www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA ORAIDANIK BEHAR DUGUN, GEROKO BEGIRA EGON GABE, ONTASUNEAN IRAUTERA ETA PERSEBERATZERA ENSEIATU

KAP. XLVII

 

296 Behin ere makhurtu gabe, saihetserat ere aldaratu gabe, bide onari eta arthezari bethi ongi eta artez iarraikitzea: berthutean, prestutasunean eta obra onetan fineraiño eta finean, bethi fin eta finko egoitea eta irautea, deitzen da gehien herrietan eta hitzkuntzetan perseberantzea.

        Eta perseberatze haur, berthutean eta ontasunean fineraiño eta finean iraute haur, da Iainkoaren donua eta emaitza: Iainkoa beraganik baizen bertzetarik ezin datekeiena. Hala erraiten du Konzillioak: Munus perseverantiae aliunde haberi non potest, nisi ab eo qui potens est eum qui stat statuere ut perseveranter stet, et eum qui cadit, restituere (Trid. sess. 6, cap. 13). Eta arrazoiña emaiten du San Tomasek: Perseverantia indiget non solum dono habitualis gratiae, sed etiam gratuito Dei auxilio, conservantis hominen usque ad finem vitae. Quia liberum arbitrium de se est flexibile (S. Thom. I p., q. 137, art. 4): Nola gizonaren borondatea, alde batera eta bertzera itzultzeko baita libre: borondate libre hunek, kontrako aldera itzuli gabe, eta harat erori gabe egoiteko, behar du Iainkoaren garaziaren eta faborearen habea eta sostengua, eta bai perseberantziaren indarra eta donua ere. Hala emaiten du aditzera San Agustinek: Firmissime tenendum est, neminem, etiam baptismatis gratia renovatum, idoneum esse ad superandas diaboli insidias, et ad vincendas carnis concupiscentias, nisi per quotidianum adiutorium Dei, perseverantiam bonae conversationis acceperit (Aug. lib. de Eccles. dogmat. cap. 25, tom. 3): Fintki eta duda gabe sinhesten dugu, eta sinhetsi behar da, eztela nehor ere asko sendo eta ez botheretsu, deabruaren enganamenduen eta haragiaren gutizien garaitzeko, egun guztiaz Iainkoa bera lagunduz, perseberantziaren donua errezibitzen duela baizen.

        Etsaiak, mundua, deabrua eta haragia bortitz; naturaleza flako, borondatea onera eta gaixtora libre, bietara iokatzen, eta haragiaren arauaz gaixtora iokatzenago. Ezta beraz irauterik etz ez fermo eta fintko egoiterik, Iainkoak berak edukitzen eta sostengatzen gaituela baizen.

 

§1

 

297 Bi perseberatze-molde, bi iraute-suerte erran ahal diteke edireiten direla gure artean. Bata da zenbait denboratakoa, zenbait denboraz ontasunean iraunez gero, eta bekhaturik egin gabe egonez gero, azken finean edo finera hurbiltzean faltatzen duena. Hura da lapitzaren gaiñean ereiten den hazia bezala: sortzen da ongi, baiña nola ezpaitu errorik egiten, fite ihartzen da. Hala dira bada iende thaillu batzuk ere: hasten dira ongi, ordea eztira aitzinatzen: den traburik ttipienean behaztopa, kanabera bezala, malgu eta plega; kamaleona bezan batetan mutha, finean firmetasunik ez, hoberenean falta.

        Edireiten da Vipera daritzan sierpe bat, gaixtoa eta pozointsua (Plin. de Natur. hist. lib. 8 cap. 39). Eta hartzaz erraiten du Pliniok egotzten duela neguan bere pozoiña eta lurrean barrena ehortzen duela; baiña gero udan pozoin berriarekin, are lehena baiño gaixtoagoarekin agertzen dela. Hala dirudi bada egiten duela eritasunean, garizuman, edo zenbait trabaillutan eta egitekotan denean, bekhatutik apartatzen denak ere. Senda arteiño, garizumaren edo trabailluaren negua iragan arteiño, pozoiña utzten du. Baiña gero, uda dathorrenean, senda dadinean, garizuma iragan denean, finean, bere gogara iar dadinean, berriz bere pozoiña hartzen du, bere leheneko bekhatura bihurtzen da. Haur da bihurgune gaixtoa, denbora gutiz ontasunean irautea eta perseberatzea; eta guztia ongi kontatzera, deus guti balio duena.

        Bigarren iraute eta perseberatze-moldea da azken finekoa; lehen zer izan baita ere, azken finean, ontasunean, prestutasunean eta berthutean perseberatzea, irautea eta hartan akhabatzea.

        San Agustinek eztu konturik egiten aitzineko perseberantziaz eta irauteaz, finera baiño lehen, edo finean berean, fina finatu gabe finatzen denaz. Potius habuit perseverantiam unius anni fidelis, et quantum infra excogitari potest, si donec moreretur fideliter vixit, quam multorum annorum, si exiguum ante mortem a fidei stabilitate defecit (Aug. lib. 2 de domo pertrac. c. 1. Tom. 7). Azken urthean, heriotzeko aitzinean denbora aphur batez ongi bizitzen denak, eta gero hiltzen denean bekhaturik gabe gerthatzen denak, erran ahal diteke duela behar den perseberantzia eta firmetasuna, eta ez aitzinetik anhitz urthez ongi eta prestuki bizi izan denak, baldin hiltzerakoan edo hiltzen denean faltatzen badu.

298 Aaron sazerdote handiaren beztidurak, behereko bazterrean inguru, zituen mingrana pintatuak. Mingranak, bertze fruituek eztutena, badu koroa iduri bat. Bada koroa hura nahi zuen Iainkoak eman zekion sazerdotearen beztidurari ez hastean eta ez erdian, baiña bazterrean, oinetan, akhabatzean. Zeren akhabatzeari dagoka koroa eta ez hasteari.

        Galdegin zeraukaten egun batez Diogenes Filosofo handi hari ea zergatik hain zahartuz gero etzuen pausatzen? Etzen estudiatzetik eta irakurzetik gelditzen? Eta ihardetsi zuen: thema baten gaiñean, garaikarrean, laster egiten duenak, eztu xedera eta marrara hurbildu hurran denean ezansiatu behar eta baratu. Aitzitik, orduan behar du permatuago eta enplegatuago, hartaraz gero garaitia bertzek eraman eztiazon, eta anarteraiñoko trabaillua ere gal eztezan. Hala bada nik ere (dio Diogenek) orai xedera, bizitzearen bazterrera eta adinaren finera hurbildu naizenean, eztut gelditu behar eta ez ezantsiatu.

        Baiña orai behar dut lasterrago abiatu, fintkiago permatu eta denbora hobekiago enplegatu. Zeren bertzela benturaz thema gal nezake, leheneko laster eginaz eta estudiatuaz eznuke probetxurik. Haur da Iondone Paulok ere erraiten duena: Sic currite ut comprehendatis (1 Cor. 9). Egizue laster, atrapa dezakezuen bezala.

        Eta hunela, laster egite eta atrapatze haur, fineraino eta finean, azken pontuan eta partitzean bekhaturik gabe gerthatze haur, erraiten du San Agustinek dela Iainkoaren donua eta emaitza, Iainkoaren liberaltasuna: eta nori emanen zaikan eta nori ez, Iainkoa beraganik baizen ezin iakin ditekeiena.

        Beraz, beldur garela behar dugu bizi, behatuki ibili eta geure indarrean baiño, Iainkoaren faborean fidatzenago garela, humiltasun handi batekin othoitzetan iarri, nahi gaituen sostengatu, erortzetik begiratu, eta bekhaturik gabe gauden batez, beregana deitu eta thiratu. Zeren ontasunean azken fineraiño iraute haur, nehork ere bere buruz ezin merezi dezakeien donua bada ere, ordea guztiarekin ere, egin behar du bat bederak bere aldetik ahal dagiena, merezi ahal baillezake bezala. Zeren gure othoitz guztien enzutera eta konplitzera obligatzen ezpada ere Iainkoa, ordea gaiñerakoan prestik dago ahala egiten duenari heltzeko, iabetzeko eta eskuaren emaiteko.

299 Hala emaiten du aditzera Errege Davitek: Prope est Dominus omnibus invocantibus eum, omnibus invocantibus eum in veritate (Ps. 144). Hurbil dagote Iainkoa zinez eta egiaz gomendatzen eta fabore eskatzen zaizkon guztiei. Eta nahi du eska gakitzan, eta are lehia gakitzan, eta lehenbiziko ezean eta errefusean eztezagun etsi, baiña athal ondoan dagoen eskalea bezala, erdiets arteino, gauden buthoituak.

        Eta orobat da noiznahi den, gauaren erdian ere, eskatzea. Zeren Iainkoa baithan ezta ez orenik, eta ez aldarte gaitzik, munduko iendetan ohi den bezala. Haren baithan muga guztiak eta oren guztiak dira bat, bethi da nehor ongi ethorria. Beraz hunelatan zintki eta fintki, maiz eta lehiatuki, behar gatzaitza azken fineko iraupenaren eta perseberatzeko donuaren eskatu: eta hunetan geure ahal guztiaz permatu eta bulharka iarri. Zeren azken fineko perseberantzia da gakhoa, hura da gora behera guztia, hartan dago garaita eta biktoria. Hura gabe leheneko obra onek deus guti balio dute. Zeren iraganak iragan, azken finean nolako garen behatzen du Iainkoak: eta orduan edireiten gaituen arauaz, emaiten deraku sekulako zorthea, ona edo gaixtoa.

        Eta ontasunean iraute haur, perseberatzea, oraidanik behar da hartu eta eduki, eta ez geroko esperantzan utzi eta largatu. Zeren azken fineko aitzin hartan irauten eta perseberatzen duenak, perseberatzen ohi du komunzki azken finean berean ere.

 

§ 2

 

300 Ordea, ezkaitu ez izitu behar azken fineraiñoko, edo gareinoko trabaillu aphur batek; hartzaz zeruko loria, hain gauza handia, erdiesten denaz geroztik. Zeren Iondone Paulok dioen bezala: Non sunt condignae passiones huius temporis ad futuram gloriam quae revelabitur in nobis. Hemengo neke-trabaillu guztiak, gehiago balira ere, eztira zeruko loriaren erdiesteko merezient, eztira asko, eztira deus harekin konparaturik. Beraz hunelatan eztugu bizi gareiñoko trabaillu aphur haur sobera etsi behar. Aitzitik, desiratu behar genduke lizen handiago eta iraun lezan gehiago. Hala desiratzen zuten lehenagoko sainduek; eta halatan desira hura hala izanez, eman zerauen Iainkoak hain loria handia.

        Halako batez mintzo dela, erraiten du Spiritu Sainduak: Consummatus in brevi explevit tempora multa (Sap. 4). Denbora gutiz bizi izan bazen ere, guti hartan egin zuen anhitz. Zeren hartan baitzuen aitzinerat ere ongi egiteko gogo eta borondate, eta borondate harekin hail baitzen. Hala erraiten da halaber gaixtoez ere denbora gutiz egin zutela anhitz: eta denbora gutiz eta laburrez egin zituzten bekhatuakgatik emaiten zaiela gaztigu luzea eta sekulakoa. Zeren denboran izan baziren ere labur, ordea bekhatu egiteko gogoan, borondatean eta desiran, izan baitziren luze.

        Bada nola gaixtoek baitute gogo eta borondate, aitzinerat ere bere gaixtakerietan egoiteko eta bizitzeko: hala onek dute halaber ontasunean aitzina iragaiteko eta hartan fineraiño eta finean irauteko eta perseberatzeko.

        Eta ezta ez, ez deusgatik, munduak, deabruak edo haragiak kontra aphur bat eginagatik, utzi behar perseberatzea eta aitzinerat iragaitea, ezta hargatik gibelat bihurtu behar.

        Itsasoan dabiltzanak, tormentak hartuagatik, kontrako haizeak ioagatik, eztira berehala errendatzen, eta ez bihotz hilduak eta etsituak iartzen; eztira portuan sar arteino laxatzen eta ez ezansiatzen, anarteraiño bethi on dadukate, bethi enseiatzen eta permatzen dira. Hala behar dugu bada guk ere permatu, eta parabisuko bidean iaikitzen zaizkigun tormentak eta kontrak benzuturik, hango portuan sartzera enseiatu eta ez anarteraiño errendatu eta ez amaiñatu. Eztugu ximinoak bezala egin behar: eltzaurraren iateko desiros delarik, kanpoko azalaren hautsteko nekeagatik, utzten baitu barreneko mamia dastatu gabe.

301 Giristino fina ezta ez berehala lehenbiziko okhasinoan eta tentamenduan erortzen; ezta lehenbiziko inkontruan behaztopatzen, eta ez izitzen. Aitzitik, orduan defendatzeko eta ihardesteko, pitztenago, permatzenago eta finkatzenago da.

        Su ttipia, kandela-argia, haize gutik iraungitzen du, baiña su handia, ikhatztobia, haize handiarekin, handitzenago eta sendotzenago da; hala bada, debozino ttipia, ezbaieko gogoa, eta ontenzione flakoa ere, edozein tentamendurekin, okhasino gutirekin, haize aphur batekin, iraungitzen da. Baiña debozino handia, intenzione fina, berthutean erroak eginik dagoena, okhasino handiekin, haize nahasiekin eta tentamenduekin fintzenago eta handitzenago da.

        Ordea, erraiten denean ezen azken fineraiño eztirela giristino onak eta finak baratzen, zabartzen eta ez gelditzen; ezta ez aditzen lehenbiziko hastetik akhabatzeraiño, gaztetik zahartzeraiño, behin ere eta nehoiz ere bekhaturik egin gabe egoiten direla. Zeren Salomonek dioen bezala: Septies in die cadit iustus (Prov. 24). Den iustuena ere, egunean zazpitan erortzen da, zenbait bekhatu benialetan bedere behaztopatzen da. Baiña aditzen da ezen bekhatu bat egiten duenean, hartarik berehala, hartan guti pausaturik ilkitzen dela, eta iltkirik azken finean bekhaturik gabe gerthatzen dela.

        Batzuek hartzen dute gogo eta borondate, zenbait denboraz bedere, bekhaturik egin gabe egoiteko. Zeren halako naturaleza du bekhatuak, non uste baitut ezen eztela nehor ere, gaixtoago bada ere, bere gaixtakeriak unhatzen eztuenik eta bertze bizitze molde bati lotzea desiratzen eztuenik. Ordea bat ere, eta nehoiz ere, bekhaturik egin gabe egoiteko gogo deliberatua, perseberatzeko firmetasuna, geroko utzten dute.

        Badu gure Gero hunek hemen ere bere etxalekhua eta ostatua. Bada baldin izanen bada firmetasunik gero, behar da perseberatzera eta firme egoitera enseiatu orai. Aitzineko obra onak eta perseberantzia dira ondoko fin onaren eta perseberantziaren bidea eta seiñalea. Iaiki eta eror dabillanaren bizitzea, bizitze perilosa da, guztiz ere, baldin eroririk denbora gehiago egiten badu iaikirik baiño: nola komunzki gerthatzen ohi baita gure baithan.

        Agian aste batez edo biaz egoiten gara bekhaturik egin gabe; baiña urthe batez eta hamarrez bekhatutan. Badakigu gaixtakerian pensatzen, irauten eta perseberatzen, baina ez ontasunean. Eta badio San Agustinek ezen hunela bekhatutan egoiteak eta perseberatzeak, haserretzenago duela Iainkoa, bekhatu egiteak berak baiño. Non enim qui peccaverit, sed qui in peccatis perseveraverit, odibilis et abominabilis erit Deo (Aug. serm. 58 de temp. Tom. 10).

 

§ 3

 

302 Ebakitzen duzunean zuhaitz bat, eta berriz hartarik urt-umeak edo adarrak sortzen direnean, ageri da etzenduela osoki eta ondotik ebaki, gelditu zela zenbait erro eta zain.

        Halaber zauria ere behin sendatutzat utziz gero, berehala gaizkoatzen denean, badirudi gelditu zela zenbait kutsu, zenbait narrio, etzela ongi sendatu. Hala bada behin bekhatutarik sendatuz gero, berehala eritzen eta hetara bihurtzen denean, badirudi gelditu zela zenbait kutsu, zenbait narrio, etzela ongi sendatu. Hala bada behin bekhatutarik sendatuz gero, berehala eritzen eta hetara bihurtzen denean, badirudi gelditu zela zenbait erro, zenbait bekhatu egiteko gogo; etzela ongi sendatu eta ez garbitu, etzuela apartatzera fintki deliberatu.

        Egia da ordea ongi garbitu eta sendatuagatik ere, gertha dakidikaio berriz likitstera, eritzera eta bekhatu egitera. Zeren bekhatuaren erroa eta zimendua libertatea da: eta libertateak behin utzi duena, berriz har dezake.

        Baiña guztiarekin ere, behin eror eta berriz iaiki ibiltzea seiñale gaixtoa da, eta gure galgarria.

        Unus aedificans et unus destruens, quid prodest illis, nisi labor? (Eccli. 34). Batek egin eta batek desegin, zer probetxu, trabaillua baizen? Bada halaber zer probetxu da, behin iaikitzeaz, baldin berriz erortzen bada, eta eroririk dagoela eta datzala, gelditzen bada? Zer probetxu da bide luzeari lotzeaz, gogo duen lekhura heltzen ezpada? Zer probetxu, untziak betherik eta kargaturik bela ongi egiteaz, baldin portura baiño lehen edo portuan galtzen bada? Zer probetxu etxearen hasteaz, akhabatzen ezpada? Ezta asko ongi hastea, akhabatu behar da. Iudas ongi hasi zen, baiña gaizki akhabatu. Loten emaztea ere Aingiruaren manuaren konplitzen ongi hasi zen, Sodomatik iltki zen, ordea gibelat behatzeaz, galdu zen; hargatik gatz bihurtu zen. Eta gatz bihurtze hunen gaiñean erraiten du Glosak: Sal est condimentum ciborum: et ideo uxor Lot respiciens retro, versa est in statuam salis, quia punitio eius dat condimentum sapientiae poenitentibus ne ad pristina peccata revertantur (Lyran. in cap. 19 Gen.). Gatzak du indar eta berthute ianhariei gozo eta zaphore emaiteko, eta bai aitzinerat ere iraun arazitzeko. Eta halatan, gibelat behatzeaz, gatz bihurtu zen: emazte hark eta hari eman zeikan gaztiguak, erakusten derauku eztugula gibelat behatu behar, eta ez lehen utzi ditugun bekhatuetarat bihurtu. Halatan erraiten deraku Iainkoak berak: Memento uxoris Lot (Luc. 17). Orhoit gaitezilla Loten emazteaz, zentza gaitezilla haren baithan, hari gerthatu zeikana gertha eztakigun, eta haren gatz hartzaz gaziturik bezala, bekhatutan ustelzetik begira gaitezin.

 

§ 4

 

303 Ezta gibelat behatu behar, zeren hala behatzeaz izatu da gaizki heldu denik. Bada exenplo bat, edo elhe bat, elkhar hil nahi zuten batzuen artean gerthatua. Hasi ziren bi gizon ezpata kolpeka: eta batak, maliziosago baitzen, erran zioen bertzeari:

        Hola, hola, bihoa hortik zure gibelean dagoen gizon hori, eznaiz ni biaren kontra hari. Orduan ustez ezen egiaz mintzo zen, behatu zuen gibelat, eta bitarte hartan, eman zioen bere bethea, eman zioen zafadarrako eder bat. Hala egiten deraue bada deabruak ere gibelat, leheneko bizitze gaixtorat behatzen dutenei, eta bihurtzen direnei ere.

        Nemo mittens manum ad aratrum et respiciens retro, aptus est regno Dei (Lc. 9). Gibelat beha dagoela, golde nabarretan hari dena, ezta zeruko erresumaren erdiesteko gai, eta ez on (dio gure Iainkoak). Arator respiciens retro facit sulcum tortuosum aut inutilem: sic accipiens melioris vitae statum, eta habens affectum redeundi ad pristinum statum ineptus est regno adipiscendo (Lyran. in cap. 9 Luc). Golde nabarretan, edo golde-pikoetan, lur lantzen eta aphaintzen gibelat beha dagoela hari denak, hildoa makhur eginen du, ezta hura goldelari on izanen.

304 Badira lan batzuk eta obra batzuk, aitzinerat, gibelerat, saihetserat, edo norat nahi den beha dagoela eginagatik, ezpaita antsia, nola baita iatea, edatea, mintzatzea. Baiña badira berriz bertze batzuk, nola baitira eskiribatzea, pintatzea, iostea, golde nabarren eta arhen ere haritzea, ezpaitira ongi egiten, bethi kontu edukitzen dela eta aitzinerat artez behatzen dela baizen. Hala da bada zeruko erresuma ere: baldin erdietsiko bada, artez ibili behar da, aitzina ioan behar da, ezta gibelat, leheneko bekhatuetara behatu behar, eta ez bihurtu. Zeren bihurtzekotz, probetxu guti da, lehen egin den guztiaz.

        Erhoa da behin garzeletik itzuriz gero, berriz bihurtu nahi dena: eta bai behin bide batetan arrobatu dutenean, berriz handik iragan nahi dena ere. Halakoak, animalia adimendurik eztuenak baiño adimendu gutiago du. Zeren animaliak, bere adimendu gabearekin ere, eztira lehen gaizki heldu diren lekhura berriz bihurtzen, baiña bai bekhatorea bihurtzen da. Hunen gaiñean erraiten du Iondone Petrik: Melius enim erat illi non cognoscere viam iustitiae, quam post cognitionem retrorsum converti (2 Petr 2). Hobe zukeien egiazko bidea iakin gabe egon, iakinez gero gibelat bihurtu baiño. Hala emaiten du aditzera San Lukas Ebanjelistak ere: Novissima autem eius erunt peiora prioribus (Luc. 11).         Behin deabrua spiritualki, edo korporalki, bereganik atheraz gero, bere faltaz, berriz sartzera utzten duena, gaizkiago da orduan, bigarren hartan, lehenbizikoan baiño; perilosago da azken hutsa, lehena baiño: azkenak lehena ahantzten du.

        Hunen arauaz abisatu zuen paralitiko sendatua ere, bere sendatzailleak: Ecce sanus factus es, iam noli peccare, ne tibi deterius aliquid contingat (Io. 5). Badakusazu sendatu zarela, begira bada berriz eritzetik, zerbait are lehen baiño gaizkiago gertha eztakizun. Zeren gaixto da eritasuna, baiña gaixtoago berretura. Gaixto da zauria, baiña gaixtoago gaizkoadura. Gaixto da kofesatu gabe egoitea, baiña aldez gaixtoago kofesatu ditutzun bekhatuetara bihurtzea. Bigarrren bihurtze eta erortze hura gaitziago zaika Iainkoari lehenbizikoa baiño.

        Ezagutzagabetasun handia da eta ingrat izaitea, Iainkoari kofesatzean eta handik kanpoan, zeure orazinoetan eta othoitzetan hanbat promes eginez gero, eta hekin batean zeure bekhatuen barkhamendua eta bertzerik ere anhitz garazia, fabore, eta ontasun erdietsiz gero, promesak hautsirik, berriz leheneko maiña gaixtoetara bihurtzea, hanbat obligazino, eskergaixtoaz pagatzea.

 

§ 5

 

305 Hain da handi eta itsusi bigarren bekhatua, behin barkhatuz gero, berriz egiten dena, non hark bere ingrat-tasunaz, leheneko bekhatu barkhatuak ere bihurtzen bezala baititu (Vide S. Thom. 3 p. q. 88, art. 2 in corp.). Eta ezta miretsteko. Zeren bigarren bihurtze hark, leheneko bekhatu barkhatuak ere erraberritzen, gogora ekhartzen eta pitzten bezala baititu. Eta hala iustiziak ere, behin azotatua, bigarren atrapaduran, bortitzkiago gaztigatzen du.

        Behin utzi zuen bekhatura berriz bihurtzen dena, konparatzen du Spiritu Sainduak bere okha egina iaten duen orarekin. Sicut canis qui revertitur ad vomitum, sic imprudens qui iterat stultitiam suam (Prov. 26). Eta Iondone Petrik, are gehiago konparatzen du halakoa lohira hidoiztatzera bihurtzen den urdearekin. Canis reversus ad vomitum, et sus lota in voluntabro luti (2 Pt. 2). Hain da gauza hatsa, likitsa, higuiña eta nardagarria, or baten bere okha eginaren eta ahotik egotziaren berriz iretsten ikhustea, non baldin Spiritu Sainduak berak usatu ezpalu konparazino hunez, ezpainintzen ni aiphatzera ere ausartuko. Baiña erraiten du Spiritu Sainduak, derragun beraz guk ere. Behin bekhatua kofesatu, ahotik egotzi, eta berriz hartara bihurtzera, bere okha eginaren beraren iretstea bezala dela. Zeren okha hura zein lizun eta urde den, are baita lizunago eta urdeago bekhatua.

        Beraz hunelatan ezta leheneko bekhatuetara bihurtu behar, eta ez behin garbituz gero berriz likitstu ere. Aitzitik dagigun eta derragun, esposak bezala: Lavi pedes meos, quomodo inquinabo illos? Expoliavi me tunica mea, quomodo induar illa? (Cant. 5). Oiñak garbituitut, nola bada likitstukoitut? Athorra erauntzi dut, nola bada iauntziko dut?

306 Kofesatu ondoan, munduak, deabruak edo haragiak berriz bekhatu egitera, eta leheneko estatuan, egoitzan, etzauntzan eta tokian iartzera akhometatzen zaituztenean, ihardetsi behar zeneraukaie: Nolatan ahal daidiket nik hori? Garbituitut neure oiñak, nola bada likitstukoitut? Erauntzi dut behin athorra lohia, nola bada berriz iauntziko dut? Biluzi naiz behin aztura gaixto guztietarik, nola bada berriz beztituko naiz? Utzi ditut behin, nola bada berriz hartukoitut? Edo berriz hartzekotz, zertako utzi behar nituen? Si poenitens es, noli facere; si facis, certe poenitens non es, dio San Agustinek (Aug. lib. de vera et falsa poenitentia). Baldin bazara penitent, baldin lehen eginaz damu baduzu, eztagizula gehiago, zeren baldin egiten baduzu, ageri da etzarela penitent, eztuzula lehenaz damu.

        Diferentzia handia da salbatzen direnen eta salbatzen eztirenen artean: eta diferentzia haur eztago ez guztia bekhatu egitean edo ez egitean. Zeren salbatzen direnetarik, batzuek egin zuten noizbait bedere bekhatu: Iondone Petrik, Iondone Paulok, Magdalenak, eta bai bertze anhitzek ere. Baiña diferentzia dago behin edo berriz bekhatu egitera gerthatuagatik, heken fite utztean, eta behin utziz gero, ez hetara berriz bihurtzean. Hala edireiten da lehenagoko sainduak, zenbait bekhatutan erori baziren ere, fite iaiki zirela, eta behin iaikiz gero, etzirela gehiago erori, eta ez bere leheneko bekhatuetara eta ez bertzetara bihurtu. Hala egin behar dugu bada guk ere. Qui secutus es peccantem, sequere poenitentem (In vita Sancti Ambrosii). Baldin oraiñokoan iarraiki bagatzaizte sainduei bekhatu egitean, iarraiki behar gatzaizte halaber bekhatuen utztean, eta behin utziz gero, ez berriz hetara bihurtzean.

        Fineraino eta finean perseberatzen duena, izanen da salbatua eta ongi zortheatua. Qui autem perseveraverit usque in finem, hic salvus erit (Mt. 10). Bertze guztiak deus guti dira, finak darama koroa, akhabatzean kantatzen da loria.

        Beraz fin hari, eta akhabatzeko loria hari begia edukirik, hareraiño, eta han, behar dugu, egun beretik, geroko begira egon gabe, bekhaturik gabe egoitera enseiatu. Hartarakotzat orai eskuen artean darabiltzagun bekhatuak urrikimendu handi batekin kofesaturik eta utzirik, aitzinerat gehiago egitetik begiratzen garela. Zeren halatan erdietsiko dugu orai perseberantziaren donua eta gero azken finean arimen salbamendua, sekulako loria.

 

aurrekoa hurrengoa