www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

17. SALDU-EROSIEN GANEKO
ERAKUZ-ALDIA

 

(B, 71-75. or.)

 

        1. Jaungoikoaren legeko zazpigarren mandamentuak galaazoten dituzan gauzeetarik bat da proximua edo laguna engañetea saldu-erosian. Ainbeste dira iñoena kentzeako dagozan moduak eta tratuak ze, eztago guztiak argitan imini leikeanik. Eta alan berba egingo dot ezauenen ganean, edo geien egiten direanen ganean, yakin dagizuen nortzuk egiten dabeen pekatu. Lenengo egiten dabe pekatu salzen dabeena nasteetan dabeenak beste gauzaren bategaz: zelangoak direan tabernari ardaoari ura ezarten deutsenak: errotari, eta ogigiña edo panaderak, urun edo ogiari karea, saia, edo beste gauzarik ezarten deutsenak; eta nasteetan dabeen gauzea bada osasunean gatx egin leikeana, beste pekatu mortal bat egingo daudee. Egiten dabe pekatu ikaskinak, edo ikatzen yaubeak, ikatzari ezarten badeutse iduri, lur, edo beste gauzaren bat, eta ikatz ontzat saltzen dabenak; eta beingoan esaterren, edozeinbere naste egiten dabeenak, eta alango naste-bakoen prezioan saltzen dabeenak pekatu mortala egingo dabee. Bigarrengo egiten dau pekatu, neurri edo pisuan zerbaist gitxitu edo kentzen dabenak. Modu onetan egiten dabe pekatu, ardao, ogi, aragi, edo beste onelango gauzaren bat saltzen dabeenak, pisuan puska bat gitxiago emoiten badabe. Bardin oiala, zintea, edo beste gauzaren bat salduten dabeenak, ondo neurtuten ezpadabe. Egiten dabe pekatu ikazginak, edo ikatzen yaubeak bear dan moduan betetan ezpadituez sakuak. Egiten dabe pekatu kana pisu eta neurri txikerragoak daukeezanak agindurik dagozanak baño, edo bear direanak baño. Berba baten; erozten dabenari bear leukean baxen gitxiago emoiten deutsenak, dan moduan dala, pekatu mortala egiten dau.

        2. Irugarrengo egiten dau pekatu gauza txarra ontzat salduten dabenak, erosten dabenak yakin bagarik, eta onaren prezioan. Eta alan egiten dau pekatu oial, mieza, galtzerdi, zinta, edo beste gauza mareadu, sitzak yan, edo usteldua, ezagututen eztakianari saltzean deutsanak ona bailitzan legez, edo onen balioan. Egiten dabe pekatu gari kokoak yana, arto berotu edo galdua, aragi ustela, edo erdi usteldua ontzat salzen dabenak. Egiten dabe pekatu idi, bei, txal, zekor, idizko, zaldi, mando, ari edo beste abere tatxa edo faltaren bat daukana, alangorik ezpaleukena legez salduten dabeenak. Ara Kristiñauak, onango saldu erosirik egiten danean azaldu ta esan bear dira saltzean dan gauzeak daukazan utsune, edo faltaak, eta ainbat obeto ixilak badira, ze osterantxean bestea engañetea da. Enzun daiguzan orain onelangoen atxakiak. Jauna, (esaten dabe ondo pisau, edo neurtuten eztabeenak edo pisu eta neurri txikiagoak daukeezanak) Jauna, au egin ezik, ezin ondo urten giñaike tratuan, eta alan bere ozta ozta ateraten dogu kostadu yakuna: guztia dago gora eta karu. Geu bere sarri eta sarri engañetan gaituez. Neurrian, barriz, eta pisuan utsune edo falta andiak euki daroaguz: puska bat gitxiago emon arren, ba'roe emoiten deuskuen lainbeste, bada eskatuten badeutsagu balio dabena, larregi deritxoe, eta eztabe erosi gura; eta alan gitxiago emonagaz, edo puskatxu bat kenduagaz, daroe balio dabena. Atxakia oneekaz uste dabe askok ta askok edozein bere naste egin leiela, eta zerbaist kendu leiela neurri eta pisuan. Baia ezta au Demoniñoaren asmua baxen. Esaidazue ezpabere, Zer esan gura dozue diñozuenean ezin bestelan ondo urten ziñaiela? Esan gura dozue, aragi, ardao, edo abazeria errematau dozuela, eta onango nasterik eginezik, edo zertxubaist gitxiago emon ezik, irabazi bearrean galdu egiten dozuela? Onetan sartu baño leen, begiratu bear zenduan, zer egiten zenduan, eta uts egin badozu, ezteutsu errurik zuri gauzea erosten doianak. Jauna, nik erremata egin ezkero, igon dau asko ardao, orio, makallao, eta aragiak: orduan baño geiago balio ezpaleu, eneunke egingo onango gauzarik. Orretan sartzen ziñianean, yakin bear zenduen au yazo lekikezuela. Merkatu balira gauza oneek, eta ikusirik zuen irabazi andia beeratu gura izan baleutsubee, imini zan lengo preziotik, zer esango zenduen? Tratua tratu, eranzungo zenduen, eta alan ezin beeratu leiteke. Bada auxe berau eranzungo deutsuee zuen gauzea erostera doazanak. Daukazun tratu ori zeure borondatez artu badozu, itxi egiozu galzen badozu eta artu egizu beste bizi-modu bat. Zeuek dakutsue ze buru bakoa dan atxakia au, eta ezin egin leitekeala ez nasteerik, ez pisu ez neurri txikerrago emoiterik.

        3. Ikusirik nok egiten daben pekatu saldu-erosian ikusi daigun nok egiten daben beste artu-emon eta tratuetan. Egiten dau bada pekatu gauzea salduten dabenak balio daben baño geiagoan, epean emoiten dabelako. Onetarako yakin bear da iru balio, edo prezio modu daukezala gauzaak. Bata goren gorena: bestea beeren beerena, eta irugarrena onen bioen erdikoa. Esaterako; idi bustar batek balio dau geien geien eun-da berrogeta amar dukat, auxe da goren gorena: balio dituz gitxien gitxien eun da berrogei, auxe da beerena: eta onen bieen artean dagoana da erdikoa. Orain bada, idi bustarra epean emon edo saltzean dozulako badaroazuz berrogeta amar dukat baño geiago pekatu mortala egingo dozu. Bardin dirua eskuan emoiten dozulako, erosten badozu eun-da berrogei baño gitxiagoan pekatu mortala egingo dozu; baita biurtu bearko dozu geiago eroan dozuna, edo gitxiago emon dozuna. Egiten dabe pekatu, gauzeak balio daben baxen geiago eskatuten dabeenak gogoa daukeela saltzeako gauzea al daien goren. Esaterako: dakizu gauzeak balio eztabena ogei baxen, eta zuk eskatuten dozu berrogei. Eta, zetarako? Ogeta amarrean salduteko. Ez, Jauna, orretarako, ezpabere balio dabenean geratuteko: zegaitik ze erosten dabeenak beti gura dabe beeratu prezioa al daien guztia, eta orregaitik geiago eskatuten dot. Nok ori sinistuko deutsu? Esaizu, arako zure gauzea premiñaz bear izan daben batek, balio daben baño geiagoan eroan deutsunean, edo eztakialako prezioa geiagoan saldu deutsazunean, atsera emon deutsazu larregi eroan deutsazuna? Eztakit nik azartuko zarean baiez esaten. Ikusten dana da, bakotxak salduten dabela al daian goren, milla guzur esaten direala onetarako.

        4. Ementxe, neure Kristiñauak, gauza bat esan gura deutsuet. Beti gagoz enzuten, Jauna, guzur batzuk esan dodaz saldu-erosian; baia eztira izan gauza grabeen ganean. Ze guzur modu izan dira bada? Jauna, esatea, ori baño geiago opa izan deuste; orretan emon gura izan baneu, guztia neukan saldurik; ori baxen geiago neuri kosta yatan; prezio orretan pozik nik erosiko neunke. Baita, txikiak direala, diñozu, guzur orreek? Zuk guzur orreekaz salduten badozu gauzea balio daben baño geiagoan, pekatu mortala egingo dozu; eta salzen ezpadozu bere bildur izan ziñatekez pekatu mortala egin izango dozula. Ara zegaitik. Mandamentu onetan ez bakarrik galarazoten yaku iñoena kentzea, baita bere iñoena gura izaitea. Zeuk guzur orreek diñozuz erosten doiana engañetako; eta alan au badiñozu berak sinisturik, balio daben baño geiagoan erosi daizun, gura dozu besteen gauzea. Jauna, guzur oneek ezpadiñoguz, ezin ezer saldu giñaike. Ze zorakeria! Sinistuten deutsu erosten datorrenak, ala ez? Sinistuten badeutsu, eta karu eretxirik, erosten ezpadau, eztozu guzurragaz ezer aurreratuten. Erosten badeutsu balio daben baño gorago, engañetan dozu, eta au ezin ziñaike. Sinistuten ezpadeutsu, guzurtitzat zaukaz, eta auxe da aurreratuten dozuna, zeu guzurtitzat eukitea. Esan eikezu beti egia, eskatu eikezu ondo dana, eta ikusiko dozu, zelan guztiak yoango direan zugana.

        5. Egiten dau pekatu, prestetan dabenak diru, gari, arto, edo beste gauzaren bat, iminten badeutso prestetan deutsanari, emoiten deutsanen ganetik, zerbait geiago biurtuteko obligaziñoa. Esaterako, bear dituz zure adiskide edo auzo batek eun bat dukat esku artean: eskatuten deutsuz zeuri, eta zeuk ezteutsazuz emon gura, berbea emon ezik biurtuko deutsazula eun-da iru. Eskatuten deutsuz beste batek anega bi edo iru gari edo arto; eta emoiten deutsazuz anegako zelemiña bat geiago atsera emoiteko obligaziñoagaz. Au lukrua, eta usuria da, eta pekatu mortala. Zerbaist prestetan danean ez bakarrik eroan leike prestetan daben diru, arto gari edo beste gauzarik baño geiago; baia ezin ifini bere leio beste obligaziñoerik. Esaterako: zure adiskide batek bear dituz eun dukat bear-ordu edo estukuntza baterik urteiteko: eskatuten deutsuz eta dirautsazu: gura badozuz eun dukatak prestadu deizudazan, ezteustazuz eun dukatak baxen biurtuko; baia saldu bearko deustazuz zeure arto eta gariak, beste bateri emongo zeuzkiozana legez; bota bearko deustazuz olara zeure ikatzak, etorri bearko zatxataz alogerean. Modu oneetako obligaziñoak lukrua edo usuria dira eta pekatu mortala. Jauna, beste batek emongo leuskiona, emongo deutsat, eta eztau ezer galduko bere arto, gari, ikatz ez alogeretan. Ezteutso: ezin ezer kendu leikio, ezta bere gauzakaz gura dabena egiteko eskueskuna bere. Ain modutan, ain estu au yagon bear da ze, ezin ezer eskatu leike, prestetan dana uts utsik eta bakar bakarrik baño.

        6. Jauna, nik diru orregaz geiago irabazi neukean, merkatari edo tratuan dabilen baten emon baneuntso, euneko sei emongo eustazan. Irabazi ziñaikeanagaitik ezin ezer eroan ziñaike; bada onetara begiratuko balitz, nok esan lei... zer irabazi leitekean? Baita errazoa au emon leike bere dirua geldi geldi daukanak bere. Beste gauzarik litzateke diru ori tratu on edo artez baten imintera baziñoaz, eta besteari mesede egitearren, eta bere erreguz itxiten badozu irabaziko zenduana; edo prestetearren kalteren bat etorriko balitxatzu, eta berari esanagaz, osotu gura baleutsu; bada orduan emongo baleutsu, nai dala irabaztera zoazana, nai dala datorkizun kaltea, au eztator prestetatik, edo ezta prestetan dozunen saria. Bada, Jauna, ezin ezer eroan al baleiteke presteteagaitik, eztau iñok prestadu gurako, eta alan guztiak, edo bai geienak daroe zerbaist presteteagaitik. Badaki ori. Baia zegaitik ezta aurkituko prestadu gurako dabenik? Karidaderik eztagoalako, edo otzitu dalako. Baia ara zer diñoian J.K.k.: prestadu egizue emoiten dozuen baño geiagoren uste bagarik. Geiago eroate au lukreria edo usuria da, eta dago eragotzi edo galaazorik. Eskritura Sagraduak, Ebanjelioak, eta beste lege guztiak kondenetan dabe. Ori geienak egiten dabe, diñozu. Larregik. Uxala eroango ezpaleu, prestetan dan baño geiagorik. Ara, Kr.k, berez txar, deunga, ta pekatu dana, ezin ondu leiteke mundu guztiak egin arren bere. Ezpabere esan egidazu; egin ziñaike lapurretan, askok ta askok egiten dabeelako? Edo esanik zuri, zegaitik lapurretan egiten dozun, deritxazu atxakia ona izango litzatekeala eranzutea: beste askok bere lapurretan egiten dabe? Bada beste onenbeste eranzuten dozu diñozunean, askok daroe presteteagaitik, nik zegaitik eroango eztot?

        7. Egiten dabe pekatu, garia, artoa edo beste bearreko gauzaak erosirik, batuten direan denporetan eskutetan ta ostenduten dituezanak modu onetan karutu dedin laborea, gero eurak gura dabeen bestean salzeko. Onelangoak madarikatuak izango dira erri ta urietan diño Espiritu Santuak. Egiten dabe pekatu mortal arako gizon gogor eta kruelak, zeintzuk yakinik eurak baxen eztaukeela bear bearreko gauzea, euren borondatera ifinten dabe prezioa. Modu bitan yazo leiteke gogorkeria au. Esaterako: daki gizon aberats batek gordetan badira erri bateko amarrenak gura ta gur'ez laborea guztiz urri ebiliko dala. Bada, zer egiten dau? erosten dituz al daizan gari ta arto guztiak, errematetan dituz amarrenak, eta gordetan dituz guztiak, aurkitu zedin errian bere arto ta gariak baño; eta modu onetan iminten dau gura daben balioa edo prezioa. Onek pekatu mortala egiten dau. Beste modu baten au egin leiteke. Eztauke gauzea edo generoa sei edo zortzik baxen: oneek guztiok alkar artuten dabe eta diñoe; geuk baño bestek eztauko onango gauzarik; bada eztogu salduko onen beste baño merkeago. Kontu egizue: daukez, sei, zortzi edo amar gizonen artean merindade bateko amarren guztiak, eta ikusirik urrituaz doazala arto, gari, labore ta frutu guztiak, arkal arturik konponduten dira, eztabeela gari, edo arto anegea onenbestean baño gitxiagoan salduko: au pekatu mortala da. Bardin da euren artean konponduten badira, urlia denporara artean eztogu salduko, urriturik laborea guztiz gora igon daian. Bildurtu, eta larritu beitez onelangoak enzunik Jaungoikoak berak egiten deutsen biraoa Amos Profeta-igarlari santuaren aotik. Zuek zatituten dozuez pobreak, eta goseak ilik daukazuez nekez ta premiñaz bizi direanak, diñozuela: nos igaroko da ila ta salduko doguz merzeriak? nos elduko da denporea utxa eta troxak idigiteko? Orduan txikertuko dogu neurri ta pisua, eta goratuko dogu prezioa. Ondoko giñokoa salduko dogu gura dogun bestean. Ara bada, neuk yuramentu egiten deutsuet eztodala eguño aztuko zeuen gogorkeria au eta uriolak legez etorriko direala gatx guztiak zuen ganera.

        8. Kristiñauak, nor bildurtuko ezta Jaungoikoaren aotik zemakuntza au enzunda? Orregaitik begira zein engañadu zaiezan irabazi-gureak. Onango saldu-erosi, ta artu-emonetan sartu baxen leenago; ondo ondo itandu edo konsellau zaiteze zeuen konfesore edo gizon yakitu bategaz, zuek zuen burutik erabagi bagarik, teologu andi batzuk bazina legez. Ai, neure Kristiñauak; irabazi andi bat begien aurrean iminten bada, guztiz da errez itsututea, eta traturik okerrena, on eta arteztzat eukitea. S. Paulo Apostoluak esaten eutsan bere diszipulu Timoteo-ri: aberaztu gura direanak yausi oi dira tentaziño andietan, Diabruen lakioan, eta guraari txar, oker ta galgarrietan. Zekenkeria, miskenkeria eta ondasunen guraari larregia, da gatx guztien sustraia; bere atsean ibili direan askok fedea galdu dabe, ta yausi dira min-ala eta gatx andietan. Egin begi bakotxak bearra, yanzi, yan, eta bear dabena irabazteko ez bakarrik beretzako, baita bere seme, etxeko, edo bere ardurara daukazanentzako; egin begi alegina, itxiteko seme-alabai zegaz bizi: au gauza ona da, Jaungoikoak agindua, esan eutsanean Adane-ri, eta beragan bere seme guztioi: zeure arpegiko izardiagaz yango dozu ogia; baia ezpedi au izan ardura larregiaz, eta ondasun pillo andiak batuteko guraariagaz, ez azienda zabalak iminteko (uste ureagaz) amurruagaz; ze sartzen baiatzue zuen biotzean ondasunen zaletasun larregia, zeuen arimea bere salduko dozue eurak batzaindutearren; eta saldu-erosi ta artu-emon okerrerik okerrenak, ontzat eukiko dozuez. Egizue alegina kentzeako zeuen biotzetik gurari larregi au; billatu egizue aurrengo, Jaungoikoaren erreinua, eta berak emongo deutsue gorputzerako bear dozuen guztia: berak dauko berba au emonik, baita lenago galduko dira zeru lur ta euretan dagoan guztia, bere esana baxen. Bera da guztioen aita; baia, zelango aita? Munduko aita guztiak eztituez ain laztan euren semerik maiteenak, zein da berak gu. Bear badoguz ondasunak, berak emongo deuskuz; eta emoiten ezpadeuskuz izango da ondo ez yakulako. Ekarri daiguzan, bada, beragana geure gogo ta uste guztiak, eta onexegaz bakarrik biziko gara mundu onetan poz pozik Jaungoikoak emoiten deuskunagaz, eta artuko doguz bestean neurribako ondasunak. Alan gerta deilla. Amen

 

aurrekoa hurrengoa