ERREGE!
Denen irringarri, denen trufagarri,
Tuz eta trapuz estali buru ixil hori:
Gure Errege!
Dena zarrapo, dena elorri,
Karkailaka zafratzen duten herresta hori:
Gure Errege! Zeru-lurren Errege!
Ama dolutsuak altzoan musukatzen ari
Haragi-hezur ondar hori:
Gure Errege! Zeru-lurren eta... diren-guzien Errege!
* * *
Harek eginak ditu, harek zeru-lurrak;
Eta diren Eder guziak haren itxuraren itxurak.
Harek moldatuak ditu bihotz ta begiak
Eta bere odolaz, bere hezurrez berritz erosiak.
Harek behar du harek nausi, jaun, errege izan
Herrian, eskolan, orotan eta ez bakarrik elizan.
Hari bihotzak, hari etxeak, hari herriak,
Hari mundu-zabalean diren guziak!
* * *
Hura da Erregen Errege bakarra:
Uhain-jauzika begokio itsasoa eta ikaran leihorra,
Guzi-guziek hari diotela mendez-mendeko agurra!
Hura da denen iturria,
Hura hasdun guzien bizi eta hazkurria.
Hura da argi ororen argia, hura denen hel-burua,
Hura gizon-artalden Ametsa eta zerukoen Zerua.
Hura da errausperatuz baizik
ikus ez diteken, Iguzki betierekoa;
Hura da, bere burua ukatuz baizik
goza ez diteken, neurrigabeko Gozoa;
Hura da Kristo-Errege, gure Jainkoa!...
25-10-49
|