www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa  

4. SAN MATIASEN EGUNERAKO SERMOIA

 

(B, 191-196. or.)

 

Ezkontzako Sakramentu Santura eldu bear dan
gogo eta prestaereen ganeko Sermoea

 

        1. Eztau gizonak ezetan bere, bizi-modua, edo estadua autu, ta eskojietean baño begiratu bear, bada onetantxe doa bere betiko zerua edo infernua. Azertetan badau konbenidu yakona, mundu onetan biziko da bake andi bategaz biotzeko poz andiagaz; eukiko dau arimako atsegina, batuko dituz birtute eta graziaren ondasunak, eta elduko da azkenez beste munduan zeruko erreinua artutera. Barriz uts egiten badau, eukiko dau mundu onetan naibagea, atsekabea penea, eta bestean beti betiko infernu bat. Zeinbat ete dagoz orain infernuetan Sazerdote edo Mezako izan zirealako, zeintzuk egongo zirean zeruetan eskondu balira? Zeinbat eskondu kondenadu ete dira salbaduko zireanak Abade egin balira? Zeinbat Fraile, zeinbat Monja erretan ete dagoz beti betiko, egongo zireanak Jaungoikoaren arpegia ikusten munduan geratu balira? Zeinbat anra eskonduarren galdu dira betiko eurentzat etzan gizonagaz egin zirealako? Zeinbat senar dagoz gaurko egunean infernuko garren artean, zeintzuk beste emazte bat artu baleudee izango zirean zorioneko? Orregaitik bada estadua artutean uts egiten bada guztia uts egiten da, eta doa galdurik. Bada ze erremedio azertetako? Zer egin bearko da uts ez egiteko? Yarraitu Apostoluak emoiten deuskuen ikasbide edo doktrinea S. Matias-en aukera edo elekzinoan, dirausku S. Juan Krisostomo-k. J.K°.k zerura igon ezkero, esan eutsen S. Pedro-k autu edo eskojidu bear zala norbaist Apostolutzat, bete zedin Judas madarikatuak utsik itxi eban lekua. Baia etzirean azartu iñori estadu onetarako dei egiten, diño S. Juan Krisostomok berak: ekien Jaunaren eskuetan dagozana gizonen suerteak ta goraberak, eta orregaitik billatu ebeen bere borondatea. Imini zirean oraziño egiten, eta erregutu eutsen modu onetan, diño S. Lukas-ek: Zuk, Jauna, daukazuz bakarrik guztien biotzak; adietan emon egizu bada nor autu edo eskojietan dozun oneetatik zure Apostolutzat. Eskabide humiltasunez beteriko onegaz ekarri ebeen, Jauna adierazotera nor gura eban Apostolutzat, eta ezagutu ebeen S. Matias zala suertetsua. Auxe berau egin bear dabe gurasoak euren seme-alabakaz. Eskatu Jaunari eroan dagizala euren seme-alabaak bere Majestadearen borondateko bidetik. Barriz, zer yazoten da? Geienetan gurasoak errepartietan dituez estaduak semeen artean ogi zati bat egiten dana legez. Etseari datorkio kapellania bat, eta urlia seme aregaz Abade egingo dogu; nagusiak eroango dau etsagunzea, edo haziendea, eta ar-or oneek ondo akomodaurik; besteari ofizio auxe emongo deutsagu, eta guztiak ondo geratuko dira. Au pensadu ezkero Abade izango dana ifinten da gramatikea ikasten. Ez yako bada oneri itanduko, Mezako izan gura daben ala ez, ezta begiratuko bokaziñorik daukanez, Jaungoikoak dei egiten deutsanez. Kapellania dago? bada izan bedi Abade. Beste oneri emongo deutsagu haziendea eta ezkonduko da yakiteko aleginik egin bagarik, bizi-modu edo estadu au ondo baiako ala ez. Eta, zelango gatxak datorkioz munduari onetatik? Eztot nik zer esanik; yakinegiak dira munduan deungaro arturiko estadurik eme ta yaio direan eskandaluak, eta zer-esateak.

        2. Orregaitik bada pekatu mortala egingo dabe gurasoak semeai artu erazoten badeutse eurak gura eztabeela estadua. Kontu daigun; ezin Abade egin leie semea berak gura eztabela; eta ezta eskondu bere, bere borondate bagarik; bada egia izan arren semeak gurasoen agindura egon bear dabeela, estaduaren ganean borondate osoa ta librea dauke, eurentzat oneena deritxoena (al izan ezkero) artuteko, eta alan ezin estutu leiz ordenduteko, edo eskonduteko. Ai, Aita, esango dabee, bear bada, seme auxe ordenduko balitz ondo giñatekez betiko, ze etse guztia ondo geratuko litzateke. Eta esan egidazu: gura dozu infernuetara bota zeure erraietako semea, eta zeuk bere yarraitu berari? Bada auxe da arako biderik artezena. Zegaiti ze Jaungoikoaren borondatea billatuten eztanean edo semeen estaduan munduko ondasunak edo konbenienziak ta ondo-egoteak baño begiratuten eztireanean bildur izan ziñaitekez eztireala sartuten Jaunak gura daben bidetik, eta bide au uts egin ezkero lenengoan, ezin gero atsera biurtu leiteke, edo gura ta gur'ez ibili bear da bide okerretik, edo Jaunak señaladu eztabenetik. Egia da, Jaungoikoak uts au emendatu ta zuzendu leikeana, baia Jaun onek beronek dirauskuna da, zori-galdukoak direala berari itandu bagarik, itundu edo konselletan direanak euren gustua; bada oneek ezarriko dituez pekatuak pekatuen ganean, diño Isaias-ek. Eta, uste dozu mundu onetan bere aurreratuko dala zure ondasun, zure etse edo familia? Sarri ikusten dana da galdurik geratutea egiten direan gastuakaz edo gazterik ilten direalako, edo deungaak urtenik daukeen errentea baxen geiago bear dabeelako, edo daukeena besteri emoiten deutseelako geratuten direala gastuakaz, eta probetxu bagarik. Auxe da Jaungoikoak Ajeo Igarla edo Profetearen aotik zematurik daukan kastigua. Diño bada: asko erein dozue, baia gitxi artuko dozue, ze modu orretan batu gura izaitea da boltsa urratuan edo zulodunean diruak botetea. Ondasun andien yaube egingo zineala uste zenduan; barriz gitxitu yatzuz. Batzaindu dozuz, baia neuk guztiak galduko deutsudaz. Baita, zegaitik eritxazu au yazo yatzula? itanduten dau Jaungoikoak berak. Bada berak eranzuten dau: Nire etxearen, zein dan Elexa santea, ardurarik eztaukazulako, eta bakotxak bere etxea azi gura dabelako, nire etxearen, zein dan Elexea, yaramonik egin bagarik.

        3. Baia enas onetan geiago luzatu gura, eta izanik geienak Ezkontzako estadu santua artuten dabeenak, onexen ganean berba egingo dot arraztegi onetan. Barriz enas geratuko aituten emoten ondo yagotzuen ala ez, ezpabere autortu edo konzedidu gura deutsuet, estadu onetara deituten deutsuela Jaungoikoak, eta ezkondutea ondo yatzuela salbetako; orregaitik bere ezta au asko seguru egoteko, eta alan begiratu bear dozue, nogaz ezkonduten zareen, zelango prestakuntza ta disposiziñoagaz elduten zareen sakramentu santu au artutera, eta zelango intenzinoa, ta gogoa daroazuen. Auxe izango da gaur predikaduko deutsuedana. Gauza guztiz bearra ain gurasoentzat, zein ezkonduko direanentzat, ze bear bada onetan doa guztien salbaziñoa. Birjina ederra, Jaungoiko guztiz altsuaren Ama garbia, emon egidazu bear dan indarra ta espiritua adierazoteko neure enzulai zelan eldu bear direan zure semeak Elexa santan ifini eban sakramentu onetara. Garbitu egidazuz neure ezpanak urten eztagidan neure aotik bear eztan berbarik, eta enzun eztagidan eskandalizadu al neikean gauzarik. Egizu nire errazoe guztiak izan ditezan arimeen onerako. Seguru gagoz Zeruko Erregiña, alan izango dana, zu gure bitarteko izaiten bazara; eskatuten deutsugu, dirautsugula Aingeruagaz batera: Abe Maria.

        4. Yakin begie Matrimoniño edo Ezkontzaa santua artutera doazan Kristiñauak, diño Trento-ko batzar edo Konzilioaren ikasbide edo Katezismoak, yakin begie ze eztabeela artzen gizonak ifiniriko gauzaren bat, ezpada Jaungoikoa dala [sic] eta J.K°.k bere Elexan itxiriko sakramentu santu bat. S. Paulo Apk. deiegiten deutso ezkontzeari Sakramentu andia, misterio beneragarria, eta alan eroan bear dabe intenziño arteza eta gogo garbia. Yakin gurako dozue ze gogo eroan bear dan Ezkontzara? Bada izan bear da semeak eukiteko, Elexa santea azi dedin mundu onetan, eta guero, oneekaz bete dedin zerua. Auxe zan Aingeru S. Rafael-ek Tobias-eri esan eutsana: Artuko dozu emaztetzat Sara Ragel-en alabea, barriz eztozu gustu zitelen guraariz Ezkontza au egingo, ezpabere semeak eukiteko alkanzadu dagizun zeure semeetan Abrahan-en bedeinkaziñoa. Auxe berau diñoe Elexako Yakintsu eta Guraso edo Aita Santuak. Barriz itandu deiegun ezkonduten direanai, ze gogo daroien Sakramentu onetara. Eta geienak eztabe yakingo zer eranzun, eta badauke [sic] bere geienak artuko dabe Sakramentu au edo ezkongeia aberatsa dalako, edo abere edo animalia sensunbageak legez euren gurari zitalak asetako. Onexek biok izan doaz ezkontzarik geienetan, guztietan ez esatearren, begiratuten direan gauzaak, eta eukiten direan gogoak; eta bioetatik yaioten dira ainbat gatx, ainbat eskandalu ta zer-esan ze, eztago ponderau leikeanik, diño S. Juan Krisostomo-k. Batzuk ezkonetan dira ezkongeia aberatza dalako eta onetan sarri gurasoak pekatu egin daroe. Yakin ezkero ezkongeia aberatsa dana ezta itanduten ez begiratuten zelangoa dan, ze bizi-modu daukan; ezta yakin gura ze kristiñau dan, ez ekandu deungarik badauko. Ezta begiratuten ze bizitza(n) egingo daben besteagaz, ez ona dan, beragaz Jaungoikoaren legea gordetako, eta bakean bizi izaiteko. Dote ona dauko, aberatsa da, diru gitxigaz akomodauko dogu alabea? Asko da, ezta geiago bear.

        5. Eta zeinbat pekatu egiten dira Nobio edo Nobia izatera eldu orduko? Ara Kristiñauak, lotsa izango nintzateke onen ganean prediketan, leku santu onetan egunean egunean yazo oi danak erakutsiko ezpaleu ze egia dan. Orregaitik guztiz da bearra onen ganean berba egitea, bada deritxat ze, Kristiñau guztiz asko daroazala Demoniñoak augaitik, eta alan esango dot zer yazoten dan al dodan garbitasun guztiagaz. Ikusten dau neskatillaren batek, mutilen batek ondo begiratuten deutsana, eta ameneko ameneko begiz yoten dau. Daki berari eztatorkiona bera baño aberatsago dalako, edo bere gurasoak gurako eztabelako. Zelango asmuak artuten dituz bada bere guraariagaz urteiteko? Artuten dau beragaz adiskidetasuna, eta bein artu ezkero beti dabil begira nondik nora beragaz egongo dan. Konbidetan dau merienden batera, ostuten dabela onetarako al daiana etsean. Erromeriarik bada, araxe doa antxe beragaz egotearren; eta obeto eretxi deion apainduten da al daien ondoen; aintxe alkarregaz yan da edaten dabe, eta dagoz berba-aldi luzeetan. Baita, nox datoz etxera? Gauez, edo bai gitxienez iluntzean libreago ibiltarren. Egunerik egunera su andiagoa artuten dau euren amodio loiak; egunerik egunera doa galduaz bildurra. Nok esan leikez orduan egiten direan pekatuak? Ze loikeriak! Ze guraari deungaak! Ze berba zikinak! Eta biziko dira denpora luzean osorik? Nok esango dau amuko edo liñu (kirru) sikua denpora luzean erre bagarik egon leitekeala sut-ondoan? Elduten dira gero bere azkenera, emoiten deutso bere gorputzearen ganeko eskabidea, ezkontzako berbea kentzeko, eta agertuten da erri guztien begietara egin dabeen pekatua.

        6. Eta, zer egin daudee denpora guzti onetan neskatilla onen gurasoak? Eurak erantzungo dabe eztabeela ezer yakin; ezteutsela euren alabean gauza deungarik ikusi. Egia dala nosbait gizon gazte agaz ikusi egin dabeena, baia ezteutseela eguño gauza deungarik buruak emon. Barriz, zelan au erantzun zinaikee? Erri guztian esaten zan zuen alabeari asko gura eutsala mutil arek; guztiak ekusezan beti beti alkarregaz; eta, zuek bakarrik etzenkien? Zeinbat bider yoan da gau utsez zuen etxera? Zeinbat bider yoan da gizon gaztea eske zuenera, erromeriara lagunduteko, eta emon deutsazue baimena edo lizenzia batera ibilteko gaua ilundu ezkero bere? Ori bai, erantzungo dozue, bagenkian ondo gura eutsana, baia ez euskun gogoak emoiten beste gauza deungarik. Nok sinistuko deutsue? Errezago sinistuko dau edozeinek beste gauzarik; eta egia esan gura badozue, ara emen zuen gogo guztia. Bazenkien zuek gizon gazte a ezkongei ona zana zeuen alabearentzat, baia bildur zineen bere gurasoak gurako ez ebeela, ezkontza obeak eukiko zituzalako, eta orregaitik ez yakin egin zenduen, edo bista luzea, ya modu onetan alkarregaz ezkondu al daitezan; eta alan zeuen ixilik alkarregaz egonagaz, zeuen ez yaramonagaz idigi deutsazuez bideak ainbat pekatu loiri. Ara bada guraso zorigogorrekook, zeuen alabeak egin dituzan pekatu guztien kontu zeatz eta estua emon bearko deutsazue J.K°ri judizioan, ez bakarrik pekatu oneena, baita bere errian emoten dan zeresanena, dabiltzazan deungaro esanena, edo murmuraziñoena, gizon gaztearen gurasoak artu dabeen atsakabe edo naibagena, familietan yagiten direan aserrakuntzeena eta,... eta... esan bere ezin egin leike zeinbat pekatu artu dozuen zuen lepoan. Baia guztia iruntziten dabe gurasoak ura legez, alabea ondo ifintearren. Eta onetara, zer yazoten da? Ondrea, kreitua kendu deutso, seindun dago, ezkondu bear dau beragaz. Urteiten dabee eurenagaz neskatxa eta gurasoak, eta artez edo oker ezkonduten dira. Ea bada: eldu zara gura izan dozunera, ya daukazu ainbeste gura izan dozun senarra. Baita, deritxazu bake onean gozaduko dozula senar ori, eta bere haziendea ta ondasunak? Deritxazu, zorioneko izango zareala? Obeto sinistuko neuke eztozula egun onik eukiko, eta mundu onetan infernu txiker bat eukiko dozula, eta andi ta osoa bestean. Zegaitik, gero? Ara.

        7. Lenengo pekatuakaz idigiten danean bidea zerbaist alkanzetako eztator Jaungoikoagandik, eta Jaungoikoaganik eztatorren on, ondasun eta gustuak ezin iraun leike; bada Dabid Erregeak dinoandi arpelik dabiltz etxegintzak Jaunak egiten ezpadau, ze yausiko da. Gitxien uste dozunean bapere bagarik ikusiko zara, bada Jaungoikoak berak diñoana legez deungaro eta pekatuakaz irabazten danak, eztau eukiko Jaunaren bendiziñorik; eta zeruko bendiziñorik eztaukan gauzeak, eztau iraungo. Emetixek dator bigarren gatxa. Ikusirik gizonak zelango bear, premiña, eta ameneko nezesidade, eta pobrezan dagoan idigiten dituz begiak, ezagututen dau zugaz ezkondutea ze deungaro egin eban eta beste etorkion emazte bat artu baleu bear ebana etsean eukiko ebana, baia zeuk engañadu zenduala zure modu ta libertadeagaz; eta ikusirik eztagoala erremediorik, ezin zuganik apartadu leitekeala, asten da tristetuten, amatetan da arako amodio zoroaren garra, eta abietan da sartzen bere biotzean zuganako gorrotoa, daukazulako bere bear, nezesidade ta pobrezearen erru guztia. Zer irudingo dau onik aurrera etse onek infernu bat baxen? Egiten dozun guztiak enfadetan dau, diñozun guztiak aserratuten dau, ezin ikusi zaituz bere begien aurrean; guztia da agirakea, errieltea, biraoa, maldiziñoa, añena, makillea, eskua, ostikoa ezpalitz. Ez eukiak, edo bearrak estututen badau emoiten deutsu arpegian etzenduala ezer ekarri etxera, zuk engañadu zenduala, zu baxen obagoak eukazala nogaz ezkondu; uxala eguño ez ikusi ez ezagutu ezpazenduz. Berba baten txakur katuak legetxe zagoze beti, ezin alkar ikusirik, ezin alkar sufridurik, alkarren arnaseak bere aserratuten zaituezala. Etzagoz konfesetako, etzagoz meza bat bere entzuteko, etzagoz errosario bat bere errezetako. Eta, zer izango dira matrimoniño onetako semeak? Zer? Gizon eta andra galdu batzuk, Kristiñau deunga batzuk. Zegaitik? Emoten deutsazuen erakuste ta aziera deungeagaitik. Zer gura dozue urten (ikasi) daien umeak, ezpadantzue Demoniñoa, Diabrua, maldiziñoa eta biraoa baxen? Eta ezpadakuse aserrea, gorrotoa, eta infernua bera dirudian etsea baxen? Orregaitik eztago deungaro eginiko ezkontzeak baño infernura geiago daroian gauzarik. Daroaz ezkonduak, onen gurasoak sarri ta sarri, oneen semeak, semeen semeak, eta bear bada belaun askotako jeneraziño osoak. Eta orregaitik bere eztau iñok konfesadu gura berak errua daukanik. Egunean egunean dantzugu senarrai esaten: Ai Aita! Jaungoikoak emon eustan emazte bat, ezin beragaz bakerik egin leike: ain da temosea, ain da berbalaria ta min luzekoa, ain arrabiosea ze neure arimea galdu erazoten deust. Emazteak barriz diño: Jaungoikoak emoniko senar bat baukat, zeinegaz ezin bizitzarik egin lei; beti beti dago nire kontra, ezin ikusi nau, berbatxu bat egiten bot aserratuten da, ezin gusturik ezetan-bere emon deutsat. Biak diñoe bada guzurra, Adan-ek legez. Jaungoikoari ezarten deutse errua senar edo emazte a emon deutselako. A zorigaistoko ezkonduak! Jaungoikoak ez eutsun emon senar edo emazte ori; zeuk artu zenduan Jaunari eskatu bagarik, eta bere borondatea itandu bagarik. Berari eskatu bazeuntso, eta sartu bazina bide artezetik matrimoniño santuan, etzineen orain aurkituko infernuko bide garratz onetan.

        8. Beste errazoe bat dago zegaitik ezin alkar ikusi dozuen, eta amodio bagarik bizi zareen, eta eztozue benturaz iños yaramonik egin izango. Sakramentu guztiak emoten daudee berezko grazia, edo esan daigun partikularra, edo apartekoa. Matrimoniño santuak emoten daben grazia da bakean arkalegaz bizi izaiteko; onetarako azi edo geituten dau arkalganako amodio, edo ondogurea. Baia onetarako ezkonduten dana grazian egon bear da; osterantzean pekatu mortalean badago, grazia artu bearrean pekatu mortal barri bat egingo dau. Eta, ze estadutan ezkondu zinean? Ez zenbiltzan egun aetan loikeria ikaragarrietan? Konfesadu nintzan ezkonduteko, erantzungo deustazu bear bada. Ondo: eta kendu zenduzan guraari deungaak, euki zenduan damu benetakoa, eta propositu sendo eta firmea? Ezta errez, bat gustu ziteletan sarturik dagoanean aen damua eukitea, eta gitxiago propositu edo gogoa eukitea geiago biurtu ez eiteko estadu atara. Orregaitik gatx da, orduan konfesiño egiazkoa egitea; errezago sinistu leike deungaro konfesadu zineala, eta pekatuz beterik sartu zineala estadu ta bizi modu banian. Ze miraari bada bizitza deungea (eroatea) igaroitea, ezin alkar ikustea, eta gustu bagarik iragotea Sakramentu santuaren grazia baga? Eta, ze erremedio? konfesiño on bat egin, parka eskatu Jaungoikoari, eta pazienzia euki, neke oneek zeuen pekatuen orde Jaungoikoari eskindu ta ofrezietako.

        9. Beste batzuk elduten dira sakramentu onetara abere edo animalia itsu eta loiak legez, euren guraari zitai eta aragiaren gustu lotsagarriz asetanen, eta onen suertea ez oi da lenengoena baño obea izan! Bakizue zegaitik, gero? Onen ganean Demoniñoak eskueskunea daukalako. Ikaratuten zaituez au entzunak? Eztiñot bada nik neure buruz, S. Rafael Aingeruak esan eutsan Tobias-eri. Arako zaldi edo mando sensun bakoak legez ezkonduten direanak, euren guraari loietan ibiltearren, emoiten deutse Demoniñoari euren ganean eskuikunea. Onelangoakaz gura dabena egiten dau Demoniñoak. Zazpi gizon gazte ezkondu zirean Sara Ragel-en alabeagaz, eta ezkondu zirean gauetan il zituzan Demoniñoak. Zegaitik? Intenziño, gogo loiak eroan zituzalako ezkontzara. Edena zan, edertasun oneri begiratu eutsen bakarrik, ez euken beste gogorik aragiaren gustu ziteletan sarturik egotea baxen eta orregaitik il egin zituzan Asmodeo eritxon Demoniñoak, A Kristiñauak! Zeinbat onelango ezkontza egiten dira? Zelan gura dabe Jaungoikoak bedeinkatu dagizan? A! Errezago sinistuko neuke aserraturik sakramentu onetara dakarren prestaera oker ta loiagaz ezteutsela emongo karidade ta alkarganako amodiorik eta biziko direala bake bagarik, aserrakuntza andietan, eta alear ezin ikusirik. Bakizue, gero, zegaitik? Irudi bategaz adietan emongo deutsuet. Sarri yazoten da gizonen bat yanariren baten zale izaitea; dauko okasiñoren bat, eta yaten dau ase giñokoa. Larregi yate onek palagetan dau, eta andik aurrera, ezin ikusi bere egin dau a yanari a. Erraz ezagututen da zer esan gura dodan.

        10. Bada Jaungoikoak dei egiten badeutsu estadu onetara, eldu zaitez Sakramentu onetara, Jaungoikoak aginduten daben gogoagaz. Ondasunak eta aragiaren gustuak baxen leenago billatu eikezu Jaungoikoaren legea gordetan lagunduko deutsuna. Erregutu egiozu berari emon deizula zeure arimearen onerako konbeni yatzun senar edo emaztea; bada berak bakarrik au emon leike. Espiritu Santuak diño gurasoak emon leikezala ondasunak eta onrea; barriz Jaungoikoak bakarrik emazte ona. Au egiten badozue, zeuen semeak santuak izango dira, diño S. Paulo Apk., zeuek santuak izango zare, santua zuen etsea; mundu onetan eukiko dozue bakezko bizitzea, lurrean eukiko dozue zerua, eta zeruan aurkituko zaree zeuen seme-alabakaz Jaungoikoa alabadu eta bedeinketan beti betiko glorian azken bagarik. Amen.

 

aurrekoa