BESOAK ZABAL
Frantses Zabierekoa mintzo...
«Gauaz besoak zabal
ikusten zuten
izarrer so, nigarrez...»
Zabal gauez gau besoak, zabal eta luza:
Izar dirdirez goitiko Jaunarekin mintza.
Zabal nasaiki besoak, zabal eta luza
Zabal dakizun zabalki eihartu bihotza.
Nitan zabiltzan indarrak eta Amets gaitza
Zergatik zutan jauzteka ez ote dabiltza?
Ez atxik hola besoak sakelan sartuak
Ez atxik, bertzez ezaxol, deplauki bilduak.
Ez atxik bihotz-erroak lurrari lotuak,
Utz, bertzen trufen lotsekin, irri eihartuak.
Entzun gauez gau, minez min, munduko oihuak:
Zure bihotza zabalik behar du munduak.
Zabal besoak zabalik, zabal eta luza:
Izar dirdirez goitiko Jaunak zabal beza,
Zabal, hedaraz, kraskaraz zu baitan bihotza.
Besoak zabal emazu daukazun guzia
Zure bizian sar dadin Jaunaren bizia,
Zure itzalez bertzetan zeruko Argia.
Besoak zabal egizu Jaunaren nahia:
Zorion erein-beharrez guziak balia,
Gau-intziretan jauz-araz zeruko irria.
Besoak zabal joan beti, ez bizi «erdizka».
Muga, neurriak ken-zkitzu eta trufak oinka.
Besoak zabal zabalik Mundua besarka.
Zabal besoak gauez-gau, zabal eta luza:
Izar dirdirez goitiko Jaunarekin mintza.
Jaunaren lagun har zazu nere Amets gaitza,
Bertzen bihotz barnea argiz argi dadin:
Zabal besoak zabalki, zabal eta luza
Egizu beso zabalen betiko agintza.
28-1-53
|