ZIRIMOLA
Sarri udaberria. Aizeak altxatuko ditu jazko errauts eta hautsak. Aizeak joanen ditu zirimolan lur-errautsak eta lore-haziak. Hazi hoitarik zenbat eta zenbat galduren!...
Aberatsa da Jainkoa: nasai-nasaiki botatzen ditu haziak mundu ta menden zirimola hortan; eta, ainitz galdurik ere, sortzen ba bed aski fruitu, aski abere, aski gizon.
Badaki betieredanik hazietan zoin diren galduren eta zoin ez... Bizi gare gu, bizi gare... Eskerrak Jaunari!
Mende-jenden zirimoletik salbu jali hazi bat, mende-jenden zirimolak joan behar errauts bat: horra gizona...
Mendez-mendeko dantza horren artetik, zirimola itsu horren barnetik boz bat, boz bakar bat zeruraino heltzen dena.
Mendi-gainetik besoak zabal otoitzean zagon maiz, otoitzean dago beti Jainko-Gizona.
Eta badakigu —zer zoriona!— badakigu zer zion eta zer zen lur huntarik zeruraino zoaken hitz hura: «Abba!...»
Abba! Aita!
Abba: Mundu ta menden zirimola itsuan eremanak izanik ere, ez gare galduak: guri beha zaude, Aita Zerukoa... Gure gorputza bizi-herioen dantzak joanen ta errauts eginen duenean, hartuko gaitutzu, hartuko nauzu ni zeruetako Bake gozorat.
Abba! zure nahia, zure nahiaren egitea da nere janaria. Ez badut jaten: ahultzen naiz, ttipitzen naiz eta sekulakotz galtzen. Jaten badut aldiz: azkartzen naiz, handitzen eta zeruratzen...
Abba! Aita, gure Aita hain bihotz-eztikoa, deika gauzkitzu: beha guri, lagun gaitzazu oro zure nahiaren maitatzen; eta ikusiko dugu, gozatuko dugu, ilunbe hautan osoki goza ez daitena:
Bakea, elgarren Amodioa, Jaunaren Erresuma eta betiereko ta denekilako Etxe xokoa.
17-3-47
|