

        Beraz hunelatan presuna batek, bidegabe bat egiten, erraiten edo pensatzen deratzunean, erran behar diozu Iainkoari: Iauna, badakusazu zertan naizen, eta zer egin derautan: eta zuri, niri baiño gehiago egin deratzu. Eta zuk badakizu, nik baiño hobeki, zer gaztigu eta zenbat merezi duen. Ezta beraz arrazoin, zu zaren lekhuan, nik eskurik har dezadan. Eta hala, arrazoin den bezala, eta manatzen duzun bezala, zerorri utzten deratzut, zeurk egizu iustizia. Eta hunein bertzez, zeren fida bainaiz eginen duzula, oraidanik mendekatutzat dadukat neure burua, eta gelditzen naiz neure baithan sosegatua, eta etsaiari barkhatzera deliberatua.

 

aurrekoa hurrengoa