www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

3. ESKONDUEN EGIN BEARREN
GANEKO IKAS-BIDEA

 

(B, 63-70. or.)

 

Honorabile connubium in omnibus,
et torus immaculatus.
Hebreor. 13.v.4.

 

        1. Andia da Matrimoniñoko Sakramentua, diño S. Paulo Apostoluak, eta ezkontzako bizi-modua alde guztietatik ondragarria, ta guztiz garbia. Izan-bere, nai emetik begiratu, nai bestetik, edozein bere aldetik agertuko yaku enteroko beneragarri ta errespeto andikoa. Bere egillea ezta besterik Jaungoikoa bera baxen; bera barriztu ebana J.K°., bera egin zan denporea, mundua beste zarra, ta beragaz baterakoa da. Barriz berak emon dituzan frutuai begiratu gura badeutsagu, a, ze santu eskondu pillo ikusiko dogun! Nok uzentau leiz, Adan-etik ona asita, gaurko egunera (artean) Elexa Ama santeak izan dituzan ezkonduen arteko Santu-Santaak? Asko izango da Ama Birjinea eta San Josepe gloriosoa euren artean datozala (esatea). Da bada ezkonzea Sakramentu santu bat J.K°. geure Jaunak egin ebana ezkonduai grazia emoiteko, zeinegaz bakean bizi ditezan, eta umeak zerurako azi dagiezan. Iru gauza egiten dituz Ezkontzako Sakramentuak: Bata da gizonari grazia emoitea emazteagaz bakean, ta ondo bizi iraiteko, eta bardin andreari senarragaz ondo biziteko, eta bitzuoi alkar maite iraiteko, J.K°.k Elexea, eta Jaungoikoak arimea maite dabeena legez (santea). Bigarren gauzea Matrimoniñoko Sakramentuak egiten dabena da grazia emoitea umeak aziteko Jaungoikoaren bildur santuan. Irugarrena da imintea senar-emazteen artean ain moduko batzakuntza, ta lakio (lokarri) edo moropil ain estu emona ze, ezin desegin edo arkatulei eriotzeagaz ez izanik; zelan ezin arkatu leian J.K°.ren eta Elexa santearen arteko batzakuntzea.

        2. Izanik ain andia Sakramentu Santu au, bera artuteko eroan bear dira prestaera onak. Guztien aurrengo ezkonduteko berbea emonik dagozanak ezin bizi leitekez etse baten; baita ez au bakarrik, ze ezta arkal ikusi bere egin bear eztira bakarrean. Onen ganean gurasoak dauke obligaziño estua baño bere estuagoa, ebateko eta kentzeako (umeai) edozein bere tratu edo adiskidetasun euren ezkongeiegaz artu ta euki leiena, bein ezkontzako berbea emon ezkeroan. Guztiz ardura andia enkargetan deutset onetan, ze txikitan yazoko da nobio ta nobia ezkongeien arteko tratua, pekatu mortal askoren pelleburu bakoa: orregaitik (gauzarik) onen onenan da, bein ezkontzako berbea emonik, ainbat lasterren, al daiela, ezkondu eragitea. Ezkondu aurreko denporan ondo litzateke ezkondugeiak emongo balira oraindo besteetan baño geiago Jaungoikoaren gauzeetara, eta eskatutera bere serbizioko ezkontza on on bat egiteko argia ta eskua. Onetarik ameneko etorri lekikie euren betiko salbazinoa; orregaitik gauza ain pisu andikoan ondo da (eta alan enkargetan deutsuet guztiai) aurrebideagaz denporea arturik, prestau ta disponidu deitezela konfesiño santuagaz, onetarako ezkonduko direan aurreko egunai itxadon bagarik, eta oinbat [sic] gitxiago egun berari edo bespereari; bada orduan geienean izan doa azalerik eginiko konfesiño otz-epel bat. Konbeni da bere ba konfesoreari esatea estadua artuteko dauken gogoa, bada, yakintsua izanik, berak esango deutse zer egin bear dabeen, eta aurrerantxeko euren ganean artzean dituezan egin-bear ta obligaziñoak. Baia zetan bear daben ardurea euki bere ezkonduko direanak da Matrimoniñoko Sakramentu au intenzino eta gogo onagaz artutean: au gogo au izango da artutea bizimodu bat, non errezago izango yaken Jaungoikoa serbidu ta euren arimaak salbetea: zelangoa dan askoentzat eskontzea; baita uxela oneri begiraturik guraso askok ainbat lasterren edade nagusiagoaren begira egon bagarik akomoduko balituez euren umeak. O, eta zeinbat pekatu galarazoko leuskioezan! Esan dodanen ganera Ezkontzako Sakramentua artuteko motibu yakinena ta nagusiena da umeak eukitea; ez euretan ondasunen, eta ondra edo tituluen oñordekoak itxiteko gogo utsagaz, ezpabere sortutekoagaz J.K°.ri eta Elexa santeari seme barriak, au da aziteko aurrekoak edo umeak, zeiñekaz geiagotu daitezan mundu onetan egiazko Fedearen gordetzaileak, eta guero alabadua izan din zeruan Jaunaren izen santua. Auxe izan zan Tobias santuaren ezkondu zaneko motibua, eta alan zirautsan Jaungoikoari: Jauna, zuk dakizu zelan enaben ekarri Sara emaztetzat artutera (ekarri ebana) aragiari gustu emoiteko gogoak, eta bai bakarrik aurreko batzuk euki gureak, zeintzuetan zeure izen santua ezagutua, ta bedeinkatua izan din beti betiko. Baita beronexegaitik egin eban Jaungoikoak munduaren asikerarik Ezkontzea. Emetik agiri da zelango ikaragarrizko pekatua egiten dauden galaazoten dabeenak umeak eukitea onetarako erremedioak arturik, edo beste modutan.

        3. Beste motibu bat Ezkontzako Sakramentua artuteko da, Adan guztioen gurasoaren pekatuari yarraitu deutsana. Jaungoikoak egin eban lelengo gizona bere antzera ta irudira, eta borondate artezagaz, eta ez eban asmetan beragan geuk daukagun pekaturako zaletasun ta kilia: baia pekatu eginda bertatik sensunen alderako gogo ta inklinaziñoak asi yakazan yaikiten, eta errazoiaren kontra egiten geuk gere kaltean gegan barruntetan ta igarten doguna legez. Alan bada, ezaguturik bere argaltasuna, eztabenak sufridu ta eroan gura ain gerra andia, artu leike Ezkontza santuko erremedioa. Oneek dira motibu edo errazoiak, zeintzuetarik artu lei, eta artu bear dau bat, edo bai guztiak, Matrimonio santua artu gura dabeenak Jaungoikoaren borondatea egiteko, zelan egin bear dabeen santuen ta kristiñauen umeak direanak. Baia, o gauza negargarria! Zeinbat eltzean ete dira Sakramentu au artzean abere mutu, edo animalia itsu eta loiak legetxe, euren gurari edo deseo zitel ta aragiaren gustu lotsagarriz asetearren! Oneek guero bere eukiko dabeen suertea, laster da esan. Onelangoen ganean Demoniño gogorrak artu daroa eskueskunea ta poderioa. Ikaratuten zaituez entzunak? Eztiñot, bada, nik: S. Rafael Arkanjelu gloriosoak esan eutsan Tobias-eri berba onexekaz. Arako zaldi edo mando sensun-bakoak legetxe ezkonduten direanak, euren gurari edo deseo zikinetan ibilterren, emoiten deutse Demoniñoari euren ganeko eskueskunea. Onelangoakaz gura daben guztia egin daroa Demoniño gaizkiñak. Au berau adietan emo'iten deusku Tobias santuaren historia edo bizitzeak. Zazpi gizon gazte ezkondu zirean Sara eritxon Baguelen alabeagaz, eta ezkonduten zirean gau berean, banaan banaan ilten zituzan bakotxa Demoniñoak. Zegaitik, guero? Gogo loiak aragiaren gustu gureak eroan zituzalako (ezkontzara) eskonduten. Ederra zan, eta edertasun (oneri) begiratu eutsen bakarrik, ez eukeen besterik gogoan aragiaren gustu zitela baxen, eta orregaitixe il zituzan ezkunduta [sic] gau atan berean Asmodeo deritxon Demoniñotzarrak. Alan S. Rafael Arkanjelu gloriosoak kenduteko Tobias-eri, agaz neskatilleagaz zortzigarren ezkonduteko eukan beldur latsa, emon eutsen konsellu auxe, beste batzuen artean. Artuko dozu zeuk neskatilla au zure emaztetzat Jaungoikoaren bildurragaz, ez gustu zitelagaitik, ezpabere semeak eukitearren, alkanzadu daizun euretan Abrahan-en (-eri aginduriko) bedeinkaziñoa. Alaintxe egin eban Tobiasek, eta alan ez bakarrik ez eutsan gatxik egin Demoniñoak, baita bere merezidu (izan) eban igaro'itea zorion andiko bizitza luze bat ezkontza atan.

        4. Jaungoikoak, bada, ezkonduteko deia bein emon deutsun ezkero, eldu zaitez Jaunak aginduten daben gogo tan intenziñoagaz: ondasunak eta aragiaren gurariak baño leenago billatu bear dozu Jaungoikoaren lege santua gorde eragingo deutsun bizimodua. Egia da, esan dodazan errazoe edo motibuak gaitik ezkonduten danak, gura izan leikela bide batez beste arako doiak bere, zeintzuekaz inklinetan eta zaletuten dituez gizonak euren laguna izango dana artu edo eskojietako; zelangoak direan ordekoa edo herederua itxigurea, ondasunak, edertasuna, familiaren edo odolaren garbitasuna, ekanduetan alkarren antzekoak izaitea: oneek eta olango errazoiak ezin esan leiz deungeak direala, ze eztira ezetan Matrimoniñoko santidadea eragotziten dabeenak. Baia zein euretan errakuntzarik ez itsumendurik egon daitean, gurasoai yatorke guztizko ardura andi bat eukitea. Beti beti Eskritura Santan aginetan yake au ardura au gurasoai, eta alan diño Jaungoikoak berak: Yakituriako Liburua deritxon liburuan: «emon eikiozu zure alabea gizon zuurrari, eta egin dozu beratan gauza andi bat». Beronegaitik, eta ezkontzak egin ditezan Jaungoikoaren borondateagaz batera, yakin bear dozue zelan Karlos irugarrenak (Errege) bere zedula edo ordena erkalagaz agindu eban ez bakarrik eleiela emon ezkontzako berbarik ogeta bost urte eztaukeen seme-alabaak euren gurasoen baiezkoa'bagarik, baita bere alagorik egin ta, aitaren baiezkoa euki bagarik ezkonduterakoan emoiten deutse gurasoai eskueskunea alango atenziño bako umeai kenduteko yatorkeen herenzia. Bere seme Karlos laugarrenak zertxubait laburtu eban edadea alabeen alderako, baita andra alargunen semeen alderako bere. Baia dana dala beti egiten dabe pekatu mortala gurasoen baiezkoa euki bagarik nai ezkondutean, nai ezkontzako berba emotean.

        5. Bein oneek esan ezkero Ezkontzarako prestaeren ganean, orain esan bear deutsuet Trentoko Konzilio Santuak Kristiñau guztiai dirautsena. Yakin egizue ezkondutorduan eztozuela artzean gizonak iminiriko gauzaren bat; onerik errez yakingo dozue Jaungoikoaren grazian eldu bear dala Matrimoniño santua artuten, eta pekatu mortalean dagoala ezkonzetan danak, ezkondurik geratuten bada bere, guztizko ikaragarrizko pekatu mortal bat egiten dau, eta Sakramentuari modu onetan artutean egiten yakan injuriaren kastiguan errazoe andiagaz bildur izan bear dau zein bere ezkontzea atsakabez betea, eta zorigaistokoa izan din. Garbi egizuez, bada zeuen (konzienziak) arimaak leenagorik konfesiño santuan, leen esan deutsuedan moduan, eta alan uste zinaie, Eskontzako sakramentu onek ez bakarrik geiagotuko deutsuela grazia, ganeko sakramentuak legetxe, baita bere emongo deutzuela grazia ta berezko esku ta laguntasuna arinduteko ezkonduen bizi-moduak daukazan zeregin ta nekeak, eta betetako, eta ondo ondo egiteko zuen ganean artuten dozuezan egin-bearrak, ta obligaziñoak.

        6. Onen ganean esan bear deutsuet ze, dana legez Ezkontzako Sakramentua senar emazteen arteko tornu guztiz estu emona, alantxe direala bere estuak ta andiak euren ganean iminten dituzan eginbearrak. Baita guztien aurrengo alkar maitetu bear dira, ze osterantxean ezin eroan leike bear dan legez ain karga pisutsua ta uztarri gogorra. Adietan emo'iteko S. Paulo Apostoluak zelan maite izango daben Senarrak bere emazte, diño ze izan bear dabela J.K°.k bere Elexa santea legetxe, baita oraindiokoarren biño, guri urragotik yagokun beste gauza bat bere, eta au da: ondo gura bear deutsela, norberak bere gorputzari legetxe. Eta eztago zegaitik miratu; bada, munduko lelengo andrea Eba, gu guztioen ama egin zan Adan lelengo senarraganik eta bere biotze ondoko saietz baterik, yakin daien senar guztiak biotz biotzetik gura izan bear deutseela euren andreari. Emetik, barriz, agiri da senarrak mandamentu onegaitik amadu, ta lotsea gorde bear deutsala emazteari ez bakarrik bere biotz barruan, baita bere ganeko egikunetan, eta obeidu bere bear deutso Ezkontzeak gizona emaztearen zordun egiten daben gauzeetan. Alan pekatu egingo dau sentimentu andiko errazoerik esaten badeutso, golpe andirik emoten badeutso: baia jeniño gaistokoa bada, soberbia ta suster, ta izpi txarrekoa, gangarra beeratuteko ondo litzateke nosik beintxuan azurrik ausiko ezteutsan ziortxu bategaz lepoa neurtuko baleutso eta astinduko baleu. Zegaitik uste dozue egin daudeela gura daudeena andra askok, ezpada eztaukeelako ezetako animu edo biotzik euren gizonak? Alango aztin-alditxu modu oneko batek emongo deutso bizitzea: baia esan bear deutsuet senar guztiai eztaiela alangorik egin Konfesoreagaz konsellau bagarik eta esperantza andia ez dagoanean ondo urtengo dabela bide onek. Azaz ganetik egiten dau pekatu emazteagaz batera bizi gura ezpadau, edo beraganik apartetan bada errazoe on bagarik; ezpadau emon gura emaztearen eta familiaren dezenziarako bear dana; eta are geiago pekatu egingo dau emoiten badau zeloak artuteko motiburik (oñik) edo sospetxako ta izen deungaro etxeren baten sarri sartuagaz, edo beste neskatilla edo andraren bategaz sarri trataduagaz: au da, gauzea errazoe onean begiraturik uste leikenean eztala Jaungoikoak aginetan daben moduko tratua; baia enkargetan deutset biotz guztitik gauza onen ganean ezkondu guztiak ze, eukirik errazoe guztiz andiak, eta euren begiakaz eguneko argia legetxe ikusi ezik, eztaioela lekurik emon onango ikaragarrizko pasiñoari; bada guztiz dira asko ezkonduen artekoak lehenago Aingeru batzuk legez bake onean bizi zireanak; gero barriz, zeloak direala medio, Diabruak infernu bizi bizian imini dituz, eta da pekatu eskergea errazoa edo motibu arinak gaitik lagunaren pekatua sinistutea. Azkenengo, pekatu egiten dabe euren etseko bizimodua eta eskuartekoa galduteko pelleburuan iminten dabeenak, yokoetara, burubako fientzatara, ta onango tratu deungeetara emonagaitik.

        7. Esan ezkero oneek senarren egin-bearrok, igaroko gara emazteak egin bear dituezanetara. Eurakgaitik diño S. Paulo Apk. zelan Elexa santea dagoan J.K°.ren agindupean, alantxe andraak bere egon bear dabe senarraren esanetara edozein bere gauzatan. Au da, egin bear dituez senarren esanak, ez eurak gura dituezan gauzetan, ez nos eurak gura, ezpabere beti, eta gauza guztietan, ez izanik Jaungoikoaren legearen kontrakoak (kontrakoetan). Yakin begie, bada, Señora andra guztiak, senarra dabeela buru, ta etseko nagusi, Jaungoikoak berak Eba lenengo andreari esan eutsana legez, eta eurai bere bai ezkondutorduan Abade-Maisuak Jaungoikoaren berbakaz. Alan pekatu egiten dau andreak eztagoanean senarraren agindura etxeko gobernuko gauzeetan, eta senarrari yaramonik egin bagarik, berak agindu gura badau etxean. Etxeko agintearitxeagaz edo gobernuagaz yagi gura daben andrea, berauxe gaitik doa senarraren kontra, Espiritu Santuak diñoandi; eta emazteak aginduten deutsan gizona, beragaitik lotsatuko dabe arririoak, ta burlatzar egongo yakaz, diño Espiritu Santuak berak». Pekatu egiten dau andreak, senarrak aginduten badeutso urliagaz edo urleziagaz ez tratetako, edo urlia etsetan ez sartzaiteko, eta egiten ezpadau senarrak onetarako errozoe justua eukirik, eta ezpadauko bere, pekatu egingo dau badaki, edo baderitxo ez eginagaz etseko bakea galduko dala. Pekatu egiten dau bere senarraren borondatearen kontra zenbaisteko inportanziako gauzarik gastetan badau. Egia da, bere estaduko Andrai yatorkeena gastetako senarrak baiezkoa edo lizenzia agirian, eta ao betean emon ez arren, uste leikeala auxe dala bere borondatea, eta beste aldetik senarrak etserako bear dan dezenziarako ezpadau emon gura, ixilik artu leiala atarako emazteak, baia zein norberen burua iñok engañau dagian, andra-gauzeari sarri askotan yazo daroakena legez, guztiz bere yaziteko gauzeetan, eztabe egin bear arik-eta Konfesore yakintsu bategaz konsellau artean.

        8. Azkanean barriz, etse baten bear dana da arkal sufrietea, ta pazienziatan ta bakean eroatea: bada bakotxak gura izaitea norberen gogora guztia etorri dakion, da ezin dan gauzea eskatutea. Jauna esango dau batek: Gogaitarazoten deuste eta ernegarazoten, eztaudelako nire esanik egin gura. Bada yakin egizu eztabela iños abisuak eta agirakeak gitxiago egiten, kolereagaz eta pazienzia falteagaz egiten danean baño, eta alan agiraka egin edo kastigadu bear dozunean itxadon eikezu aserrea, ta sua yoan astegiño; sosegadurik arimea eta epetasun onean zagozala obato urtengo dau edozein bere abisuk, eta obeto egingo dituez esanak. Azez ostian bere zerbaist sufridu bear deutsazue emazteai, ze S. Pedro diñoanez, zuek baño argalagoak dira ta ez ainbesterakoak; baita gizagaixoak miña dau yausten, edo uts egiten errazagoa. Guztia egingo dau amodio karidadezkoa, zein euki bear deutsen arkaleri senar-emazteak. Amodio karidadezkoa diñot: baia kontu zein amodioa eldu daitean ainbestera ze, berari guztu emoitearren itxi daizuen Jaungoikoaren lege santua. Kontu, diñot ostera bere, zein amodio loi batek egin daian pekatu izan deilla oetaran senar-emazteari galarazorik eztagoan gauzean. O, eta zeinbat senar-emazte eroan dituz infernura uste izaiteak ardura bagarik edozein gauza euren artean egin leikeela! Neure ordeko Fr. Gil santuaren aurrean alabetan eban bere burua gizon ezkondu batek, esanik bera zala kasto eta garbia, ez eutsalako bere emazteari galdu Matrimoninoan eutsan fielta. Esan eutsan orduan S. Gilek: Eta, eztakizu etsean norberak daukan ardaoagaz, berea izana rren bere, orditu leitekeala? O, eta zeinbat esan eutsan berba (gitxi) labur oneekaz! O ze ondo izango litzateke ulertuko baleude au ezkondu guztiak! Yakin negie, bada, gorde bear dabeela euren estaduari ta ezkontzako bizi-moduari yatorkan kastidadea. Baia, zer diñot, ezkonduai kastidadea? Bai zelan-bere kristiñauak. Gagokazan konturako dagoz kastidade bi. Bata da ezkonduak eztireanak gorde bear dabeena, baita onek eragozten dau seigarren mandamentuak legetxe, edozein bere aragiaren gustu nai dala pensamentuz, nai gogoz, nai berbaz, nai eginez. Beste kastidadea bat dago eztabena orrenbeste eragozten, eta au da ezkonduak euren artean gorde bear dabeena. Kastidade onek ezteutse galarazoten ezkonduai umeak eukiteko egin bear dana; baia bai osterantxeko gauza guztiak, eta egiten badabe gustu artu, ta seña galaazoteko moduko gauzarik, egingo dabe pekatu mortal ikaragarrizko eskergekoa eta oraindokoarren ezkon-bakoak egingo leukean baño eskergeagoa; edo obeto esateko, ezkondubakoak pekatu mortal bi egin baleukez, ezkonduak egingo dituez lau ikaragarrizkoak. Barriz, egiten dabeen osterantxeko gauzea, ezpada seiña eukitea eragotzi leikena, izango da pekatu mortal guztiz loi loi, eta ezain ezaina danean; ganekoan, barriz, beniala; baia benialen artean andia.

        9. S. Franzisko Sales-ko gloriosoak diño ze, egia andi bat dala, Sta. Katarina Sena-koak ikusi zituzala arima asko tormentu eskergen artean, Ezkontzako santidadea loitu ta kakaztu ebealako, alkarren artean egin zituezanakaz: eta au yazo da, santeak diñoandi, eztaukeelako pekatu oneen ardurarik, bera egiten daudeenean, eta alan dagoz luzaro beratan Italiako erri baten agertu yakan, il ezkero, ama bat bere alabeari. Kanpotik emoiten eban exenplu ona bizi zan artean ama onek; baia orregaitik esan eutsan alabeari: Kondenauta nago zure aitagaz naste egin nituzan pekatu mortal batzuk-gaitik, zeintzuez enituzan lotsea gaitik eguño bere konfesau.

        Izan deila, bada, ezkonduen arteko amodioa amodio garbi bat, J.K°.k Elexa santeari deutsena langoa; amodio kasto bat, zeinegaz estuturik arima bi, bizi guztia umeak zerurako azten emoten daudeela, alkanzauko dabe eurekaz batera bertako betiko gloria. Esan dodanez ganera ondo da ezkondu guztiak gorde daien garbitasuna yai-egun andietan eta barau egunetan, ze alantxe konselletan dabe Doktore Santuak, eta Elexako erregela edo legeak: baita bere komuniño santua artuko dabenez iru egunez lehenago, enkargetan dabena legez Erromako Doktrina liburuak; ez pekatu mortalen beian, baia bai Sakramentu altarakoa erreberenzia (andiagogaz) geiagogaz artuteko.

 

aurrekoa hurrengoa