www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

14. LOIKERIARIK ZUEN ARTEAN
ENTZUN BERE EZPEDI

 

(J, 81-95. or.)

 

Omnis inmunditia nec nominetur in vobis.
Ephes. c.5. v.3.

 

        Jaungoikoaren legeko seigarren mandamentuak dirausku, iñoren senarragaz edo andreagaz obrazko (aragizko) pekaturik ez egiteko; eta bederatzigarrenak, ez alangorik egin gura izateko. Baia berba oneetan ez bakarrik galarazoten deusku Jaungoikoak berba utsak eurak diñoena, baita loikeriako gauza guztiak bere, nai pensamentuz eginak direala, nai berbaz eginak, nai deseoz ta gurari (gogo) utsez eginak. Gauza onen ganean izango da arratsalde onetako doktrina. Bakit nik, eta edozeinek alan esango dau, guztiz dala gatx, bear dan legez egitea. Aingeru baten garbitasun guztia bearko litzateke, gauza ain loiaren ganean garbiro berba egiteko, eta bere yakituria guztia yakiteko zer esan bearko dan batzuei kontuan yausi (igarri) eragiteko eurak egiten dituezan, eta pekatutzat artuten eztituezan gauzak, pekatu direala, ta pekatu bere pekatu ikaragarriak; beste batzuei barriz eztakiena ez erakusteko, eta ez yakitea bere oba dana yakin ez dagien; eta orregaiti pozik itxiko neuskio ezer esan bagarik. Baia auxe da, mundua geien galdurik daukana; eztau bestek ainbeste gortuten Kristiñaua, ez entzuteko Jaungoikoaren deiak; eztau bestek ainbeste itsututen, Jaungoikoaren legeari ez begiratuteko: eta alan pekatu onegaz artuten dituz Demoniñoak Kristiñauak, arrañak sare bategaz artu oi direana legez. Orregaiti ezin itxi neio ezer esan bagarik; ta, San Agustinek ziñoana, nik bildur-bagarik esango dot, zuek lotsa-bagarik egiten dozuena. Uste dot, barriz, Jaungoikoak iminiko deustazala bear direan berbak, garbiro garbiro, bere ondrarik andienerako, adietan emoteko pekatu loi, atsitu, ta infernuko kiratsez beteriko au.

        Eta enas lotuko azaldu eta iragarri ezinik arako pekatu andi andi ezagunak, bada oneek guztiak aintzakotzat ezagututen dituez; eta bakarrik esango deutsuet onelangoen ganean, konfesiñoan agertu bear dala zelango moduko lagunagaz egin dan; izan bazan ezkonduagaz edo libreagaz (ainbakoagaz); izan bazan aldeagaz, eta ze aldetasun eukan (zeinbatkarren alde zan); izan bazan boto-kastidadekoa eukanagaz; izan bazan ganaduren bategaz edo patariren edo giberriren bategaz; izan bazan enbrak enbretara egina, edo gizasemeak gizasemeetara egina; baita bere esan bear da norberen buruagaz egin bazirean eskuka loiren batzuk eta zer yazo zan... Oneek guztiok, bada, alde batera itxita, goazan berba egiten arako beste pekatuen ganean, zeintzuk askok eta askok aintzakotzat bere artuten eztituezan, eta oneek dira pensamentu (gogo) loiak, berba zantarrak, ebillera pelleburuzkoak, lagun deungak, eta alangoak.

        Lelengo lelengo bada, datoz gogoagaz egiten diran pekatuak. Gogoagaz modu bitan egin lei pekatu; edo gauza loiren bat, norberen guraz, gogoan erabiliagaz; edo gauza loia egiteko gogoa artuagaz. Egiten dabe bada pekatu, ta pekatu mortala, gauza loia euren borondatez gogoan darabildenak, gauza ori egiteko asmurik euki ez arren. Gauza loia buruak emotea ezta pekatu, bada au eztago geugan, ez geure eskuan. Pekatua, bada, dago, pensamentu loia bein igerri azkero, pensamentu ori kentzeako aleginak ez egitean, ta norberen guraz gogoan erabiltean. Kontu egizu: buruak emoten deutsu zer izango ete dan seigarreneko pekatua, zelan egiten dan, ze gustu zikina artuten dan. Bada zuk orduan, pensamentu au asmau orduko, kentzeara egiten badozu, eztago pekaturik, baia kendu bearrean, aurrera bazoaz, aleginak egin-bagarik botetako, eta pensamentua beste gauza batera yokatuteko, pekatu mortala egin dozu.

        Deungagoa da oraindo gogoagaz egiten dan bigarren pekatua, eta da aragizko pekatua egiteko gogoa artutea, edo beste loikeriaren bat egin-gurea, zer edo zer gaiti egiten ezpada bere. Kontu daigun: ezkongei bat dago bere ezkongei lagunagaz; alan egonagaz, (oi dana) berotuten yako biotza, ta sartuten yako pekatu egiteko gogoa: baia edo orretarako era onik eztagoalako, edo gurasoen bildurrez, edo uste dabelako edo uste dauelako besteak lagundu gurako eztauela (ezteutsala txitik), edo beste alangoren bategaiti; eztau berbatxu bat bere orren ganean ateraten, ezteutso siñu bat bere egiten. Bada auxe —gogo txar au—, uts-utsik eta beste-bagarik, da asko pekatu mortala izateko, eta alan egin bere egin dau; ze Jesukristo geure Jaunak diño, begiz deungaro yoten dabenak emakumea, eta begiratuten deutsanak pekatu egiteko asmuagaz, ya bere biotzean egin eban pekatu. Baia buruak emotea pekatu egingo leukealakoa ezta pekatu, norberen erruz eztanean, laster bururik botetako alegina egiten bada.

        Baia kontu, Kristiñauak, orain esan dodanagaz; norberen errubagarik izan bear da, bada ganekoan pekatu mortala egingo da. Askok eta askok esan daroe eurak eztabeela pekaturik egin gura; baia eztituez itxi gura urliagazko ta urleziagazko berba-aldi luzeak, amurraturik dagoz beragaz egoteko al daien guztian, alkarregaz dagozanean asmetan dabe euren biotzean su zorigaistoko bat, zeinek azurretaragiño erre bear dituzan; eta orregaiti bere eztaudee alangoetarik urrun egin gura; baita esaten baiake alango onda-bideetatik alde egiteko, bertati erantzun daroe: Aita, eztogu guk iños gauza deungarik egin. Zer da kanpoti egin ez arren, zuen biotza infernu bat eginik badago? Oneek biok bada dira gogoagaz pekatu egiteko dagozan modu biak; gauza loia norberen guraz gogoan erabilten danean, eta gauza loiren bat egin gura danean; eta ezta egia askok uste dauena, seigarrenekoan obrazko (aragizko) pekatua baño besterik eztagoala.

        Ikusi ezkero zelanbait zelan gogoagaz seigarrengo mandamentu santuaren kontra pekatu egin leitekean, dakusgun orain nortzuk geien egin daroien gogoagazko pekatu ori. Lelengo, bada, pekatu mortala egin daroe gazte askok, zeintzuk ezkonduen kontuak burura ekarrita, esaten daudeen euren artean: bada ni ezkondutarik banengo, au egingo neuke, bestea egingo neuke, eta ezkondutarik banengoko iski orregaz, edo ezkonduen gauzak egin gurako leukeez, edo bai beintzat ezkonduen gauzak (gauza orreek) gogoan erabili. Bigarren, pekatu mortala egiten dabe gauza loia gogoan artuta, euren artean esaten dabeenak: pekatu ezpalitz bada, au egingo neuke, ori egingo neuke. Irugarren, pekatu mortala egin daroe leen iñogaz adiskidetasun txarra izan ezkero, itxi bear izan badeutse bere adiskidetasun orreri, edo Konfesoreak eragotzi deutselako, edo gurasoak, abade maisu jaunak, edo bestek galarazo deutselako, alanbere beti darabildez buruan ta biotzean lengo kontuak, beti dabiltz nondi nora ikusiko direan (arkal ikusiko daben), alkarreri goranziak biraldu, alkarren kartaak irakurri, edo batak besteari pañueluren bat edo beste gauzaren bat erregaladu badeutso, axe eskuetan artuta, beti ari begira ta begira. Laugarren, pekatu mortala egin daroe ezteguetara yoanik, edo yoan ez arren, entzunik nor edo nor ezkondu dala, ezkon(du) barrien gauza ez garbiak euren guraz gogoan darabiltzezanak.

        Bostkarren, pekatu mortala egin daroe gura leukeenak lotan etorriko balitxakeez seigarreneko ames loiak, kontu eginik lotakoa ta amesetakoa eztala pekatu. Lotako ames loiak eztira pekatu, norberak orreek etorteko oñik emoten ezpadau, eta iratzartuta berbertati burutik kendutera egiten badau; baia gura izatea alangoak etorri dakiozan, pekatu da, ta pekatu andia. Seigarren, pekatu mortala egin daroe alargunak, lengo ezkontza arteko gauza ez ain garbiak burura ekarrita, atan atan badagoz. Alargundu ezkero ezta alango gauzarik buruan erabili bear; eta baletoz, gazteak legez, buruti bota bear dituez. Zazpigarren, pekatu mortala egin daroe gazteak, bein ezkontzako berbea emon ezkero, ezkondu ezkeroko kontu ez garbi garbiak euren guraz gogoan darabiltzezanak, eta au geienean yazoten yake alkarregaz dagozanean ezkongei biak, edo alkarganik alde egin ezkero, gustiz bere arkalegazko egote (aldi) ori luzetxua izan bada, eta bakartxurik egon badira. Zortzigarren, pekatu mortala egin daroe neska-mutilak alkarregaz naste dagozanean barre-zantzoka, zirrika, bultzaka, igozka, kilika, berba zantar nasaiak esaka, eta olangoetan, bada orduan euren gogoa eztoa geldi egon; eta ez alan dabiltzezanena bakarrik, baita bere alango lekuetara euren borondatez yoan ta alan deungaro dabiltzazanai gustuz begira dagozanena. Onelango pensamentu loiak bada, bertan buruti aleginez kentzean ezpadira, pekatu mortal andiak dira, eta alde eragiten deuskue Jaungoikoaganik: perversae cogitationes separant a Deo.

        Baia esango deustazue: eta, alango pensamentu loiak burura yatorkuzan bakotxean pekatu egiten al dogu? Ez, Kristiñauak, ez, ezpabere alango pensamentu eta gogoetai arrera (abegi) ona egin ta leku emoten deutsazuenean. Leen esan deutsuedana legez, pensamentu loiak burura ez etortea eztago geure eskuan, eta guk gura eztogula bere etorri oi yakuz malpekadu, sarri askotan bere. Orduan, bada, igarri orduko egiten badoguz aleginak pensamentu loi orreek burutik albait lasterren botetako, eztago pekaturik, eta kontrara, ori eginda, Jaungoikoaren begietan irabazten dogu merezimentu guztizko bat. Baia kendu bearrean, ezpadozue kenduteko aleginik egiten, eta aurrera bazoaze pensamentu loi orreekaz, puska puska baten baño ezpada bere, pekatu mortala egin dozue. Ara emen au ulertuteko irudi alazoko bat.

        Bazagoze neguko arrastegi baten sut-ondoan lau edo bost lagun berotuten, eta alangoren baten yagiten da bat dagoan lekuti, eta diño: emen erre-usaña da, soñekoren bat erretan da. Zutunduten zare guztiok, eta asten zare begiratuten ea noena dan erretan dan yaztekoa: baita orra non zorionean, zegaiti zurea izango etzan erretan zan ori. Zuk orduan berpertati amatetan badozu, edo sua amatetako alegina egiten badozu, ezin iñok zeure erru imini lei artean erre dana; baia sua amatau bearrean bazagoz aoa zabalik, erretan danari adi, zurea da arik aurrera erretan danaren errua. Baia kontu egizu ain modutan exetu yakala zure yaztekoari ze, alegin guztiak eginda bere ezin amatadu dozun: bada ezta orduan bere zurea erretan danaren errua, amatetako aleginak egin dozuzalako. Beste onenbeste bada yazoten da pensamentu eta tentaziño (burutaziño) loiakaz. Buruak emoten deutsu bear eztan gauzea, eta Diabruak putz emonda, biztuten da zeure biotzean akordu loiaren sua: oraindo au ezta pekatu; au ezta zure yaztekoan yausten dan txingarra baxen: oraindo ezteutsazu lekurik emon, eta S. Agustinek diñoana, eztago pekaturik noberen borondatea bagarik; eta zuk orduan igarri ta bertati botetan badozu, edo botetako aleginak egiten badozuz, edo biotza Jaungoikoagana eregiagaz, edo Maria Santisimeari bere laguntasuna ta eskua eskatuagaz, edo beste onango gauzaren bat eginagaz, garbi izango dozu zeure burua, pensamentu loia kendu ezin izan arren bere. Baia bein kontuan yausi ezkero zelango pensamentu loia, edo burutaziño txarra gogora etorri yatzun, atantxe bazagoz apur apur baten baño ezpada bere, alegina egin bagarik zeuganik uxatuteko ta kentzeako, ya egin dozu pekatu mortala; eta zeinbat eta geiago zagozan atan atan [sic] atzera ta aurrera, ainbat andiagoa izango da egingo dozun pekatua.

        Baia bear bada batek edo batek esango deust: Aita, tanga tanga baten baño etzan izan gauza loi ori gogoan erabiltea: ze gero beingoan errezadu neutsan Ama Birjineari, eta egin neban buruti kendutera. (Bai nai, neure Kristiñauak:) tanga tanga bat da asko onen ganean pekatu mortala egiteko. Ondo da gero bere alegina egitea, pensamentu loia gogoti botateko, eta pensamentua beste gauza batera yokatuteko; baia bein danik bein egin zenduan pekatu, zeure guraz egon bazinean gauza loian pensetan, memento bakar baten baño ezpazan bere. Aita, esan daroe beste batzuk, eneunkan nik gauza txarrik egiteko asmurik. Ezteutso orregaiti, Kristiñauak. Pensamentu loia pekatu mortala izateko, ezta bear buruan dagoan gauza loia edo pekatua egiteko gogorik, ez asmurik. Ulertuko dozue zertxubait irudi onegaz. Bazoaz zeu denda batera non dagozan gauza guztiz eder politak; urregorrizko ta zurizko gauza ederto eginak, arri baliotsuak, sedazko ta urrezko yaztekoak, ta beste onelango asko; ifinten zara eurai begira bapere erosteko gogo bagarik. Itanduko baleutsu merkatariak, ea zer egiten dozun, erantzungo zeunskio: emen nago begiai gustu emoten. Onenbeste bada da pensamentu loiagaz yazoten dana; ezta obraz (aragiz) egin gura pekatua: baia gustu emoten yako memoriari, gauza loia gogoan erabiliagaz; eta auxe uts-utsik eta bera bakarrik da asko pekatu mortala izateko.

        Baia gauz'onen ganean modu bitako personak izan doaz, batzuk estuegiak, eta besteak nasaiegiak. Badira persona batzuk Jaungoikoaren bildur andikoak, sarri ta ondo konfesetako ta komulgetako aleginak egiten dituezanak, euren soñekoetan, berbaikunean, ibilkunean, eta egikunetan modu ona erakusten dabeenak: alde egiten dabeenak dantzeetati, fiestetati, batzarretati, eta pekatu bide guztietati; goixean goixean Jaungoikoari egun atako gauza ta eginen guztiak opetziten deutsezanak, eta eguneti atxina bere Jaungoikoa gogoan sarri darabildeenak. Onetariko geienai askotan etorri yoakez onelango pensamentu loi gogaitkarriak, eta euren arteko batzuk larregi estutu oi dira, eta alangoa asmau orduko, dabiltz buru guztia austen ea lekurik emon badeutse edo ezpadeutse; eta deungaro egiten dabe, bada zeinbat eta estutuago, ainbat eta geiago etorriko yakez pensamentu ta gogoeta gogaitkarri orreek. Ez Kristiñauak, Jaungoikoaren bildurpean bizi zareenok etzaiteze larritu alango pensamentuak buruak emon arren. Egin bear dozuena da, pensamentu loi orreek asmau orduko, biotza Jaungoikoagana egin, eta gogoa beste gauza batera yokatu, ta ez ibili atzera ta aurrera leku emon badeutsazue edo ezpadeutsazue. Buru guztia galduko dozue, eta eztozue gauza garbirik aterako. Ezpadakizue ziur leku emon deutsazuela, ez yaramonik egin, ezta konfesetako esaminea egiten dozuenean bere: bada-ezpadan esaten yako konfesoreari zelan pensamentu orreek etorri yatzuezan, ta eztakizuela leku emon badeutsazue, eta alan egin ezkeitio, geldi geldi eurak yoango dira.

        Badira beste persona batzuk gauz onen ganean nasaiegiak eta askatuegiak direanak. Oneek meatz konfesetan dira, ta bear bada gararik garara, edo konfesetan badira izan doa damu bagarik eta munduaren begietan ondo erestearren. Eurak dabiltz dantzarik dantza, fiestarik fiesta, zelairik zelai, ta neska-mutilen arterik neska-mutilen arte. Ezteutse ardurarik berba nasaitxuak, eta nasaitoak bere esan arren: mozuak, zirriak, eskuak edozein lekutara eroateak, eta orreek eztira ezer. Eta alanbere ezteritxe daukeela bein-bere pensamentu loirik, eta konfesonarioan eguño bere etxake entzuten orren ganean berbatxu bat bere ateraten dabeela. Oraindio ori baño geiago yazoten da. Etorriko da konfesetan, obrazko pekatu bat, edo pekatu asko egin dauen bat, edo animaliaren bategaz deungaro ebili dana, edo bere bakarrean zantarkeria asko egin dituzana. Eta itanduten baiako, ea pensamentu loiai iños leku emon badeutse, beingoan erantzuten dau ezetz. Baia au, neure Kristiñauak, ezin izan leitekean gauzea da. Sut-ondoan egon ta ez berotu, edo surtan bertan egon ta ez erre, belu yazoko direan gauzaak dira orreek. Onelango personak, bada, pensamentu loiz bete beterik ibili doaz, eta geienean, edo bear bada beti leku emoten deutse alango gogoraziño zantarrai, eta bein baño geiagotan onelangoentzat amesetako pensamentuak bere pekatu izan doaz, eurak iratzartuta egozala, emon ebeelako pensamentu amesetako orreek etorteko oña. Orregaiti, bada, oneek guztiok esamina kontuzko bat egin bear dauee gauza onen ganean. Goazan orain berbeetara.

        Berbeagaz bere pekatu egin lei mandamentu santu onen kontra, eta egin bere askok egin daroa. Lelengo bada pekatu mortala egiten daudee iñor seigarreneko pekaturako tentetan daudeenak. Bigarren, pekatu mortala egin daroe gauza txarra egiteko gogoa izan ez arren ta txantxan legez, eta barre egiteko izan arren esaten dituezanak berba loi tentagarriak, ta iñor pekatu egitera ekarteko modukoak. O, eta zeinbat onetariko entzun oi direan yolasetan, yolas-osteko batzakuntzetan, bigiretan, ta alangoetan! Irugarren, pekatu mortala egin daroe berba amodiozko laban ta estalduak iñori esaten deutsezanak, zeintzuk berez loiak ez izan arren, adierazoten dabe biotzeko sua, eta eztagoala garbi dauken intenziñoa. Alan pekatu mortala izango da esatea mutil batek neskatilleari biotza, ederra, eta onelango labankeriak, amodio loia erakusteko direanean. Laugarren, pekatu mortala egin daroe berba loi guztiz zantar, ezain, eta klaru klaruak esaten dituezanak, iñor pekaturako tentetako berbak izan ez arren; soloetan, beargintzetan (bearlekuetan), bigiretan eta beste alango batzarretan askotan baño geiagotan entzun oi direana legez. Modu onetan pekatu mortala da barre eragitearren izen loiak esatea. Pekatu mortala da norberen burua seigarreneko gauzeen ganean alabetea, esanik, loikeria au edo bestea egin dabela, eta ara okerrago esaten badau, urliagaz edo urleziagaz egin ebala; bada orduan dira pekatu mortal bi, bata seigarren mandamentuaren kontrakoa, eta bestea murmuraziñokoa zortzigarrenenkoaren kontrakoa; eta dauko obligaziño estua, besteari kendu deutsan kreitua biurtuteko. Kontu, neskatillak; Diabrua zur dabil zuei pekatuan yausi eragiteko, eta gero eztau lorik egiten, zuen pekatua agertuteko.

        Pekatu mortala egiten dabe ezkondu askok, ixilik euki bear leukezanak besteen aurrean esaten badituez, guztiz bere gazteen aurrean bada. Pekatu mortala egiten dabe arako neguko gauetan kontu loiak, eta ipuin ez garbiak kontetan dituezanak; guztiz bere euren umeen aurrean danean, edo euren umeak dantzuela; pintetan daudeela gauza deungea al daien ondoen, obeto ulertu dagien, zer esan gura daben. Pekatu mortala egin daroe kanta loiak yakinen ganean kantetan dituezanak, egin oi daroena legez mutil gazte zoroak, eta neska gangar buru-arinak, guztiz bere zelaietan, zokondoetan eta bazterretan batzandurik, dantzan egiten dabeenean, guztiak barre ta algara egiten dabeela gauzarik zikinena, klaru ezpada bere, adietan emoten danean. Oneek guztiok bada, pekatu mortala egiten dabe, eta askoren aurrean danean ez pekatu bat bakarrik, ezpabere ainbeste pekatu zeinbat direan aurrean dagozan lagunak.

        Ai Kristiñauak, onenbeste zabaldu da gaurko egunean geure errietan berba loiak esateko izkune txarra ze, nago eze Kristiandade guztian erriz erri, ta yentez yente, eztala iñon bere euskal-errietan baxen berba loi geiago esaten. Nai batu dedila yentea (ditezala lagunak) solora, basora, karobira, ira-ebatera, gari-ebatera edo yotera, orbela-batzaitera, arta zurietara, linoa apaindutera (linagintzara), txakolinak egitera, nai beste beargintzetara (bearlekuetara), gaubelai eurai bere parkatu bagarik, antxe urten bearko dabe berba loi, zantar, ta infernuko kiratsez bete-beteak. Ezkonduak ezkonbakoai (ainbakoai) atera bearko deutseez onelango loikeriak; mutilak neskai esan bearko deutseez milla zantarkeria; neskak algaraz, barre-zantzoka entzun ezeze, baita urtentxuak badira neska orreek, eurak beste ainbeste esateko eztaudee iñoren bearrik izango: eta atso-agurak eurak, kadereari ozta eragiten deutsenak bere, eztira alangoak esan bagarik izango; eta bear bada oneek aurrerengo izango dira gazteen begiak idigiten. Eta, zer esango dot ezteguetan yazoten dana gaiti? An bai naste-borrastea! An bai berba loiak, ta lotsagarriak! Gizon yakitun batek, asko ikusi, ta asko entzun ebanak, esan oi eroian: bera pozik egongo litzatekeala, ezteguetara doazan bakotxa-ganik Diabruak ogeina pekatu mortal baño aterako ezpalituz. Eta egun atako berba loiak asko ezpalira legez, biaramonean, ta biaramonean, ta biaramon askotan, esan bearko deutseez ezkondu-barriai loikeria ulertutera emoteko berba zantarrak; emazte barria lelengo seindun agertuten danean bere bai, ta eztakit nik nos ez.

        O zeinbat arima dagozan infernuetan erretan olango berba loiak esanagaiti! Zeinbat dagozan onelango loikeriak gustuz entzun ta barre eginagaiti! Onelango berba zantarrak galduten dituez askoren ekandu onak eta biziera santuak, bada S. Basiliok diñoana, berba loiai lotsea ta bildurra galdutea da geldi geldi gauza loia bera egiteko bideak artutea. Demoniñoak eragiten deutse loikeriak esaten dituezan miñai, diño S. Buenaventurak; eta berba loia bat bada bere askoren arimak ilten dituz, esaten dau S. Bernardok. Kontu bada Kristiñauak, onelango berbakaz; ez bein bere loikeriarik esan, ta ez entzun gura bere; eta besteak esaten abietan badira, ixildu eragin alango infernuko miñak; eta ori ezin badozue, alde egin olango lekuetati; ezpabere zuen biotzetan biztuko da loikeriako su ikaragarrizko bat, pekatu asko eragingo deutsuena. Eta zuek, gurasoak, ez itxi zuen seme-alabai alango ezteguetara, yolasetara, bigireetara ta leen aitatu dodazan besteetara yoaten; eta bakarrik yoan leitekez Jaungoikoaren bildurreko lagunak baño izango eztirean ezteguren batera edo beargintzaren (bearlekuren) batera; eta ori bere al dan gitxien, bada lagun onen artean bat izaii leiteke adin-ona, eta bat da asko, lagun asko galduteko; eta beste aldeti barriz ezta lagunen esan bearrik izaten gogoak gauza txarren bat emoteko. Zuen etxeko bearrak barriz, zerbait estututa bere, egizuez etxeko familiagaz, eta kanpoko lagunik ekarriko badozue, begira nor ekarten dozuen, ez ekarri Jaungoikoaren bildurrekoak baño; alango berba zantarrik esaten eztakiezanak. Osterantzean zuek, gurasoak, alango leku txarretara yoaten umeai itxiten badeutsazue, edo etxeko bearretarako lagun txarrik badakazue, zuen umeak pekatu andiak egingo dituez berbeagaz, ta gogoagaz, ta pekatu orreek guztiok zuen lepo-ganera etorriko dira, ta Jaungoikoak gero estu artuko zaituez.

        Esan dodan beste bildur izatekoak dira berba loiak, baia alan da guzti bere etxakez falta izaten atxakiak berba-loi-esaleai. Onelango atxakiai bada erantzun bear deutset orain. Aita, esan daroe batzuk, txantxetan esan oi doguz (geuk) berba orreek, besteai barre eragitearren. Besteai barre eragitearren, diñozu esaten dozuzala berba loiak. Eta, zu lango kristiñau batek bada esan bear leusket olango gauzarik? Barre eragin Jaungoikoaren ofensako berbakaz, eta bear bada besteen arimetan kalte andiak egingo dituezanakaz? A Jaungoiko laztana non da zuri zor deutsugun lotsa ona ta amodioa, zeure lepoti, bada, barre egin bear badogu? Besteai barre eragin? Bai, diño S. Juan Krisostomo-k, Diabruak barre gozoa egiten dabe berba loiak esaten direan lekuan, baia, Aingeru Santuak negar minak, eta ondo minak, egiten dituezala! Eta egin bere bear ikusirik Jaungoiko andia ezetarako ez ikuski batzuk oñ azpian darabildela. Besteai barre eragin? Baita zer dakizu zuk zer egingo daben besteen biotzean zure berba loi orreek? Bear bada leku emongo deutso zeure berba loi ori dala medio datorkioezan pensamentu loiai, ta oña artuko dabe aurrerantzean pekatu andiagoetan yausteko. Aita, esango dabe besteren batzuk, denporea emoteko baxen eztaroaguz guk esaten berba, ipuin, eta kanta orreek. Ondo: eta, non da zuek artuten dozuen atsegintasun eta gustu loia, eta besteak egiten dabeen algarea, arako gauzarik loiena esaten dan orduan? Denporea ez euskun Jaungoikoak emon modu orretan igaroteko, ezpada bera serbietako, eta geroko zerua irabazteko. Denporea emon gura badozue eztira falta berba garbiak, santuen bizitzak, ta ipuin ez loiak. Doktrinea irakurten, edo itanduten bazengoze bardin bardin yoango lekikezue denporea, eta bitartean barriz zeru andia irabaziko zenduke.

        Jauna, esan daroe askok, eztaukaguz guk pekatutzat orrelango berbaak. Ainbat okerrago: bada agiri da atsiturik dagozala izkune orregaz zuen biotzak, eta aoak. Gela atsitu baten norbait sartu-barri danean, beingoan suurrak emoten deutse ango atsa, eta bertan ezin egonik egon doa; baia bein atara egin ezkero eztau atsitutasunik asmetan. Alantxe da berba zantarrakaz bere. Lenengeran orrelako berba loi bat esan edo entzun orduko ikaratuten da bat; baia bein atara egin ezkero ezta ezer sentietan; eta orregaiti diñozue eztaukazuezala pekatutzat onelango berbaak. Baia zelan esan ziñaike eztaukazuezala orreek pekatutzat? Esan egidazue olango berbaikune loian diñarduzuela badator Sazerdote, Abade, Guraso, Ugazaba edo beste lotsa-andiko personaren bat, etzare beingoan ixilik geldituten? Eta zeuetariko batek ikusten badau onango personaren bat etorten, ta besteak aurrera badoaz euren berbaikunean, eztau bertati esaten: ixi, urlia dator emen-da? Eta onelango personaren batek entzuten badituz zuen berba nasai orreek, etzare lotsatuta geratuten? = Bai, Jauna, egia da. = Bada deungetzat ezpadaukazuez, zetarako ixilduten zare? Zetarako lotsatuten zare? Gauza ona balitz diñozuen ori, etzinatekeze ixilduko; ezpaleuke berba orreek gauza deungarik etzinatekeze lotsatuko, eta alan ezin sinistu lekikezue eztaukazuezala pekatutzat.

        Aita, esango dau beste norbaitek, nik eztaukat onango berbetan asmu txarrik, esan baño besterik ezta izaten. Kristiñauak, esan deutsuet leen bere, eztala asmu txarrik bear berba loia pekatu mortala izateko, bein berba loi anditzarra bada edo iñori pekatu eragingo deutsana, edo eragiteko modukoa. Baia gorroto geiago artu dagioezuen alango berba zantarrai, esango deutsuet orain Diabruak sarri ta sarri onelango izkune txarra daukeenak artu oi dituzala bere mandataritzat, eta bear bada berak berez galduko etzitukezanak alangoen bitartez galdu daroazala. Ara zer yazoten dan. Elduten da persona garbi loikeriaren barri eztakienen bat, edo loikeriari gorroto deutsana, alango berba loiak esateko (esaten) ekandu deungea daukenen artera. Asten dira besteak, oi dabena legez, berbeetan: batek esaten dau berba arin barre eragiteko bat, erantzuten dau besteak beste bat; asten dira guztiak barreka ta algaraz: aurrera doa infernuko berbaikunea eta aurrerago eta loiago eta gozoago. Lenengeran bestea lotsatuten da, baia ikusirik guztiak dagozala modu batekoak, besteak baxen gitxiago ez izatearren, egiten da eurakaz bat, eta asten da berba loiak esaten. Eta aror non Diabruak galdu dauen arima triste au, zein galduteko, alango mandataririk izan ezik, bear bada etzan asko izango Diabru ori.

        Irugarren, mandamentu onek galarazoten dabena da gauza loiak egitea. Ai, Kristiñauak zeinbat loikeria egiten ete dira munduti atxina, eta zeinbat atxakia billatuten eta topetan ete dira gero, loikeria oneek estalduteko edo edertuteko! Gei onen ganean bada da pekatu mortala gauzaren bat egitea, zeinek bereanez daukan gogoa berotutea, obrazko (aragizko) pekatua egiteko, edo zeinek orretarako bideak ekarri leikezan, gero alango pekaturik egingo ezpalitz bere, edo egiteko asmurik artuko ezpalitz bere. Alan pekatu mortala izan doa mutil-neskatillak, edo gizonak ta andraak alkarreri laztan egitea, edo mosu emotea. Baliteke ama batek azpaldian kanpoti ibili yakon semeai gogo txar bagarik laztan egitea, edo mosu emotea, eta bardin arrebeak urruneti etorri yakon nebeari, eta pekaturik ez izatea, orduan bere obato izango balitz bere alangorik ez egitea. Eztot bada nik alango mosu eta laztangak gaiti berba egiten, ezpabere osterantzeko frakadunak enbra gauzeari emon oi daroakoezanak gaiti, eta onek gaiti diñot pekatu mortalak izan doazala. Pekatu mortala da mutil-neskatillak alkarreri, edo mutilak mutilai edo neskatillak euren artean bear eztan lekuetan deungaro ukututea, edo alkarreri siñu zitai tentagarri ta pekatua adierazoteko modukoa egitea, edo neska-mutilak alkarregaz oraka, egozka, zirrika txarto ebiltea.

        Onetariko asko egiten dituezalako pekatu mortal andiak egiten dituez arako mutil eta neskatillak, alkarregaz adiskidetasuna artu ezkero, alkar bagarik egon ezin direanak, batak besteagaz gura daben lizenzia artuten dabeela, alkarregaz fiestetara, alkarregaz meriendetara, alkarregaz berba-aldi luzeetan, eta al badabe okeluetan, eta bakarrean. Jauna, eztogu guk gauza deungarik egiten. Ori ezta egia: Ori esaten dozue uste dozuelako seigarrenekoan obrazkoa (aragizkoa) baño beste pekaturik eztagoala. Baia non dira leen esan dodazan mosuak, laztanak, tirakak, ta besteak? Jauna, adiskideak gara, eta asko gura deutsagu batak besteari. Ainbat okerrago. Adiskideak ezpazine pelleburu gitxiago eukiko zeunke. Arkaleri esan deutsazue asko gura deutsazuela, ezin arkal bagarik egon zare, ezin arkalganik aldendu zare, arkalegaz zagozenean barriz asmetan dozue zuen erraietan infernuko su ikarragarrizko bat, zeiñek kiskaldu ta erre bear zaituezan, eta, diñozue eztozuela gauza deungarik egiten? A Kristiñauak, ori Diabruaren itsumendi latza da, eta bere tentaziñoa. Zabiltze, zabiltze orretan, batu zaiteze alkarregaz, eta denporeak esango dau, zetan yoko daben zuen adiskidetasun orrek. Leen esanetariko pekatu mortal andiak egiten dituez arako erromerietara yoateko arkal billatuten direan mutil eta nekatillak, arkalegaz ibilli, arkalegaz meriendau, bata besteagaz biurtuteko etxera, eta gaubaz libreago ibiltearren, emen bota, an oratu, orain yo, gero ukutu, eta geroago eta laztanago.

        Pekatu mortal asko egin oi dira plazeetako dantza nastuetan, yolasetan, bigiretan, liño-apaindutzeetan (liña-gintzeetan), artoak-zurituteetan, eta beste onelango batzakuntzeetan, nai gauaz direala, nai egunez direala: bada berba laban ta loiez ganera izan oi dira eskukak, mosuak, laztanak, eta osterantzeko zantarkeria asko. Pekatu mortal asko ta asko egiten dira gauaz San Diandolinetan, Andra Marietan, edo Erriko Santuen egunetan gauaz egin oi direan suetan; bada gauak egunak baño era ta gogo obeak emoten dituz zantarkerietan ibilteko. Eta orregaiti Alkate Jaunak, edo Fiel Jaunak eragotzi bear dituez onelango suak; osterantzean euren lepo-ganera etorriko dira orduan egiten direan pekatu asko ta eskergeak. Eta au ez egiteko eztauke atxakia onik, bada euren eskuan dauke egin gura izan ezkero. Pekatu mortal asko egiten dira yolas ta dantza osteko batzarretan, bada orduan dantzan bertan baño bere loikeria ta nasaikeria andiagoak egiten dira. Pekatu mortal asko egiten dira dantzeetarik, yolaserik, fiestarik etzerako bideetan, guztiz-bere iluntzean badira, edo gautu ezkero, orduan egin doazan zirri, orakada, bultza, ta beste olangoak gaiti. Pekatu mortal asko egiten dituez neska-mutil askok arkalen altzoan yezarten direanean, bitartean miña ta eskua geldi eztagozala.

        Onelango aldietan, bada, eta beste asko ta askotan egin oi dira pekatu guztizko eskergeak, baita bideak artu oi dira aurrerantzean andiagoak egiteko. Alan-da guzti eztaudee sinistu gura izaten ez gazteak, ez gurasoak. Baia gurasoak eztauke onetan atxakia onik, bada eurak ibiliak badira alango dantza batzakuntza ta bide nastuetati eurak dakie ondo zer yazo oi dan alango lekuetan, ta barriz ibili ezpazirean sinistu bear dabe euren ta umeen onerako esaten yakena, ta itundu konfesore edo arima-zale bategaz, edo beste gizon yakitun Jaungoikoaren bildurrekoakaz. Gazteak bere eztabe sinistu gura izaten arik-eta euren buruak galdurik ikusi artean; eta alan edo eztabe alangorik konfesetan edo iñosko alditan konfesoreak itanduta badiñoe egin dabeela, ain epel esaten dabe ze, laster dabe agiri eztaukeela damurik, ezta apurrik bere. Neskatilla askok barriz eztabe konfesau gura izaten eurak errurik izan dabeenik, ezta obrazkoan yausi ezkero bere, eta guztia izaten dira atxakia ta atxakia: Jauna, ni bakean nengoan; ez neutsan nik orretarako biderik emon; ez neban nik alango gauzarik gura; esaten neutsan bakean egoteko. Erdu ona; ta, zelango bidez yazo yatzuz zeuri gauza orreek? Yoan zinean zeu okasiñoa egoan lekura edo yente nasaien artera? Izan zan mutil-neskatillen arteko batzakuntzan edo olgantzetan? Zek zeroazan bada, alango lekuetara yakinik zer igaro oi dan? Eta non nai zala, erakusten zeuntsen aurpegi aserrea, eta bekoki iluna, eta alde egiten zenduan tentadorearen ondoti? Ala, barre egiten zeuntsan eta algara gozoa? Bai, Jauna, barre egiten neban; baia esaten neutsan geldi egoteko. Guapo. Zelan diñozu bada zeure borondatearen kontra izan zala? Gura eztozun gauzaren bat egiten deutsuenean barre egin daroazu? Zeure ondrearen kontra zerbait entzungo bazendu alperrik eze etzeunke, ez, barrerik egingo ez algararik bere. Eta sugaren bat usigitera ballilloatzu? esango zeunskio makal makal: sugea, zagoz geldi? A Kristiñauak! eztozue guzurrakaz Jaungoikoa engañauko.

        Begiakaz ta belarriakaz bere pekatu egin lei seigarreneko mandamentuaren kontra, miñagaz ta eskuakaz ez eze. Eta alan pekatu mortala egin daroe begira dagozanak ikusten zelan besteak egiten dituezan alango loikeria ta zantarkeria andiak. Pekatu mortala egin daroe zelataka besteai zorotziten dabiltzanak, belarriak zuhur dituezala, ea asmau al balegie besteak zelan deungaro dabiltzazan. Ai zelango kontu estua ta larria emon bearko deutsen Jaungoikoari gurasoak, euren ume anditxuak, sei, zazpi urterik gorakoak eurakaz naste eratzoten dituezanak, edo mutil-neskato anditxuak alkarregaz nastean eratzoten dituezanak edo oia euren oiaren parean iminten deutseenak, edo bai euren gela-barruan. Pekatu mortala egin daroe gustuz, barreka, algaraz entzuten dituezanak berba loiak, ipuin loiak, errondo loiak, kanta loiak, eta seigarrenerako bidea emon leioen beste edozein bere zantarkeria. Aita, nik entzun dodaz berba loiak, baia nik ezteutset yaramonik egin; belarri bateti sartu ta besteti urten egiten deuste niri olango berbaak. Eta esan egidazu; lagun aen artera ziñoazanean, bazenkian zuk alango berba zantarrak esateko izkunea eukeena? Ori bai, Jauna, baia ez naz ni euren artera yoan olango berbaak entzutearren, ezpabere denporea emotearren ta dibertietearren. Eta, zer egiten zenduan bertan zengozanean? Barrerik egiten zenduan, olango berbaak entzunda? erakusten zenduan arpegi argirik? Bai, Jauna, bada; besteak bere egite'ebeen ta, niri bere barreak urteiten eustan. Bada yakinik olango berba zikinak esan oi zituezala, pekatu mortala egin zenduan; bada imini zenduan zeure burua pekatu egiteko arrisguan: eta deungeen dana, zeure barreagaz adierazo zenduan ondo eresten zeuntsela alango berbai. Eta ez orduan ez eze, baita edozein denporatan barrea gorde bear da alango berbak entzunda, ustezuste-bagarik (edo gogoaz bestera) entzuten badira bere, beste esaten dabenari oñik ez emoteko urrengoan alangoak esan dagizantzat (esateko). Eta neskatilla garbiak aurpegiko gorritasunean erakutsi bear leukee alango berbak lotsatu egiten dabeela.

        Orain esango deutsuedaz besteai seigarrenekoan pekaturako bidea ez emoteko, eta zuek bere ez artuteko egin bear eztozuezan gauza batzuk. Eztabe uger egin bear mutil aziak, eta gizonak bideen parean, yentea yoanda etorri ibiliko dan lekuan, edo kale, plaza ta kai aldean, lagun askok ikusi leikeezan moduan: eta Justiziako Jaun prestuak galarazo bear dabe ori egitea, eta obeto litzateke ume-bardingoai bere galarazotea, geroko ikasi dagientzat; eta beste aldeti barriz modu askotako yenteak dagoz munduan. Eztago ondo eginik batariai, ganaduai, ta orrei begira egotea umeak artuten dabiltzanean, eta orren bearrik eztagoanean, beste alde batera begiratu bear da, eta ondoen ondoen leku atati alde egitea; zegaitik-eze gure gogoak eztaki geldi egoten. Deungaro egiten daue emakumeak erreketan eta ibaietan bogadea ikuzten, edo txabonadurea yoten dagozanean, beak ondo ondo estalduta ezpadaukeez: edo iñok ikusi leikeezan lekuetan bernak garbituten iminten badira. Deungaro egiten dabe paparra edo besoak agirian dituezala badabiltz, edo bularrak atera ta anditu ezinik; edo gona estuegi edo laburregiakaz, edo umeari ugatza emoteko pañuluagaz kontuz bularra estalduten ezpadabe. Deungaro egiten dabe neskatillak gizon yanziten badira, mutilak orraztuten badituez, edo mutilagaz naste gurdi baten, edo zaldi baten-ganean badabiltz. Eta oneek edo onelangoak eginagaiti edonori pekatu egiteko, pensamentuagaz baño ezpada bere, oñik emoten badeutse pekatu mortala egingo dabe.

        Ezkonduen arteko pekatuen ganean bere, asko legoke zer esanik: baia oneek konfesoreagaz itundu daitezala. Nik bakarrik esango dot, zerbait egiten badabe umeak izatea galarazo eikeana, pekatu ikaragarria egingo daueela, ta ezin ezelanbere egin leikeela ez ume sabelekoa edo bularrekoa euki arren, ez ume larregirik ez izatearren ez ezegaiti. Beste modutako gauzak gaiti bere ezkondu asko pekatu mortalaren azpian bizi oi dira: egiten dituez pekatu mortala izango direalakoaren bildurragaz, ta gero lotsa dira konfesetan, eta gero dabiltz pekatu mortala eztireala, bai direala, konfesiño deunga asko egiten, bear bada pekatu mortala eztirean gauzak gaiti. Lotsak bada alde batera botata, onelangorik daukeenak zuzen ta garbiro konfesadu begie guztia. Ai, Kristiñauak! Seigarreneko pekatu au da mundua galdurik daukan pekatua. Arriturik, mututurik, eta bildurrez ikara ikara egiteko da ikustea zelan daukan gaurko egunean pekatu onek mundua; ezteutso iñori bere parkatuten, ez zarrari ez gazteari, ez ezkonduari, ez ezkondu-bakoari, ez gisakumeari ez emakumeari, eta ume bardingotxugiñokoak dagoz pekatu onetan sarturik. Bideetan, kaleetan, zelaietan, eta plaza agiri giñokoetan entzuten dira berba loiak, zantarkeria eskergak; ikusten dira eskuka zikiñak, orakadak, bultzadak, zirriak, begirakune loiak, eta arren bada Elexa santuak eurak alangorik entzun ta ikusiko ezpaleudee. Okeluetan barriz, zer yazoten da? Jaungoikoak dakiana.

        Pekatu auxe da beste pekatu askoren sustraia, ta etorburua. Zegaiti egiten dituz ainbeste lapurreta arako mutilak, arako neskatilleak, arako ezkonduak? Adiskide loiari erregalu egiteko. Zetati datoz ainbeste gorroto, ainbeste ezin-ikusi, ainbeste auzi bidebako etxe galantai bea yo eragin deutseenak? Seigarreneko pekatuti. Zek eragin dituz ainbeste ta ainbeste eriotza? Seigarreneko pekatuak. Zek galdu eragin dau ezkondu askoren arteko bake ona? Seigarreneko pekatuak. Zek egin dituz ainbeste hereje? Zek galarazo deutse ainbesteri Jaungoikoak agertu dituzan fede santuko egiai sinistea emotea? Seigarreneko pekatuak. Kendu egizue geure errietati seigarreneko pekatua, ta agur, yoan zirean herejia guztiak. Baia, zer yazo doa? Yausten dira seigarreneko pekatuan: lelengo egin barritan damututen yake, konfesetan dira, ta Jaungoikoari parka eskatuten deutse. Baia seigarreneko pekatua zeinbat eginago, ainbat zalegarriago, eta egiten errazago, eta orregaiti yausten da bigarrenez, irugarrenez, ta laugarrenez. Orduan bere konfesetan da, baia ez lengo damuagaz; esaten dau eztabela beste bein egingo baia ez len baxen gogo eginagaz, eta orregaiti leen baño errazago, eta leen baño sarriago yausten da. Eta gerora gerora, egin ta egin, artuten dau egiteko ekandua, eta ekandua bere ekandu gogorra. Eta ekandu oneri arpegi ez emonagaz yatorko pekatu egin bearra. Alantxe dirausku S. Agustin andiak, berari yazo yakala. Orduan deritxo pekatariari ezin onduko dala, eta dakiana legez, ondu ezik, gero beste aldean deungaro yoango yakala, gurako leuke beste munduko konturik ezpalego. Orretarako sinistu eragin gura deutse euren buruai batzuk infernurik eztagoala, edo il ezkero txakurrak legez gareala, eta esan bere asko egin daroez olangoak; beste batzuk sinistu gura leuke seigarrenekoa eztala pekatu; beste batzuk Jaungoikorik eztagoala, eta beste onetariko asko. (Baia kontu Kristiñauak, onetarikorik entzun badozue, Inkisiziñoari parte emon bear deutsazue, nori zer entzun deutsazuen). Oneek guztiok egiten dituez ea ixildu al balegiez euren biotzeko deadarrak, eta agirakak, eta geldi-arazo al balegiez bere biotzketak, eta usigiak. Baia ondo arpelik; bada biotza beti biotz, beti deadarrez, beti usigiten, ta biotzketan. Beti esaten deutse biotz onek; bai zu bazabiltz, bazabiltz; orain ondo zure gogora bizi zara; baia, gero? Gero, zer izango da zugaz?

        Eta mundua pekatuz bete badau seigarreneko pekatu onek, infernua Kristiñauz bete beterik dauko, ain modutan eze, Ligorio beneragarriak, altara ganetan laster ikusi bear dogunak, diño ze, seigarreneko pekatuagaiti edo seigarreneko pekatuagaz infernura doazala ara doazan guztiak. Eta deritxat eze infernura yatzi al bagintekez, eta antxe erdi erdian yarririk itanduko bageunkie banaan banaan bertan dagozan guztiai ea zegaitik infernura yausi zirean erreskan erreskan esango leuskeguela seigarreneko pekatuagaiti. Eta orregaiti bere zer egiten dogu alango pekatuetati alde egiteko? = Zer egiten dogun alde egiteko? Zer egiten eztogu seigarreneko pekatuan begi bietagiño geure buruak ondatuteko? Guztia da dantzea, guztia yolasa, guztia fiestea: bigirak, errondak, berba loiak, zirriak, siñuak, adiskidetasunak, ta Jangoikoak dakizanak. Kristiñauak nos edo nos kontuan yausi gaitezan: ezagutu daigun seigarrenekoa dala guri pekatuan yausi eragiteko munduan dagoan arririk labanena, eta egin daiguzan beraganik urrun egiteko aleginak.

 

aurrekoa hurrengoa