EDER-MINA
Eder-minaren minak jaten daut bihotza:
Amesten dutan hura nihun ezin goza...
Ai! minez den bertze bat atxeman baneza
Bainan nihun niholaz nihor ezin mintza...
Choribit begi zabal, otoi! entzun nezak:
Ez ote hu hi ere jaten nere gaitzak?
Atera-zkik ohetik arima-gorputzak:
Amestuen aurkitzen otoi! lagun nezak.
Eder minaren minak jaten daut bihotza:
Amesten dutan hura nihun ezin goza...
Har bitzate kartsuki hire bi eskuek
Hik bakarrik dakizkan euskal dirdira hek
Eta nik amestuak sortuko dauzkitek
Hik sutan erabili xuri, gorri, ferdek.
Har mendien ñabarra, uhainen zabala;
Har izarren fereka, kantuen hegala;
Har gazteen irria, iluntzen itzala
Eta nere ametsa ager dakitala.
Jalgi-araz lurpetik arimen mintzoa,
Guzien pitzarazle jauz-araz hegoa
Eta sar-araz gutan, zoratuz gogoa,
Nihork ezin aurkitu Ederraren soa.
* * *
Etor, etor, guziak soinuz eta pleinuz:
Pertsulariak pertsuz, dantzariak oihuz,
Eder-minez dagona dantzan inguratuz.
Choribit begi zabal, begi xoratua
Eder minez etzan da, minak ezindua...
Eman, izarretarat luzatuz eskua,
Eder minaren minez daudenen kantua.
Etor, etor, guziak, soinuz eta pleinuz:
Pertsulariak pertsuz, dantzariak oihuz,
Izarretarat dantzan eskua luzatuz.
Oi Eder-min hain eder bihotzen jalea,
Choribiten barnetik gutarat barrea.
Oi Eder-min hain eder Jainkoratzailea,
Joan-araz beti goiti Euskaldun jendea.
Goazen goazen guziak txistuz eta kantuz:
Pertsulariak pertsuz, dantzariak oihuz,
Eder minez gaudenek elgar Jainkoratuz.
28-8-51
|