HAUNDI
«Jan popa... haunditzeko.»
Popa frango jan dugu sortuz geroztik, gauza frango ikasi, urrats frango ibili; bainan kaskoan jada larrua ageri eta... oraino ez haundi!
Barneko minaren eztitzeko, erran daukute Omiasainduz predikariek: ehun milaka badirela zeruetan saindu ttipiak.
Ttipi, ttipi... Hori amestu ote ginuen haurrean? Saindu ttipi izaiteko derabiltzagu ote gure bizi-bideko min, lan eta kurutzeak?
Badakigu, amodioaren aztan eta Jainkoaren begietan, saindu ttipiak handi direla, bainan...
Haundi-mina duzuen bihotz-zabai guziak, entzun... eta bozkaria.
Guk dugu Geroa egiten, guk ditugu geroko bihotzak gure ongiez, gure kurutzez moldatzen...
Guk ditugu bizia eta sinestea osorik atxikitzen eta emendatzen: ondokoen gorpuzetan iraun dezan menderen mendetan biziak; ondokoen bihotzetan berritz, mundu akabantzaraino, sinesteak.
Zerbeit onik egiten dugun aldi oroz, hurbil-arazten dugu Saindu haundi bat agertuko den eguna.
Ainitz gizon zuzen behar izan da euskal-lurrean, ainitz aita-seme kartsu Zabiereko ala Ibar-Garakotxeko etxetan, saindu-gai bat sor zadin eta, munduaren pizgarri, atera.
Ainitz saindu ttipi behar da Saindu haundi baten agerarazteko.
Haundi! haundi! Ez erran: «Bo! enetzat ttipikeriak aski.» Ez!!!
Gogotik gaude ixilik, apalik, ttipirik..., bainan gure bizi-herioen ondorio ager dadin: biharko Saindu Haundia; ilunbez, lohiz ta gezurrez ase mende hau begira dagon Saindu Haundia...
4-11-48
|