LURDEKO MENDIETAN
Lurdeko mendietan oihanpez nabila,
Ur xirripak xurrungari, San Josep gidari.
Ez ote dakizue Jesus eri dela,
Ene zain histuetan Jesus dela eri.
Erran dio Josepek Ama Birjinari:
«Belokeko gainetik Lurderat doala.
Oihanpez kantari, gainez ameslari
Piztuko zaio berritz zainetan odola.»
Ekartzen dautzut, Ama, ene Jesus mina:
Bidez bide nabila bai tuz eta kantuz,
Bihotz indar guziez minaren auhena
Harroken artetarik zerurat botatuz.
Bihotz barne barneak auhenka husturik
Ezin sendatu minen urerat naiz jausten;
Eta hor belauniko ezpainak luzerik,
Amaren eskutik dut hurrupan edaten.
Ene mina nundik den eta nolakoa
Badakizu, Jesusen ama dohatsua:
Barnen jale sartu zait Jesusen gogoa;
Min hori badakizu, ezin sendatua.
Amodio geiegiz, amets zabalegiz
Eta su bortitzegiz hantu zait bihotza:
Guziak egin nahiz, denak piztu nahiz
Hasi zait begietan ezin geldi dantza.
Gazte begi orotan nahi nuen-eta
Barneko barneraino Jesus sar-arazi.
Begi bihotz bidetan nork jakin zoin hauta
Eta bihotz indarrak nola behar hezi?
Hustu bazait bihotza, histu behakoa
Eta begi gaizoak dantza-mantzan hasi,
Nor daiteke harri nor? zu ote Jainkoa?
Ez ote zinakien nor duzun hautetsi?
Jauna, zuk hautetsia, zuk hortaratua
Hemen nauzu hurrupan Amaren altzoan,
Haren begiez beha, luzatuz eskua,
Ezin sendatu mina, zuk sendatuz, doan.
Louzourm, 19-1-56
|