 |
Zeru-xorta
PERTSULARIA
Ostatuko arno-ke pizgarrian, gizon bat xutik... Behakoa urrunerat galdua, kantuz dago; eta bere ezpainen kantuaz lilluraturik dauzka inguruko buruak oro:
Nola haizeak itsaso-gaina, nahi bezala derabiltza, ixil-arazten ditu, apal-arazten, goiti-arazten eta azkenean jauz-arazten irri-karkailaka.
Pertsularia!
Pertsularia, euskal-lur ixilaren boz aberatsa, bazinaki nor zaren!
Pertsularia, euskal-arimaren alxarazlea, bazinaki nor izan zinteken!
Atera ba ostatutik, ager plazaren erdian, ager haitz-buruen artean eta hot, ez arnoz asea, bainan herriaren min, bozkario ta ametsez mozkortua, kanta. Kanta eta kantaraz zure ahotik euskal-lur dohakabea.
Atera ostatutik, igan mendirat eta han, goiko amodioz asea, mozkortua, zoratua, iratzar pertsuka zure Jendea; aipa geroko Euskal-Herriaren ederra, eta, Pertsularien Erreginak bezala, eman euskaldun Magnificat-aren persu betierekoak.
21-8-47
|
 |