NUN ZER DEN LURDE
Nun zer den Lurde jakitekotan
Bartrez alderat joan zaizte,
Bernadet bera artzain egon den
sorroetarat hel arte.
Orai mende bat zuten itxura
bazter guziek baitute:
Handik mendiek hiri guzia
erreka zolan daukate.
Bartrez aldetik guziak mendi:
Hau bakearen osoa!
Nundik ez entzun sorropil hautan
Jaun Goikoaren mintzoa.
Ez zakien ez zer egiten zen
haur harek bere xokoa,
Mendi horien artean zagon
ez deusetako ziloa.
Bartrez gainean den Kurutzetik
zoin den arintzen bihotza;
Hango bazterren zeru zabalak
Jainko alderat gabiltza.
Kantuz jauts gaiten Bernadetekin:
Lurderat goazi, zer boza!
Gaztain-ondoen artetik hura
Harpe ondoko eliza.
Karrikan barna iragaitean
Ez entzun eta ez beha.
Goazen ixilik, bila dezagun
ur ondoan den harpea.
Hor belauniko huts bihotz barne
gezur itxurez betea,
Haur begiekin irriz Amari
luzatuz begitartea.
Jenden otoitzen, jenden kantuen
itsas uretan itoa,
Amari beha hor egoitea
zer arimako gozoa!
Gure gogotik, mundu guzitik
bekatua ke badoa
Garbien garbiz ikus-araziz
ezin ikusi Jainkoa.
Amaren Bihotz bihotza baitu
Jainkoak goxo-tokia,
Hemen da hemen harpeño huntan
munduko erdi erdia,
Hunat burrustan dator mundutik
minen zaurien zauria,
Hunat dirdiran zerutik ari
Ama begien irria.
Mendi-gain arte guzietarik
harpe huntarat otoizka,
Gizon ibaiak, gizon uhainak
munduari dariozka.
Bisai guziak, mintzai guziak
maitasun berak dabilzka,
Denak bat eta denak batean
Amari ave aveka.
* * *
Harpe ondoko eliz-bidetan
eskuan denek argia,
Kantuz dabiltza, kantuz gauez-gau
erranez: agur Maria.
Amak orduan barnez lantzen du
gizon bihotzen lohia,
Orratzen baitu Lurde sainduan
geroko Mundu Berria.
Mundu guziko bihotz Argien
xingola eta mingola
Amaren Bihotz itsas-uretan
gauez gau kantuz dabila.
Kantu kantuan bateratzen da
herri guzien grazia.
Herri guziak hor dire kantuz;
nun zaitut Euskal-Herria?
Hotelen pean euskal-gazteak
Lurdek ehunka badauzka
Otoitz ordutan pean daudenak
baxera xuka ta xuka.
Mundu guziko bihotz Argien
xingola eta mingola
Amaren Bihotz itsas-uretan
gauez gau kantuz dabila.
Lurde azpiko sukaldetarat
zoazi zu ixil ixila;
Zoazi, Bernadet, euskal-gazteak
zure soak pitz ditzala.
Euskal-gazteak erkatz-tokian,
Bernadet zuhau bezala,
Azpiegitik ezautu Lurdek
hits eta huts ez ditzala.
Mundu guziko bihotz Argien
xingola eta mingola
Amaren Bihotz itsas-uretan
gauez gau kantuz dabila.
Hotelen pean Harpe aldetik
adituz «Agur Maria»
Baxerak xuka eta kantuz has:
bertzeekin bozkaria.
Kantuz dabiltzan guzi guzi hoik
nork ote ditu nork hazi?
Guzi guzien gaurko grazian
zerbeit duzue merezi.
Mundu guziko bihotz Argien
xingola eta mingola
Amaren Bihotz itsas-uretan
gauez gau kantuz dabila.
Bere xoko du euskal-gazteak
bere du mundu guzia.
Euskal-sehia, Jaunaren nahiz,
zer anaitasun hazia!
Jaunaren Bihotz zabalarekin
xuka badabil sehia,
Harek du harek bertzeek baino
altxatzen Mundu Berria.
Lurden, 26-9-57
|