 |
AI! HAREN BURUA...
«Ils ont peur de nous!»
Mgr St-Pierrek
Biarritzen, 18-0-48.
Itsas-haizeak jo mendi-gainetako harrok-hezurreri aztaparka dauden haitzburuak bezein ileak buruan galernatsu,
eta behakoa, bekain beltzen pean, mendez mendetako erdal-indarreri, gogor egin duten gure arbasoek bezenbat su,
ai! haren burua, bihotza hortzetan, mintzatzen zenean, mintzatzen, altxatzen, ihurtzurikatzen: erdal-bidekoak, kasu! kasu!
Bazakien harek Orhi eta Larrun mendien arteko euskal-erreketan sortu diren gaztek osokian gizon izaiteko,
osokian gizon, eta langile on eta begi erne eta gogo zabal eta bihotz bero eta Jesu Kristo iduriko,
ez diotela, ez, beren aitek lantu, beren amek ontu euskal-mintzoari, euskaldungoari ihes egin behar ala uko.
Bazakien ere, guhau egoitekotz, ez direla behar euskaldun-bihotzak euskaldun-gogoak pean kukuturik begiratu,
ez direla behar jauzi soinuz eta... arno kantuz baizik, gora Euskal-Herriz eta ele zuriz hil-itsaso huntan lilluratu,
bainan bai orai, ez itotzekotan, behar ditugula, gure mendi gainen kaskoa bezala, goi-aizetaraino goraltxatu:
Behar ditugula guhauren gogoak bai sinestearen bai jakitateen argi berrienez, indar kartsuenez funski hazi,
behar ditugula guhauren bihotzak mundu zabalaren mugarik gabeko zabal-zabalerat amodio-bortxaz hedarazi
eta elgarrekin, zeruko Jainkoa bizian iguzki, munduari buruz geroari buruz beldur ahalgeak orok utzi.
Xutitu da bera euskal-errekatik eta igan igan jakintsuak bezein dena jakitate, sor-mendiak bezein dena hezur.
Egin dauku berak, arrotzek ondatu itsas bazterrean, mundu guzitik jin euskal-ikasleri, arrats gorri batez, sutan agur.
Ai! haren burua, bihotza hortzetan, mintzatu denean mintzatu, altxatu, ihurtzurikatu: «Gure beldur dire, gure beldur!»
* * *
Oi, urrun urrungo itsaso uhainek irets aintzineko iguzki-soaren suaren ederra! Gero zer hotz eta ilunbeak!
Zu aintzindari, bai eta itsas-argi, —goititzerakoan, euskaltzerakoan, nausitzerakoan—, nork izi, nork bara gu gazteak?
Zu aintzindari, bai, zu denen lokarri, laster behar ginen lur guzi guziko euskal-semeak bat... Gau-peratu gaitu zu joateak...
Ai! haren burua, bihotza hortzetan, mintzatu zenean mintzatu, altxatu, ihurzurikatu: «Gure beldur dire, gure beldur!»
* * *
Ilunbez, nigarrez eta hil-harriez bertzalde hartako goiz-argi ezin hil, ezin ilunduan, ortzi ximixtaka xuti berritz!
Nevada gainetan eta Coloradon, Xilen, Argentinan eta nork daki nun herri-minez hilak zure dei karraskaz guziak pitz
eta, zeruan den Aldare nausian, eman Jainkoari zuk otoitz-kantu hauk, bertzek errepika, lurrekoen deia hel-araziz?
«Aita-Zerukoa, denen Egilea, denen Helburua, onar euskal-lurrak eta heien minak, onar euskal-semen deiadarrak.
Geldi-araz, otoi, negu hiltsu huntan, —lurren ondatzaile, etxen inarrosle, jeden etsitzaile—, mendiek ixuri lur-nigarrak.
Aski auhen-dolu, aski etsimendu! baitire oraino, frango hilik ere, bihotz handikoak: suz bete ditzala hilen karrak.
Aita Zerukoa, galduak gare gu, bainan hor zare zu: onar euskal-odol eta euskal-lurrak, onar euskal-semen deidarrak.
Munduko Herriak, munduko jendeak hilen dire denak; gu ere: zuzen da, izigarri zuzen, zainetan baitugu bekatua.
Oraiko gazteek hartarik libratuz, minetan garbituz, eta Jainkoz betez libra dezatela beren euskal-jende Jainkotua.
Oraiko gazteek euskaraz iganez, euskaraz amestuz goi-eletaraino altxa dezatela euskal-hitzen barne zerutua.
Aita Zerukoa, galduak gare gu, bainan hor zare zu: onar euskal-odol eta euskal-lurrak, onar euskal-semen deiadarrak.
Ez dugu galdetzen erresumatzerik, muga gerlakorrik, bainan zure argi, zure barne-indar, zure bihotz-neurri- gabekoa.
Erresumen eta mugen gatik ere, gauden bat, gauden gu, gauden anai eta... denen adixkide, dugun heda bizi betikoa.
Hortarako frangok euskaldun-Arima maita dezatela euskal-gozoeri uko aitzeraino, zu hautatuz xoilki, zu, Jainkoa.
* * *
Ai, haren burua, bihotza hortzetan, mintzatu denean, mintzatu, altxatu, ihurzurikatu eta ortzadarrez tanpez iguzkitu: Zuri gaude, Aita Zerukoa!
12-2-52
|
 |