ILARGI XURIAREN...
Ilargi-xuriaren keinu zurpailean,
Haitz-beso hezurtsuen gau-zirimolean,
Nigar erreketako zakur urubia!...
Hoakit, bihotza, hoakit, otoitz hegalean:
Sar oroz-goragoko Argi zabalean;
Diridiraraz gauez gau han bildu argia.
Oi Argi zabalaren iguzki begia!
Hari pentsu, hari so barneko loria,
Barneko egarri min ezin iraungia.
* * *
Min batek egiten daut, min batek eni min
Indar guziez nahi, nahi eta ezin,
Ezin Iguzkiari itzalik ez egin.
Ezin zeruko argiz betetzearekin
Ene izaite osoz pindar, ximixt egin,
Bertzen begitartea nitaz argi dadin.
Ezin gaupe hautan utz, hilen naizelarik,
Gorputz-hil ustel baten ikaraz bertzerik...
Min horrek egiten daut, min horrek eni min.
* * *
Jainkoa ikusi dut, Jainkoa lohian,
Bere odolak busti tu lohi gorrian
Eta soan bazuen argien Argia.
Haugi, bihotza, haugi, sar gaiten bizian,
Sar nigarren mahukan, minen urubian,
Kantuz dirdiraraziz zeruko irria:
Eta irriz indarka hilen naizenean
Diotela guziak; «Emagun lurrean
Zeruko irriaren zorion hazia.»
* * *
Goizean bai, sarri ez, joanen zait bizia.
Itsas-aize, ilunbe, nigar eta oihu
Jauzteka derabila galernak untzia
Itsas-aize, ilunbe, auhen eta dohu.
Goizean bai, sarri ez, munduko bizia.
Otoizka nagokizu, joan-aintzin, Argia:
Sortuen eta hilen patar errautsuan
Intziren, urubien, nigarren kantuan
Luzaz-luzaz jauz bedi nik egin irria.
26-3-53
|