www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

1. LENENGO MANDAMENTUAREN
GANEKO IKASBIDEA

 

(B, 13-15. or.)

 

        Jaungoikoaren lelengo mandamentuak aginduten deusku, neure Kristiñauak, Jaungoikoa maite izaiteko gauza guztien ganean edo gauza guztiak baño geiago. Eta esan gura dau mundo onetako gauza guztiak, diruak, ondasunak, osasuna, honrea, eta bear bada bizitzea bera bere galdu bear doguzala Jaungoikoaren kontra pekatu egin baño leenago, eta au egingo dogu bere agindu edo mandamentu santuak ondo gordeagaz. Baia orrezaz osteranzean bere dago obligaziñoa Jaungoikoa maitetu eta ametako; eta alan Alexandro zazpigarrenak eragotzi eban esatea, eztaukala gizonak iños bere fede, esperanza ta karidadeko aktoak egiteko bearrik, edo pekaturik egiten eztala eguño bere bere artean esan ez arren sinistuten dituzala fedeko egiak, edo Jaungoikoagan daukela esperanza ta uste andia, eta Jaungoikoa, bera biotz guztiti maite ta laztan dabela. Baita yakin gura badozue nos dagoan Jaungoikoaren amodiozko aktoak egiteko obligaziñoa eta nos barrieztau egin bear dan aren Majestadearen ondogurea, dirautsuet egin bear dogula lenengo ezauerea eukiten, edo errazoiaren usura elduta bertatik eta ar-or non gurasorik geienak egiten daben pekatu, euren seme-alabai ordurako doktrinea erakusten eusteutsalako. Emoiten dabe atxakia esanik, aita, oraindio gazteak dira; gero azi ditezanean ikasiko dabe. A guraso zorigogorrekoak! gazteak dira zuen seme-alabak doktrinea ikasteko; eta eztira, bear eztirean gauza asko ikasteko. Zuek daukezue (daukazue) obligaziñoa zeuben seme-alabai adinera edo usoerrazoera baño leen doktrinea erakusteko; bada ara eldu ezkerokoan dauke obligaziñoa, ta egin bear dituez esan doguzan fede, esperanza ta karidadeko aktoak. Barriz zelan egingo dituez ordurako doktrinea ikasi ezik?

        Bigarrengo, egin bear dira eriotzako pelleburuan ikusten bagara; irugarrengo, Jaungoikoaren amodioaren kontrako tentaziñoren batek estututen gaituzanean, eta beste modutan ezin goia-artu yakonean. Diñot Jaungoikoaren amodioaren kontrako tentaziñoren batek estututen gaituzanean, bada orduan eztau obligetan fede, edo esperanzako aktoak, ezpada karidadearenak (karidadezkoak). Balitz tentaziñoa fedearen kontrakoa orduan egin bear da fedeko aktoa, eta bada esperanzearen kontrakoa egin bear da esperanzazkoa, eta alan ze'en kontra dan tentaziñoa aen kontrako aktoak egin bear dira pekatu mortalen bean. Osterantxeko denporetan bere egin bear dira fede, esperanzako, eta karidadearen egiteko oneek; ze izentaurik edo erabagirik egon ez arren zeinbaterik zeinbatera egin bear direan, Elexa Ama Santeak dauko galarazorik esatea eztala pekatu mortala bizi guztian bein baño ez egitea, baita bere esatea eztagoala obligaziñorik bost urterik bost urtera baño egiteko. Orregaitik bada gauzarik onen oneena da, ainbat sarrien egitea: ze eztogu orregaitio bere laarregirik egingo: bada eztago ordurik zeinetan artuten eztoguzan beraganik mesede asko eta andiak. Baia, zelan egingo dituez ezpadakie askok eta askok, eta geien geienak zer dan fede, esperenza ta karidadeko aktoak edo eginenak egitea? Ikasi bada zelan egin, artean barriz yakin egizue ze karidadeko aktoa dala Neure J.K° Jauna esatea, egiten bada biotzetik; fedeko aktoa dala Kredoa, edo Sinistuten dot, bear dan moduan esatea, au da kargu eginik zer sinistuten dan eta zegaitik: esperanzako aktoa barriz, dala Aita gurea esatea, ez papagaioak legez, ezpabere gure biotza Jaungoikoagan iminirik, eta sinisturik bere grazia eta gure obrakaz edo (eginenakaz) egikera onakaz batera emongo deuskula zeruko gloria.

        Onez ostean mandamentu onek aginduten dausku Jaungoikoa bakarrik adoretea arima eta gorputzagaz. Lelengo adoradu bear dogu arimeagaz geure Yaube eta egillea, au da humildu bear gara bere aurrean ezaguturik geure ezereza eta bere neurribako anditasuna, konfesetan dogula geure egille, geure ongille, geure salbagille, eta daukagun on guztien emoigilletzat: sinistuten dogula adierazo deuskuzan egia ta misterio guztiak, eta iminirik daukagula beragan gure itxaromen eta uste guztiak. Adoradu bere bear dogu gorputzagaz, emoten doguzala kanpotik geure biotzeko ondo gura, ta amodioaren ezaugarri (igargarri) edo señaleak, eta au egiten dogu belauniko yarriten gareanean bere aurrean, oraziño eginagaz, mezea enzunagaz, elexan deboziñoz egonagaz, eta beste onelango gauzakaz.

        Modu askotara egin leiteke pekatu mandamentu onen kontra. Lelengo egiten dabee pekatu arako euren gexoetan biderik eztakarden erremedioak egin edo artuten dituezanak, zelangoa dan batzuk egiten dabeena laruena daukeenean: ebagi euren oña besteko intxaur azala ta laratzuan eskegi, sinisturik zelan doian sikatuaz, alantxe osatuko dala, eta au bereanez da pekatu mortala siniste osoa daukelako eurenez ezin arean egin leien gauzeetan. Bigarrengo egiten dabee pekatu mortala aaztuakgana doazanak, edo berbaren batzukaz osatu deioezan, edo zerbaist galdu badabe non dan, edo nok kendu daben esan daioen. Irugarrengo egiten dabee pekatu berbaren batzuen indarrez osatuten dabeenai dei egiten deutseenak; eta ezteutso berba oneek santuak izanagaitik; ze ikusten danetida onelangoak geien geienetan, gizon eta andra galdu batzuk izan oi dira, ta sarri ta sarri enbusteru ta guzurti garbi ta galantak, jentea engañetearren eta euren lepotik yan ta edatearren dabiltzanak. Laugarrengo egiten dabe pekatu mortala, ez yakiteak eskusetan ezpadituz, arako guraso eta iñudak ume txikiai... eta beste alango milla zorakeria iminten deutseenak, uste dabela aekaz libre geratuko direala begizkotik eta beste gatxeetatik. Aita, zer egingo dot bada? Umea gexorik daukat, ezteust lorik egiten bere isten; gau guztian negarra dario, argalduaz doa, eta eztakit ala dan begizkoagaitik, ala dan sorginkeriagaitik, ala dan beste gauza deungaren bategaitik. Umea gexorik daukezula (daukazula), eta eztakizula zegaitik dan? Bada yakin egizu ze gexo ori etorri lekikiola edo Jaungoikoak alan disponietan dabelako zure pekatuakaitik, edo yakinik zuk deungaro asiko dozula, beragana gaztetarik eroan gura dabelako, edo beste motibu guk ezin igarri doguzan asko gaitik; bai eta bere etorri leiteke umearen geixoa, eta geienetan alan izan doa guraso edo iñude askoren erruz, eta onetan eztau eskrupulurik iñok iminten, izanik askotan euren ume askoren eriotzeen sustraia. Askok eta askok eztabee beste gauzarik egiten yan eta edan edozein gauza baño asetu artean, eta alan galduten dabee ugatza, edo iminten dabee umeak ezin artu leikean moduan, eta gero urteiten dabe esanez, eztakit ume onek zer daukan, begizkoren bat egin deutse oneri. Zeuek, zeuek zaree geienetan ori alan egotearen errua daukezuenak. Beste batzuk eukiten dituez umeak oraindokoarren iru edo lau illabete eztaukeenak euren erdian oien barruan, eta euren arnasa eta berotasun larregiagaz geixotuten dituez ume bigunaren erraiak eta odola, eta gero esaten dabe umeak ezteutsela lorik egiten itxiten, sorginen batzuk darabillela, eta onelango erokeriak. Beste batzuk geixotuten dituez umeak leku santu onetatik ezin esan leitekezan gauzagaitik; bada matrimoniñoko gauzaak bere dauke euren denporea, modua eta neurria, eta ez ezarri errua edo gaizkiñai, edo sorgiñai, edo ari edo besteari; zeuek zeuen matrimoninoko gauzak dira askotan eta geienetan umeen geixoen sustraia. Beste gauza asko egoan zer esan onen ganean; baia itxi daiguzan loitu zedaiguzan ezpanok.

        Bostgarrengo egiten dabe mandamentu santu onen kontra pekatu mortala Jaungoiko eta Santuen izena blasfemetan dabeenak. Ba'kit onen ganean ezyakinak eskusaduko dituzala batzuk pekatu mortaletik; baia ez geienak, alan emoiten dabeen exenplo txarragaitik, zein enzun izango dabeelako edo nos pekatu ikaragarri onen ezaintasuna. Baia orregaitarren bere sarri eta sarri enzun doaz yokoan, tabernan eta beste leku eta okasiño askotan berba batzuk ain deungaak ze, edozein Kristiñau geratu bear litzateke arritu eta ikaraturik. Batzuk esaten dabe: diñodana gaur esan dan Ebanjelioa baxen ziertuagoa da. Beste batzuk au Ebanjelio legez da egia, edo Ebanjelioa berbera da. Beste batzuk ikusten direanean gatxen bategaz edo yazoten yakenean kalte edo galtzaiaren bat, esaten dabe: Niri Jaungoikoak ezteust gura: inposible da Jaungoikoak ni galdu gura enabela; eta beste onelango ezin entzun leitekezan burubako blasfemiak. Oneek guztiok, bada, egiten dabe geienetan pekatu mortala; eta baderitxe diñoen gauzea dala ain ziurra, zein Ebanjelioa, bera izango da bere blasfemia herejiazkoa, konfesiñoan berez ta aparte konfesau bearko dabeena.

        Azkenean barriz egiten dabe mandamentu santu onen kontra pekatu Elexan erreberenzia ta lotsa bagarik, egokera deungaan, berbaz edo barreka egoten direanak. Jaungoikoaren etxea dirausku J.K°.k, oraziño egiteko etxea dala, non daukan Jaungoikoak berak bere bizi lekua. Bageunko bear dogun fede bizia, zeru eginik ikusiko geunkez Elexaak diño S. Juan Krisostomo-k, eta oraindio bere andiagoa da alde batetik eta obeagoa Elexea Zerua baño; bada etzan egin Elexea Zeruagaitik, ezpada Zerua Elexeagaitik. Orretan bere neure Kristiñauak, zek egiten dau ain zori-oneko, eta ain andi Zerua? Jaungoikoa an egoteak. Bada neure Kristiñauak, auxe berau daukagu geure Elexetan: ementxe bertan dago bene-benetan Jaungoikoa, eta egia guztiagaz ortxe altara orretan dago Aita Eternoa; ortxe dago J.K° bere Seme bakarra, bere gorputz eta arimeagaz batera Zeruan bertan dagoana legetxe: ortxe dago Espiritu Santu Jauna Aita eta Semeagaz naste. Altara orren inguruan auspez etxunik humiltasun andi bategaz adoretan euren egille, yaube, eta Jauna: beingoan esateko, Zeru guztia dago gure Elexetan. Baia orregaitik bere ain andia da gizonen itsumendia ze, ezagutu ta konfesadu arren egia au, dagoz Elexan plazaan legetxe, batzuk etxunik, besteak lo..., oneek barreka, aek berbetan: orain begiratuten dabe nor sartuten dan, gero zelango yaztekoakaz doian. Eta, zeinbat bidar urbedeinkatu onzietan iñon direan kunplimentu eta zorakerietan? Beste batzuk etorten dira Elexara egunen batzuetan ikusi eztaben personeari agur edo berba egiten; yarten dira alkarren ondoan, eta itanduten deutse alkarreri zelan dagozan etxekoak, osasunik badauke, ze barri dagoan, urliagaz egon bada, eta modu onetan dagoz konbersaziñoan, plazaan bailegozana legetxe, eta ameneko altareari atsea emonik.

        A fedebako Kristiñauak! Jaungoiko orren aurrean dagoz bildurrez ikara Zeruko Serafinak, eta zuek lotsabakotasun orregaz: Angeruak dagoz alabetan lurreragiño makurturik, eta zuek zagoze askotan banidade eta zorakeriaz buru eta gorputza yanzirik Jaungoiko baten aurrean, eta etxean alkarreri siñuka, irri-barrez eta tabernaan bazengozena legez. Eta orregaitarren bere eztago onetan eskrupulurik, ezta konfesau bear danik bere. Baia, zer dinot eskrupulu? Noragiño eldu da askoren itxumendia? Zeinbat mutil eta neskatilla, gizon ta andra zoro elduten dira Elexara euren biotzeko su loia alkarreri adierazoten euren zikinkeriakaz beteriko begikune eta siñuakaz? Zeinbat persona egoten dira Elexan murmuretan? Zeinbat persona? ...baia ezin esan neiz guztiak. Egin leio Jaun andi oneri desprezio andiagorik? Eta, ze kastigu mereziduko dabe onangoak, J.K°.k Jerusalen-go Elexan orduko sakrifizioetarako bear zirean gauzaak saltzean egozanak atara bazituzan narruzko azote bategaz? Bildur izan zaiteze neure Kristiñauak zuek Elexan lotsabagarik, berbetan, iñogaitik deungaro esaten, burlazar ta barreka zagozen artean Sakramentu Santu orretan egon ze din eskribietan zeuen kondenaziñoko sentenzia. Idigi daiguzan neure Kristiñauak edonos gure fedeko begiak, eta konsiderau daigun noen aurrean gagozan Elexan, eta auxe izango da asko humildanzia, lotsa ta deboziñoz bertan egoteko.

 

aurrekoa hurrengoa