Escudero soinulariaren
«Illeta» entzun ondoan
AMONATXOA
Amonatxoa dute Bilbaon ehortzi...
Zer oihu, zer mahukak zaizkioten jauzi!
Hil-soinuek bihotza dautet puskarazi.
Amonatxoa gabe zertako gu bizi?
Amonatxo hura zen etxeko goxoa:
Irriz ta bake musuz dirdir zaukan soa.
Ez zuen jakitatez hanturik ahoa;
Bainan bazarion maiz Jaunaren mintzoa.
Amonatxoa dute Bilbaon ehortzi...
Zertako zaizkio gaur Amonatxoari
Hoinbertze jende haundi, hoinbertze kantari
Gipuzko Bizkaietik trumilkan etorri?
Hain zen ixil ixilik bizi huntan ari...
Itsaspetik zertako orroak atera?
Zeru-lurrak inarros, bihotzak ikara?
Nor ote zinuten ba Amonatxo hura?
Amonatxoa nago ez zenez... Euskara?
* * *
Ez nintzen egundaino Bilbaon izana.
Aurkitu dut erdarak irigarri jana;
Alfer da, bai, alfer da euskal-maitasuna
Herriak galtzen badu duen hoberena.
Etxeko goxoak hotz, hilaren haurtxoer:
Amonatxoa gabe etxe-xokoa zer?
Arimaz gabetua nori zaio eder:
Euskara hilez geroz Euskal-Herria zer?
Ez nintzen egundaino Bilbaon izana...
Sator zilotik jalgi euskaltzalen boza
Entzun dut hor, emanez Azkue-ren Meza.
Entzun dut ere tanpez deiadar bat gaitza:
«Biziaraz Euskara, amaren hizkuntza.»
Erdal-soinu, hil-otsak utziz karriketan
Egon naiz gaueraino Begoñan, Artxandan.
Han piztu baitaut gauak, Bilbao urtzean,
Itsaso bat argiño mendien artean.
* * *
Zuen argien pean bazaudezte lasai,
Oraiko oraikoez gozatzean orai.
Oihuz diot Bilborat ta Bizkaiez Bizkai:
«Nihor ez du Herriak zuek bezein etsai.»
Ez, ez maita erdalki, erdal solas hoitan;
Euskal-geroa ez da geroko zeretan.
Bainan bai zuen etxe eta zuen baitan,
Euskara ikasteko egin indarretan.
Zuen argien pean bazaudezte lasai...
Zoazte bidez, itsaspez, mendi gainez, zoazte
Eta denetan diren euskalkiez bete.
Ibil zelaiez zelai, ibil otez ote,
Amonatxo mintzoak euskaldundu arte.
Zarauztik etor berritz, etor, Eskudero,
Itsasotik ez ekar ez indar, ez orro.
Har hegalak, irriak, hat lillurak oro:
Ager-araz Euskara so bat bezein bero.
* * *
Euskal-Soaren soak zoin bihotz ez unki?
«Egon denak euskaldun eta bat osoki!»
Ai! guk, euskal-semeek, denek baginaki
Politikez gorago maitatzen euskalki!
Egon denak euskaldun eta bat osoki!
Bizkai-aldetik Belokerakoan.
5-1-57
|