www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

10. [KONFESIÑO OSOA]

 

(J, 143-156. or.)

 

Qui abscondit scelera sua non dirigetur,
qui autem confesus fuerit, et reliquerit,
misericordiam consequetur.
Prov. 28. v. 13.

 

        Gaur daukagu neure kristiñauak, neure gogoko dan, eta askoren arimeen onerako izan dan, eta oraindo bere, Ygkoak nai badau, izango dan sermoi gozo gozo bat. Banenkian nik gaurko arratsalde onetan izango zirezala, besteetan baxen lagun geiago, eta orregaiti berariz (beren berengi, apropos) gaurko gorde izan dot alango sermoi ederra. Eta, zeen ganekoa uste al dozue izango dala sermoi gozo ori? Izango da bada konfesetako askok daukeen buru-bagako lotsa larregiaren ganekoa, erakusten deutsuedala eztala alango lotsa geiegirik bear munduko pekaturik eskergeenak, eta lotsagarrienak bere konfesoreari esateko.

        Antxinarik nenkian nik eze, lar bere egia zala, konfesiñoaren ganean bere, san Gregorio andiak ziñoana eze, askok egin daroela pekatu egiteko okeluetatik, zokondoetatik, eta ostendereetatik ibili, eta gero egin izan dabeela ukatu. Baia azpaldi oneetako nire konfesiñoak artu bearrak argia baño bere argiago egin deust eze, uste dan baxen geiago direala kristiñauen artean, lotsaz pekatuak ostuta, konfesiñoan ezin esanik darabildeezanak; eta nire artean nago eze, ea geienak ete direanez. Onek erasoten deust, nire biotzeko min andiagaz bada bere, beste aldi baten san Bizente Ferrer-ek esan eroiana: Ai zeinbat direan konfesiñoko lotseagaitik galduten direan arimaak!

        Onelango gauza negargarriak erdibituten deust biotza; eta kendu gurarik argal gaixo oneek, yausi aginean dagozan infernuko munaren ertz ertzerik, gogoak artu dodaz aleginak egiteko, ea galerazo al baneioe lotsa zori gogorreko ori. Ori egiteko esango deutseet alangoai, onetarako egin eginik datozan Yaungoikoaren berba oneek: «bere pekatuak ostu, eta gorde egiten dituzanak eztau gauzonik izango; baia artez autortu (esan) eta gero euretarik alde egiten dabenak, orrek izango dau parkaziñoa». Ea bada pekatari lotsorrak, biotza zabaldu bear dozue, bada Jgkoa lagun dodala, nik arratsalde onetan bota eragingo deutsuedaz ain luzaro galdurik, eta galdu bearrez, erabili izan zaituezan lotsa orreek. Eta orretarako neure sermoi guztia izango da erakustea eztagoala errazoiaren apurrik bere pekatu guztiak, direanak direala, konfesoreari artez ez esateko. Ori alan egiteko erantzungo deutseet banaan banaan onelango lotsoor gaixoak geien ekarri oi dituezan atxakia yakinenai.

        Ea bada gizona, emakumea, gaztea, edo zareana zareala, azpaldiko urteetan zeure pekatuak esan ezinik zabiltzazana, zeen lotseak atzeratuten zaituz zeure pekatu orreek ez konfesetako? Ze gogoak dira zeureak? Eztakutsu oker zoazala? Lotsa puska bat ez erotearren, betiko galdua izan gura dozu? Orren erraz galdu gura dozu betiko ta betiko zeure arimea, izanik zerurako egina? Esan egidazu, neure kristiñau maitea, aginduko baleu Españako Erregek gutariko bateri urkamendi baten bizitzea kenduteko egin izan dituzan gaistakeriak gaiti, eta urkamendi orren eskalleretara eldurik, errukiak yota esango baleutso Errege orrek: ea urlia, zeuk baakizu zelango eriotza lotsagarria merezi izan dozun: baia orregaiti bere zeuk bear etzeunkean mesede andi bat egin gura deutsut. Zeuk zeure okerreria guztiak bapere itxi bagarik, zeurezean eta zeure buruen aurreti esan gura badeutsazuz elexako orma bateri, direanak parkatuko deutsudaz: izango zara nire adiskide. Baia esan gura ezpadozuz, yakin egizu eze bertantxe urkatua izango zareala. Opaera eder au Erregek egin ezkero, tematuko balitxako, ez bada, eztituzala esan bear, eta alan balego muker ta muker bein bere esan gura bagarik, zer esango genduke onelangoa gaiti? Edo bururik eraginda dagoala; edo bai gitxienez ernegadurik eta bere buruagaz itxirik; ezin zenzundunek egin leikeala zorakeria andiagorik.

        Bada kristiñaua; begira aldi bat egiozu zeure buruari. Beste onenbeste yazoten da zeugaz Jgkoaren artean, arako zeure pekatua konfesadu nai eztozunean. Azpaldiko urteetan pekatu mortalean bizi zara, eta orregaitik idunean (zamaan) daukazuz sokaak infernuko urkamendi lotsagarrian urkatua izateko. Arnasa baten pensutan zagoz betiko galdua izateko: eta Jgkoak parkatu (-ten ezteutsula) ezik yakina da zeure galdu bearra: elduko yatzu eriotzea, eta buruz amilduko zara infernuko ondarretara. Barriz Errege guztien Erregek, geure Yesus maiteak opa (opetzietan) deutsu orain arteko pekatu guztien parkaziñoa, direanak osoro bapere (arean) itxi bagarik, bear dan damuagaz konfesoreari belarrian esaten badeutsazuz, edo, esan daigun, orma bateri, ze guztiok dakigun egia arteza da konfesoreak ormeak baxen ixil gorde bear dituzala konfesiñoan entzuniko pekatuak. Gauza erraz ori egin gura badozu, kenduko deutsuz, gaiskin zitelak infernuko urkamendirako idunean (zamaan) imini deutsuzan soka orreek. Baita ezta emen geratuten (lotuten) eskintza eder au, eze azaz osterantzean (ganeti) egingo zaituz gloriako yaun andi, baita emongo deutsu zeruan, betiko iraungo deutsun koroe edergarria. Eta alanbere, konfesadu gura eztozuz zeure pekatuak. Baliteke au baxen zorakeria andiagorik?

        1. Zer da gero atzeratuten zaituzana ez konfesetako? Zek zaukaz orren itsurik? Nori deutsazu bildur? Ai aita! esango dau bear bada batek edo batek, bildurtu nintzan konfesetako uste nebalako eze, bearko zala Erromara yoan edo Inkisiziñora, absoluzioa izateko. Entzun dot edonor bere, ezin konfesoreak absolbidu leikeala, ezta bulda santua izanda bere, herejiazko pekatua, eta neretxan eze, nik neunkazan pekatuak, erejiazkoak zireala= O diabruaren asmu zitalak, arimaak konfesiño osoa egiterik atzeratuteko! Zer da gero zeuk erejiazko pekatutzat daukazun ori? Abereren (ganaduren) bategaz eginiko pekatu loia? Ezta, ez, ori erejiazko pekatua, eta edozein konfesorek absolbiduko zaituz alango pekaturik damu zoli onagaz konfesetan badozu. Erejiazko pekatua dago yakinen gallera, eta temaz legez ukatutean, edo sinisterik emon nai ez izatean fedeko artikuluai, edo elexako egia yakin bateri. Baia burura etortea onen ganeko duda moduko begitaziñoak, eta pensamentuak, ezta ori pekatu, damu emoten badau alango tentaziñoak etorteak, eta noberen guraz eta yakinen ganera leku emoten ezpaiake. Oi zeinbat bider egon direan asko ta asko konfesadu ezinik onelango pensamentu gogaikarri pekatu eztireanak bere, leen esan doguzan loikeriak ez eze, (begitandurik) buruak emonagaz beste bagarik, erejiazko pekatua egin ebeela. Baia dana dala, eztago Erromara edo Inkisiziñora bearrik, erejiazko pekatu benetakoan yausi izan baziña bere: konfesoreak artuko dituz (bere) bideak, zeuk zeure burua agertu bagarik absoluziñoa izateko. Ai balegoz arima bekatuari gorroto artu izan deutseenak, eta onduteko gogoan dagozanak, eta, ze pozik emongo geunskioen absoluziñoa pekatu anditzar ikaragarriak izan arren!

        2. Bigarren engañua izan doa: yauna, bildurtu nintzan konfesoreak norbaiteri esango eutsala, edo arik aurrera arpegi iluna egingo eustala, eta nenkusan lekuan buruak emongo eutsazala nire pekatuak= A da zorakeria! Konfesoreak, iñori esan? Ezta erreko balebe bere. Konfesoreak, iñori agertu? Ezta zeuri bere zeure baiezkoagaz ezpada (ez izanik), eta ori bere esan bearren bat danean. Ederto baten dirautsu san Agustin-ek: «zeen bildur zara pekatuak ez esateko? Konfesiñoti dakidana gitxiago dakit oraindo, iñondi bere ez dakidana baño». Ygkoak galarazo deusku konfesiñoan entzuna esaten; baia ain estu eze, ezta bageunki pekatutxu txiki bakar bat esanagaz infernuko guztiak andik urtenda zerurako izango litekezala, ezin orregaitik bere esan giñaike dan txikien txikiena bere. Bagenki pekatu txiki ori ez esanagaitik geu il egingo gindukeezala, edo mundu guztia erre, galdu eta ondatu egingo litekeala, ezin esan giñaike orregaitik! Baita barriz eztirudi ezpada ze Yaungoikoak onen ganean aparteko ardurea daukala. Konfesore izan direan askori burura egin yake, eta esan dituez milla gauza igaro: baia ezta eguño bere ikusi, ezta onelangoak bere, konfesiñoko gauzarik aitatu izan dabeela: eta iñosko alditan okerren batzuk ezer aitatu izan badeutse, aserratu egin yake zoro ta guzti. Gura dozue entzun geiago? Bada ara. Zeuek dakizue eta eztago ez dakianik konfesoreen artean bere euren modukoak izaten direala: eta batzuk batetik, besteak bestetik, argalak legez, euren utsak, eta errakuntzaak izaten dituezala. Baia, zeinbat konfesore ikusi dozuez konfesiñoan entzuna zabalduten? Izan dira sazerdoteen artean eregeak bere, konfesiñoaren kontra asko esan, eta asko eskribidu izan dabeenak: baia eztira oneek bere ibili konfesiñoan entzuna esaten, eta ez bildurrez, ez eskrupuluz, ezpada ze Jaungoikoak aparteko kontuagaz olangoak esatea bururik kendu izan deutseelako. Beste ainbeste esan bear da bekoki ilunaren ganean: ezin konfesoreak iñori bekoki ilunik egin leio konfesiñoan entzunakgaiti. Eta dana dala, ezta gauza zeuen atxakia ori. Zer daukazue konfesore ez ezagun baten oñetan etxun, eta ari zeuen pekatuak bota baño?

        3. Ai, yauna! Esan daroe batzuk, eztau iñok bere entzun nireak baxen pekatu ezainagorik, Ai esanda baneunkaz! Eta zelan onerik aurrera egingo neunkean bizitza on on bat. Osterantzeko guztiak esango neunkez: baia bi edo iru daukadaz guztiz lotsagarri eta ezainak.= Aror diabru gaiskinak askori buruan zer sartuten deutsen, pekatuak konfesadu eztagiezan, alan gero sakrilejioz beterik beragana infernura eroateko. Azpaldi da dollor au onango dollorkerietan dabilela; baita urteak dira San Yoan Krisostomo-k igarri eutsala. «Ygkoak, diño santu andi onek, Ygkoak pekatuari lotsea ezarri eutsan, eta penitenziari esperantzea: baia gaiskin zitalak okerretara iminten dau guztia, eta pekatuari esperantzea emoten deutso, konfesiñoari barriz lotsea». Pekatu egiteko lotsarik ez, eta gero konfesetako ainbeste lotsa: arimea loituteko lotsarik arean (bapere) ez; eta garbituteko lotsaari andia: pekatari egit-orduan etzeunkan lotsaren apurrik; orain barriz santu, ta ona egiteko lotsaz bete beterik zagoz. E! Zetarako dira buru-bagako lotsa orreek? Zeuri bere esan lekikezu antxina Sokrates filosofoak gazte bateri esan eutsana. Egoan au andrakume galdu baten etserik lotsa arren urten ezinik, eta esa'eutsan filosofoak: «Ez ene seme, ez lotsa izan urteten; sartuteko lotsea izan beartzenduan».

        Baia goazan atxakia onei ate guztiak itxiten (ra) ezteiogun itxi ezta dan irrikiturik txikiena bere. Pekatu ikaragarriak dira diñozu, eta eztaukat esateko arpegirik. Zer egin dozu bada? Esan birao erneguzkoak Ygkoaren kontra? Madarikatu izan dozu bere izen santua? Artu deutsazu gorroto andi bat Yesukristori? Poztu egintzara Yudeguak il ebeelako? Il egin dozu zeure arerioa, edo bateatubagako seña zeure pekatua estaldutearren? Zer egin dozu bada? Erabili ostikopean ostia konsagraduak? Ostu elexako kalizaak? Saldu egin deutsazu demoniñoari arimea zeure firmearen bean?= Ez orrenbeste bere esango deustazu. Eta alan balitz bere, zer daukagu orregaz? Ikaratuko ete gintekez orregaiti? Baia gitxi goiti beeti (gora beeran) erraz da igarten zeuk daukazuna. Izango da aren baten, edo zeure buruagaz eginiko loikeriak edo ganaduagazko (abereagazko) pekatua, edo txikerretako (txikitako) neba-arreben arteko edo mutil-neskato arteko zantarkeriak, edo andi eginda iñogaz izan dozun aragiazkoa, edo beste alangoren bat. Eta dana dala, ezta izango leen konfesoreak entzun edo irakurri izan eztaben gauzarik.

        Eta esan egidazue, zegaiti edo zetarako ikaratuko da konfesorea? Konfesore ori, ete da zerurik yatzi dan aingeruren bat? Ezta Adan-en semea? Ezta pekataria? Bai kristiñauak, konfesorea dana dala pekataria da, dan santuena bere, eta yakinik egon bear dau eze zeuk lotsaz darabiltzuzan pekatu orretan, eta askoz bere andiagoetan yausi leitekeala bera; bada eztau batek egiten, beste edozeinek egin ezin leikean pekaturik; eta egiten ezpadau, Ygkoari eskerrak gorde izan dabelako; eta besterik uste izatea da zorakeria garbia eta soberbia uts utsa. Bada konfesorea gizon pekataria bada, «zek lotsatuten zaituz, dirautsu San Agustin-ek, zeen lotza zara, pekataria, konfesetako zeu lango gizon bategaz, zeulango pekatar bategaz?». Ona-emen onen ganeko yazoera eder bat.

        Ebilela san Luis Beltran misiño-ginan, eldu yakan bein baten konfesetara gizon bat ikaraz izerdi labana gorputzeti eriola, egon bear ebalako bera legezko pekatari batek alango santu andiaren oñetan. Laster igarri eutsan santuak ak gizonak eukan ikarea, eta asi yakon berba bigunakaz pekatuak itanduten. Esaten eutsanean pekatu lotsagarrizkoren bat, erantzuten eutsan santuak arpegi amodiozko bategaz: ederto zoaz; ea, aurrera. Gizon gaixoak biotza zabaldurik, esaten eutsazan artez artez guztiak, eta esanago eta argiago san Luis-en arpegia, pozezko negar anpullu-gozoak bere begietarik eriozala. Ito bear eban negarrez gizon orrek bere pekatuen damuz eta azkenean esan eutsan: aita, bada beste pekatu guztiak bigun entzun deustaz, entzun bear deust orain ementxe bertan buruak emon bear izan deustan susma txarra, edo peko okerra. Ikusi dodanean berorren biguntasuna, buruak emon deust eze, eztala izango berori diñoen baxen santua: berorrek bere nos edo noskoan egin izango dituzala nireak legezko pekaturen batzuk. Ganekoan, zelan artuko ninduan onen bigun? zelan agiraka itoko eninduan?

        Ai, ene seme biotzekoa! esan eutsan santuak gitxi gora beerako berba oneekaz. Ygkoari eskerrak, eztot nik iños egin alango gauzarik. Mundua ezagutu baño leen dei egin eustan errelijiñora, eta gorde izan nau Yaunak pekatu zantarretarik. Baia, zer gura dozu? Zeruko Aingeruak, ni baño askoz ta askoz garbiagoak, poztu egiten dira Jesukristo-k diñoanez (di) pekatari bat onduten danean, zelan bada ni poztuko ez nas ikusi ezkero zelango damu ederragaz egin dozun zeure konfesiño jeneral oso osoa? zelan batuko eztodaz zeure negar-anpullu (malko)-ak, zeure biotzerik atera deutsuzan Ygkoari berari eskeintzeko (eskiniteko)? Arimako mediku egin izan banau Yesukristo-k, zelan poztuko enaz zeu osaturik ikusita? Non euki nei nik alango bezkari gozorik? Ai neure seme biotzekoa! Iraun eikezu orain artu dozuzan gogo santuetan; eze salbetan bazara zu ta ni, biok kantaduko deutsaguz Yaungoikoari alabantza eta esker ederrak; zeuk itxaron deutsulako penitenzia egin artean, eta nik nire belaunetara biraldu (agindu) zaituzalako, Kristoren pasiñoko frutu gozoa zeure arimaan erantzteko (iraasteko).

        Kristiñaua, zeure urte askotako pekatuak esateko ikaraz, eta bildurrez igarorik zagozana, zegaiti etzoaz konfesore arima-zale on bategana? Bota alde batera bildurrok: egin bet betiko agur bat pekatuari eta pekatuaren bide ezagun guztiai, eta esan direan direanak artez artez, eta argiro argiro konfesoreari. Etxatzu ikaratuko orregaiti, ezta Yudas bera baño okerrago izan bazara bere, aurrerantzean, biziera barri bat egiteko asmuakaz ikusten bazaituz. Uste al dozu eze konfesorea zeure pekatuak entzunda burruka abiaduko yatzula, edo errieltan egingo deutsula? Uste al dozu eze, zeure pekatuak esanagaz konfesoreari atsakaba (atsapada) andiren bat emongo deutsazula, eta zeure kontra txakur eginik paraduko (dala) yatzula? Ez, ez, kristiñau maitea, ezta alangorik izango; eta orain artean orretan egon izan bazara, eztakizu ondo zer egiteko paretan dan konfesiñoan sazerdotea. Ez, ezkara yarten iñoren pekatuak-gaiti ikaratuteko ezpabere Ygkoagaz gizonen artean bakeak egiteko. Konfesoreak gara arimeen arraiñtzallaak; eta zelan arrañetan dabilen bat, zeinbat arraiñ andiago artu, ainbat eta pozago egiten dan, alantxe geu bere zeinbat eta pekatari andiagoa, baia ondo prestaduta, yatorkun, ainbat eta argiago, eta zabalago egiten yaku biotza. Alan bada, egon bazara urte osoetan diabruaren agindupean, egin izan badozuz egin al leitekezan pekaturik lotsagarrienak eta ikaragarrienak bere, ezta orregaitik ezer: esan guztiak batxu bere gorde bagarik; direanak direala, eztira izango munduan leenago ikusi izan eztireanak; eta balira bere konfesoreak guztia konponduko dau. Ez orretarako lotsarik izan, bada, san Agustin-ek diñoana, Adan-en seme-alabeena da pekatu egitea, eta kristiñauena pekaturik urtetea.

        4. Oraindo asta gitxiago dauko beste askoren atxakiak. Ara zelango zorakeriak atzeratuten dituzan asko, pekatuak bear dan legez esateko. «Neu, esan daroe euren artean, neu beti bategaz egin noa. Pekatu txikiak, besterik ezteutsat konfesadu, eta, orain guztiak esango deutsadaz? Zer esango leuke nigaiti? Beste bategana banoa, Jgkoak daki buruak ari nigaitik zer emongo deutsan». Ai ze zuur dabilen diabrua arimaak galduteko! Nok usteko leuke onelango umekeriak gaiti dabiltzazala asko konfesiño okerrak egiten? Baia, zelan izango da, baabiltz-eta? Baia, atan zabiltzan kristiñau argala, esan egidazu, uste dozu eztakigula konfesoreak, asko baño geiago dabiltzazala konfesiñoan pekatuak esan ezinik? Ete da ori urrunerik (asagorik) etorririko geuk eztakigun gauza barriren bat? Ez al dakigu zu ta guztiok Adan-en seme-alabaak pekatuan sortuak gareala, eta zeuk daukazuna eta geiago egiteko iñoren bearrik eztogula? Zetarako dira bada sen-bagako bildur orreek? Ara bada, nik ondo dakit, eta ondo-yakinak legez esan gura deutsut: esaten badeutsazu garbiro zeure konzienzian daukazun guztia, onerik aurrera orain artean baño obeto begiratuko deutsu zeure arimaren onerako, zegaitik eze usteko dau eze, bene benetan zerua gura dozula, bada oraingiño bere lotsaz itxi zenduana, berberari orain humil umil guztia agertu deutsazu. Ez eban San Agustin-ek orrenbeste bildur erabili bere pekatu lotsagarriak liburu baten eskribidu, eta guztien eskuetara zabalduteko, eta gaur dan egunean bere gura dogunak antxe irakurten dogu bere gazte zorotan zelango neska-zalea izan zan, zeinbategaz ibili zan, zelan bateganik ixilkumetxu bat izan eban, eta osterantzeko bere okerreriak. O santu andia! zeu zara burubagako lotsoor oneen lotsagarria; bada oneek lotsa badira konfesoreari pekatuak belarrian ixil ixilik esaten, zeuk, zeure burua umildutearren, mundu guztiari iragarri deutsazuz zeure oker-egin guztiak. Eta, zer galdu eban san Agustin-ek ori eginagaz? Ezer (arean) ez: bada orregaz eta beste gauza on askogaz egin eban bere pekatu andien penitenzia; lotsaak yoantzirean, eta orain dago zeruan Jaungoikoa ikusten.

        Baia daigun aurra gura badozu, ezer galduten dozula. Zein da oba, edo bategazko galdutea, edo askogazko? Baten aurrean ala askoren aurrean da errazago pekatuak esatea? Edo ixilik eukiko dabenari esatea, edo mundu guztiari esatea? Zoroak bere bakie lotsagarri gitxiago dala lagun ixil bateri esatea, askori esatea baño. Bada bitarik batek izan bearko dau. Orain bateri zeure borondatez agertu gura ezpadeutsazu zeure pekatua, gero bapere onik atera bagarik asko eta askoren aurrean esan bearko dozu: zeure esker gaistoan, eta damu gogorrean mundu guztiaren begietan agertu bearko dozu, eta guztiak yakin bearko dabe zelango gaistoa izantzarean. Barriz orain konfesetan badozu, iñok yakingo eztau, zeure lotsagarrirako beintzat, esaten dan arteko lotsa apurra beingoan yoango yatzu, eta orregaz izango dozu pekatu orren parkaziñoa. Ea bada zeineri ondoen deritxazun.

        Atzeratu eta gorde gura dozu? Bada ara zer dirautsun San Yoan Krisostomo-k. «Ez eutsan Yaungoikoak Dabid erregeari bakarrik esan, eta bai zeuri, eta zeu langoai onako ikaragarrizko berba au: zeuk ezkutuan egin izan dozuz gaistakeria orreek, eta ostu gura izan dozuz: baia ez, eztozu zeureagaz urtengo. Nik, nik aterako deutsudaz mundu guztiaren begietara, eguzki argitara urten bearko dabe guztiak». Zeuk okeluetan (zokondoetan, ostenderetan) zeure kabutan (ezean) egin zenduan (ukiera) eskuka loia: eztozu konfesadu gura izan: baia nik zabalduko deutsut mundu guztiaren begietan, zeu basterretan, sabaietan, gela bakarretan ostenduten (ezkutetan) zinean zeure lagun txarragaz pekatu egiteko: eztozu konfesadu nai izan: bada nik agirian iminiko dodaz zeure loikeria guztiak munduaren aurrean... Zeuk gau utsez, iñok etzenkusala egin zenduan lapurreria; ostu zenduan iñoren artoa, garia, etc.: gauzea: eztozu konfesadu gura izan: baia nik aterako deutsut mundu guztiaren begietara. Zeuk zeure adiskideak baño ez ekizula artu zenduan zeuk dakizu zer: egin zenduzan alegin guztiak pekatutiko seña galduteko: ito (ireto) egin zenduan ume yaio-barria zeure pekatua agertu ez zedin: eztozu konfesadu nai izan: bada nik zabal zabal egingo deutsut mundu guztiaren aurrean. Mundu guztiak yakin bearko dau nor izan zarean, nogaz batzanduten (lagunduten) zinean, zer egiten zenduan; itxozu, itxozu, elduko da yudizioko eguna, eta direanak agertu bearko dabe mundu guztiaren begietan. Baita ganora-bagako lotsoorra, ain lotsa bazara orain konfesore bateri, pekatari bateri belarrian ixi ixilik esaten, yakinda bere iñori ak ezin esan leikiola, zelango lotsea izango eztozu azkenengo egun itzal ikaragarri atan, agirian zabal zabal imini ditezanean zeure guraso, neba-arreba, seme-alaba, adiskide, auzo, eta erriko eta kanpoko guztien aurrean?

        Oneek entzun da baakit nik zer esaten dozun zeure artean. Nonbait diñozu, ilgo ez al naz konfesadu bagarik. Etorriko da geure errira misiño aldi barri bat; izango dot nos edo nos konfesore ez ezagun bat, eta deretxat eze, ari erraz esango deutsedazala. Baia diabruaren asmuak dira orreek bere, eta ez txiker txikerrak. Ea ezpabere, nondik dakizu zeuk itxarongo deutsula Ygkoak arik-eta misiño barri bat etorri artean? Baaukazu egun segururik mundu onetan? Bai barriz, Ygkoak zeuri bizitzea luzatuteko alazoko (alagalako) bideak dozuz konfesiño eta komuniño deungaak. Baia ondo, datorrela misiño-aldi barri ori, edo konfesore ez ezagun ori, eta orduan, konfesaduko dozuz zeure pekatu guztiak batxu bere itxi bagarik? Etzaituz artuko ikara barri batek, zeinek ito arazoko deutsun biotzean zeure pekatua? Ai, kristiñau eroa, diabrua itsututa zaukazana! Zeri adi (begira) zagoz? Ezin agertu dozula orain, diñozu, eta gero bai? Gero errazago izango ete da pekatu geiagogaz arimea kargadu ezkero? Ara bada zer yazoko yatzun: konfesiño-komuniño okerrakaz gogortuko yatzu biotza, geiagotuko yatzu lotsea, diabruak indar, eta nagusitasun geiago artuko dau, beteko dozu zeure pekatuen neurria, ezteutsuz Ygkoak emongo lengo kisketadak, eta deiak, eta..? eta yoango zara Luzifer infernuko konfesorearen oñetara konfesiño oso oso bat egitera; eta an, nire kontu, eztozu, ez, batxu bere itxiko (ostuko), eta gero ak emongo deutsu betiko izango dozun penitenzia.

        Bai kristiñaua, eztago emen erremediorik; edo galdu zori-gogorreko lotsa ori, edo artez artez infernura. Eztago onen bien arteko bitartekorik, eztago urten-biderik. Orain, dirautsu san Agustin-ek, orain erraz erraz dozu salbetea, konfesiño on bat eginda: baia au egin ezik (egiten eztozula) betiko galdua zara. Alper alperrik nekatuko dozu zeure burua urte guztian ur ta ogi barau egin ezinik: alperrik emongo deutsazuz pobreai zeure ondasunak; alperrik egingo dozuz san Pedro Alkantarakoak baño bere penitenzia eta nekegarri andiagoak. Konfesetan ezpadozu pekatu gordea, oneek guztiok eginda bere, betiko infernu bat izango dozu. Orduan damuko dozu, orduan negar ta negar egingo dozu, baia ondo alperrik. Ea bada Kristiñaua, onetarik zein gura dozu? zein aututen dozu? zeinetara eskua luzatuten dozu? Opa deutsazu zeure arimeari betiko zerua, ala betiko infernua? Oraindo bere, atzera zagoz? Eztaukazu ainbat lasterren konfesiño oso bat egiteko asmurik? Baietz deretxat diñozula zeure artean. Bada badaukazu arin(karra) laster konfesoreagana ez ebili gaurrik biarrerako kontuakaz. Eta lotsea kenduteko nik emongo deutsut bide on bat. Zoaz konfesore topadu al dozun onenagana, eta asi ta bertatik esango deutsazu: Yauna, bada nik lotsa andia emoten deusten pekatu iños konfesadu bagakoak daukadaz. Lagundu bear deust berorrek guztiak esaten. Au entzunda berak biotza zabalduko deutsu berba bigunakaz. Eta gero asi zaitez esaten lotsa geiago emoten deutsuenetatik, (ze ameneko) bada bear bada, geroago esateko itxiten badozu, yazo lekikezu beste askori yazo yakana, esan bagarik itxitea. Ona emen onen ganeko yazokuntza askotan pulpituetarik esan dana askoren onerako.

        Egoan erri baten andra bat, urte osoetan bere pekatuak agertu ezinik, konfesore ez ezagun bateri gero esateko usteaz. Bitartean eroian bizitza larri-estua yanak bere onik egiten ez eutsala. !Ai, esanda baneukaz! Ai baletor ona nik ez dazaudan, eta ni ez nazauan konfesore yakintsu bat! Ar-or bada non usterik gitxien ebanean elduten direan erri atara igaro-pidez san Franzisko-ko ordeako misionista bi. Argitu yakan orregaz biotza andra gaixoari, eta yoantzan biaramon goxean elexara itxaroteko erlijioso bi-aen arteko batari. Etorri zirean oneek meza emotera, eta bategana eldurik esan eutsan: aita, mesede egin begit konfesetea. Bai, pozik bere, erantzun eutsan, eta sartu zan konfesonarioan. Asi eban andreak konfesiñoa; bitartean egoan misionista laguna elexako baster baten oraziño egiten. Eta Ygkoak erakutsi eutsan zer yazoten zan andra gaixo orregaz, urrengo ikusgarri itzal onegaz: Ikusten eban misionista onek zelan zapo erreskada andi batek urtete'eban elexarik kanpora. Zirri batek emoten deutso beingoan: Jesus! diño, zer da au? Nondi nora datoz zapo zantar oneek? Boa, boa begira ea nondik etozan, eta ikusten dau konfesetan egoan andraren aotik urten dabeela zapo guztiak. Ikusten dau geiago: ikusten dau mortal (zapo) tzar ikaragarri bat dagoala andrearen samaan (eztarrian) urten gurarik eta urten ezinik: Zetan lotuko (geldituko) ete da gauza au? Baia bere biotzeko damurik andienagaz ikusten dau zelan mortal tzar ori atzera guztia sartu zan, eta aren atzean elexarik kanpora urten eban zapo erreskada guztia. Konfesiñoa amaitu (azkendu) zan nos edo bein: meza emon misionista biak eta euren bidean yoazala esan eutsan lagunari zer ikusi eban. Laster biotzak emo'eutsen zer izan leitekean, eta aren arimea galdu etzidin bildurrez alkarreri esan eutseen goazan atzera ea topau al baginai andra ori.

        Batoz elexara: bai ordurako yoan yaken elexarik andrea. Goazan bere etsera. Boaz etsera; baia, ai! eta, ze ikaragarria dan Ygkoa bere gauzeetan! Ya ordurako andra orrek kontu emo'eutsan Ygkoari. Gogortu (arritu) zirean danak, eta gogortu bere egin bear ikusi ebeenagaz eta ikusten ebeenagaz. Yarri (parau) zirean andra gaixo aren arimea gaiti oraziño egiten, eta atan egozala (zinarduela) orra non aurrean paretan (iminten) yaken arima ori. Baia, zelan parau? Sua ta garra alde guztietatik eriola, eta suga tzar bildurgarri batek sustarragaz (eztenagaz) biotza apurtuten eutsala. Konorte guztia yoan yaken ori ikusita (orrenbeste ikusita) baia andreak berak biotz puska bat emon eutseen zirautseela: «Ygkoaren ministroak, animau zaiteze entzuteko nik esango deutsuedana. Yakin egizue bada, zelan ni egon nazan urte askotan gauza dan konfesiño artezik egin bagarik, lotsaz atzeratuten izan dodazalako pekatu batzuk, eta euren artean bat besteak baño lotsagarriago neritxona. Ygkoak bitarte orretan berein bider biotza yo deust, gogora dakardala zelan nagoan deungaro, eta konfesetako, eta konfesetako, eta konfesetako. Baia deabruak engañetan izan nau sinistu eraginik etorriko zala nos edo nos kanpoko konfesore ez ezagun bat, eta alango bateri esatea zala txito erraza. Gero ta gero bere Ygkoak ekarri zinduezan zeuek, atxakiarik izan ze nengiantzat. Asi nintzan konfesetan, esan nituzan batez ganeko guztiak: eta bera bere esateko abiau nintzan, baia ikara andi bat sarturik, itxi neban esan bagarik. Pekatu axek berak biotza apurtuten (zatituten) deust sugatzar onen irudian. Galdua naz betiko; ez nigaiti oraziñorik esan: predikadu egizue erririk erri nigaz zer igaro dan, besteen bildurgarrirako.

        Orra, neure kristiñauak, zelango azken deungea izan daroen lotsaz pekatuak konfesadu bagarik darabildeezanak. Uste eban andra zori gaistoko orrek eze, gero guztiak konfesaduko zituzala, eta alan salbaduko zala: baia alangorik egin bagarik dago, eta egongo da betiko infernuko gar artean, erretan, eta kiskalduten, Ygkoa Ygko dan arte guztian arik urten bagarik. Begira bada, kristiñaua zeuri bere beste orrenbeste yazo ez dakizun, zeure zori-gogorra leen baño leen urrengo konfesa-aldian konfesetan ezpadozuz! Bear bada urrengo konfesiñoaren begira dago Ygkoa, zeuri guztien kastigua emoteko. Bear bada gaurko arratsalde onetan entzun dozuzan Ygkoaren deiak izango dozuz Yaun orren atzerengo deiaak. Gaztea edo osasun onekoa zarealako, uste al dozu eze orain itxi arren gerogo konfesaduko dozuzala? Eta geroago ori ezpaletorkizu? Eztozu ikusten zelan asko ta asko gazteak eta osasun onekoak izan da bere, nos gitxien uste dabeen ilten direan, konfesetako leku bagarik? Baakizu gero zeu onenbesteen begira bazagoz? Baakizu astia izan arren erarik izango dozunez? Bakizu astia ta erea izan arren, egin gurako dozunez? Ez ezelanbere, eztakizu ezer, itsu itsuan bizi zara, zer etorriko yatzun eztakizula. Eta orregaiti bere, ezteutsezu itxiko geroko kontuai? Arren bada, kristiñaua, etzaitez ain biotz gogorrekoa zeure buruagaz izan: galdu egizu bein edo bein zeure lotsa galtzaigarri ori. Orain dozu astia; orain dozu erea zeure konzienzia pekatuz beteriko ori garbituteko, manea zaitez bada, betiko atzerakuntza gogaikarri orreek ordu gaistoan botata. Ygkoa deiez yagotzu pekatuen parkaziñoa opaka.

        Orretarako ezteutsu esaten mendi bakarretara. penitenzia-giñan yoateko: ez mundurik mundu galdurik ibilteko, ez penitenzia ikaragarriakaz zeure burua galduteko, ezta bere zeure pekatuak mundu bete lagunen aurrean deadarrez esateko. Ezteutsu besterik eskatuten ezpada pekatu orreek, bear dan biotzeko damuari onagaz, ixilik gordeko deutsun, eta zeuk naien dozun konfesoreari belarrian esateko. Zeri begira (adi) zagoz olango ezer-ezkeria ez egiteko? Ez, ez; eztogu luzamen geiago bear. Orain, oraintxe emen emon bear deutsazu Yesukristo-ri ori leen bait leen egiteko berbea.

        Entzun san Antonino Florenzia-koak dakarren yazoera bildurgarri au. Dama ondo yaio batek egin eban bere buruagaz eta bere bakarrian eskuagazko zantarkeria loi bear etzan bat. Eginda laster sartu yakon egin ebalako damu gogorra, zegaitik eze etzan bera beste asko legezkoa, bein, birritan, eta askotan eginda bere, euren bake onean bizi direanak. Txikitututen (galdu bear) eban negarrez bere burua. Ai ene! zirautsan konzienziak ixiltzaka; pekatu mortalean zagoz; ilten bazara kondenaduko zara. Zoaz konfesore bategana, eta agertu eikiozu egin dozuna, ezer estari bagarik: bada edo konfesau, edo kondenau. Diabruak esesten eutsan besteti; eta, zelan leen orretan ain garbia izanik, esango deutsazu konfesoreari gauza ain ezaina? Zer esango deutsu? Itxi egiozu beste era obeago baterako. Alan bada konfesau eta komulgetan zan ezer aitatu bagarik, geroago ta larriago egitentzala.

        Buruak emo'eutsan eze, bere pekatuaren parkaziñoa izateko esateko bear bagarik, monya sartu bear ebala, eta alantxe egin eban. Ez egoan konbentu guztian bat bera baxen penitenteagorik ez oraziño zaleagorik. Baia sagitea biotzean atera bagarik eta beti ta beti min emote'eutsala. Ygkoak oraziñoko egon aldietan emoten eutsazan argitasun andiak, eta dei gozoak. Ai, gaixoa, esaten eutsan bere biotz barruan, zetarako dozuz zeure penitenzia guztiak zeure pekatua konfesadu bagarik badaukazu? Alperrean zabiltz lotsaak botata esaten ezpadozu. Baia bildurrak lotuten eban ez agertuteko, eta aurrera eroazan penitenziakaz batera bere konfesiño komuniño okerrak. Alango baten egin ebeen konbentuko buru edo abadesa eta leen gatxa beeban bere zantarkeria konfesetan, orduan askoz bere gatxago egin yakan. Orrenbeste pekatugaz ibilian ibilian bete eban pekatuen neurria. Eldu yakon atzenengo gatxa orduan bere bere biotzak, edo bear bada bere Aingeruak, edo bitzuok estututen ebeen konfesetako ta konfesetako. Dei egin eutsan konfesoreari, eta bildurrak erasota esan eutsan berba au: Yauna bada nik eskrupulu bat daukat. Baia zelan konfesoreak eukan santatzat esan eutsan: ai! orreek diabruaren tentaziñoak dira eta etxaramon: bota biar dira eskrupuluak. Alan geiago esan bagarik komulgadu, oleaziño santua artu eta iltzan, konbentuko guztiak negarrez egozala alango abadesa santa bat (il yakeelako) galdu bear ebeelako.

        Iltzan gau atan, egoan bakarrik koruan monya santa bat bere abadesearen arimea enkomendetan. Eta orra non lanparako argian ikusten daben keriza baltz ikaragarri bat. Igaro zan dana buruti beatzetara; baia Yaungoikoaren graziak sendotuta itandu eutsan: zer bear dozu? Ai ene! erantzun eutsan etxura baltzak; neu naz zeuen abadesea, gaur il eta infernuan nagoana: ez nigaitik oraziñorik egin: Yaunaren yustiziak errazoe andiagaz kondenadu nau, sarri, bizi nintzanean abisadu eustalako konfesetako, gaztetxua nintzala, eta konbentuan sartu baño leen neure buruagaz egin neban zantarkeria. Alperrak izan dodaz nire penitenzia eta oraziño luzeak. Santa andi bat izan nintekean pekatua egin barritan konfesadu izan baneu, nik gero egin dodazan gauza on guztiakaz. Baia galdua nas, galdua betiko neure onrea neure arimea baño geiagoan euki nebalako. O ejenplu arrigarria, arriak bigunduteko asko dana! Pekatu bakar batek galarazo bearra ain beste penitenzia, ainbeste oraziño, eta ainbeste gauz'on!

 

aurrekoa hurrengoa