Errak, Pilale
KARRANKARRAKA
«Iguzki begi-gorria mendi-gibeletik keinuka baizik-ez ari eta...
»Etxeko patarrari behera, karranka-karran-karraka, norat hoa bain goizik, orgen gainean xutik eta zintzur-indar guziez kantuz?
— Lanerat.
— Zer? lanerat hoin airos? Iguzkia samin izanen duk egun: zer izerdi-urak ixuri beharko ditukan landa idor hoitan!
— Zer uste duzu: ala... horren beldur naizela ni?
— Ederra zaik beraz hiri bizia?... Ai, Pilale, lanerat kantuz doana Jainkoaren adiskide duk. Biziari eta biziko eginbideri irriz dagonak Izpiritu Saindua bere dik.
— Alo ba! Ene baitan baitut nik Izpiritu Saindua? Alta, ez zait iduri, Mendekoste iraganik ere, Hamahiru-garren Apostolu bat naizela.
— Ez, ez... Ehaiz Apostolu handi hoitarik, ez. Heieri, haundizki eta denen jakinean, jautsi zitzaiotekan Izpiritu Saindua; hiri aldiz denen ixilik eta Jaunak dakien izarian. Heiek bazituztekan beren eginbideak: mundu guziaren, predikatuz, argitzea eta Jainkoratzea; hik: lanerat joatea, lanerat gogotik joatea eta, lanerat joanez, hire gisan munduaren salbatzea.
— Munduaren salbatzea?
— Hire otoitzak, hire izerdiak deneri, mundu guzikoeri zaizkiotek baliatzen. Ari haiz horrela, hi bertze Fededun guziekin, mundu guziaren salbatzen eta Jainkoratzen.
— Alaintso! hori jakinki-ta, azkarkiago ere eginen dut goizetan kantu.
— Bai, kantu egizak, Pilale. Kantu egizak eta erakuts munduko jende mokor eta mutur guzieri bizia ederra dela.
»Kantu egizak eta erakuts, dohatsu izaiteko, ez dela errege-bidetan ala beribil ederretan ibiltze beharrik.
»Kantu egizak eta erakuts, Izpiritu Saindua barnean duenarentzat, lana maitagarri dela, eginbidea laketgarri eta den orga-biderik txarrena Zeru-bide zabala bezein xoragarri.
»Kantu egizak eta hail, orgen gainean xutik, Apostolu bat bezein iguzkitsu, karranka-karran-karranka.»
Aita Txi
1-6-50
|