www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

15. SEIGARREN MANDAMENTUAREN
GANEKO IKASBIDEA
LENGOA BAXEN LUZEAGOA

 

(B, 51-56. or.)

 

        1. Neure Kristiñauak, arimarik geienak kondenetan direalako seigarren, Jaungoikoaren legeko mandamentu edo aginduan uts egiten dabeelako gura neunke onen ganean berba egin. Ba'kit eztana erraz bear dan legez azaldu ta expliketan, eta pelleburuz betea dana: bakit angeruen garbitasuna bear dana ez loituteko leku santu au, eta orregaitik, itxiko neuskio pozik bapere esan bagarik. Baia beste aldetik yakinik arraina sare bategaz legetxe artuten dituzana pekatu onegaz Diabruak Kristiñauen arimaak, eneunke zer edo zer esan bagarik itxi gura: barriz uste dot Jaungoikoak iminiko dituzala nire espantan bear direan berbaak, garbi garbi adietan emoiteko pekatu loi, atsitu ta infernuko kiratsez beteriko au.

        2. Seigarren mandamentu onen kontra egin leite pekatu, neure Kristiñauak, gogoagaz, berbeagaz, eta egiteagaz. Lelengo egin leiteke pekatu gogoagaz (ez gauza loia gogora etortea pekatu dalako, ze etorri arren bateri gogora pensamentu edo gauzarik loien loiena, eta zikinenik zikinena bere, leku emon ezik, edo egiteko guraririk euki ezik, eztago pekaturik bapere bere). Eta alan gauza pensamentuzkoetan, edo gogozkoetan modu bitara pekatu egin leiteke. Lelengo egiten da norberak gauza loia egiteko guraria, eta atarako deseoa artzean dabenean gero egin ez arren bere. Ara irudin ta exenplutxu bat obeto aditu daizuen. Ikusten dituz mutil batek ormaz sarraturiko hortu baten madari umaoak ara begiratu dabelako. Aek ikustea berez ezta pekatu. Baia onek aek ikusita diño bere artean: A ze ederrak direan aek madariak! A, bada, igon al banegi ormatik atxina aek artuteko! Eta bere biotzean dauko ostuko leuskiozalakoa yabeari erea baleuko: baita itxiten badituz artu bagarik da edo ormea altuegia dalako, edo edonok ikusi ze daien bildurrez. Onek bada, leku emon deutso ustuteko gureari, ta beragaz bakarrik pekatu egin dau eguño ostu ez arren. Bada beste onen beste yazoten da pensamentu, ta tentaziño loiakaz bere: datorkioz bateri pensamentu loi ta ezainak au enzun dabelako, ain gauza irakurri dabelako, edo edonor billosik, edo modu txarrean uste bagean ikusi dabelako: au oraindiokoarren ezta pekatu, ze S. Agustinek beste yakitunakaz naste diñoandi, eztago pekaturik, norberen borondatea bagarik. Baia etorri ta asmadu ezkero pensamentu loia, borondateak erakutsi badau, begi itxi idigi baten baño ezpada bere, erakutsi badau (dinot) barruan gauza aren guraria, eta emon badau konsentimentu osoa gogora etorri yakon gauzea egingo leukeala erea baleuko, ara non egin daben pekatu mortala, eguño egin ez arren, konsentidu ta gura izan daben gauzea. Esan pekatu mortala, baita ondo, ze seigarren mandamentuko gauzeetan eztago gauza txikerrik, bein borondate osoagaz gura izanik, eta zeinbat bider artuten daben batek onango gauzeen guraaria, edo a gauzea bera dan aldetik egiteko gogoa, ainbat izango dira pekatu mortalak, baldin borondatea lelengo gura izan eban gauzatik atseratu edo otzitu bagarik egon ezpada: eta alan onek kontu atara bear dau zeinbat bider leku emon ta konsentidu daben, eta esan bear dau bere izan bada pensamentua eskonduagaz, eskonbagakoagaz, edo boto kastidadekoa eginik daukanaz, edo aideren bategaz, eta ze aidetasunean.

        3. Beste modua, gogora datozan gauza loietan pekatu egitekoa da, tentazinoa edo gauza zikina gogora etorri ezkero, badago norbera guztuz, ta berak gura izanda, pensetan gogora etorri yakan gauza atan apur apur baten baño ezpadabere, eta alangorik egiteko asmurik, ez gogorik edo guraririk euki ez arren bere. Ara emen irudi eder bat obeto ulertu daizuen. Dagoz zeugaz naste lau edo bost lagun subete baten berotuten: eta batek diño: ene, zerbait erretan dago emen, erreen usaiña da, eta yagiten zaree guztiok, begiratuten ea zuen erroparen bat bada erretan dagoana. Begiratuten dozu zupere, eta dakutsu zure erropea dala erretan dagoana. Zuk bertatik amatetan badozu, edo zeure aldetik egiten badozu alegin guztia amatetako, ezta zurea errua artean erre yatzuenena, baia arik aurre, amatadu bearrean bazagoz berari adi, eta ikusten zelan erretan dan, edo bai nagi amatetako, ya ordutixek zeurea da errearen errua. Bada bardin da tentazinoetan, eta pensamentu loietan bere; tentaziñoa da Demoniñoak zeure biotzean iminten daben txingar bat: zuk au tentaziño au, pensamentu loi au, edo infernuko txingar au igarri orduko botaten badozu, amatetan badozu, edo egiten badozu alegina kendu ta botetako zeure biotz eta gogotik, edo Jaungoikoari biotza eregirik, edo nekegarriren bat arturik, edo eriotzako ordu tristea, edo infernuko penaak gogora ekarririk, ordura artean tentaziñoak edo pensamentu txarrak zeure biotzean zerbait erre badau, ezta zure errua. Baia ezagutu eta igarri ezkero etorri yatzula tentaziñoa edo gauza bear eztana gogora, bazagoz berari begira, eta gustu eta atsegiñen bat atan artuten, ara non dan errua zeurea, eta non egiten dozun pekatu mortala apur apur baten baño ezpazagoz bere, ta egiteko gogorik euki ez arren bere. Eta aror nondik ezagutu eta yakingo dozuen nos dagoan pekatu, eta nos eztagoan; bada pekatu mortala seigarren mandamentuaren kontrako gauzeetan egiteko, asko da norbera, bere guraz badago pensetan gauza atan apur, edo tangatxu baten baño ezpada bere.

        4. Orregaitik egiten dabe pekatu mortala, lelengo arako gizon eta mutil, andra ta neskatillai, edo oneek aei, edo ederrik dagozalako, edo ederrak direalako, edo danzan dabiltzezala begira edo adi egonik, euren barruan atsegin edo gusturen bat artuten dabeenak apur apur bat, edo begiak itxi idigi artean baño ez izan arren. Bigarrengo egiten dabe pekatu mortala arako eskonbagarik egonik euren biotzean atsegin edo gustu artuten dabeenak, apur apur baten baño ezpada bere, esanik euren barruan: a bada, urliagaz edo urleziagaz ezkonduta banengo auxe edo auxe gustu au eukiko neuke. Irugarrengo egiten dabe pekatu mortala arako personak zeintzuei edo justiziak, edo gurasoak, edo konfesoreak alderatu eragin deutseen beste personearen etxe edo (laguntzatik) laguntasunetik, baia euren biotza oraindio besteagan imini eta yosirik daukeenak, eta euren biotzean gustuz agan pensetan dagozanak apur apur batekoa baño ezpada bere. Laugarrengo egiten dabe pekatu mortala arako esteguetara (edo eskontzetara) yaten, edaten eta danzetan doazanak euren barruan gustu edo atsegin arturik, egun atan ezkondu direanen artean gaubez igaroko danen gomuteagaz. Bostgarrengo egiten dabe pekatu mortala arako personak euren honrea ez galduterren obraz yausi ezteitezan ondo begiraturik, barreka, kantaka, zantzoka eta berbetan euren artean erretan dagozanak edo gustu eta atsegin artuten dabeenak gauza ezain eta loietan, apur apur baten baño ezpada bere, izanik oneek arako sagar kanpotik gorri ta zindo egonik, barruan eta biotzean ustel ta gauza eztireanen leezkoak. Seigarrengo egiten dabe pekatu mortala arako persona, eskonduteko berbea emon ezkero, euren barruan, apur apur baten baño ezpada bere, gustu eta atsegin artuten dabeenak, ezkondu ezkero egingo dituezan gauzeetan. Zazpigarrengo egiten dabe pekatu mortala arako alargunak, ezkonduta egozanean egiten zituezan gauzaak gomutaurik, euretan gustu ta atsegin artuten dabeenak apur apur baten baño ezpada bere. Zortzigarrengo egiten dabe pekatu mortala arako senar eta emazte bata besteaganik aparte egonik gustu eta atsegin artuten dabeenak apur apur baten baño ezpada bere bere lagunagaz dagoalakoaren gomutan. Bederatzigarrengo egiten dabe pekatu mortala arako eskonduak, matrimoniñoak egiteko esku emoten deutsen gauzan, bere lagunagaz egonik, euren biotz eta barruan gustu eta atsegin artuten dabeenak apur apur baten baño ezpada bere, beste eurak gura leukeen personeagaz balegozana legez. Amarrengo egiten dabe pekatu mortala arako seme-alaba, otsein eta beste askok euren guraso, ugazaba, edo ezkonduen oera zelata egonik, euren artean gustu eta guraari loiz dagozanak, apur apur baten baxen izan ezpada bere. Amaikagarrengo egiten dabe pekatu mortala arako personak, gauza loiak irakurten, ikusten, eta enzuten dagozanak bere artean gustu ta atsegin artutearren apur apur baten baño ezpada bere. Amabigarrengo egiten dabe pekatu mortala... baia, nora noa? Ezin izentadu leiz nortzuk, eta zeinbatek egiten dabeen euren biotz, pensamentu eta barruan onen ganean pekatu mortala: baia esango dodana da asko igarteko zeinbat arima daroiazan Demoniñoak bide onetatik. Pensamentuetatik igaro gaitezan berbeetara.

        5. Egiten da, bada, pekatu mortala seigarren mandamentuaren kontra berba loiakaz bere. Eta auxe bere da sarri ta sarri yazo oi dana eta beragaitik yaramonik egiten eztabeena, eta konfesetako bere gomutetan eztireana. Solo baten badagoz, eztakie askok berba loi eta arinak baxen esaten, eta bear bada, deungeena dana, atso-agura buru urdinak bere. Oneek gazteen berba gangarrak galarazo bearrean, eurak izan doaz aurrengo yente gazteen begiak idigiteko. Ameneko esango deuste, Aita, txantxetan eta barre era'iterren esaten doguz. Bai nai, berba loia bada, pekatu mortala da. Zer dakizu zuk zer egiten daben berba orreek besteen biotzean? Bear bada pensamentu loiari leku emon eragingo deutsazu, eta bai galdu bere bere arimea. Bigarrengo egiten dabe pekatu mortala arako neguko gauetan etxeetan goruaren atxakiagaz batzaindurik ipuin loi alegreak kontetan dituezanak, guztiz bere ume eta gazteen aurrean edo eurak dantzuela, pintaurik gauzea al daien ondoen obeto aditu daien esan gura debeena. Aita esango deustazue, denporea iraotearren baño eztoguz esaten. Obeto egingo zeunkee bakotxak zuen etxeetan bearrean egon, orretarako batu baño: eta eztakit zelan itxi leioen gurasoak euren seme-alabai gauetan olango batzaarrak egiten; ze ondo yakin beie, onango lekuetan yazo oi dana. Baia yakin gura ezpadabe, edo aiztuena egiten badabe, nik gomutarazoko deutset. Ara bada. Onango bigira ta batzaarreetan batzainduten dira auzotegiko mutil ta neskatilla ero gangar guztiak; eta ez bakarrik ezteutse iñori euren deungaro esanakaz ta murmuraziñoakaz azurrik osorik isten, baita bere an esaten dira askotan enzun bere ezin leizan gauzaak; an askotan mozuka, an zirika, eta andik gabeko ainbeste orduetan etxerako urteiten dabeenean zantzoka, edo obeto esateko irrintzaka mandoak legez, eta beste esan ezin leizan gauzaak askotan. Eta au guztiau, noen ganera yausiko ete da? Gurasoenera, yakinen ganean biralduten dituezalako umeak alango lekuetara. Gurasoak egin bear dabeena da euren seme-alabak etxean euki. Baia esango deuste oneek: Aita, pozik eukiko neukez etxean, baia laster loak artuten dituz, eta eztabe gorurik erdirik bere egiten zein lagunen artean: alkarren artean olgetan dira, eta alan dagoz zuur; loak artu bagarik. A zorigogorreko gurasoa! A guraso gogor ta kruela! Emen agiri da geiago gura dozula aek egin al leian bearra, aen arimea baño: emen agiri da geiago gura deutsazula ak betetan daben ardatz ariari, bere arimako garbitasunari baxen; ze alan ezpalitz, ezeuskio itxiko batuten ainbat ero eta gangarren artean, ta ameneko zure seme edo alabea gangarrena izanik, zuri sensuna daukala irudiarren. Baia ondo, izan daiteala sensun-onekoa, ta batu dadila sensun-onekoakaz, eztakizu benturaz okasiñoak galdu leiala beste asko egin dituzana legez? Gaur danzu ipuin edo berba loi bat besteen artean; biar artuten dau adiskidetasun geiago ara batuten dan, edo bertako mutilagaz: esaten deutso au edo beste berba arina eta Diabruak, lo eztagoana legez, iminten dau euren biotzean guraari loien txingarra. Eta emetik, zer? Enas asartuten, neure Kristiñauak, esaten olangoen artean zer yazo oi dan: baia elduko da juizioko eguna, guztia agertuko dabena.

        6. Irugarrengo egiten dabe pekatu mortala arako kanta loiak, arinak eta maliziaz beteak kantetan dituezanak, mutil eta neskatilla zoroak egin oi dabeena legez erromeria, yolas edo fiestetatik gau utsez datozanean. Laugarrengo egiten dabe pekatu mortala arako mutil eta neskatillak, alkarregaz batu ezkero esaten dituezanean amodiozko berbaak, baita siñuak alkarreri egin amodioaren ezaugarritzat. Bostgarrengo egiten dabe pekatu mortala arako mutil eta neskatillak gauez edo fiestarik doazanean, edo errondan dabiltzezanean zantzo egiten dabeenak zantso au bada besteari dei egiteko, edo besteen biotzean guraari zitalen txindarra biztuteko. Seigarrengo egiten dabe pekatu mortala arako guraso euren seme-alabaren aurrean berba arinak, ezainak, eta matrimoniñoko gauzaak (edo senar emazteen artekoak) esaten dituezanean, zeintzuekaz idigiten dituezan euren begiak gauza deungarako. Eta beingoan esan ta erabatera asko sartzaiteko, berba loi, zikin, arin eta amodiozkoak esaten direan bakotxean, zeintzuekaz emoten dan adietan gauza deungaren guraria, eta bai dantzuenai bere beste ainbeste gura izaiteko bidea, edo bai beintzat gogoan onango loikeriak euren guraz erabiltekoa, da pekatu mortala; baita askoren aurrean esaten badira izango dira aurrean dagozanak lainbeste pekatu.

        7. Seigarren mandamentuaren kontra egiten da pekatu eginagaz edo obraz bere, eta au izan leiteke sei modutakoa. Lelengoa da egiten danean aragizko pekatu ezkondubako leen yazoagaz, edo donzellatasuna leenik galdurik daukanagaz. Bigarrengoa da egiten danean donzella garbi ordura artean iñogaz zer ikusi, edo eguño pekaturik egin eztabenagaz: eta au da pekatu geiago eta konfesiñoan esan bear dana. Irugarrengo da inori gura ta gurez ta indarka pekatu eragiten yakanean, berak alegin guztia egiten dabela ez egiteko: eta alango orduan pekatu ikaragarrizko bi egiten dira, konfesiñoan esan bearrak. Baia onetarako besteak bene-benetan ta zindo zindo gura izan bear eztau, eta ezta gauza askok daukeen gura eztabeenen iskia; ze indarrik egin bagarik badator atara, ezta pekatu mortal bat baxen izan, beste alde batetik geiago ezpadira (izanezik), eta auxe da geienetakoa. Enbra asko etorri doaz, guztiz bere neskatilla gauzea, esaten eurak gura ez ebeela iños alango gauzarik egin, esan eutsela geldirik egoteko, egin ebala alegin guztia beraganik libretako eta beste onelango ganorabako atxakiagaz: baia ez yake sinistu bear; guztia izan doa guzurra ta abarra. Esan egidazue ezpabere zuek, burua garbitu gura dozuenok; batzainduten zaree gustuz alango personakaz? Bazabiltze eurakaz konbersaziñoetan, fiestetan, erromerietan, dantzetan, bideetan, baita askotan gau utsez? Bada nok sinistuko deutsue zeuen borondatearen kontra izan zala? Berba loi edo arinen bat esaten deutsuenean asten bazare barreka, ukututen deutsuenean iges egiten ezpadozue, nok sinistuko deutsue zuek gura etzenduela? Etorriko balitxakezue mutil bat eskopeta edo ezpata bategaz bizitzea kentzean, etzinatekez asiko deadarrez, lagunak batuta libradu zagiezen, edo etzeunke gitxienez yente artera egingo? Bada yatorzunean beste personea ukututen, mozu emoiten edo beste olango gauza loien baterako, ze egiten dozue? Nora egiten dozue iñesi? Ze alegin egiten dozue lagunak batutearren libretako emon-gura deutsuen arimako eriotzatik? Ezer bere ez: geien geienez egin zenduana da, esan motel motel, ta erdi esanean geldi egoteko, alangorik ez egiteko, baia zuek gura egitea, ta itxi egiten. Bene-benetan gura izan ezpazendue, ez ebeen egingo eta alan guzurra diñozue esatean zuen borondatearen kontra, eta zuek gura etzenduela izan zala.

        8. Laugarrengoa da egiten dabenean ezkondubako batek ezkonduagaz eta emen dagoz pekatu mortal bi, zegaitik ze ezkonduaren lagunari injuria andia egiten yakon. Baia bitzuok ezkonduak badira, iru pekatu mortal ikaragarrizkoak izango dira, batak eta besteak alkarren lagunari egiten deutsen bidebakoagaitik bi, ta kastidade edo garbitasunaren kontrakoa irugarrena. Bostgarrena da aide edo senideren bategaz egiten dana, eta au bere konfesiñoan esan bear da, bada senideagazkoa da berez pekatu, gordetan ez yakolako aideari zor yakan lotsea, eta zeinbat eta urkoagoa dan aidea ainbat eta andiagoa izango da beragaz egiten dan pekatua. Aidetasuna ainbat bideti etorri leiteke: etorri leiteke odoletik, eta au laugarren belaunegiño elduten da: zelangoa dan guraso, neba-arreba, osaba, iseko, eta lenguzeñen artekoa: etorri leiteke ezkontzatik edo deionenatik; au da ezkondurik dagoana, edo ezkonduteko deionak bota dituzana egiten da bere lagun senar emaztearen, edo senar emaztegeiaren aideen alde: eta au bere da laugarren belaunegiño: eta oneri esaten deutsagu koñatezea: eldu leiteke aidetasuna aragizko pekatu osorik eta ezkontzako berbari [sic], eta au bigarren belaunagiño baño ezta eltzean: esan gura da seindun egiteko moduko pekatu egiten dabena, eta ezkontzako berbea emoiten dabena egiten direala besteen guraso eta anaia ta aizteen alde. Azkenean, barriz, eldu leiteke aidetasuna bateoko edo konfirmaziñoko sakramentuetatik, bada bateatuten edo konfirmetan dabena, eta aita-amabitxi edo besoetakoak egiten dira umearen eta bere gurasoen alde, eta onerixe esan daroakegu aidetasun arimakoa edo espirituala. Onetarikoen batzuen artean, bada, egiten danean aragizko pekatu, izan oi dira gitxien gitxienez pekatu mortal bi, ta orregaitik zeatz zeatz esan bear yako gauza bakotxa konfesoreari. Seigarrengoa da boto kastidadekoa daukanak, edo Jaungoikoari promes eginik deutsenak guztiz garbi izaiteko berba, gogo ta egikunetan, edo onangorik euki-ez arren, daukanagaz egiten dabenean. Promes au dauke Fraile, Monja ta Abadeak, Elexa ama santearen lizenziaz edo aginduz eginda, baita beste askok bere norberen deboziñoz; eta esan bear yako konfesoreari ea lelengoetarikoak bazirean, ze orduan zan pekatu askoz ikaragarriagoa, ala bigarrenetarikoa, bada orduan bere izan doa sakrilejio txitozko andia. Da bere sakrilejioa Elexaan, hermitan, edo beste alango leku santuan egiten danean, edo komuniñoa (edo beste sakramenturen bat) artuta ordu laurengarrengo. Eztot ezer esan gura, arako lotsabakotzar, gizonak direalakoa aiztuta abere zantarrakaz alango lotsagarrizko gauzeetan dabiltzezanak gaitik, ez arako euren buruakaz Jaungoikoak dakiezanak egiten dituezanak gaitik; biotzeko arrak bere usigiakaz esango deutse zelango arrigarrizko pekatuak egiten dituezan.

        9. Ara emen neure Kristiñauak seigarren mandamentuaren kontra eginagaz ta obraz egin leitekezan gauza nagusienak. Baia bagoz beste asko bere geienak edo pekatutzat eztaukezanak, edo euki arren bere eurai itxi gura ezteutsenak, eta konfesetan eztituezanak. Orregaitik bada, Jaungoikoaren aurrean atxakiarik euki ze daien, eta konfesetako eta olangoai itxiteko obligaziñoa daukela yakin daien, baita mandamentu au osoro adietan emoitearren, esango dot nortzuk egiten dabeen pekatu lengoez ganeti. Lelengo bada diñot egiten dabeela pekatu mortala norberen edo besteen bular, arpegi, aragi edo lotsarietan eskua guztuz eta bear izan bagarik darabileenak, edo erabilten itxiten dabeenak (deutsenak), yaztekoen ganetik bada bere, edo apur baten baño ezpada bere. Bigarrengo egiten dabe pekatu mortala geien geienetan arako neba-arreba gazteak, sentzainak eta mutil eta neskatilla gazteak, eta malizian zerbait sarturik dagozanak alkarregaz bear eztirean gauzeetan dabiltzezanean. Eta, zeinbat onelango yazoten da umeen artean? Eta zeinbat nagusi eta zar ete dagoz umetan egin zituezan loikeriak oraindokoarren bear direana legez konfesau eztituezanak, eta euren penitenzia bear dana oraindio egin eztabeenak? Irugarrengo egiten dabe pekatu mortala arako mutil eta gizon alkarregaz, edo besteren bategaz gustuz mozu edo laztanka dabiltzezanak eta mozua edo laztana atarako emoiten itxiten deutsanak. Laugarrengo egiten dabe pekatu mortala arako mutil eta gizon, andra eta neskatillakaz, emen bota an zirri; orain yo, gero oratu dabiltzezanak faltrikeretakoa atarateko atxakiagaz, izanik euren gogoa gustu edo guraari loia: baita bere egiten dabe andra edo neskatillak alan ibilten itxiten deutsenak. Bostgarrengo egiten dabe pekatu mortala arako mutil eta gizon andra edo neskatillai gustuz ta gurari loiagaz, oña edo eskua estutu edo sakatuten deutsenak, eta au egiten itxiten deutseenak. Seigarrengo egiten dabe pekatu mortala abere edo animaliai atan dagozanean gustuz adi dagozanak, edo eurai guraari edo gogo loiagaz oratu eta ukututen deutseenak. Zazpigarrengo egiten dabe pekatu mortala... Baia, nora ete noa onenbestegaz? Eneunke izan bere larregi idigi gura askoren begiak, baia arritu, mututu ta bildurrez ikara gogorrean geratu leiteke begiraturik zelan daukan aragizko pekatu loiak mundu zabala galdurik, bada eztau isten ez zarrik ez gazterik, ez umerik ez agurarik, ez mutilik ez neskatillarik ez ezkondurik pekatu onek kakaztu ta loitu bagarik. Auxe da Demoniñoak mundu guztitik zabaldu daben sarea; pekatu auxe da infernuko ateak zabal zabal egin ta infernu guztia kristiñauz bete dabena: bada deritxat ze sartuko bagintez oraintxe bertan, eta erdi erdian iminirik itanduko bageunskioe an dagozanai: zegatik zagoze or? geien geienak esango leuskiguela aragizko pekatuagaitik. A zori-gogorreko pekatua, eta ze zabaldurik, zagozan mundu atxina! A adugaistoko pekatua eta zelan daukazuzan itsu eginik Kristiñaurik geienak! bada izanik entero erraza zugan yaustea bideune txarreetatik alde egin ezik, eztaude ezetanbere ardura gitxiago iminten onetariko galbide ta pelleburuak itxitean baño.

 

aurrekoa hurrengoa