www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

2. ITXAROMEN EDO ESPERANZEAREN
GANEKO IKASBIDEA

 

(B, 16-19. or.)

 

        Bigarren onoide edo birtute teologala da Itxaromen edo Esperanzea, eta da Jaungoikoak gure ariman iminten daben doe, onoide edo birtute gure izaitez ganetiko bat, zeinek garoazan itxaroiten edo zeinek itxaron eragiten deuskun Jaungoikoagan emongo deuskula gloria bere erruki edo miserikordia gaitik, eta bere grazia ta laguntasunagaz egin daikeguzan egite onakgaitik. Diñogu itxaromen edo Esperanzea dala doe gure izaitez ganetiko bat, eztagoalako naturalezan edo geugan birtute au, eta bear dan moduko Esperanzea eukiko badogu, Jaungoikoak berak emon bear deuskulako; orregaitik eukiko badogu benetako Esperanzea, Jaungoikoaganik etorri bear yaku; baia geurez ezkara duin esperanza au eukiteko. Iru gauza begiratu bear doguz itxaromen, edo Esperanza bear dan modukoa izango bada; zer itxaroten dogun, noganik itxaroten dogun eta zelan itxaroten dogun. Lelengo begiratu bear dogu zer itxaroten dogun, edo zer esperetan dogun. Itxaron bear doguna da, zeruan Jaungoikoa arpegiz arpegi ikustea. Auxe da itxaromen edo esperanza guztia; baia onetara elduteko, bear doguzana legez obra onak, oneek bere sartuten dira esperanza onetan, eta alan esperetan dogu Jaungoikoaganik, zerura elduteko bear dogun guztia, zelangoak direan bere grazia, eta laguntasuna, Sakramentuak, pekatuan bagagoz euren parkaziñoa, eurak parkatu ezkero, atzera ez biurtu eiteko grazia, tentaziñoak eta ekandu deungaak goitu edo benzietako indarra, eta berba baten zerura elduteko bear dogun grazia. Baia ez gara geratu bear onetan, ze geuk bere, geure aldetik egin bear dogu alegina betiko bizitzara eltzeko; eta bitarteko oneekaz balietako, ze osterantzean ezta itxaromen edo esperanza benetakoa izango. Itxaron bere giñaikez Jaungoikoaganik gorputzeko onak, zelangoak direan, bizitzea, osasuna, yanari, edari eta yaztekoa, ondasunak eta bizitza au igaroiteko bear dituguzan beste gauza guztiak; baia izan bear da Jaunaren honra, eta geure arimeen onerako izango badira, ganekoan ezin itxaron ginaikez Jaungoikoaganik. Sarri itxaroten dogu emongo deuskula Jaunak osasuna, bizitzea, ondasunak, eta ganeko gauzaren bat, usterik gere arimeen onerako izango yakula; baia ezteuskuz Jaunak autortu, edo konzedietan, dakialako, emongo baleuskuz gure kondenagarri izan litzatekezala; eta orduan guk beraganik itxaroten doguna ukatutea da bere errukitasun andiena.

        Bigarren, itxaromen, edo Esperanzan begiratu bear doguna da nogan itxaron edo esperetan dogun. Jaungoikoagan bakarrik ifini bear dogu geure uste guztia; bada ezin bestek emon leikeguz geure arimako onak, ezin iñok parkatu leikeguz gure pekatuak berak baño; ezin bestek imini leike grazia gure ariman berak baño, ezin iñok zerua emon leikegu berak baño. Gorputzeko onak beraganik datorkiguz, bada gizonen batek mesederen bat egiten badeusku, lelengo mesede onen iturri ta sustraia Jaungoikoa da, eta gizona ezta bere bitarteko bat baxen, eta alan, edozeinbere on edo mesede artzen dogunean, beti beti ezagutu bear dogu Jaungoikoaganik datorrela. Ifini bere ginaike geure ustea Ama Birjina eta Santuetan, eta eskatu eurai pekatuen parkaziñoa, ondo konfesetako grazia, Demoniñoagaz ondo peleetako indarra, gorputzeko osasuna, bizitzea igaroiteko bear doguna; baia eztogu sinistu bear eurak emongo deuskuezala geure eskariak, ezpada eurak gure bitarteko eginik erregutuko deutsela Jaungoikoari, eta Santuak Jaunaren adiskide ain maiteak izanik, emongo deuskula euren erreguz itxaron eta eskatuten doguna. Bardin munduko gauzeetan bere. Gizon batek beste bateri mesederen bat egiten badeutso, aberatz batek pobre bateri limosna egiten badeutso, da Jaungoikoak bere biotza ukutu edo yo deutsalako eta alan sinistu eta konfesadu bere egin bear dogu daukaguzan eta euki al daiguzan on guztien emollea dala Jaungoikoa, datozala nondik datozan, eta orregaitik beragaz bakarrik imini bear dogu geure uste guztia.

        Esperanzan begiratu bear dogun irugarren gauzea da zelan esperetan dogun. Gure esperanzea ziur ziur, edo ziertu ziertua izan bear da; bildur baga dudatzaka, uste bear dogu ezteuskula Jaungoikoak gloria eta ara elduteko bear dogun bere grazia eta laguntasuna ukatuko. Berak dauko esanik ezteuskula ukatuko bear dogun gauzarik; yo daiguzala ateak, eta idigiko yakuzala, eskatu daigula eta emongo yakula; eta ain da leiala ta prestua emoniko berbea ta baia yaoten ze, leenago uts egingo dabe zeru luurrak, bere esanak baño. Baia esperanzearen ziurtasuna, edo seguridadea ezta ain andia zein da fedearena; zegaitik ze fedea alde guztietatik da ziur edo ziertua, dagoalako sendatu edo fundaurik Jaungoikoaren esanean bakar bakarrik; eta orregaitik fedeak diñoana alantxe da, alantxe izango da, eta ezin beste gauzarik izan leiteke. Esperanzearen ziurtasuna ezta onelangoa; ze eztago Jaungoikoaren iskini edo promesan bakarrik, bear bere dalako geure aldetik egitea alegina, artuko badogu itxaroten doguna; eta ziur edo seguru egon arren eztabela faltaduko Jaunaren aldetik, ezin ziurtasun au euki giñaike, eztogula gure aldetik ukatuko. Orregaitik gure esperanza au beti dago nastadurik ziureztasunez, eta bildurrez. Alde batetik yakinik ze leiala dan Jaungoikoa bere esanetan, ze neurribakoa bere ontasuna, eta ze azkenbakoa bere erruki edo miserikordia, esperanza oso oso bat euki bear dogu beragan; baia ezaguturik bestetik gure aragiaren argaltasuna, gure ekandu zitelen indarra, Demoniñoaren asmuak, eta mundu onetako pelleburuak, ezin yakin giñaike, eranzun gurako badeutsagu Jaungoikoaren deiai, eta onexek euki bear gaituz bildurrez ikara. Uste oso eta bildur onen artean ibili bear gara, izango bada bear dan modukoa geure itxaromen edo esperanzea, yausi ez gaitezan desesperaziñoan, edo esperanza larregian.

        Onexek biok dira Esperanzearen kontrako pekatuak. Lenengoa desesperaziñoa, eta da uste izaitea ezin salbadu leitekeala edo nai ta nai ez, kondenadu bear dala; edo eztagoala beretzako erremediorik, ain direalako andi eta ikaragarriak bere pekatuak ze, ezin euretatik urten leiala, ezteutsalako Jaungoikoak emon gurako euretatik urteiteko bear daben grazia; edo grazia onegaz bere ezin urtengo dabelako. Eta baderitxo, ain direala andiak bere pekatuak ze, eztaukala Jaungoikoak eurak parkatuteko bear dan erruki edo miserikordiarik, au herejia izango da. Pekatu honetan yausi oi dira arako pekatari itsutu, Jaungoikoaren bildur bagarik edozein tranpa, edozein engañu, eta edozein guzurregaz al daizen ondasunak irabazten dituezanak, aragiaren gustu zitalez mando zaldi legez aseten dabiltzanak; al daien guztian ordituten direanak, eta beste edozein bere pekatu ura legez edaten dituezanak. Ezarten dituez pekatuak pekatuen ganean, igoten deutsee oneek burugiño, makurtuten dituez euren pisuak lunegiño, bildurtuten dituz euren ezaintasunak, dagoz indar bagarik ain ikaragarrizko karga yasoteko; eztauke podererik, datzazan lupatzatik yagiteko. Tristetuten yake biotza, ilunduten yake errazoia, etxuten dira yaso ezin daben karga eskergeagaz, eta yausten dira desesperaziñoan. Kontu bada, Kk., zeuen guraari zitalak lenengotik, eta ezagutu orduko ezi, eta kenduteagaz, bada itxiten badeutsezue indarra artzen, desesperaziñora eroango zaituez. Gozo dira lelengoan, bigun sartzen dira biotzean, eta beti abietan oi dira norbait itxi eta Jaungoikoagana biurtuteko esperanzeagaz, baia azkenean deseperaziñora eroan daroe...

        Esperanzearen kontrako bigarren pekatua da esperanza larregia, edo presunziñoa. Modu askotan euki leiteke pekatu au. Lenengo: egiten dau pekatu uste dabenak, bere alegin, eta indarrakaz bakarrik, eta Jaungoikoaren grazia eta laguntasun bagarik, eldu leitekeala zeruko gloriara edo sinistuten dabenak eztala bear graziarik obra onak egiteko. Bigarrengo: deritzanak, ain dala andia Jaungoikoaren errukitasuna ta miseriordia; ain ugariak J.K°.k guretzako irabaziriko merezimentuak ze, eurak gaitik beste bagarik salbaduko dala obra onak egin ez arren; eta pekatuak parkatuteko asko dala J.K°.ren eriotzea eta pasinoa penitenzia eta damuen bearrik baga: oneek biok herejeak dira. Irugarrengo: uste dabenak eztireala ilgo konfesadu bagarik Ama Birjina, Sta. Barbara, edo beste Santuren bateri deutsen deboziñoagaitik, eta egunean egunean Aita-gure eta Abe-marien batzuk errezetan deutsezalako; uste zoro onegaz, nai daben moduan eta pekatuetan sarturik bizi direala. Laugarrengo: pekatuaren pelleburu, eta mugaldi edo okasiñoa itxi nai eztituzanak, sinisturik, euretan imini arren, eztala pekatuan yausiko. Ez leuke batek pentsamentu loi, orakada zikin, eta berba atsituetan yausi gura; baia ez leuke itxi nai erromeria, yolas, danza, eta berbaldi edo konbersaziño arin eta alegrea; eztau alderatu edo apartadu gura laztan daben mutil, gizon, neskatilla edo emakumeaganik, deritxalako eztala orregaitik pekatuan yausiko. Ez leuke besteak orditu gura; baia eztau itxi gura tabernea eta beste lagun, nortzukaz orditu oi dan. Ez leuke onek maldiziño, birao, ez añeniñorik ezarri gura; baia eztau itxi gura yokoa non botaten dituzan, usterik, ara yoan arren eztituzala botako.

        Bostgarrengo: egiten dabe pekatu euren ekandu, eta oitura zitaletatik urten gura eztabenak, sinisturik, gero egingo dabeela, euren pekatuen penitenzia. Onelangoak luzatu oi dabee konfesetea, eta penitenzia egitea egunerik egunera, ilerik ilera, eta urterik urtera. Onelangoai itanduten baiakoe zegaitik ainbat lasterren urteiten eztaben euren pekatuetatik, bertatik agiriko da, euren bide bagako esperanza larregi edo presunziñoa. Oraindio gaztea nas eranzun daroe, denporeari emon bear yako berea; ezta orain txotxakerietan ibilteko denporea. Arako urteak aurrera doazanean izango da denporarik onena, penitenzia egiteko. Arte atan enas ilgo, osasun ona daukat, gorputz sendoa, eta indar andikoa, eta eztau Jaungoikoak gurako penitenzia egin bagarik eta konfesadu bagarik il naitean: andia da bere errukia eta eztau gura iñor galdu daitean. Oraindio bere geiago estutu gura badozuz eranzungo dabe, gauza andi bat esango balebe legez, zetako egin dau Jaungoikoak zerua, lastoz betetako ala? Zeinbat onelango esperanza zoro ete dagoz infernuetan! Seigarrengo: egiten dau pekatu, bein pekatu egin ezkero, aurrera pekatu eginaz doiana, diñoala: bein pekatuan nagoan ezkero bardin da pekatu bat konfesetea, zein asko; etzako Jaungoikoaren errukiari geiago kostetan pekatu asko parkatutea, zein bat. Ez eikezue esan, diño Espiritu Santuak, andia da Jaungoikoaren errukitasuna, ta berak eukiko dau nire pekatuaren errukia; eta uste onegaz etzaitez egon zeure pekatuetan, ze bertatik etorriko da bere erruki eta aserrea.

        Zazpigarrengo: egiten dau pekatu gura leukianak Jaungoikoak mirari, edo milagroren bat egin daian, premiña edo nezesidade bagarik, eta berak ezer egin bagarik. Esaterako: dago gexorik eta esanik medikuak osasungei edo medizina onegaz, edo besteagaz osatuko dala, eztau gura egin medikuak dirautsana, nai leukeala Jaungoikoak mirari edo milagroren bategaz osatu dagian. Bardin da nai baleu batek Jaungoikoak emon deion yanari, yasteko, edo beste bear daben guztia beretzat, eta bere seme, eta alabeentzat berak ardurarik artu baga, bearrik egin baga, eta alperrik dagoala. Ara, Ka., egizu zeure aldetik alegina osasunagaitik, eta beste bear dozuna irabazteko, eta onegaz batera erregu egiozu Jaunari emon deizula osasuna, eta beste, bizitzea igaroiteko, bear dozuna, eta orduantxe izango da bear dan esperanzea. Baia onetarako esperetan dozuna bide onekoa izan bear da; bestelan Jaunaganik itxarotea, pekatu izango da. Esaterako: daukazu auzi oker bat, zeinetan eztaukazun errazoerik, eta badaukazu bere, ezteutsazu yarraituten, zeureagaz urten eta besteari gastadu erazotarren baxen; bada itxaroitea orduan Jaungoikoaganik auzi au irabaztea izango litzateke gauza deunga bat itxarotea Jaungoikoaganik, eta au ezin egin leiteke pekatu bagarik.

        Esperanzako egintza, edo aktoak egin bear dira, fedekoak egin bear direanean. Lelengo: Kristiñaua errazoien usura eldu deitenean. Bigarrengo: desesperaziño edo esperanza larregiko tentaziñoren batek estututen dabenean. Irugarrengo: Penitenziako Sakramentua artu bear danean; bada izanik Sakramentu au gure pekatuak parkatuteko, ezin onek euren parkaziñoa eskatu leio Jaunari, ezpadauko parkatuko deutsanen itxaromen edo esperanzarik. Laugarrengo: eriotzako orduan, bada izanik zerua, lenen itxaroten dogun gauzea, eztogu iños obeto sendatu bear, bertara elduteko esperanzea, bertan sartzeko ain urrean gagozanean baño. Laugarrengo: oraziño egin bear dogunean, edo zerbait Jaunari eskatu bear deutsagunean; bada eztau iñok eskatuten itxaroten ezpadau emongo yakala. Bostgarrengo: sarri gure bizian, Fedeko aktoak-gaitik esan dana legez.

 

aurrekoa hurrengoa