HAITZ-PEA
Haitz-ondo baten itzala, zeruaren zabala...
Eta hara berehala euskal-kantuz nagola!
Mundu-bidetan ardura ezindua nabila;
Bilatzen dut holakotan haitz-pe baten itzala:
Eta hor, zerurat, beha, berritzen zait odola,
Euskal-lurren bihotzean sartzen banintz bezala.
Euskal-Herria zait niri nun-nahiko haitz-pea:
Hor dut hurrup-hurrupatzen euskal-lurren bakea.
Haitz-pek arintzen, euskaltzen, pizten dute barnea
Eta, elgarri basarka, biltzen euskal-jendea.
Haitz-ondo baten itzala, zeruaren zabala...
Eta hara berehala euskal-kantuz nagola!
Itsas-aldeko marruma, ihurzuri ximixta,
Iratze-gorri zirimol, haitz-ondo bat xut xuta...
Zatozte, euskal-anaiak, dugun dantza ta kanta
Eta, munduaren maitez, elgar mintza ta maita.
Euskal-Herria, nun-nahi, bihotzean dugula
Eta usu ezpainetan «Gernikako Arbola».
Euskal-seme bakotxak bi Herri dituela:
Lehenik Euskal-Herria eta... Mundu-zabala.
Haitz-ondo baten itzala, zeruaren zabala...
Eta hara berehala euskal-kantuz nagola!
* * *
Kurutzea bezein zabal zauden zuhaitz saindua,
Erro guziez hurrupa euskal-lurraren sua;
Eta, hedoieri nausi, goiti altxa burua,
Bake-eraile zabalduz munduz-mundu Fruitua...
1-10-49
|