BA, TTIKI...
Ilobaren lehen
komunione egunean
Ba ttiki ba, baditut kopetan ximurrak,
Matelan nigarrak.
Zertako zaude hola ottori begira,
Nahiz-eta ixuri ene so bustira
Zure begi pulliten irri garbi hura?...
Ba ttiki ba, baditut kopetan ximurrak,
Matelan nigarrak.
Soetan zeru-Argi ezin aski piztuz
Hemen nago histua, hemen nigar-kantuz
Munduan Amodio ezin aski piztuz.
Ba ttiki ba, baditut kopetan ximurrak,
Matelan nigarrak.
Egon hola, ba ttiki, ottori behaka:
Zure irri garbiaz ene soa xuka,
Bi biak gauden kantuz, Argi hurrupaka.
* * *
Iguzki garren sua goiz-lore bustian!...
Zure bihotz ttikian, bihotz hoin garbian
Nik erranak zaizkizu, ontuko, agian.
Sarri lehen aldikotz janen duzu Jesus.
Nahi baitzinuke zuk entzun ala ikus,
Hor zagozkit bi begiz: «Otto, nun da Jesus?»
«Mundu bat bada, ttiki, bat, bi eta hiru:
Gu gauden mundu hau lur, bertze hura zeru,
Hirugarrena berritz bai lur eta zeru.
Hirugarren mundua itxuraz lurreko:
Itxuraz ogi eta, hura jan orduko,
Zeru-Biziaz zaitzu bihotza beteko.
Hirugarren mundua zubi bat iduri,
Elgarri ezin unki munduen lokarri,
Lurtiar dohakaben zeruzko iturri.
Hirugarren mundua Jesusen bihotza:
Minez min zeru alde harek gerabiltza.
Ez dezakegu ikus ez, ai! bainan ba goza.
Hirugarren munduan ibil zaite, ttiki:
Zangoz eta bortz minez lur huntan ibilki,
Gogoz jada zerua guzietan aurki.
26-4-53
|