www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

2. KONZIENZIAKO ESAMINAREN
GANEKO BERBA-ALDIA

 

(B, 90-94. or.)

 

        1. Konfesetako gogo, borondate edo intenziñoa badaukazu, lelengo lelengo egin bear dozun gauzea da, imini al daizun humiltasunik andienagaz Jaungoikoaren aurrean, eta ezagutu, ze zauriturik, ezaindurik, ta gexoturik, baita bere illik zaukazan pekatuak: ze aserratu ta irriturik dagoan Jauna zugaz eurak gaitik, eta aren Majestadea bigundu negar anpulluakaz, eta bere adiskide egiteko gurari bizi bategaz eskatu egiozu biotzetik, emon daizula zeruko argia, bere kontra egin dozuzan pekatu guztiak ezagutu eta burura ekarteko. Ain da bearra mesede au Jaunari eskatutea ze, bere laguntasuna bagarik ezin gomuta giñaikez geure pekatuak bear dana legez. Eskatu ezkero Jaunari bere grazia ta laguntzea, artu egizu zeure konzienzia ondo aratuteko bear dozun astia, eta etzaitekez arin arinka ibili, zeure betiko salbaziñoa doian zeregin onetan. Yakin gurako dozu ameneko, ea zeinbat denpora bearko dozun zeure konzienzia esaminetako. Ezin au iñok beingoan esan leikezu, onen ganean gauza yakinik eztago-ta. Ezta guztientzat denpora bardina bear. Geiago bear dau urte-beterik urte-betera baxen konfesetan eztanak, ilebeterik ilebetera egiten danak baño; eta geiago onek zortzirik zortzira egiten danak baño. Geiago artu-emon, eta saldu-erosi andietan sarturik dagoanak, egun guztian atxurren soloan dagoanak baño. Geiago ekandu zitai, ordikeria, lapurkeria, aragizko (pekatu) loikerietan okotzeragiño sarturik dagoanak, onango ekandu zitalik edo galgarririk eztaukanak baño; eta alan, bakarrik esan neikezue bakotxak artu bear dabela ondo konzienzia esaminetako bear dan denporea, arrastaka ta estropezuka ibili bagarik.

        2. Eta zelango ardurea artu bear da esamina onetan? Irudi edo exenplu bategaz au adietan emongo deutsuet. Urteiten dozu zeure etsetik diru-polsa andi bat zeugaz aldean dozula zerbaist erosteko, zorren bat pagetako, edo beste gauzaren baterako. Elduten zara erri edo etsera; zoaz zeure polsea ataraten; baia aror non topetan zarean bera bagarik. Begiratuten dozu etse atan yoan baiatzu; eta ikusirik ara baño leen galdu yatzula, ze egiten dozu? Biurtuten zara etorri zarean bidetik, bide edo albo guztietara begira, iñondik agiri bada, zeure artean diñozula: non galdu al neikean nik polsea? Urlia lekutan neugaz neunkan, ze antxe atera dot, au edo beste gauzea pagetako: alan bada andik ona galdu izango dot. Urlia lekutan yarri nintzan, eta alboan itxi neban yakea; beste leku atan igon bear izan neban lugaban bat, erreten bat igaro bear izan neban, eta zabala zalako, saltu andi bat emon neban. Leku onen baten yausi zatekean. Modo onetantxe biurtuten zara leen ibiliko bidetik, ardura andiagaz begiratuten dozu bidea ta alboak; baia guztiz ardura geiagogaz zabiltz eta arakatuten, edo errejistretan dozuz, non deritxazun galdu dozula zeure polsea. Auxe berau, bada, egin bear dozu konzienzia esaminadu gura dozunean bere. Biurtu zaitez urrengo konfesiño ondo eginetik oraingiño erabili dozuzan bideetatik. Begiratu egizu alde guztietara, ea agiri bada pekaturik; baia ardura andiago bategaz begiratu bear dozuz arako lekuak non deritxazun galdu ziñaikeala zeure arimea. Au egin bear dozu astiro, ez arrastaka; bada osterantxean ezin esan ziñaike konzienzia esaminetan dozula. Ezpabere esan egidazu: baziñoaz polsea galdu dozun bide orretatik al daizun arinen, edo karra guztiagaz, esan ziñaike, bide orretan galdu yatzun polsa baten atsean zabiltzala? Ezetz deritxat; ze edozeinek esango leuskizu: Gizona zelan esan txiai galduriko polsien billa zabiltzala bide orretan, ain arinka bazoaz? Polsa ori aurkitu edo topau gura badozu, zoaz geldi geldi alde guztietara begira, iñondik agiri bada; ze osterantxean ezteutsu iñok sinistuko, diru galdua topau gura dozula. Onen beste zuri bere esan leikezu arrastaka, eta arrapataka bazabiltz konzienzia esaminetan.

        3. Oraindio bere obeto ta obeto ezagutu daizun, zelan egin bear dozun esamina au, gura deutsut, geiago zeaztu, ze modutan egin bear dozun. Eskatu ezkero Jaunari, onetarako bear dozun grazia ta argia, begiratuko dozu, ea zeinbat denpora dan azkenengo konfesadu zineala, baita ateraten dozu kontu zortzi illabete direala. Begiratuten dozu, gero, ea ona izan bazan, ala ez, orduan egin zenduan konfesiñoa; eta deritxazu ez yakala ezer falta izan. Au eginik asten zara amar mandamentuetatik bost Elexakoetatik, eta zeure bizi-moduko egin-bearretatik, edo estaduko obligaziñoetatik zortzi illabete oneetan egin dozun bizitzea, eta pekaturik egin badozu denpora guzti onetan. Asiko zara bada Jaungoikoaren legeko lenengo mandamentutik; begiratuten dozu zerbeist esan badozu, edo blasfemadu badozu Jaungoiko, edo bere santuen kontra, edo fedeko artikuluen kontra zerbeist sinistu badozu. Ikusirik eztaukazula ezer mandamentu onen kontra, igaroten zara bigarrenera. Gogora etorten yatzu, auzi balio andiko bat euki dozula, zeinetan sarri yuramentu artu deutsuen, eta zeinetan testigu askok zugaitik eta zure erreguz yuramentu egin dabeen; dakizu sarri-askotan guzurragaz yuramentu egin dozula, sarri-askotan aldatu, gitxitu edo geiagotu dozula; sarriaskotan testiguai eskatu deutsazula guzurragaz yuramentu egin daiela; sarri gorroto euki deutsazula zeure auziko arerioari; sarri birao egin edo maldiziñoak bota deutsazuzala, eta sarri maldizino oneek ezarri dozuzala zeure seme-alabeen aurrean. Esamina au ezta asko bear dan moduan konfesetako, ze eztozu esaten, edo etzara akusetan, ez zeinbat direan zure yuramentu guzurrezkoak, ez zeinbat direan besteai erasoak, ez zenbait direan gorroto ta maldiziñoak, eta ez zeinbat seme ta etsekoai emoniko exenplu deunga, edo eskandaluak. Ara bada zelan burura ekarri bear dozuzan pekatu orreek.

        4. Imini zaitez astiro astiro pensetan zelan asi zan auzi ori, zeuri emon beutsuen, ala zeuk emon bazenduan: errazoerik bazeunkan, ala ez, auzia emoiteko, edo emon eutsuenari yarraituteko; emon bazenduan bengetako gogoagaz, edo besteari zeuntsan gorroto, edo ezinikusiagaitik. Ze kalteak etorri yakazan besteari, zuk errazoa bagarik emon edo yarraituriko auzi orretarik. Kalte onen kontu aterarik al daizun ondoen, igaro zaitez zeuk eginiko yuramentuetara, eta atera egizu kontu, zeinbat bider egin dozuzan guzurragaz, zeinbat ezdabaidan ta dudeagaz; baita egiagaz izan arren bere, zeinbat bider geiagotu, edo gitxitu zenduan. Irago zaitez gero, testiguak zure erruz egin dituezanetara. Kontu atera egizu, zeinbat bider eskatu deutsezun yuramentu guzurrezko, edo falsoak egin daiezala; zeinbat bider egin dabeen, eta zeinbat bider egin gura izan eztabeen; ze eurak gura ez ebeenean, pekatu erazo ezpazeuntsen bere, zuk zure aldetik egin zenduan pekatu. Ezta ain gatx kontu ateretea zeinbat bider guzurragaz egin dan, eta zeinbat bider besteari erazo yakan. Igaro zaitez gatxago dan esaminara, au da, zeure arerio auzilariari euki deutsazun gorroto, eta egin deutsazun biraoetara. Asten zara kontu ateretan zeinbat bider gorroto euki deutsazun; baia edo auzi onetatik etorri yatzuzan kalteak andiak direalako, edo deritxazulako errazoe bagarik emon yatzuzala auzia, edo zeure jeniñoa urea dalako, pitean pitean euki deutsazun gorroto, ta auzia gogora etortzen yatzun guztian ezarten zeuntsan biraoak. Orregaitik ezin kontu ziatz atera ziñaike zeinbat bider gorroto euki deutsazun, ez zeinbat birao egin deutsazuzan, ez zeinbat bider izan direan semealaba, eta beste etxekoen aurrean. Orduan, bada, egin bear dozuna da, atera kontu zeinbat izango zirean gitxi bat gora beera astean, edo gitxienez egunean. Au bere ezin badozu, ekarri egizu burura zeinbat denpora iraun deutsun birao eta maldiziñoak botetako euki dozun ekanduak, ze eratan geien biztu oi zinean zeure arerioaren kontra, zeinbat bider euki zenduzan era edo okasiño orreek, eta zeinbat gorroto euki edo zeinbat birao egin zenduzan bakotxean.

        5. Bigarren mandamenturik igaro zaitez irugarrenera, eta andik laugarrenera, eta egizu bakotxean esan deutsudana. Badaukazu ekanduren bat, edo euki badozu okasiñoren bat, mandamenturen baten kontra pekatu egiteko, aintxe geiago geratu bear zara, aintxe ardura andiago bategaz aratu bear dozuz zeure konzienziako basterrak. Modu onetan ibili ezkero Jaungoikoaren legeko amar mandamentuetatik, eta bost Elexakoetatik igaro zaitez zeure estadu edo bizi-moduko zereginetara. Orietan ardura andiago bategaz begiratu bear dau bakotxak egin ezpadau, egin bear dabena, ze ez egin badau egin bear eztabena; bada errezago ezagututen da gatx egina, ze egin bear dana ez egitea baño. Ezkondua zara? Begira zelan egin dozun zeure bizi-moduak aginduten deutsuna. Irakatzi deutsezu doktrina kristianea zeure seme-alaba ta otseiñai? Ezi dozuz txikitxu zireanetik, zeure umeen mukerkeria, okerkeria ta gestokeriak? Egin dozu alegina, aterateko sustraitik, euren ekandu zitelak, burua atera ebenetik? Itxi deutsezu gura dabeen guztiagaz urteiten negar eztaielako? Zelatu dozuz nora doazan, nogaz dabiltzazan, ze lagunakaz batzainduten direan, ze etseetan sartzean direan? Berba baten: Zara zeure umeen Angeru-guardako? Auxe guztiau esaminadu bear dau, konfesadu gura daben ezkondu, edo guraso batek. Zara erriko Fiel, edo uriko Alkate? Zelan begiratu dozu zeure ardurara dagoan erri, edo uriagaitik? Galaazo dozu, deungaro gastadu, edo galde [sic] ezteitezan uri edo erriko errenta, ondasun, eta diruak? Egin dozu alegina auzotegi guztia bakean bizi daiten? Artu dozuz, al dozuzan, modu guztiak, kendu eta erbestetuteko eskandalu guztiak? Kastigadu dozuz gaizkin guztiak, alan zeure seme, aide ta adiskideak, zein da beste guztiak, bardin bardin guztiak? Modu onetantxe esaminadu bear dau bakotxak bere konzienzia norberen bizi-moduko bear, eta estaduko obligaziñoen ganean.

        6. Enzun dozu, Kristiñaua, ze modutan ekarri bear dozuzan burura zure pekatuak, ondo konfesaduko bazara. Sarri ta sarri prediketan da egia au pulpituetatik; alanbere deritxat asko ta asko konfesetan direala dongaro, esaminearen faltaz. Au ezagututeko eztaukagu begiratu baxen, konfesetan datozanakaz yazoten dana. Iminten dira konfesorearen oñetan, zeñatuten dira, eta dagoz ixil-ixilik zubil batzuk legetxe; eztakie zer esan, ez zelan asi konfesetan. Itanduten deutso Konfesoreak: zeinbat denpora da konfesadu zineala? Eranzuten dau: zortzi, edo amar ilebete, edo urtebete. Itanduten deutso Konfesoreak: egin dozu esamina konzienziakoa? Bertatik diño: bai Jauna. Eta, zeinbat denpora emon dozu esamina-ginean? Zortzi egun, Jauna. Edonok usteko dau, au enzunda, zortzi egun emon dituzala gizon onek pekatuak burura ekarten. Baia itandu bekio: Imita zeinbat denpora emon dozu bakotxean pekatuak gogora ekarten? Eta eztaki zer eranzun: bakarrik diño: zortzi egun da: gaur konfesetako asmuak artu nituzala, eta egunez ta gabez, etxean, oean, soloan, basoan ta edonon egon nas gaur konfesadu bear dodala. Baia esan egidazu, imini zara zeure bakarrean pensetan, nondik ebili zarean, eta zeinbat pekatu egin dozuzan mandamentu bakotxaren kontra? Eztozu itaunde oneekaz beste gauzarik aterako, ezpabere konfesetako artu eban gogoari dei egiten deutsala konzienziako esaminea; eta geien geien eranzungo deutsuna da: Aita: guk daukaguzan artuemonak eztira andi-andiak bere. Ain otzik au esaten dabe ze, bertatik igarten yake, eztabeela denpora apur bat bere emon esamina-ginean. Goazan aurrera.

        7. Dirautso konfesoreak; bein esaminea egin dozun ezkero, konfesadu egizuz, burura ekarri dozuzan pekatuak. Itandu begit berrorrek eranzuten dau. Asten da, bada, konfesorea itanduten, eta eldurik birao, arien, berba loi, ordikeria, edo beste ekanduzko pekatuetara, itanduten deutso; bota deutsezu zeure seme alaba, emazte, otsein edo ogitukoai biraorik? Bai, Jauna. Zeinbat bider? Sarri, Jauna. Esan bekio konfesiño ori eztala asko; esan dagiala zeinbat direan egin dituzan biraoak. Arpelik egingo dau alegina Konfesoreak yakiteko zeinbat direan, edo zeinbat bider. Geien geien eranzungo dabena da, eztira biotzetik izan, intenzino deunga bagarik izan dira. Zer dauko zer ikusi batak besteagaz? Esaizu, zeinbat izan direan biraoak, eta gero ikusiko dogu biotzetik izan direan, ala ez. Beste batzuk eranzuten dabe: izango zirean ogei, edo ogeta amar. Esaten badeutso konfesoreak, eztala ori konzienzia esaminetea, eranzuten dau: ezin bada nik geiago esan nei. Beste batzuk bein esan badagie ogei bider egin dabeela pekatu bat, guztia da ogei. Ogei yuramentuak, ogei biraoak, ogei gorrotoa, ogei berba loiak. Konfesiño modu oneek pelleburuzkoak dira, baita bildur izan leiteke onetariko geienak, guztiak ez esatearren, txarrak direala, konzienziako esamina faltaz, ze au egin ezik, gura ta gur'ez geratu bearko dabe pekatu askok konfesadu bagarik. Egin arren Konfesoreak alegina bere itauneakaz, pekatu guztiak argitara aterateko, ezin ikusi leikeana legez zer dagoan an-barruan, biak ibili bearko dabe itsu mustuan: konfesoreak eztakusalako, eta ikusi bere egin ezin leikealako, zer dagoan konzienziaren barruan; konfesetan dana, barriz, eztabelako ondo arakatu bere konzienzia. Orregaitik bada, neure enzula maiteak, gura badozue neke gitxiagogaz, baita ondo konfesadu, artu egizue astia, eta alegin guztiagaz aratu zeuen konzienziako baster ta okelu guztiak. Au egiten badozue, eztozue eukiko konfesetara zoazenean, orain daukazuen arazu edo enbarazurik. Konfesoreak lagunduko deutsue bere itauneakaz, argitan ifinten zeuen konzienzia, guztiz nastadurik badago bere, kenduko deutsue zeuen ganetik, makurturik zaukeezan pekatuen karga pisutsua, biziko zaree mundu onetan poz andian, eta artuko dozue bestean, penitenzia benetakoa egiten dabeenentzako gorderik dagoan gloria. Alan gerta deilla. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa