KAPA
Gizonaren egun handiena: azkena.
Bertze egunak, egun gozo edo ilunak, jiten dire eta joaten...
Azken hori aldiz: behin betikoa.
Ehorzketako bidez bide handi batean bezala dabiltza lurrekoak oro beren bizian.
Buru arinen dantza-zirimolak eta handi mandien igaite tarrapatak hobirako bidez-bide hortan bururatzen.
Sortu guziek hil behar.
Bere hilak bere lurrean handizki ehorzten dazkieno, lur hartako jendea gazte dago, menderen mende gazte.
Zoin eder den euskal-jendea orga-bidez jausten denean, lerro-lerro eta kapa beltzetan.
Mendi-harroken arteko errege batzu iduri dute gizonek eta euskal-Arima ezin-hil horren itzal batzu emazteek.
Euskal-jendea, atxik, otoi! Zure kapak.
Oihala kario dela? Mihiserik gabe lo egin, bainan kaparik gabe ez ibil, ehortz-egun handien hoitan.
Zure kapak dauzkatzuno, beiratuko ditutzu ere galtza xuri ta gerriko gorriak, arrozkerietarik garbi beiratuko.
Atxik zure kapak: hain ongi dituzte omen nigar sainduak gordetzen eta alarguntsen min handiegiak itzaltzen.
Atxik zure kapak, jauntz-zkitzu eta handizki ibil: nola ogi azia hildorat, euskal-semeen gorputzak hil-hobirat botatzeko...
Jauntz zure kapak eta handizki ibil, erregezki ibil: lerro-lerro joateko betiereko Biziaren atetaraino...
18-11-48
|