www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gero
Pedro Agerre, «Axular»
1643

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

NOLA GEROTIK GERORA GABILTZAN BITARTEAN GALTZEN DUGUN KONZIENTZIA ONAREN BAKEA ETA SOSEGUA

KAP. XLVI

 

287 Gauza segura da, klara, eta esperientziaz ere frogatua, konzientzia gaixtoaren autsikiak, autsiki minak; liskarrak, liskar garratzak, eta kolpeak ere kolpe bortitzak direla: eta halako konzientzia duenak, hala dueiño, plazentzia osorik eztukeiela.

        Baiña gauza klara eta frogatua da halaber, konzientzia onaren bakea eta sosegua, gauza ona eta plazenta dela: eta nola mundu hunetako ifernua baita konzientzia gaixtoa, hala dela halaber mundu hunetako parabisua konzientzia ona.

        Ad spirituale gaudium, hodierna die, fratres charissimi, intendo os invitare, quod quidem gaudium non operatur divitiarum copia, non fallax mundi gloria, non prolis foecunditas, non corporis sanitas, sed tantum conscientiae puritas (August. ad fratr. in eremo serm. T. 10). Plazer espiritualera, arimako alegriantzara, konbidatu nahi zaituztet, egungo egunean, neure anaia maiteak (dio San Agustinek). Eta alegriantza haur eztu ez egiten, eta ez emaiten aberatstasunak, ez munduko ohoreak, ez seme alabadun izaiteak, eta ez gorputzeko osasunak ere. Zerk egiten du bada? Konzientziaren garbitasunak, bekhaturik gabe egoiteak. Hark ekhartzen du egiazko alegriantza, hark oiñhaze guztietarik sendatzen du arima eta hark kanporat ere atheratzen du barren hartako harra eta tristura. Zeren San Anbrosiok dioen bezala: Sicut in opere malo est tristitia, ita et in emendatione gaudium (Ambros. cap. 2 in epist. 2 ad Rom. T. 3). Nola obra gaixtoan edireiten baita tristura eta malenkonia, hala onean, onera emanean, eta emendatzean, edireiten da alegriantza eta bozkarioa. Vis numquam esse tristis? Bene vive, secura mens tristitiam leviter sustinet, bona vita gaudium semper habet (Isidor. lib. 1 Soliloq.). Nahi duzu ez behin ere izan triste? Zaren prestu, euzu konzientzia ona, konzientzia onak arintki iasaiten du, deus guti sentitzen du, kanpotik heldu zaikan tristura: bizitze onak bethi du berekin arraitasuna, irri nahia eta plazentzia. Hargatik erraiten zuen Iondone Paulok, etzebillala behin ere triste, triste bezala bai, baiña bethi alegera.

        Quasi tristes, semper autem gaudentes (2 Cor. 6). Iondone Paulok anhitz trabaillu eta atsekabe izaiten zuen, zeiñek tristetzeko okhasino emaiten baitzioten, baiña hek guztiak, konzientzia onaren alegriantzak, eta arraitasunak, iguzkiak lanhoa bezala, haizatzen eta barraiatzen zerautzan.

 

§ 1

 

288 Gaixtoak gezurrez dira alegera, eta egiaz triste: eta onak bertze aldera, egiaz alegera, eta gezurrez triste. Propioki eta egiaz minzatzera, onek dute alegriantzaren izena, eta izana, eta gaixtoek izena, eta ez izana.

        Zure atsegin eta plazer guztien mintzeko, eta gozo gaitzteko, asko da konzientzia gaixtoa, eta bai atsekaben eta desplazaren gozatzeko eta zaphoratzeko ere konzientzia ona: Namque si ibi vulnus non sit, sanumque sit illud quod conscientia vocatur, ubicumque alibi passus fuerit tribulationes, illuc confugiet, et ibi inveniet Deum, dio San Agustinek (August. in Ps. 45). Gizonak tristetua, atsekabeztatua, eta egitekoz bethea dabillanean, baldin bere barren hartan zauririk ezpadu, bere konzientzia sendo badu, hara laster egiten du, han Iainkoa edireiten du, eta han harekin batean bere burua konsolatzen du.

        Zurginak zura lantzen eta aphaintzen duenean, aurkituagatik gainaldea, azalari datxekana arrazatua, eta pipiztatua, eztu hargatik antsiarik, baldin bihotza, barrenaldea, on eta fin edireiten badio. Gizonaren azala eta gainaldea, gorputza da, barrena eta mamia da konzientzia: eta hura on bada, ezta gaiñerakoaz antsiarik, eta ez zer kontu eginik, zeren barren hura baita prinzipala.

        Hunen arauaz erraiten du San Anbrosiok: Et ideo non secundum forensem abundantiam aestimandam esse beatitudinem singulorum, sed secundum interiorem conscientiam (Ambros. lib 1 officior. cap. 15 Tom. 3). Ezta ez erran behar nehor dela bere gogora, kanpoko bere gogarakgatik, aberatstasunakgatik, ian-edanakgatik, eta ez bertze frankiakgatik: baiña orduan erran behar da bat bedera dela ongi, eta bere gogara, eta atseginak eta plazerak ere direla osoak, eta konplituak, noiz eta barrenaldea, konzientzia baita ongi, sendo, garbi eta narrio gabe. Non contristabit iustum quidquid ei acciderit, impii autem implebuntur iniquitate, dio Spiritu Sainduak (Prov. 12). Zer nahi den gertha dakiola, eztezake deusek ere iustua trista, baiña gaixtoak betheko dira gaixtakeriaz eta egitekoz. Hunen arauaz erraiten du Elizak ere: Nulla nocebit ei adversitas, si nulla dominetur et iniquitas. Eztio bat ere gertha dakion egitekok kalterik eginen, bat ere bekhaturik eztuenari.

289 Zeure bekhatuek eta aphetitu desordenatuek egiten deratzute gerla eta kalte, hek tristetzen zaituzte. Kheintzatzu hek, eta izanen zara alegera, kheinzatzu hek, eta biziko zara bakez eta zeure gogara. Hala erraiten du errege Davitek: Pax multa diligentibus legem tuam (Ps. 118). Bake handia du konzientzia onak, Iankoaren lege sainduari darraikanak. Eta badio San Anbrosiok ere: Quid est iuste vivere, nisi cum tranquillitate vivere? (Ambros. lib. 10 ep. 82. T. 2). Zer da iustuki bizitzea, bakean eta soseguan bizitzea baizen? Erran nahi du konzientzia onaren izaitea, eta bakean eta soseguan egoitea, guztia dela bat. Zeren iustuak kanpoan gerlak, eta egitekoak izanagatik, barrenean bethi du bakea: berekin du halakoak, mundu hunetan erdiets ahal ditekeien loria eta plazentzia. Halakoak eztu antsiarik munduko erran-merranakgatik. Falso testimonio bat, kontrario bat erauzten diotenean, eta batek eta bertzeak ahotan gaixtoki darabillatela ikhusten duenean, laster egiten du bere konzientziara: eta nola ezpaitu han, dioten faltarik edireiten, hartzaz konsolatzen da, hartzaz esporzatzen eta berotzen da.

290 Arrazoiñekin erraiten du San Anbrosiok: Bene sibi conscius, falsis non debet moveri, nec aestimare plus ponderis esse in alieno convitio, quam in suo testimonio (Ambros. lib. 1 Offic. cap. 5 Tom. 5). Faltarik eztuela dakien presunak, eztu bertzeren gaizki erraiteaz kasurik egin behar, eta ez pensatu ere, bertzeren gezurrak indar gehiago duela, beraren egiak baiño. Hunen arauaz erraiten du San Gregoriok ere: In omne quod agimus, vel extra de nobis agitur, recurrere ad mentis arcana debemus. Et si omnes vituperent, liber tamen est quem conscientcia non accusat.Quia si omnes laudent, liber esse non potest, si hunc conscientia accusat (Greg. ep. 2. T. 7). Egiten ditugun gauza guztietan edo gutzaz egiten eta erraiten direnetan, konzientziaren barreneko sekeretura egin behar dugu laster, eta hartzaz, haren lekhukotasunaz, hark barren hartan dioenaz egin kontu, eta ez iendearen erasteaz eta ongi edo gaizki mintzatzeaz. Zeren San Agustinek dioen bezala: Nec malam conscientiam sanat praeconium laudantis, nec bonam vulnerat convitiantis opprobrium (August. lib. 3 contra Petili. donatistae Luter. T. 7). Konzientzia gaixtoa, eta eria eztu ontzen, eta ez sendatzen nehoren laudorioak, eta ez ona, eta sendoa ere gaixtatzen, eta ez eritzen, gaizki erraiteak, hargatik bat bedera, dena izanen da.

 

§ 2

 

291 Bai ordea damu hartzen dut, iendèk ene baithan eztenaren erraiteaz, eta bai batzutan denaren ere agertzeaz eta banatzeaz. Sinhesten dut damu hartzen duzula: baiña pazientzia behar duzu. Zeren bertzeren mihiak ezin eduki ditzaketzu, hek eztaude zure eskuan. Utzkitzu hek, gaixtoak baitira, eta iende onen eta prestuen erranaz, eta zeure konzientziaz egizu kontu. Zeren San Bernardok dioen bezala: Omnino sufficit adversus os loquentium iniqua, opinio bonorum cum testimonio conscientiae (Bernard. super cantica). Asko da mihi gaixtoen kontrako, iende onén alderakotzat fama onean egoitea, konzientzia onaren lekhukotasunarekin.

        Deusek ere eztu hala sendatzen, eta ez arintzen iende gaixtoek gutzaz gaizki erraiten dutela enzuteaz hartzen dugun damua, nola egiten baitu ikhusteak eta iakiteak eztugula hobenik: eta iende prestuek eta ohoratuek ere, eztutela uste, eta ez sinhesten gutzaz halakorik.

        Baldin iende prestuek erraiten badute zutzaz ongi, eta konzientziak ez akhusatzen, egizu loa laxo, eztuzula antsiarik xarrek edo galduek gaizki erranagatik. Aitzitik atsegin hartzeko duzu, zeren hartan da ageri etzarela hek bezala. Egia haur erdietsi zuen ongi Antistenes filosofoak. Zeren hark enzun zuenean ezen iende gaixto batzuk haren laudorioz zeudezilla, erran zuen, tristura handi batekin:

        Ha iainkoak, zer egin othe dut nik? Zertan faltatu othe dut? Beldur naiz zerbaitetan huts egin dudan, eta lehen danik gaixtatu naizen.

        Zeren iende gaixto batzuek, lehen nitzaz gaizki erraiten zutenek, erraiten omen dute orai ongi. Zein baita seiñale gaixtoa. Zeren halakoek ez ohi dute erraiten ongirik, gaixtoez eta gaixtakeriez baizen (Laert. lib. 6 cap. 2).

292 Hunela mintzazu zen filosofo hura, gaixtoen kondizinoa ezaguturik. Beude beraz hek, diren bezalakorik, ez hetarat bururik itzul, ez hei beha, ez hetzaz konturik egin. Zeure konzientziarekin edukazu, harekin konseilla eta konsola zaitezi. Hala egiten zuen Iondone Paulok, erraiten zuenean: Gloria nostra haec est, testimonium conscientiae nostrae (2 Cor. 1). Haur da mundu hunetako gure loria, eta parabisua, konzientziaren akhusamendurik gabe egoitea, barren hartan faltarik ez edireitea.

        Erran baillu bezala: Batzuen loria eta kontentamendua da, aberats izaitea, errenta handien erdiestea; handiekin segitzea: iokoan, ian-edanean, emaztetan eta munduko bertze plazeretan denboraren iragaitea, baina ez gurea (dio Iondone Paulok). Guk eztugu hautzaz konturik egiten, barrenekoaz, konzientziakoaz kontentatzen gara. Hunen arauaz erraiten du San Anbrosiok ere: Propositum piae mentis mercedem non expetit, sed pro mercede habet boni facti conscientiam et iusti operis effectum (Ambros. lib 2. de Abraham c. 2. Tom. 3). Konzientzia ona, bere ongi eginaz, bere baithan barrena edireiten duen pagamenduaz kontentatzen da, hura daritza asko, eztu bertzerik bilhatzen eta ez desiratzen.

        Zeren San Anbrosio berak dioen bezala: Quis enim puritate et simplicitate pectoris dulcior fructus? Quis cibus suavior quam is, quem animus bene sibi conscius, et mens innocentis epulatur? (Ambros. in Psal. 35. Tom. 2). Zer fruitu da konzientzia onaren garbitasuna eta sinpletasuna baiño eztiagorik? Zer ianhari, deusetan eztuela faltarik dakienak iaten duena baiño gozoagorik? Nihil simplici corde felicius: quia qui innocentiam erga alios exhibet, nihil est quod pati ab aliis formidet, habet enim quasi arcem firmissimam simplicitatem suam, nec suspectus est pati, quod se fecisse non meminit (Greg. lib. 2 Moral. cap. 2). Ezta konzientzia sinplea, plauna eta malizia gabea baiño gauza dohatsuagorik (dio San Gregoriok). Malizia gabe, sinpleki, gogoan gaitzik eztaukala dabillana, ezta deusen beldur: iduritzen zaika halakoari ezen bere sinpletasuna eta intenzione ona duela gaztelurik eta dorrerik asko; eta berak bertzeri egiten eztioena, eztiazaiola berari ere bertzek egin. At contra mens prava semper est in laboribus, quia aut molitur mala quae inferat, aut metuit ne haec sibi ab aliis inferantur (Greg. ubi supra). Konzientzia gaixtoa, maliziatia eta fede gaixtoz dabillana, bethi da nekez eta trabailluz, bethi da gogan behartsu, idurikor, gibel beldurti eta sosegu gabe, zeren nola bera baita gaixto, uste du ezen bertzeak ere hala direla: nola bera hari baita gaixtakeria pensatzen eta egiten, beldur da berari ere hainbertze dagioten, moneda berean paga dezaten.

 

§ 3

 

293 Galdegin zeraukaten egun batez Bias filosofoari ea othe zenz munduan deus, deusen beldur etzenik. Eta ihardetsi zuen baietz, eta hura zela konzientzia ona. Konzientzia onak eztu deusen beldurrik, eta ez bere baithan ikhararik. Halatan galdegin zerauen gure Salbatzailleak ere bere etsaiei, Skriba Fariseoei, deusen beldur gabe, ausartzia handi batekin: Quis ex vobis arguet me de peccato? (Io. 8). Zeiñek zuetarik eginen deraut niri bakhatuz eranzute? Nork edirenen du ene baithan faltarik? Nork erranen du nik badudala bekhaturik? Galdez nagotzue. Deus badakizue, errazue. —Zer diozu, Iaungoikoa? Zer hari zara? Nolatan egiten derauezu galde hori zeure etsaiei? Zutzaz gaizki erraiteko okhasino bilha dabiltzanei? Nola etzara beldur ahalke gabe dakizkitzun, eta eztena badela erran diazazuten? —Nola eznaizen beldur? Ezpaitut deusetan ere faltarik. Konzientzia baitut ona eta garbia. Hark esportzatzen, berotzen eta segurantza segur batekin deusen beldur gabe ibentzen nau. Nahi duzu egon deusen beldur gabe? Zaren prestu, euzu konzientzia ona. Zaren konzientzia onarekin, ez etsairen, ez inkontruren, ez fortunaren, eta ez munduan den bertze perilen ere, etzara beldur izanen.

        Konzientzia gaixtoak perilik eztuenean ere, uste du peril duela: baiña onak, peril duenean ere, bere burua segur daduka, esportzu du, esperantza du orduan ere: bertze guztiek etsituagatik, eztu berak etsitzen. Susana, lege zaharreko emazte prestu hura, bere senharraz bertzerekin izan zela falsoki akhusaturik harriz iokatzera zeramatenean, galdutzat zedukan mundu guztiak. Ordea, berak esperantza handia zuen Iainkoa baithan. Erat cor eius fiduciam habens in Domino (Dan. 3). Zeren nola ezpaitzuen hobenik, bere hoben gabeak, bere konzientziak, berotzen, konsolatzen eta esperantzatzen zuen. Eta hala mirakuilluzki falseria agerturik, eskapatu zuen. Si cor nostrum non reprehenderit nos, fiduciam habemus ad Dominum (1 Io. 3), dio Iondone Ioannes Ebanjelistak. Baldin geure konzientziak akhusatzen ezpagaitu, esperantza dugu eta fidantzia Iainkoa baithan.

294 Eta handik Iondone Paulok ere Timoteo bere diszipuluari eskiribatu zioen kartan, ibeni zuen esperantzaren lekhuan, konzientzia ona. Aditzera emaiteagatik, konzientzia onaren izaitea eta esperantza ere izaitea, guztia dela bat. Ille emin sperat qui habet bonam conscientiam (August. in Psal. 31). Zeren konzientzia ona duenak, du esperantza ere.

        Eta nola konzientzia gaixtoa duenak ez othe du esperantzarik? Bai badu esperantza, ez ordea esperantza egiazkoa, ez esperantza bizia eta fina. Esperantza banoa, alferra eta hilla du halakoak. Zeren nola baitira bi fede-molde, bata bizia eta bertzea hilla; hala dira halaber bi esperantza. [Bekhatutan dagoenaren esperantza], fauna, hilla eta probetxu gutitakoa da.

        Konzientzia gaixtoak hotzten, eztheusten eta ulitzen du gogoa; baiña onak, berotzen, balentzen, esportzatzen, ausartzen eta esperantzatzen. Gizon bati zeure mende guztian etsaigoa eduki diozunean: eta gerthatu zaitzan okhasino guztietan, ahal dagizun gaizki eta kontra guztia egin diozunean: Zer esperantza ahal dukezu gero haren baithan, haren behartzen eta meneratzen zarenean? Arrazoiñez ez anhitz. Eta nehork erranagatik ere eztela hargatik antsia, gizon ona dela, gomenda zakitzala, behar dezazula: eta zuk hari gaizki eginagatik, hark hartara guti behaturik, eginen deratzula zuri ongi. Eztuzu sinhesten. Zeren zeure konzientziak gibelatzen baitzaitu, hark gogoa hotzten eta hiltzen baiteratzu. Baiña bertze gizon bati bethiere amorio eduki diozunean, eta okhasino guztietan haren alde eta fabore erakutsi zarenean, baduzu esperantza, zerorri ere hura, haren behartzen zarenean, helduko eta lagunduko zaitzula. Eta nehork erranagatik ere ezetz, etzaitzula lagunduko, eztuzu sinhesten. Zeren harengana dadukazun amorioak eta egin derautzatzun zerbitzuek emaiten baiteratzute esportzu eta esperantza. Bada haur gerthatzen zaika konzientziari ere Iainkoarekin. Konzientzia onak esportzu du, esperantza handi du, baiña gaixtoak guti edo ez bat ere. Eta ezta miretsteko ez izaitea ere, behintzat esperantza finik eta deus balio duenik. Zeren ezpaitu berak ere aitzinetik Iainkoaren alderakotzat hala obratu eta ez erakutsi.

 

§ 4

 

295 Giristino, giristino denak, batean ezpada bertzean, noizik behin bedere, autemaiten du bere konzientzia, bisitatsen du bere arima. Eta bekhatutan dagoenean, iduritzen zaika ilhunbean dagoela, eta koropillo bat, edo zama pisu bat barren hartan baduela. Baiña bekhaturik gabe denean, arrai, klar eta libre edireiten du bere burua.

        Ongi kofesaturik etxerat bihurtzen zarenean, iduritzen zaitzu karga sortha bat, zama pisu bat gaiñetik utzi duzula, arindu, konsolatu eta alegeratu zarela. Eta arrazoiñekin iduritzen zaitzu hala. Zeren zer da munduan konsolamendu handiagorik, eta bihotz esportza eta ailtxagarriagorik, ikhustea baiño eztuela deusen ere perilik, eztuela kofesa beharrik, eta ez bere konzientzian harrik?

        Halakoak eztu antsiarik, eta eztu izaiteko ere, berehala laburzki, gehiago kofesatu gabe hilagatik ere. Zeren prestatua baitago. Aise da, alegera da, bake handian da halakoa.

        Zer ahal dateke bada, munduan halako ontasunik edo parabisurik, nola baita konzientzia ona, esperantza handiz bethea, beldurtasun gabea, eta egiazko alegriantzaren iabea?

        Bertze munduko parabisuaz, zeruko loriaz, kontu guti egitea, itsutasun handia da, eta bat ere federik dutenen artean gauza miretstekoa. Baina aldez are itsutasun handia da, eta gauza miretstekoagoa da mundu hunetako parabisuaz, zein baita konzientzia ona, hain kontu guti egitea. Zeren bertze munduko parabisua eztugu oraiño ikhusten bedere, eta ez gozatzen. Baiña mundu hunetakoa, konzientzia onaren bakea eta sosegua, noizik behin bekhaturik gabe gaudenean bedere, ikhusten, dastatzen eta frogatzen dugu. Eta guztiarekin ere ontasun haur ere, bertzerik anhitz bezala, galtzera utzten dugu.

        Bada berthuteak, prestuki bizitzeak, bertze pagamendurik eta golardoarik ezpalu ere, konzientzia onaren bakea eta sosegua baizen ere, hargatik beragatik ere behar genduke, lehen baiño lehen, gerotik gerora ibili gabe, egunetik biharrera luzatu gabe, orai bereon, konzientzia onaren, ontasun handi hunen erdiestera enseiatu eta lehiatu. Hunelatan gutarik bat bederari erran ahal lekidikeion bezala: Si dormieris non timebis, quiesces et suavis erit somnus tuus (Prov. 3). Lo zauntzanean, etzara beldur izanen, pausatuko duzu, eta lo gozoa eginen duzu.

 

aurrekoa hurrengoa