www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

13. [PENITENZIA]

 

(J, 33-37. or.)

 

Facite fructus dignos paenitentiae.
Luc.c.3.

 

        Konfesiño on bat egiteko bear dan bostkarren gauza da Konfesoreak aginduten daben penitenzia kunplidutea, ta egitea. Au egiteari esaten yako pagua, edo satisfaziñoa, beragaz kitututen yakolako Jgkoari, gizonak, pekatu egin ebanean bere ganean artu eban zorra. Bear-bearreko gauzea da konfesorea errazoez emoniko penitenzia artutea, eta konfesetan danak ezpaleuko penitenzia ori kunplietako (egiteko) gogorik ez leuke konfesiño onik egingo, ta pekatu mortala egingo leuke. Baia izan leiteke konfesiñoa ona ta baliotsua obraz penitenzia egin ez arren. Yazo leiteke Konfesoreari penitenzia emoitea aztutea. Onelangoan konfesetan danak gomutarazo bear deutso: baia yazo leiteke (gerta lekikio) bere oneri bere erru-bagarik aztutea. Baita gerta lekikio, Konfesoreak penitenzia emonda bere aiztutea. Alangoan ona da konfesiñoa, beste aldetik utsegiterik edo faltarik ezpadago; alan bere laster kontuan yausten bada, atzera yoan bear dau Konfesoreagana, itanduten ea ze penitenzia egingo daben, ta ori egiteko erarik ezpadauko, urrengo konfesetara doianean, agertu bear da zer yazo zan. Baia yazoko balitz iñoz ondo eztan penitenziarik emoitea, ezin iñok bere buruz larga lei kunplidu bagarik, eta egin bear dana da, edo konfesoreari berari esan, zelan ezin kunplidu leikean a penitenzia, aren lekuan beste bat emon dagion, edo beste konfesore yakitun ta birtutetsu bategana yoan, ta ari esan zer yazoten yakon. Noberak egin bear dau Konfesoreak emoniko penitenzia, eta ezta gauza besteren eskuz egitea, penitenzia ori zerbaist emoteko ezpada. Agindu eutsuen barau egiteko mez'enzuteko, errosarioa esateko? Bada zeuk zeurorrek egin bear dozu, eta ezta asko iñori egiteko agindutea. Agindu eutsuen ainbeste diru pobreai emoiteko, edo onenbeste meza aterateko? Bada asko izango da semeari, otseinari edo besteri dirua emonda ak ateraten badituz. Penitenzia guztia ezer egin bagarik largetan danean, pekatu mortala izaten da; baita guztia ez izanagaiti aren zati andiren bat egiten eztanean. Pekatu mortala da bere, penitenzia kunplidutea geiegi luzatuten danean. Gauza bitarako iminten da penitenzia, diño Trentoko Konzilio Santuak: bata leen eginiko pekatuak kastigetako, eta pagetako, bestea ostera euretara biurtutea galarozoteko; eta edozein bere penitenziatan begiratu bear dira gauza bi oneek. Alan bere batzuk besteen artean ifinten dira lengo pekatuen kastigurako ta euren zorra ateretako; eta beste batzuk pekatuetara beste bein biurtu ez eiteko; guztiak guztirako badira bere. Dakusguzan penitenzia bitzuok bana banazean.

        Lelengo moduko penitenzia da ifinten dana egin direan pekatuen kastigugarrirako ta euren zorra pagetako (zorrari erantzuteko): aginduten danean legez mez'entzuteko, errosarioa esateko, altarak ikusteko, limosna egiteko, ta onelangoak. Oneek eginagaz pagetan deutsazu Jaunari zure pekatuen zorra, edo bai gitxienez zorraren zatiren bat. Guk geure buruz egiten doguzan obra (gauza) onakaz bere, limosnakaz, barauakaz, errezuakaz ta besteakaz, kitu egiten dogu pekatuen zor au, baia askozaz bere geiago Konfesorearen aginduz egiten doguzanakgaz: zegaitik eze oneek Penitenziako Sakramentuaren zati edo parte dira; eta Sakramentuetan imini ebana legez Jesukristok bere merezimentuen ondasuntegia, orregaiti alangoak eginda grazia ugariagoak artuten doguz. Eta yakin (ezagutu) dagizuen ze zor-modu dan penitenziagaz pagetan dana, yakin bear dozue ze, pekatu mortal bakotxean gauza bi dagozala: bata da guk daukagun (pekatariak daukan) errua, edo kulpea zeinegaz orbanduten ta loituten da arimea, eta zeinegaitik dagoan infernuko suetara kondenadurik. Bestea da erru onegaitik pekatariak merezidu izan daben betiko nekea ta sua. Konfesiño ondo eginak kentzen deutso pekatariari arimako orbana edo pekatuaren loia (loitasuna), eta egiten dau Jgkoaren arerio zanetik bere adiskide laztan: baia ezteutso beti parkatuten pekatu onegaitik merezidu eban pena guztia. Egiten dabena da, kenduten deutso infernura (yoan) bearra, eta egiten dau eztedila izan neke au beti-betikoa, ezpabere denporaren batekoa. Pena onen zorra kitu bearko dau, edo emen mundu onetan bizi dan artean obra onak eginagaz, edo ezpabere gero Purgatorioan ango su ta neke ikaragarriak gaz. Irudi bat iminiko deutsuet au obeto ulertu dagizuen.

        Ostuten deutsazu Erregeri diru-pillo bat, ta dana ondatuten dozu yan-edanean, yokoan ta zorakerietan. Artuten zaituz preso, ta kondenetan zaituz Erregek urkamendi baten lotsaririk andienean bizitzea galdutera. Bildurturik guztiori alango sentenzia ikaragarriagaz, negarretan urturik, eskatuten deutsazu, arren bada, parkatu deizula; ezteutsazula alangorik ostera egingo, ta kendua bere atzera biurtuteko aleginak egingo dozuzala. Errukiturik Errege, esaten deutsu: Ondo, nik parketan deutsut zure okerkeria, ta egin deustazun iraina ta injuria, nireak zirean ondasunai bear zan lotsarik erakutsi ezta. Etzara ilgo, etzaitue urkatuko; baia kendua guztia atzera emon bear deustazu, ta orretarako nik emoiten deutsut amar urteko epea. Eta kontu amar urte onetan pagaduagaz; ze ezpabere karzela gogor baten gerizpean egon bearko dozu arik eta edo zuk, edo bestek zure ordez, dan-dana lauzirigiñokoa pagau artean. Beste onenbeste yazoten da zugaz Jaungoikoarean artean bere ondo konfesetan zareanean: parkatuten deutsu Jaunak pekatuaren errua, kentzen dau z;ure kontra emonik egoan sentenzia: baia ezteutsu parkatuten pekatuari datorkon zorra guzti-guztia pagau artean, edo mundu onetan obra onakgaz, edo bestean Purgatorioko neke eta su artean.

        Bigarren moduko penitenzia da lengo pekatura barriro biurtu ez eiteko emoten dana, ta oneri dei egiten yako penitenzia osasungeia, edo osasungarria, arimako osasunean irauteko dalako. Onetatik batzuk ain dira bear bearrak, ta ain premiñazkoak eze ezin Konfesoreak agindu bagarik itxi leiz, eta konfesetan danak bere gura ta gur'ez artu ta egin bear dituz. Kontu daigun daukazu etsean neskatilla bat, edo otsein bat zeinegaz pekatu egiten dozun, eta zein nox gura etsetik kanpora bota ziñaikean? Bada ezin Konfesoreak itxi leikezu neskatilla etxe-barruan eukiten, eta zuk bere ezin etxean euki ziñaike. Dakus Konfesoreak yokoan iminten zarean guztian zagozala biraoka, guzurrezko yuramentuka? Gura ta gur'ez agindu bear deutsu itxiteko yokoa, eta zuk bere egin bear dozu konfesorearen esana. Dakus Konfesoreak ezteutsazula zorrai erantzun gura, euki arren bere zegaz? ezin itxi leikezu pagetan agindu bagarik, eta zuk egin bear dozu bere esana. Dakus konfesoreak urlia ta urleziagaz batzainduten zarean bakotxean daukazuezala alkarren artean berba nasaiak, eskukak, ta osterantxeko loikeriak? Bada Konfesoreak ezin itxi leikezu penitenziatzat ipini bagarik, etzaitezela alkarregaz batu. Ta beingoan guztia esateko, yakinik Konfesoreak zerbaist dala zuentzako pekatuan yausteko bidea ta arri labana, ezin bestez agindu bear deutsue ori itxiten, eta itxi ezik, ezin absolbidu ziñaikeze, ezin kurutzerik emon legikezue. Arpelik esango dozue: Jauna, emon begit beste edozein bere penitenzia, dan gogorrena bere; ze au ez agindutea izango litzateke zuek pelleburuan eta galbidean itxitea, zein eztan beste gauzarik ezpabere zuek pekatu barruan itxitea. Orregaitik bazeunke pekatura biurtu ez eiteko gogo benetakoa, etzeunke Konfesorearen aginduren (Konfesoreak agindu) bearrik izango pelleburu orretarik urteiteko; zuek zuenez urtengo zeunke, iñoren esanen begira egon bagarik.

        Baia, O kristiñau askoren itsutasuna! Artu gura eztituez askok Konfesorerik bigunenak (eskusau ezin leikeezan) penitenziak, edo gura ta ez emon bear dituezanak. Ara emen onetariko batzuk. Izango da gizon bat ardaoan sarri igaroten dana, tabernaak Elexea baño gogo (begi) obeagaz ikusten daroazana. Dakus Konfesoreak aren pekatuen etorburua dagoala tabernan bera lango lagunakaz sartutean; an belututa doiala bideetan zabuka, albo alboka: ta errosario orde daroazala etxera birao erreskadak, deadarrak, añenak, eta emazte gaixoari ta ume tristeai bizitza gogaitkarri bat emoten (bizitzarik emoten ez) deutsela, etxean bear dabena ardaotan emonda. Dirautso, bada, Konfesoreak: adiskidea, zuk, salbau (zerura) gura badozu, egin bear dozu Konfesiño jeneral bat, (ondo ondo egin) astiro astiro prestauta, ta nik aginduten deutsut oñik ez iminteko zorigogorreko taberna orretan, edateko ez beintzat, ta onez ostean, edan aldi bakotxean, gox baten edo arratsalde baten kuartillu bat ardaotik ez igaroiteko (ez gora edateko), ta ori bere ez, orditu oi direan lagunakaz, ezta tabernan bertan bere. Eztau artu gura onelango penitenzia. Beste batek etxean dauko pekatu-laguna, edo beste etxeren baten dauko sartu-urtentxu bat ondo ondo eztirudiana. Esaten deutso Konfesoreak: bota etsetik kanpora lagun deunga ori, edo urten beste leku batera; ez ezelanbere oñik sartu pekatu laguna dagoan lekuan. Ez dau artu-gura onelango penitenzia osasungarririk. Egongo da besteren bat lagunagaz gorroto gogorrean, berbarik ta agur onik egin gura ezteutsala (areriotzat daukanari), alear auzo onak legez ikusi bagarik gaixo direanean bere. Dirautso Konfesoreak: zoaz, ta egizuz bakeak, kendu egizu zer-esana, umillau zakioz; zuk uste dozu ak ofendidu zaituzala, ak usteko dau zuk egin dozula, eta nik diñot ze batak eta besteak, biok daukazuela errua. Bada eztau artu gura penitenzia au. Konfesore on batek dakus konfesetara (bere oñetara) etorri yakon gazte bat, dala dantza ta fiesta-zalea: topetan dau alango lekuetan bideetako yoan etorrietan igaro yakozala bere guraz ta bere erruz berba arin-nasaiak, esku-egozte loiak, laztangak, ta onelango zantarkeriak, igarten deutso alango bideetatik alde egin ezik, ezin iraungo dabela gogo ta propositu santuetan. Emoten deutso penitenziatzat, ez yoateko alango dantza nastau, nasai ta lotsabakoetara. Au da penitenzia osasungarri bear bearra, ta alan bere artu gura eztau. Oneek, bada, ta onelangoak eztabe gauza dan konfesiño onik egiten, artu ta egin gura eztituezalako penitenzia osasunagarriak, egin bearrak, ta preminazkoak direanak.

        Beste penitenzia osasungarri batzuk dagoz zeintzuk ain bear-bearrekoak ezpadira bere, guztiz da ondo, orregaitik, zeatz zeatz ta kontuz egitea, pekatariak negargarrizko pekatutik urten gura badau. Onelangoak iminten yakez pekatu egiteko ekandu zitala daukeenai, ekandu ori galduteko, ta pekaturik barriro ez egiteko: eta eztago inoren eskuan norberen burutik penitenzia orreek itxitea, edo euren lekuan beste gauzaren bat egitea. Daukazu birao egiteko ekandua, edo lanzean lanzean guzurraren ganean juramentu egitekoa, ta ori kenduteko aginduten deutsu Konfesoreak lurraren ganean miña arrastaka erabilteko, edo beragaz iru kurutze luze egiteko, alangorik egiten dozun bakotxean. Arturik daukazu eskuka loia egiteko ekandu lotsagarria, ta galdu eragiteko aginduten deutsu Konfesoreak ori egiten dozun bakotxean aste baten edo egun baten ez piparik edo zigarrorik arteko, edo ez ardaorik edateko, edo besoak zabalik ta belaun gorriak lurrean dozuzala onenbeste Aitagurea ta Abemaria esateko. Penitenzia osasungarri oneek, bada, Konfesoreak aginduten deutsuzan modu moduan egin bear dozuez, arean bere gitxitu ta aldatu bagarik; bada izanik oneek zuen bizi modua zuzenduteko, eta infernuko bide okerreti zeruko bide artezera aterateko, ardurarik andiena imini bear dozue humildaderik andienagaz, eta deboziñorik beroenagaz Konfesorearen agindua egiteko; eta au egiten badozue eztabee asko iraungo zuen ekandu zitalak. (Eta ez egizu usteaskok legez, eze onelango penitenziak urrengo konfesa-aldira artekoak baño eztireala; ez, ezta ori egia; iraun bear dabee, zure ekandu zitalak dirauen artean; eta egiten ezpadozuz, Konfesoreari esan bear deutsazu, zer agindu eutsuen, eta zelan kunplidu ez dozun.)

        Baia, ai Kristiñauak, eta ze negargarria dan gauza onen ganean egunean egunean ikusten dana! Eztira egin gura Konfesoreak aginduten dituezan penitenziak, ta orregaitik bere oñean diraue ekandu okerrak, beti sen baten, geroago okerrago ezpada. Etorriko da gazte bat konfesetara, ta itanduko deutso Konfesoreak: zeinbat denpora da konfesadu zineala? Jauna, urte bete. Kunplidu zenduan penitenzia? Jauna, agindu eustan illabeterik illabetera konfesetako. Ta, zegaitik agindu eutsun ori? Jauna, nire buruagaz eskuka loia egiten nebalako. Eta, zegaitik, bada, etzara konfesadu? Jauna, beti nengoan konfesetako, konfesetako; etxatan gogoa falta; baia biar yoango, etzi yoango, luzatu egin yat. Eta, alango eskukarik aurten egin dozu? Bai, Jauna. Baator guraso bat, ta akusetan da birao asko umeen aurrean egin dituzala. Esango deutso Konfesoreak: ez eutsun agindu lengo Konfesoreak ezer egiteko olango biraorik egiten zenduan bakotxean? Bai, Jauna; esan eustan lurrari umeen aurrean mun egiteko, ta Abemaria bat esateko. Ta, egin dozu? Ez Jauna; lotsa nintzan ainbesteen aurrean egiten. Etorriko da dendera saltzalle bat, zeinek puntuan puntuan guzurraren ganen juramentu egin oi daben. Lengo Konfesoreak zer agindu eutsun egiteko juramentu guzurragazkoa egiten zenduan bakotxean? Jauna, agindu eustan zortzi-laukoko bat urrengo pobreari emoiteko. Ta? emon deutsazu? Lelengo atan bein edo birritan emon neuntsan; baia arrezkero ezteutsat emon. Baia, Kristiñauak, zer da au? Zelan galduko dozuez zuen ekandu gaistoak? Zelan osatuko zare zuen arimeetako gatx andietatik? Zer esango zeunke gaixo bategaitik egin gura ezpaleu medikuaren esanik, ez artu bere aginduten deutsan gauzarik? Eztala osatuko, il egingo dala. Bada Konfesorea dozue arimeen mediku, ta alanbere eztozue egin gura ak aginduten deutsuen erremediorik, ta osagarririk. Eta gero, zer yazoko yatzue? Ebiliko zare zuen bizi guztian ekandu txarren gaixoen azpian, ta azkenean elduko yatzue infernuko eriotza beti-betikoa.

        O ze bestelan egin oi ebeen antxinako egunetan Kristiñauak! Orduan zan ikustea pekatariak Elexako ateetan urte osoetan lutuzko soñeko etenakaz, buruak autsez beteta eukeezala, ta Elexara yoazanai erreguten arren bada, Jgkoari eurakgaiti eskatu egiela, euren erruki izan zidin. Lo luur gogorraren ganean egiten ebeen. Zeinbat barau eder ur ta ogi utsezkoak! Dibersiñoen ta yolasen izenik bere etzekien zertzan. Alantxe euki oi zituezan urte osoetan Elexara sartuten bere itxi bagarik, arik eta Obispo Jaunak ikusirik euren pekatuakaiti negar asko egin ebeela, sartuten itxiten eutseen: baia ez orduan bere meza guztian egoteko, ezpada sermoian ta mezako ofertorio giño. Gero arik urte batzuk garrenean meza guztian egoten itxiten yaken; baia ez komulgetan. Ta onelan egin oi zan penitenzia egun zorioneko aetan. Eta, zelango pekatuak gaiti? Zuek ain sarri, ta ain bildur bagarik egiten dozuezan pekatuakgaiti. Enzuzuez, arren, zuen lotsagarrirako onetariko batzuk. Yakinaren ganean guzurrezko juramenturik egiten ebanak berrogei eguneko ur ta ogizko baraua egin bear eban, ta onezaz ostean zazpi urteko penitenzia. Elexan Ofizio santuak artean barriketan egon zireanak amar egunean egin bear ebeen ur ta ogizko baraua. Gurasoari bidebako iraunik ta atsakabarik egiten eutsan umeak, egin bearko eban iru urteko penitenzia; ta zazpi urtekoa gurasoagana yoitera egiten ebanak. Seigarrengo pekaturik egiten ebeen neska-mutilak iru urteko penitenziak. Ezkonduak amar urtekoa: koñata zen bategaz edo senideren bategaz egin ebanak amabost urtekoa. Garizumako barauren bat austen ebanak, ogei eguneko ur ta ogi utseko baraua egin bearko eban, ta berrogei egunekoa Quarta denporakoa ausi bazan. Amarrenak egin etzituzanak eukan ogei eguneko ur ta ogi utseko baraua. (Gauza astunera elduten zan lapurreteagaitik zazpi urteko penitenzia: ta beste ainbeste inori guzurrik erantetan eutsanak.) O urregorrizko egunak zeintzuetan on geiago ekarten eutsen pekatariak egiten ebeen penitenziagaz, pekatu eginagaz egin eutsen kaltea baño.

        Gaurko egunean barriz? O gure lotsagarria! Etorriko da urte osoetan pekatuan begi bietagiño ondatuta (sarturik) bizi izan dan bat, edo adiskidetasun loian, edo eskuka zikinak egiten, edo bear bada oneek baño bere pekatu eskergeagoak egiten dituzala; ta aginduten baiako urte betean ilean bein konfesetako, ya deritxo penitenzia gogorregia dala, ta iru illabete garreneko eztau yaramonik egiten. Baia Kristinauak, gaurko pekatuak antxinako pekatuak baxen andiak dira, gaurko Jaungoikoa antxinako Jgkoa, ta gaurko fedea, lengo fedea. Eztakit nik zer izango dan gero, gauza dan penitenzia onik egiten eztogula. Baia eztot ondo esan, bakit nik, ta ondo dakidala, bakit bai zer izango dan: lengo bideetara biurtu ta azkenean infernua. Ikusiko dozuez Kristiñau bizitza deungea eroan dabeenak, goxean belu yaigi, oparo yan, galanto edan, egun guztian yokoan, edo barriketa alperretan: meza bat aringa entzun, ori bere yaiegunean, (astegunean bai, gura leuke) errosario arinago bat esan, eta beste gauza onik egiten eztabela. Zer egingo dau gero onen aragi mizkeak? Lengoetara biurtu. Ikusiko dozuez gazte asko, zeintzuk dantza nastatuetara yoanagaitik izan dituezan pekatu ez gitxi gitxi, euren esku ezarte; siñu lotsagarri, albokada (mokokada), zirri, pensamentu, berba laban, ta besteakgaz. Konfesore on batek eragotzi eutsen onei dantzan egitea, ta orreri larga deutse. Baia Jgkoaren serbizioan epel epelik bizi dira, gitxitan ta baratxi (meatz) konfesetan direala; euren errosario ta ganeko errezuak, baita yaiegunetako mezaak bere ganorabagarik ta zetan dagozan eztakiela entzunda egiten dituezala, ta beste moduko obra onik egiten eztaudeela. Gero, zer yazoten da? Lengoetara biurtutea.

        Baia esango dau batek edo batek bere artean: Jauna, ze penitenzia modu egingo dogu guk? Lar bere penitenzia egiten dogu, guk daroagun bizitza gogorragaz. Baita Kristiñauak, ori da okerrena: bizitza gogorra eroatea, eta ez bizitza gogorrari penitenziatzat serbidu eragitea. Ezteutsuet nik aginduko, ez, penitenzia egiten basoetara ta mendi barruetara yoateko, ezta arri bat artuta bularra austeko, ezta azoteka zuen aragiak apurtuteko ta triminduteko: Ez alangorik. Aginduko deutsuedana da pekatuak kendu, arimea garbi garbi erabili, zuen bizimoduko egin bearrai erantzun, egingo dozuezan errezuak ondo egin, ta zuen lanak, bearrak ta nekeak epetasunez ta pazienziatan eroan ta Jgkoari eskindutea. A-ror ze penitenzia egin erraza, egin gura ezkero, eta penitenzia bere balio andikoa. Ara bada konfesiño on on bat egizue, eta kanpora pekatuak, kanpora biraoak, kanpora aserrakuntzak, kanpora juramentuak, seigarrengoak, ordikeriak, lapurretak ta besteak. Au egin bagarik ezta gauza egiten dan guztia, ez zuen gorputzak suetan Jgkoagaitik erreko bazenduez bere. Baita kendu bear dozuez pekaturako bidea emoten dabeen gauzak bere, zelangoak direan geienean dantza nastuak, erromeriak, tarbenak, bigirak, yoko luzeak, ta sarri egiten direanak. Gero goxean goxetitxu yaigi ta Jgkoari gau atako mesedeak gaitik eskerrak emon, ta opa ta eskini egun atako bear ta zeregin guztiak, errezu batzuk egin (esan) Ama Birjineari, Aingeru Guardakoari, edo Santu-Santaren batzuei. Eguneti atxina bere nosik pein edo erloiuak yot-orduan edo alangoetan Abemariatxu bat, edo beste oraziñoren bat esan. Al dozuela zuen mezatxua egunean egunean entzun; ezin badozue, gura dabenak etxean egin leike bere mez'entzute modua kontu eginik meza aurrean dagoala, ta orduko deboziñoak esanik. Ilean bein konfesetea Kristiñau on batentzat ezta neke andikoa. Gero bakotxak bere bizi moduko zereginak, ta egin bearrak egin begiz. Ezkondua zara? Egizu, bada, ezkondu bateri dagokon guztia, ta opa eikiozuz Jaunari onetarako igaro bear direan nekeak; nai dala etxeko ardurea eukiteko bear direanak, nai dala senarragaz edo emazteagaz bakean bizi izaiteko bear direanak; nai dala seme-alabak ondo aziteko, nai dala (edo) eurentzako oña ta soña ta yan-edana irabazteko bear direanak. Otseiña zara? edo gurasoakaz zagoz? Egizuz, bada, zeure gurasoen edo ugazaben esanak Jaungoikarenak balira legez, eta ondo ondo egizuz zeure kontua dagozan zereginak. Nekazalea zara? Bada arako soloan eguzki berotan zagozanean, atxurra, laiea, eskubarea eskuan dozula; alde guztietatik izardia dariozula igaro egizuz lan oneek Jgkoaren ondrarik andienerako. Nekeren batzuk iñoren eskutik, edo beste aldeti baiatortsuez, orreek bere Jgkoaren amodioz eroan. Berba baten Kristiñau onak izan zaiteze, eta aror penitenzia eder bat, penitenzia galant bat, eta balio andiko bat, zegaz kitutu zuen pekatuen zorra. Ez gaitezan, bada, zoroak izan, Kristiñauak; pagadu dagiogun Jgkoari zeatz zeatz, ta ardurarik andienagaz, zor deutsaguna; artu daiguzan onetarako Konfesoreak aginduriko penitenziak, eztaiguzan astuntzat ta gogortzat euki: egin daiguzan Jgkoagaitik gure bizi-moduak dakazan egin-bearrak, ta guk gure borondatez egiten doguzanak bere: alan aterako doguz gure buruak pekatuen zorren azpitik, ta irabaziko dogu Zeruko Erreinua. Alan gerta daiteala. Arren bai.

 

aurrekoa hurrengoa