www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

HARAGIAREN AMORIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN BIGARREN ETA HIRURGARREN KALTEAZ: EZTUELA DEN AHAIKOARIK HURKOENAZ ERE KONTURIK EGITEN, ETA EZ HARTAKO IURAMENTURIK KONPLITZEN

KAP. XXXII

 

232 Haragiaren amorio desordenatua, hain da gauza itsua eta itsugarria, non halako amorioa duenak ezpaitu batzutan ahaikoaz ere konturik egiten.

        Ingressus est Absalon ad concubinas patris sui, coram universo Israel (2 Rg. 6). Sarthu zen Absalon mundu guztiak zekusala bere aitaren amorantètara edo emaztètara, eta han hekin segitu zuen, eta izan parte. Halatan mehatxatu zituen Iondone Paulok ere Korintiokoak, zeren bere ugazamarekin etzaten zen bat, bere artean sostengatzen zuten: Omnino auditur inter vos fornicatio, qualis nec inter gentes, ita ut uxorem patris sui aliquis habeat (1 Cor. 5).

        Hala erraiten da Neron gaixto hark ere, Erromako andre prestuen erdiak desohoratuz gero, eta iduri onetako muthil gazte bat ikhusten zuenean, harekin ere naturaleza bera ere narda den bezala, segituz gero, azkenean bere ama propioaz amurustu zela: bere ama bera, zeiñen sabeletik iltki baitzen, demandatu zuela. Eta hartaraz gero emaztea ere komunzki airatzen, kilikatzen, eta gogoetan lurrera beha iartzen da. Zeren materia hunetako pilotu on batek dioen bezala: Illa est casta, quam nemo rogavit (Ovid. El. 2). Nehork orhoitu, eta othoitztu eztuena, da kasta, garbi eta prestu. Anhitzetan hazteintu osoki oilloak bere xito guztiak, mirua oldartu gabez. Anhitz egur eder gelditzen da oihanean ekharlerik gabez. Iarraitunik izan eztuena, mandaturik edo salhorik egin etzaikana, nehork ernatu, orhoitu, eta behartu eztuena, erran ahal diteke segurki bere ohorean dagoela, eztela erori, eta ez linburtu. Baiña demandatuz gero, oldartuz gero, bulkhatuz gero, eta gai denak, gai denari, bere moldean, paradan, okhasinoan, denboran, eta sekeretuan nabarbentziarik gabe aditzera emanez gero, peril da baldin xoil gogor ezpada, bera dadin, linbur dadin, amora dadin: eta demandatua izaite hura, hartakoa dela, eta ederra dela enzute hura, eder iduri dakion. Bada Neronek bere amari mandatua egin zioen eta ama ere etzen munduko emazterik prestuena, beraz periletan izan ziren. Eta bada erraiten duenik biak karrozan edo kotxean ibili zirela, eta han bere iokoa iokatu zutela.

233 Hala Henriko, izen hunetako zortzigarren, Ingalaterrako erregeak ere, bere emazte prestua utzirik, bere alaba bastarta, bertzeren emazteaganik egina, hartu zuen emazte. Eta handik bere burua, eta bere erresumako giristinotasun guztia, galdu zituen (Petrus de Ribadeneira. Lib. 1, Hist. Anglica cap. 7).

        Bada bertzerik ere hunelako kasurik, eta exenplorik anhitz, gaitz baillizateke laurdenen ere kontatzea. Asko da iakitea, behin behar ezten amorioa iaunduz gero, eztela legerik begiratzen, eta ez den ahaikoarik hurkoenaz ere, konturik egiten. Zein baita haragiaren bekhatuak egiten duen bigarren kaltea.

        Hirurgarren kaltea da: ezta arnegurik, iuramenturik, eta ez falseriarik, emaztètan itsutua dagoen batek eztaidikeienik, eta ez gezurrik ere erran eztezakeienik. Handik harat hala itsutuz gero, lehen hitz onetako eta egiati zirenak, egiten dira gezurti, arnegari, eta iuramentutsu. Zeren bere desiren histeagatik prometatzen dute anhitz, egiten dute milla iuramentu: baiña gero nahi dutena iragan dutenean, eztute konturik egiten, eztute deus konplitzen, guztiak hautsteintuzte. Eta hala etzen lehenagoko ientilèn artean, halako eta hartako iuramentuez konturik egiten. Halako moldez ezen ethorri baitzen Platon erraitera, Iainkoek ere disimulatzen zituztela amurusen iuramentuak, eta promesak (Alexander ad Alexandro lib. 5. cap. 10. Plato lib. 5 de amore). Eta egungo egunean ere, ezta halako iuramentuetan zer sobera fidaturik. Zeren amurus itsutuak, bere plazerèn ondoan dabiltza, eta ez bere promesèn edo iuramentuen konplimenduaren: zein baita haragiaren bekhatuak egiten duen hirurgarren kaltea.

 

aurrekoa hurrengoa