ADARTZA
Deus min, deus lano gabeko ametsezko goiza:
Oilarandoirat joan ginen hamalauen boza!
Bixkarrez bixkar joan ginen airosik bihotza
Handik hurbil zitekela gainez-gain Adartza.
Adartza bihotz gabea, Adartza gain beltza.
Oilarandoiko mendian guk egin otoitza
Aditzearekin ote haiz bekaiztu, Adartza?
Zertako igor gu ganat —mintza hadi mintza—
Hire leize barnetako tu beltzaren zintza?
Zertako larre latz hoitan, gain basa gain beltza,
Hire olarro-besoak lanopetik luza
Eta barnetik xurgatuz gu-baten gorputza
Oten arterat hor bota itxuraz hil-holtza?
Adartza bihotz gabea, Adartza gain beltza.
Lanopez, itsu-mandoka, besotan gorputza,
Arrunt tapatu zerurat guk egin otoitza!
Ai! nunbeit artzain etxolak aurki baginetza!
Hain xuxen hara han ke bat... Norbeiten egoitza!
Orai suaren ondoan eria lo datza
Eta kanpoan zafraka ari da orzantza.
«Bai, galernak Adartzen harrokak ur bitza!
Hik azken hitza eztuk ez, Debruen Adartza!
Adartza bihotz gabea, Adartza gain beltza.
* * *
Hedoi lanoak joan dire, joan da ekaitza
Eta eguzki dirdirak gainetan dabiltza...
Berritz iganen gitzaitzu iganen, Adartza:
Ai! gain hartarik Jaunari zer iguzki dantza!
13-10-53
|