JO SOINUA JO!
Arantzazuko fraide gazteak
Xirola tanbolinekin
Etorri zaizkit soinu joiterat
Eta nik dantzan ez jakin...
Jo soinua jo, fraide gazteak,
Mundua dantzan has dadin.
Zer ilunbetan, zer galbidetan
Den orai Euskal-Herria...
Ai, zorionez baita oraino
Arantzazuko Argia!
Euskal-zainetan otoitzez, lanez
Ixur betiko Bizia.
Zoin egia den Arantzazuko
«Aitona zarrak» ziona:
«Euskalduneri eskasten zaiku
elgarren anaitasuna».
Arantzazutik ur-xirripaka
jauts bedi eskas zaikuna.
Arantzazuko fraide gazteak
Xirola tanbolinekin
Eguerri gauaz jo soinua jo
Mundua dantzan has dadin:
Guk ere dugun euskal-bihotzek
euskaltzaleek bat egin.
* * *
Arantzazuko Eguerri gauan
Soinu, kantuan igeri...
Amets eta dei, lo kuluxketan,
Egin dut Euskal-Amari:
Hura dadien, ixil-ixila,
Euskal-bihotzen lokarri.
Eguerri gauan euskal-lurretan
Denak baitzauden kantari,
Agian Amak barnerat dauku
Bere goxoa ixuri;
Bai eta egin, ber-sorraraziz,
Bere Haurtxoa iduri.
Handi nahiak, guhau nahiak
Gaitu guziak nahasi.
Beha dezogun lastoratu den,
Ezeztatu den Jesusi:
Hari jarraikiz ]aster gintazke
Bai guhau eta bai nausi.
Arantzazuko Eguerri gauan
Soinu, kantuan igeri...
Ikusi ditut fraide gazteak
Herriz herri soinuz ari
«Gaiten Denak bat, Huna Eguerri:
Jos gaiten denak elgarri.»
* * *
Arantzazuko fraide gazteak
Xirola eta tanbolin...
Har zuen Ama, guzien Ama:
Gu ganat etor harekin,
Gure zain eta gure lokarri
Ainhoan berritz jar dadin.
Bere kapera han du gainean
Bainan bera nun ote da?
Arantzazuko zuen Amaren
Arrunt iduri bat molda
Eta harekin, igan kantatuz
Hain maitatua den malda.
Arantzazuko Ama dagola
Oñaten eta Ainhoan
Bi aldetako euskal-jendea
Gauden Amaren altzoan,
Mendez-mendeko gora-beherak
Gaindituz bake osoan.
Arantzazuko fraide gazteak
Xirola eta tanbolin...
Entzun kantuak, har zuen Ama
Etor Ainhorat harekin
Bi aldetako fraidek diogun
Ama berari dei egin.
Arantzazun, 25-12-56
AIREA: Amodioa zoin den zoroa.
|