ARANTZAZURAT
Arantzazuko anai guzieri.
Elurrez elur eta gauez gau,
anai Bizente bidari,
Igan nitzaio leizen artetik
Arantzazuko gainari:
Ilargi pean mendi buruak
zerurat zauden, zoin xuri,
Beren jauzian tanpez hormatu
itsas-uhainak iduri.
Arantzazuko mendi buruen
arkaitz hezurren indarra
Ari baitute lo zurrungaka
zirti-zartatzen elurra.
Hara mamu beltz, Aitzabal-mendik
dirdir daukala bizkarra
Oi! goiz-argian bertze mamuen
aztapar gaitzen oldarra...
Loaren beso zabaletarik
jaliko diren orduko
Zer lazgarriko gudu burrunbak
diren gain hoitan jauziko:
Beldur daldaraz lurrari zainak
xehakaturen baitzaizko.
Tanpez eginen diotelarik
gainek elgarri kaskako.
Azkenik huna menditartean
Aloñapeko ziloa
Jaun Goikoaren Lore garbiak
hautatu arantz-xokoa.
Azkenik huna arantz-umeen
ongi etorri goxoa,
Huna zabalik Amaren bihotz...
bihotz neurrigabekoa.
Arantzazuko Ama bihotza
argi ta gozoz igeri...
Hartan badabil nasaiki gazte
goi-Amodioz dantzari.
Arantz-koroa dute buruan,
bihotz barnean bortz zauri:
Ea noiz duten eskain ahalko
mundu-zabala Jaunari.
Kanta, gazteak, kanta Jaunari
euskal-mendien mintzairaz
Gaupeak eta mendi mamuak
goi-argiraino jauzaraz.
Kanta, gazteak, kanta zerurat:
bihotz indarka denek haz
Arantzazuko Amaren bihotz
hain zabalaren zabalaz.
* * *
Zoin ederra den zeru-lurretan
zoin ederra den, oi Jauna,
Denak moldatuz, denak apainduz
dabilan zure Izena.
Zuk duzu, Jauna, lurrez ta zeruz
lohiz ta mendiz egina
Aingerueri bere bihotzaz
hain hurbila den gizona.
Zoin ederra den mendi tartean
zoin denen zora-garria
Gaupeak urtuz zirrintan dagon
iduzkiaren begia.
Zirrintan dago, zirrintan dabil
agiz eta suz jauntzia
Jauzi-mauzika nasai ereiniz
zorion eta bizia.
Jaunarena da mundu-zabala
Jaunarena da zerua
Harek du harek Iduzki soa
lurpen hertzetan sartua.
Hara lurpetik, mendi tartetik
—berri dadien mundua—
Jaunaren bila dabil-mabiltzan
gizon berrien Oihua.
* * *
Arantzazuko mendi mendian
hamalau saindu kantari,
Itsas-ondoko leihor hezurren
hamalau arkaitz largarri.
Arantzazuko mendi mendian
triputs mamuak iduri
Hamalau saindu Jainkoaz gose,
Jainko-Biziaz egarri.
Goazen gainez gain, euskal-fraideak,
goazen harrokaz-harroka
Lot gaiten oro zeru-min minez
Hamalaueri besarka.
Heien egarri gose gaitzeri
gauden hurrupa-mupaka,
Nehoiz nehola Euskal-arima
ez dugun ahantz, ez uka.
Arantzazuko mendi mendian
nasaiki gazte kantari:
Arantz-koroa dute buruan
bihotz barnean sei zauri.
Arantzazu mendi mendian
hamalau arkaitz lazgarri,
Bai zeru-minez, bai euskal-minez
bihotz guzien pizgarri.
Zelaietako euskal-jendeak
estekak oro gaur trenka:
Utz odolkiak, utz debrukiak
igan hunaino trumilka.
Hamalauekin Amari beha
zeru-minez has... goitika
Eta barneko mundukeriak
igor errekaz-erreka.
Arantzazuko mendi mendian
euskal-semeen lokarri...
Bihotz bat ezin zabalagoa:
hartan deus lano, deus neurri,
Hartan Iduzki, hartan Itsaso,
goi-indar eta goi-irri
Zeru zerua bezein nasaiak
hartan hamalau iturri.
9-6-56
Belokeko Amaren
besta-egunean.
|