Zeru-xorta
HILAK
Hezur, hauts, ilunbe... Joan direneri pentsu nago eta hor ditut eni so begi hoik guziak: gazte-begi bero, ama-begi ezti, gizon-begi tematsu...
Hor ditut eni so mila eta milaka... eni so heien hiltzerako behatze zabalegi hura.
Hezur, hauts, ilunbe... Nigarka bainan gostuz nago heieri pentsu, ezaun baitu behatze zabalegi hura neurrigabeko Argirat zela betiereko zabaltzen.
Ai! bainan... huna bertze begi batzu, gazte begiak...
Goizik zabaldu ziren amets ederretarat, zabaldu Jainkoaren amodio zabal zabalerat... Eta egun batez egun deitoragarri batez, kurutzearen beldurrak ala atsegin egarriak hil diote begi kartsu hori.
Saindu behar zuten, ainitzen argitzaile ta zeruratzaile behar zuten... eta badabiltza orai begia hits, begia huts, badabiltza bertzekin ilunbe-bidetan irrika...
Oi begi hil hoik, hil-begiak baino zenbatez hilagoak!
Hezur, hauts, ilunbe eta nigar, sekulako nigar...
30-10-47
|