EUSKAL-LURREKO...
Euskal-lurreko ama-bihotzak, oi ama bihotz sainduak!
Joan semeeri pentsa ta pentsa, denen ixilik urtuak.
Nere ahotik igan ditela heien otoitz pleinuak,
Jaun Zerukoa unki dezan gaur euskal-lurraren oihuak.
Euskaldun amek buba-bubaka goxatu haurren barnea
Herriko mendi eta zerupek nihundik ezin asea.
Urrungo minak noizbeit harturik uzten dute etxea,
Ama-begiak utziz ardura hil-arte beha ta beha.
«Ai egiazko nigar-zelaia mundu huntako bizia!
Zuk ere, Jauna, gabiltzan lur hau odolaz duzu bustia.
Onesten dugu kurutzearen besarkada gorria
Ai, bainan dugun, semekin goza zeru-gaineko Herria.
Guk semen baitan eman fedea nolaz urrundik begira,
Ez diten nunbeit bakar-bakarrik hiltzearekin leizera.
Hara uruski euskal-fraideen Belokeko gain hura:
Denen zain eta denen biltzaile deika daudela zerura.
Molda gain hortan, fraide ixilak, euskal-bihotzen bihotza
Molda munduko euskal-semeen mendez mendeko eliza.
Eliza horrek biziak eta... hilak ere zain bitza,
Igan-araziz gau eta egun Euskal-lurraren otoitza.
28-10-51
AIREA: Otoizlari - 35.
|