EGUBERRI
Mendi-buruak eta zelaiak... Lo dago mundu zabala:
Ardi-joareen soinu arina oten artetik dabila
Eta gain hartan ameska dago izarren ñirñir ixila...
Hara bet-betan harpe batetik ama-kantu bat doala:
«Sortu zait sortu Salbatzailea: sortu da Jainko Semea!
lo, lo maitea; lo, lo nerea; lo, lo Jesusño maitea.
Gaua da gaua mamuz betea, hets loan begitartea:
Utz gerokoak, utz gurutzea; lo, lo Jesusño maitea.»
Josepek piztu suari hurbil, etzan du bere haurñoa;
Haren azpirat, ohako gisa, bildurik hor den lastoa.
Gure lohian, gure gaupean, horra Jaun Goiko lañoa!
Goxa zazu ba: sarri gaixoa maitez hiltzerat baitoa.
«Sortu zait sortu Salbatzailea: sortu da Jainko Semea!
Lo, lo maitea; lo, lo nerea; lo, lo Jesusño maitea...»
Nigar-nigarka baitago Haurra, luzatuz bere eskua.
Amak hartzen du bere besotan, eskainiz bular saindua:
Ama-semeen begia dago elgarretarat urtua
Eta kopetan emaiten dio, Jesusi, lehen musua...
«Gaua da gaua mamuz betea, hets loan begitartea:
Utz gerokoak, utz gurutzea; lo, lo Jesusño maitea.»
22-12-49
|