www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

3. [KONZIENZIAKO ESAMINEA]

 

(J, 13-16. or.)

 

Scrutemur vias nostras, quaeramus,
et revertamur ad Domunum.
Threnor. c. 3.

 

        Ezaguturik J.K.° gure Jaunak etxakola geure argaltasunari erraz, bautismuan artutako grazian irautea, ifini eban bere Elexa santun bateo ostean eginiko pekatuak parketako modua. Auxe da Penitenziako Sakramentua edo Konfesiño Santua, zein eztan beste gauzarik, ezpabere geurenak bere Elexan imini daben Sakramentu bat, parketako bateatu ezkeroko pekatuak nai direa [sic] mortalak, nai benialak. Ain da bearra Konfesiñoko Sakramentua bautismu osteko pekatu mortalak parkatuteko, zein dan bautismua pekatu orijinala kentzeako; eta alan bateatu ezkero pekatu mortala egin dabenak, gura badau parkatu dakion, konfesadu bear da, edo bai gitxienez egin bear dau akto kontriziñozkoa, Elexa Ama Santeak aginduten dabenean konfesetako gogo benetakoak lagunduten deutsala ze ain bagarik ezta prestu (ezta gauza) akto kontriziñozko ori ezta gauza. Bost gauzak lagundu bear deutse Konfesiñoari gauza izateko, eta dira: lenengoa esamina konzienziakoa; bigarrena damua; irugarrena ez geiago pekaturik egiteko gogoa edo propositua; laugarrena pekatu mortal guztiak konfesoreari esatea; eta bostgarren Konfesoreak aginduten daben penitenzia egitea, eta kunplietea. Oneek bostok bana banazean azaldu ta iragarriko deutsueguz arratsalde batzuetan; gaurko onetan, barriz, lelengotik asi (asiteko) gaitezan esplikaduko deutsuet zer dan esamina konzienziakoa.

        Da bada. Esamina au, alegina egitea burura ekarteko azkenengo konfesiño ondo eginetik eta ordioragino batek egin dituzan pekatuak. Esan dot azkenengo konfesino ondo eginetik, eta kontu onega Kristiñauak, ze ezta asko orainengo konfesa alditik onerako esamina egitea, leenagoko konfesiño bat edo geiago deungaro eginak badaukaz. Badira K. asko larregi daukeezanak oker egin da Konfesiñoak, edo lotsaz pekatu mortalen bat edo geiago gorde dituezalako, edo egiazko damu bagarik konfesadu direalako. Zer egingo dabee onelangoak oraintsuengo Konfesiñorik ostera egin gura dabeenera arteko esamina eginda? Ez gauz'onik, eta bai sakrilejioak geiagotuteko bideak artu. Onelangoak Konfesiño deungaro egin guztiak barriztau bear dituez, ta orretako egin bear dabe denpora guzti orretako esaminea. Osterantxean ezin salbadu leitekez. Pekatuak burura ekartea da Konfesoreari bere konzienzia agertuteko; akusetako noberen burua, Jgkoaren ordez pekatuak parkatu dagiezan absoluziñoaren bidez (dala medio). Konfesorea da Kristo-ren lekuan dagoan Jueza. Onek emaiten dau epaia ta sentenzia; ta orretarako yakin bear dau zeen ganean emon, ganekoan oker ibiliko da. Araz ostean da arimako osagillea ta Medikua. Mediku bateri garbiro esan bear yakoz gorputzeko gatxak ezer estaldu bagarik oker ibili ze dedin. Yakin bear dau noskoa dan gatxa, zarra ala barria, nondi yaio yakon. Alan bada konfesoreak bere Medikua dan aldeti yakin bear dau pekatua zarra edo barria dan, antxinatik datorren edo ez; nondik ernetan dan, zelango leku edo adiskidek deungeetati; gatxa dan miñekoa, eskukoa, bularrekoa edo zein lekutakoa, au da berbaz, eskuz, biotzez, edo zegaz pekatu egin dan orretarako, bada, bear da esamina kontuzkoa, gauza esan bear direanak Konfesoreari agertuteko. Ain da bear bearra ta premiñazkoa esamina kontuzkoa au ze, batek bere nagitasun andiz itxiten badau esaminaren faltaz pekatu mortalen bat konfesadu bagarik, egingo dau konfesiño okerra; ta esaminako nagitasuna laburra ta txikerra izan bada, izango da pekatu txikerra edo beniala, baia ezta izango deunge konfesiñoa, beste utzeginik ezpadago.

        Esamina onek kontuzkoak izan bear dau, ta astiro eginak; ez itoka, aringa ta priesaka eginak. Ardurea emoiten deutsuen gauzetan, zelan gabiltz? Eztira beingoan ta itomendiz egiten, eta bai astiro astiro begiratuta. Zer egiten eztozue billatuteko diru-boltsa bat, ganaduren bat, edo beste, galdu dozuen balio andiko gauzaren bat? Zeinbat ausi bear eztozue burua auzi bat irabazteko; edo eskuartekoa aurreratuteko? alan bada egin bear dozue esamina egiteko bere: eztago munduan pekatuak baño kalte andiago egiten daben gauzarik; ganeko kalte ta galtzaiera guztiak, onen aldean umekontuak dira; eta orregaitik yakitunak diñoe ze, esaminea egiteko imini bear dan ardurea dala, gizon zuur ta begiratu batek balio andiko gauza baten imini daroian ardurea ta kontua langoa. Bada, Jauna, esango deustazue, zeinbat denpora emon bearko dogu esamina-giñan? Eta zuek zer diñozue, zeinbat denpora bear da ullea orraztuteko, alkondara bat garbituteko, edo ari-matasa bat arilduteko? Jauna, ori zelan dan, eta zelan dagoan gauzea. Azpaldian orraztu eztan ulleak, ta guztiz nastiturik dagoanak denpora luzea bear dau orraztuteko; aurrengo egunean orraztu zanak gitxi; olagizon baten obrereak, edo ikazkin batek soñean luzaro erabili daben alkondareak denpora luzea ta ur asko bear dituz zuri egiteko, beste askorena ez ainbeste: eta alan da mataseagaz bere ondo badator laster egiten da; baia nastiturik badago ta kiski-biur asko baditu denpora geiago bear dau. Baita badira gauza oneek egin bear dituezanean artean, modu obeak erakusten dabeenak eta oneek lasterrago egiten dituez, (besteak bañoen). Alantxe da bada esamina egiteko bere; eztago onetan gauza erabakirik, ez guztientzako neurri bardinik. Konfesiño jeneral ta bizitza guztikoak denpora geiago bear dau esamina gintzan, iru edo lau urteko konfesiñoak baño. Gizon iratzarriak, eta buru oneakoak lasterrago ekarriko dituz gogora, buru astun ta txarra dabenak baño. Sarri konfesetan direanak errazago nagitotzar belurik belura doazanak baño. Besteak bardin direala otsein batek obligaziño laburragoak aituz ugazaba edo ugazaba andreak baño: ezkondakoak, ezkonduak baño. Barriz aberats batek guziago nekezaleak baño, tratulari batek atxulariak baño, eta alan besteetan. Leen esana bada, gizon zuur ondo batek ardura andiko gauzean ipiniko leukean kontua, orixe ipini bear dozue zuek bere, esamina egiteko. Baia eztago orretarako pekatuak paperean eskribidu bearrik, batzuetan ondo bada bere; burura datozanak esan egizuez, ta ori da asko; ta esamina ondo egin azkero pekaturen batzuk aztuten baiatzuez, ez orregaitik ardurarik artu, ze guztiak parketan dira; eta eztago besterik, gogora yatortsuezanean, urrengo konfesa aldian esan baño.

        Esamina konzienziako au egiten da Jgkoaren legeko amar mandamentuetatik, bost Elexakoetatik, obra misierikordiazkoetatik, ta Pekatu kapitaletatik. Baia eztozuez mandamentuak andizka igaro bear, ez guztiak erabatera, ta pilloan legez, ezpabere bana banazean, ta bakotxa berez: mandamentu bat ondo esaminadu artean ez igaro bestera: beste ori ondo esaminaduta zoaze irugarrenera eta alan. Eta mandamentu bakotxean ez bakarrik esaminau bear dozuez gorputzagaz edo gorputzeko alderen bategaz egiten dozuezan pekatu agiriak, kontu daigun eskuagaz, miñagaz, edo alan egiten dozuezanak, baita bere gogoagaz edo pensamentuagaz egiten dozuezanak: esan gura dot burura ekarri bear dozuela ea iñoz onetan edo atan pekatu egiteko asmorik izan dozuen; ea iñoz gauza deungaren bat gogoan dozuela egon bazaren. Gero esaminadu bear dozue zeure ofizioan, karguan, eta bizimoduan egin dozuzan utsak eta pekatuak. Ofizio ta bizimodu bakotxak dituz berezko ta aparteko egin bearrak. Ezkonduak, Ugazabak, Justiziako direanak, tratulariak eta alangoak badituez obligaziño batzuk, besteak ez dituezanak. Azkenean barriz esaminaturik zeuk zeure eskuz egin dozuzan pekatuak, kontua atera bear dozu besteak zure erruz, zuk orretarako bidea emonda egin dituezanena; ea iñori pekatu egiteko agindu edo konsellu emon badeutsazu; ea iñori pekatu egiten irakatsi badeutsazu; ea eragotzi bearrean agintaria, ugazaba edo gorasoa zinealako, eragotzi espadozu, eta olangoak. Liburuan dakienak ondo egingo leuke, orretarako esku-liburua. Olaetxearen liburua, edo beste alangoren bat artuko baleudee ta bereti esamina ori egin. Baia ez egin neskatxi batek egin ebana, onango liburu bat artuta, bertan egozan pekatu mota guztiak berak eginak legez, konfesoreari esan eutsazan. Esamina au Konfesorearen oñetara baño leenago egin bear da, bada gatx izango da bertan guztiak beingoan burura etortea, baita bere erraz da guztiz konfesoreari itanduten aiztutea; eta esamina ez egina gaitik pekatu mortalen bat konfesadu bagarik itxiten danean, konfesiño okerra egiten da. Baia alanbere askoren konzienzia ez larregi estututeko esan bear dot pekatu mortalik egin eztabenak estaukela esamina konzienziakoa egin bearrik, ondo bada bere ori egitea.

        Eta obeto eta obeto ezagutu dagizun zelan egin bear dozun esamina au, gura deutsut geiago zeaztu ze moduetan egin bear dan. Zoaz bada Elexara, edo sartu zaitez etxeko gela baten, edo zoaz beste leku bakar batera, ta eska egiozu Jaunari esamina egiteko bear dozun grazia ta argia. Begiratuko dozu gero ea zeinbat denpora dan azkenengo konfesadu zineala, baita ateraten dozu kontu zortzi illabete dala. Ea bada orduko konfesiñoa ona izan bazan; ona ezpazan, kontua atera bear dozu nosik onakoak direan konfesiño deungaro eginak bitarte orretako esamina egiteko: ona bazan eztaukazu yaramonik zetan egin lenagoko konfesiñoai. Au egin ezkero asiko zara lenengo lenengo Jaungoikoaren legeko lenengo mandamentutik, ta begiratuko dozu ea zerbait esan badozu Jgkoaren edo Santuen kontra, esaterako ea esan badozu Jgkoak eztakiala zer darabilen eskuartean, munduko gauzak bear dan legez estarabiltzala; ea Fedeko artikuluren baten kontra ezer sinistu badozu; ea uste izan badozu eztagoala zuretzat parkaziñorik; edo ezin iñolakoz zerura yoan ziñatekezala ainbeste pekatu egin ezkerokoan; ea amesai, sorginkeriai, aztuen kontuai sinisterik emon badeutsazu, ta mandamentu onetan sartzean direan osterartxeko gauzaak. Ikusirik estaukazula ezer, edo zer daukazun mandamentu onetan igaroten zara bigarrengora. Gogora yatortsu auei balio andiko bat euki dozula zeinetan sarri yuramentu artu deutsuen, eta zeinetan testigu askok zugaitik ta zure erreguz yuramentu egin dabeen; bakizu sarri-askotan guzurragaz yuramentu egin dozula; sarri askotan zana (baxen) geiago gitxiago edo bestera esan dozula; sarri-askotan testiguai eskatu deutsazula zure alde guzurragaz yuramentu egin dagiela; sarri gorroto euki deutsazula zure auziko arerioari; sarri birao egin deutsazula, eta sarri birao oneek zeure seme-alaben aurrean izan direala. Esamina au oraindo ezta asko bear dan moduan konfesetako, ze eztozu esaten, edo etzara akusetan ez zeinbat direan zure yuramentu guzurragazkoak, ez zeinbat direan besteai erasoak, ez zeinbat direan gorroto ta biraoak, ez zeinbat umeai ta etsekoai emoniko exenplu deungoak. Ara bada zelan burura ekarri bear dozuzan pekatu orreek.

        Imini zaitez astiro astiro pensetan zelan asi zan auzi ori, zeuri emon beutsuen, ala zeuk emon bazenduan; errazoerik bazeunkan ala ez, auzia emoiteko edo emon eutsuenari yarraituteko; emon bazenduan bengetako gogoagaz, edo besteari zeuntzan gorroto edo ezinikusiagaitik. Ze kalteak etorri yakozan besteari zuk errazoe bagarik emoniko edo yarraituriko auzi orretarik. Kalte onen kontu atararik al daizun ondoen, igaro zaitez zeuk eginiko yuramentuetara, eta atera egizu kontu zeinbat bider egin dozun guzurragaz, zeinbat ezda-baidan zengozala ta dudeagaz; baita egia izan arren bere, zan baño geiago edo gitxiago esan zenduan. Igaro zaitez gero testiguak zure erruz egin dituezanetara. Kontu atera egizu zeinbat bider eskatu deutseezun guzurraren ganean yuramentu egiteko; zeinbat bider egin izan dabeen, eta zeinbat bider egin gura izan eztabeen; bada eurak gura ez ebeenean pekatu erazo ezpazeuntsen bere, zeuk zeure aldeti pekatu egin zenduan. Oneek alan aterata igaro zaitez esaminetara ea zeure arerio auzilariari gorrotorik euki deutsazun, edo biraorik egin deutsazun; baia edo auzi onetarik etorri yatsuzan kalteak andiak direalako, edo deritxazulako errazoe bagarik emon yatzuzela auzia, edo zeure jenioa enea dalako ta errai estuak dozuzalako lanzean lanzean euki deutsazu gorroto, ta auzia gogora etorten yatzun guztian biraoak egiten zeuntsazan. Orregaitik ezin kontu zeatzik atera ziñaike zeinbat bider gorroto euki deutsazun, ez zeinbat birao egin deutsazuzan, ez zeinbat bider izan direan seme-alaben, eta beste etxekoen aurrean. Orduan bada egin bear dozuna da, kontu atera zeinbat denporan iraun dabeen orreek, eta zeinbat bider izango zan egunean edo astean edo alan. Au bere ezin badozu asko izango da burura ekartea zeinbat denporan iraun eutsun orreek egiteko ekanduak; ze ezetan geien biztu oi zinean zeure arerioaren kontra, zeinbat bider izan dozuzan era, aldi ta okasino orreek, eta zeinbat gorroto euki, edo zeinbat birao egingo zeuntsan bakotxean.

        Bigarren mandamenturik igaro zaitez irugarrenera, eta andik laugarrenera, eta egizu bakotxean esan deutsadana. Badaukazu ekanduren bat, edo izan badozu okasiño edo pekatu bideren bat mandamenturen baten kontra pekatu egiteko, aintxe geiago gelditu bear zara, aintxe ardura andi bategaz arakatu bear dozuz zeure konzienziako bazterrak. Modu onetan ibili ezkero Jgkoaren legeko amar mandamentuetatik eta bost Elexakoetatik, igaro zaitez zeure estadu, edo bizimoduko zereginetara. Onetan ardura andiago bategaz begiratu bear dau bakotxak egin ezpadau egin bear dabena, ze ez egin badau bear eztabena, bada errazago da ezagututen egin dan gatxa, ze egin bear dana ez egitea baño. Ezkondua zara? Begira zelan egin dozun zeure bizi-moduak aginduten deutsuna. Irakatsi deutsezu doktrina kristianea zeure seme-alabai, ta otseinai? Ezi dozuz txikitxutatik zeure umeen mukerrak, ta okerkeriak? Egin dozu alegina sustaiz ateratako euren ekandu zitelak burua atera dabenik laster? Itxi deutsezu gura daben guztiagaz urteiten, negar egin eztaien atxakiagaz? Zelatu dozuz nora doazan, nogaz dabiltzazan, ze lagun-modugaz batzainduten direan, zein etxetan sartzean diren? Berba baten zara zeure umeen Aingeru-guardako, ta yagola ona? Auxe guztiau esaminadu bear dau ondo konfesadu gura daben ezkondu edo guraso batek. Zara Erriko Fiel, edo Uriko Alkate? Zelan begiratu dozu zeure ardurara dagoan Erri edo Uriagaitik? Galarazo dozu, deungaro gastadu edo galdu eztaiezan Uriko edo Enriko errenta, ondasun eta diruak? Egin dozu alegina auzotegi guztia bakean bizi daitean? Artu dozuz al dozuzan modu guztiak kendu eta erbestetuteko eskandalu ta pekatu-bide guztiak? Kastigadu dozuz gaizkille guztiak, alan zeure seme, aide ta adiskideak, zein da ganeka guztiak? Modu onetantxe esaminadu bear dau bakotxak bere konzienzia, noberen bizi-modua egin bearren, eta estaduko obligaziñoan ganean.

        Enzun dozu, kristiñaua ze modutan ekarri bear dozuzan burura zure pekatuak ondo konfesaduko bazara. Sarri ta sarri prediketan da pulpituetik egia au; alanbere deretxat asko ta asko konfesetan direala deungaro esaminaren faltaz. Auxe da diño Fr. Luis Granada-ko Beneragarriak, auxe da alde guztietan gure alegin guztiagaz predikatu bear geunkeana, bada asko baño geiago dira engañadurik bizi direanak, begitandurik ondo doazala, ta orretarako oker doaz; ze bat da, edo lotsaz pekatuak konfesadu bagarik itxitea edo esamina ez eginagaitik itxitea; batak eta besteak konfesiño deungea egiten dabe, eta salbaduko badira barriro konfesadu bear dituez konfesiño barri ondo eginen baten. Zetatik dator, ezpabere, urtebetekoak, ilean beingoak baxen pekatu geiago ez konfesetea? Ez bada urtean bein baxen egiten eztireanak obeak direalako, ze alangoak eztira kristiñau on-onak izaiten; eta ganekoan ez litekez egongo ain luzaro konfesetan ta Jauna artuten etorri bagarik. Eztabee gauza dan esaminarik egiten, ta gero eztabee amarrenik bere konfesetan. Eta ezta au deungeen deungeena, ze badira beste asko urte betekoak ez izanagaitik, gauza onetan urtebetekoen lagun direanak: au ezagututeko eztaukagu begiratu baxen konfesetan datozanakaz yazoten danari. Iminten dira Konfesorearen oñetan, kurutze-santuarena egiten dabe, eta dagoz ixil ixilik zubil batzuk legetxe: eztakie zer esan, ez konfesetan zelan asi. Itanduten deutse Konfesoreak: zeinbat denpora da konfesadu zineala? Erantzuten dau zortzi edo amar ilabete, edo urte bete. Itanduten deutse Konfesoreak: egin dozu esamina konzienziakoa? Bertatik diño: Bai, Jauna. Eta, zeinbat denpora emon dozu esaminaginean? Zortzi egun, Jauna. Edozeinek usteko leuke au entzunda zortzi egun emon dituzala gizon onek bere pekatuak burura ekarri ezinik. Baia ez zortzi egun ez eze ezta gitxiago bere, eta bear bada bapere ez. Itandu bekio, ezpabere; eta, zeinbat denpora emon dozu egun bakotxean pekatuak gogora ekarten? Eta eztaki zer erantzun: bakarrik diño: zortzi egun da gaur konfesetako asmua artu nebala, eta gau ta egun, etxean, oean, soloan, basoan, ta alde guztietan egon nas gaur eguta bear nasala. Baia esan egidazu: imini zara zeure bakarrean pensetan, nondik ibili zarean, eta zeinbat pekatu egin dozuzan mandamentu bakotxaren kontra? Eztozu itaunde oneekaz beste aterako ezpabere konfesetako artu eban gogoari dei egiten deutseala konzienziako esamina eta geien geien erantzungo deutsuna da: Aita, guk daukaguzan artu-emonak eztira andi-andiak bere. Ain otzik au esaten dabee ze, bertatik igarten yake eztabeela denporaren apurrik bere emon esamina gainean. Goazan aurrera.

        Dirautso Konfesoreak: bein esamina egin dozun ezkero, konfesadu egizuz, burura ekarri dozuzan pekatuak. Itandu begit berrorek, erantzuten dau. Asten da bada Konfesorea itanduten eta eldurik birao, añen, berba loi-nasai, ordikeria, eta beste ekanduzko pekatuetara, itanduten deutso: Bota deutsezu zeure seme-alabai, emazteai, otseinoi edo ogitukoai biraorik? Bai, Jauna. Zeinbat bider? Sarri, Jauna. Esan bekio konfesiño ori eztala asko; esan dagiola zeinbat direan egin dituzan biraoak. Arpelik egingo dau alegina konfesoreak yakiteko zeinbat direan, edo zeinbat bider. Geien geien erantzungo dabena da; eztira biotzetik izan, inteziño deunga bagarik izan dira. Zer dauko zer ikusi batak besteagaz? Esaizu zeinbat izan direan biraoak, eta gero ikusiko dogu biotzetik izan direanez. Beste batzuk erantzun daroe, izango zirean ogei, edo ogeta amar. Esaten badeutso konfesoreak, eztala ori konzienzia esaminetea, erantzuten dau; ezin, bada, nik geiago esan nei. Beste batzu bein esan badagie ogei bider egin dabeela pekatu bat guztia da ogei. Ogei yuramentuak, ogei biraoak, ogei gorrotoak, ogei berba arinak. Konfesiño modu oneek bildur izaitekoak dira, eta onetariko geienak (guztiak ez esatearren) konzienziako esaminaren faltaz txarrak direalakoen antza ba'uke, bada esamina au egin ezik, gura ta gur'ez geratu bearko dira pekatu asko konfesadu bagarik. Egin arren Konfesoreak alegina, bere itauneakaz pekatu guztiak argitara aterateko, ezin ikusi leikeana legez zer dagoan an barruan, biak ibili bearko dabe itsu mustuan: Konfesoreak eztakusalako, eta ikusi bere ezin leikealako zer dagoan konzienziaren barruan; konfesetan dana barriz, eztabelako ondo aratu konzienziako baster ta okelu guztiak. Zetatik dator, ezpabere, urtebetekoak ilean bein egiten direanak baño pekatu geiago ez konfesetea.

 

aurrekoa hurrengoa