UDAREA
«Iduzkiz hantu udarea, udare jori joria.
«Hain eder izaki eta... ezin mintza, ezin erran Jaunari. milesker!...
«Haugi ba, haugi ene ezpainetarat, sar ene baitan; eta ene baitarik, ene zintzurrarekin, ene bihotzarekin kanta Jaunaren loria.»
Ez erran eni gauza arrunta dela jatea.
Odolkiz, arnoz eta biper gorriz asetzea, aho-zolan sentitzen den kilikaren gatik... hori bai: gauza arrunta.
Bainan, «Aitaren» handi bat eginik, mahainean jartzea...
Ixil!... Eguerdi da. Ixil, lur-bazterrak oro, landare, abere eta guziak.
Huna gizona, lurkerien errege eta apeza, jaten hasten den orena.
Huna, gizon-haragi bilakatuz, otoitz eta amodio bilakatuko zaiztela.
Huna, lurkeri mutu eta arruntak, huna Jainkoratuko zaiztela.
19-11-47
|