www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

12. ORDIKERIAREN GANEKO IKAS BIDEA

 

(B, 43-46, 75-76. or.)

 

        Esanik Espiritu Santuak ardaoa dala fede edo sinistea gizonai itxi erazoten deutsana, berba egin gura neunke ardao larregi edateko ekanduaren ganean, bera dalako kristinautzea, eta gizona izaitea bere gizonai kenduten deutsena: bada egunean egunean dakusgunetik, ordi batek obeto dirudi abere mutu edo animalia bat gizona baño. Ba'kit probetxu gitxi aterako dodana erakutsi alde edo doktrina onegaz; ze egunean bein dakusgu ekandu galtzaigarri onetan yausi direanetatik guztiz gutxi emendetan eta onduten direala, eta zeinbat eta zarrago ordiago ta ardao zaleago izaiten direala. Baia bai nai (dana dala): onangoak dagoz kondenaziñoko bide ta pelleburu guztizko ikaragarrian, ta orregaitik berba egin bi'ot, Jaungoikoaren aurrean atxakiarik euki ze daien. Da bada ordikeria ardao larregi edatea, sensuna galdu giñokoan. Askok ta askok uste dabe ze, orditutea dala ardaoa estamangutik botetea, edo errebez egitea; eta alan burua galdu arren, non dagozan yakin-ez arren, zer esan edo zer egiten daben gomuta ez izan arren, barruan daukeena botetan ezpadabe, uste dabe ze, eztala orditutea, eta eztabela bere pekaturik egiten. Baia ez, neure Kristiñauak, uts egiten dozue onetan; erraturik zagoze; ze sensuna galduten bada, da pekatu mortala, ezer botaten ezpada bere; baita erraz yazo leikio baten botatea tragu bat ardao bakarrik edanda bere; edo estamangua otzik dagoalako, edo beste gauzaren bategaitik norberen errubagarik, eta pekaturik egin bagarik. Norbaitek itanduko deust: Aita, nos edo zetan igarriko deutsagu orditu gareana, edo pekatu mortala egin doguna? Ara bada. Lelengo, biaramonean gomuta eztozunean zer egin eta zer esan zenduan edan ezkero = bigarrengo, besteetan baketsua izanik, etxe guztia, eta etxekoak errebolbietan dozuzanean = irugarrengo, maldizino, birao, edo blasfemiak botaten dozuzanean olango ekandu edo usadiorik euki bagarik = laugarrengo, etxera nondik zabilzan eztakizula, zoazanean, biderik zabalenak bedar-estuak dozuzala: emeko ormea yo, ango munean yausi, sasi onetan etxun, eta ango lupatzan sartu, urrengo egunean eztakizula ez non yausi, ez non loitu dozuzan soñekoak. Onelango gauzaren bat yazoten yatzuenean bada, ezagun da ordirik zengozena, eta pekatu mortala egin zenduana; baita zure seme, alaba, emazte, edo otseinen batzuk ikusi bazenduzan alan, ainbat okerrago, ze alde onetatik egin zenduan beste pekatu mortal bat emon dozun eskandalu ta exenplu txarragaitik.

        Eta yazo yatsu onelango gauzarik iños? Ez, aita, iños bere. Aror bada Demoniñoaren itsumendia. Baita obeto ezagututeko zelan Demoniñoak itsututa gogortuten dituzan gizon ordiak, esan egidazue: ikusi dozue edonos gizon edo andraren bat ordirik (andra ordiren bat)? Jesus, Aita, erantzungo deustazue, ikusi iños? Larregi bere bakusgus: uxela ezpalegoz, ze daukena eta eztaukena gastetan dabe ardaotan, galtzean dituez euren buru eta arimak, eta eskandalizetan dituez dakuzezan guztiak, eta askotan euren emazte eta semealabatxuak dauke infernu bizi bat etxean. Bada ori zuek badiñozue; baia yakin bear dozue eze, konfesonariora eztatorrela ordia dala diñoanik. Itandu bekio ordirik andienari ea ardaoak gatxik egin deutsan, edo sensuna galdu deutsan, edo besteetan legez gauzaak ez egiteko ardaoak iños imini dabenez, eta bertatik eranzungo dau: ez, aita, ara, edan ondotxu, eta txoromorotu ta alegretxu ifini bai, baia ordirik ez iños bere. Baia oneek geienetan, eztauke errazoerik, eta euren konfesiñoak izaiten dira geienetan utsak eta deungaak, batetik eztaukeelako euren pekatuen egiazko damurik, ta benetako garbairik, beste aldetik barriz eztaukeelako egiazko gogo ta propositurik ekanduari itxiteko, bada ezagututen eztaudena legez euren gatxa, alan eztabe iminten bere gatx onetarik urteiteko borondaterik. Mundu guztiak dakusaz ordirik, etse barrukoak ta aldeak dagoz lotsaturik arpegia dariela; yente guztia dago deungaro esaten; entzuten yakez eurai ganorabako berbaak, kanta zoroak, errieltak, euren artean iñogaz balegozan legez berbetan, eta oñen ganean egon ezin direala albo alboka bagarik, adietan emoiten dabe ardaoz bete bete eginik dagozala, eta orregaitarren diñoe konfesetan datozanean, Aita, txoromorotxu, ta alegretxu bai, baia ordirik ez. A ze konfesiñoak! A ardaoak itsuturiko gizonak!

        Onelangoak obeto aditu dagien bada, esango dot nortzuk egiten daben pekatu leen esan dodazanez ganetik. Egiten dabe bada pekatu mortala lelengo okasiñoa dauken guztian ardaoz asetuteko gogoa (edo biotza) ifinirik daukeenak = Bigarrengo egiten dabe pekatu ordituteko pelleburuan iminten direanak, zelangoak direan tabernara doazanak, yakinik doazan guztian edo geienetan ordituten direala, ezin itxi deutselako ardaoari okasiñoa euki ezkero. = Irugarrengo al daian guztia edaten dabenak okasiñoa dauken guztian. = Laugarrengo yokoan yarten direanak, yakinik yoketan daben bakotxean edo bai beintzat sarri larregi edaten dabeela. = Bostgarrengo, ordiakaz batzainduten direanak yakinen ganean eurekaz batuten direan guztietan edo bai geienetan ordituten dituezala, edo ordi egiten dituezala. = Seigarrengo, larregi norbaiteri eda-arazoten deutsenak porfiagaz ekin-ta ekinda, yakinik orditu aginean dagoana, aserratuten direala edonok euren eskutik artu gura eztabenean. = Zazpigarrengo, nori edo nori edan eragiten deutsanean konbeni yakan baño geiago zerbaist esan daian, edo gauza ixilikoren bat argitu daian, edo fiantzaren baterako baiezkoa ateratearren, edo beste gauzaren bat egin dagian zein sensunagaz edo edanbaarik egingo ez eban. = Azkenean barriz egiten dabe pekatu tabernerak ardaoa emoiten badeutse, ordituten direana dakienai, edo orditu aginean dagozanai; bai-eta bere gauez berandu artean yokoan, edo ardaoz ase ase egiten badaukez euren etxean yakinik lenagotik euren barria. Ez begie esan ardao saltzalleak ezin osterantxean saldu edo irabazi leiela, ezta bere osteranzean ezin pagadu leiela euren errentea, ze tabernea artu edo errematau ebenean yakin bear ebeen au ezin zala, eta alan orditu aginean, edo ordirik egonik eskatuten badabe ardao geiago, ezin emon leie konzienziaren bean, eta pekatu mortala egiten dabe emoiten dabeen bakotxean, baldin ez emonagaitik ezpadatorkie gatx andiren bat. Orduan bada onelango ardao saltzallaak egin bear dabeena da, modu onean, edo au edo bestea esanagaz ezin atara badituz etxetik, emon justiziari kontu, eta Juezak euki daiala zepoan urez asetan, ainbeste egarrigaz badagoz; bada atan kenduko litzatekez mundutik ordi asko; atan aziko litzatekez seme-alabak obeto, alan egongo litzateke etxeetan bake geiago, eta alan ofendiduko litzateke Jaungoikoa gitxiago.

        Bear bada norbaistek esango deust, Aita, egia da ni tabernara yoaten nasala, baia neure bizian enas ordituteko usteagaz eldu. Sinistuten deutsut ora eta itanduko baneutsu orduan nora zoiazan, deritxat eranzungo zeuskidala: Aita, tabernara noa neure kuartillutxua erarten, gero geldi geldika ilunzerako etxera yoateko. Baia, zer yazo oi da? Topetan dozu adiskide bat, ateraten dozu kuartillu bat, konbidetan dozu beragaz. Eta besteak zu baño gitxiago ez izaitearren ateretan dau beste kuartillu bat; batuten dira beste lagun batzuk, azten zaree konbersaziñoan edo yokoan dibertidutearren; ardaoa doa ardaoa dator edaten dozu, eta gero zer egiten dozun eztakizula arinduten yatzu burua, asten zara ganorabako berbaak esaten, aserratuten zara agaz edo besteagaz edozein gauzagaitik, eta ilundu yatsu etxera yoateko; urteiten dozu gaubeko ainbeste orduetan tabernatik, etxerako biderik zabalenak estu ta bedar dozuzala; emen estropezau, an yausi, orain batera eta gero bestera, nondik zoazan bere ameneko ondo eztakizula; elduten zara etxera, eta aror infernu bizia, emaztea oera yoan bada edo berbatxu bat esaten badeutsu, asten zara deadarrez, eta esaten Demoniñoa, Diabrua, eta arraioa, baita bere benturaz golpeka zeure emazte eta familiak errua baleutzuna legez, eta biaramonean burua astun eta gorputza nagi, bearrerako adin bagarik.

        Auxe da, neure Kristiñauak, egunean egunean dakusguna, guztiz bere yaiegunetan, entierru eta onrak edo ileteak dagozanean, edaten dabe mezeen balioa baxen asko geiago, dagoz arratzalde guztian edan-da edan, eta gero bidean topetan badabe tabernaren bat eztira batzuk edo batzuk sartu bagarik geratuko: atarako daude euren kuartillua bapere bere bearrik izan bagarik; tragu baterik doaz bestera, edaten dabe uste eben baño geiago, berotuten dira, eta ardaoa barritzua dana legez, esaten dabe edozein gauza, aserratuten da bestea bere kontra zerbaist esan dabelako, eta berbarik berba ezarten deutsez askotan eskuak alkarreri, eta lauziri balio eztaben gauzeagaitik ateraten da kerella bat; sartuten dira emetik eskribauak, batetik letraduak, bestetik prokuradoreak, andik testiguak, emetik justizia, askenean barriz kendeutse [sic] daukana, eta geratuten da, esan doiana legez alkondara utsean, zer yan eztaukala, zegaz mantenidu, eta akomodau bere bere semeak. Auxe da onelango ordiai yazo oi yakena, Espiritu santuak berak dinoandi. Ezpabere, esan egidazue, nori datorkioz gatxak, nekeak, aserreak, lanak, aiariak, zauriak eta pobrezea? nori ardao-zaleari, eta edaleari ezpada? Non egiten dira bidebagako tratuak, eta burubako fiantzak geien geienean ardao artean ez izanik? Zegaitik dagoz ainbeste familia galdurik, eta ainbeste etxe zorrez beterik? Geienetan ardoagaitik. Eztot zuek baxen beste testigurik gura. Zeinbat etsaguntza ikusten diraz saldurik eta zorrez beterik? Zeinbat etsagun eta euren familia euren etseti kanpora burubako fianza onelangoak gaitik? Yakin gura badogu, non, zelan, eta ze modutan sartu zirean fianza oneetan, ikusiko dogu geienak egin zireala ardao-etxeetan, eta ardao artean. Orrako gizon galdu zeintzuk ezin iñondik aurkitu al ebeen euren tratu okerren fiadorerik, konbidadu eben etsagun ori tragu bat edaten. Emon eutsen ondotxu edaten, eta arako berorik egoanean, erregu, palagu, eta berba laztanakaz, sartu eragin eutsen fianza galgarrietan orretan; eta orain dakutsue bere etsealde bagarik, zer yan, ez zer yanzi eztaukala, alziz beterik, erdi billoxik, eta bearbada aterik ate, ogi kotsur bat yango badau. Zeuek sarri ta sarri ikusi izango dozue beste onen-beste. Emetik ezagutuko dozue ze egia andia dan Espiritu Santuak diñoana: Nekezale ordia ezta iños aberats izango. Eta, zeinbat arimako gatx, eta pekatu eskerga eztira ernetan ordikeriatik? Zegaitik yazoten dira ainbeste etxeetan errieltak, kimerak, biraoak, eta añeniñoak? Geietan ardaoagaitik. Ardao larregitik datoz berba loiak, eskuka zikinak geienetan, bada S. Paulo Apostoluak diñoanez, ardaoan dago luxuria, ta dexonestidadea; ardaotik datoz lapurretak, yuramentu guzurrezkoak, eta ezin esan leitezan beste ainbeste gatx: ze ardaora egin danak gastau ezkero esku artean daukana edozein gauza egingo dau zegaz edan eukitearren nai ostu ta bear bada bideetara urtenda bere, nai edozein testiganza emon, edo guzurraren ganeko yuramentu egin, ondo sarri gure damuan enzun ta ikusi oi doguna legez. Andiak dira zelan-bere ordikeriak dakarzan kalte eta gatxak; baia andiagoak dira parebaga emakumeenak dakarzanak gizonenak baño. Emakume ordia, aserre andia da, diño Jaungoikoak berak, lotsaari andia da senarrarentzat, eta senide guztientzat; ezin estaldu lei bere ezaintasuna, edonon agiriko da, ze itsusi dan. Leenago galduko dau etsea emazte ordiak, gizon ordiak baño. Errezago yako emazteari, senar ordiaganik etxeko gauzaak ostendutea, senarrari emazteaganik baxen. Emazte ordi batek salduko dau etsean dan guztia, senarrak yakin orduko, bere yaztekoak, umeenak, senarrenak [sic], izara, samau, urdai, zezin, eta aora eroan bear dabena giñokoa, ardaoa erostearren, eta orditutearren, eta ezpadauko beste gauzarik zegaz erosi ardaoa bere gorputza emongo dau, ardaoz aseterren. Zeinbat bider ikusi izango ete dozue au yazoten?

        Baia eztira emen geratuten ardaoaren gatxak, ze geien geien bildurtu bear gaituzana da, ordien salbaziñoaren pelleburuak. Ain da gatx ardaora emonik dagoana salbetea ze, ezin dala urrean, diño S. Juan Krisostomo-k, ordi bat ezek bere mobidu ezin leikealako. Alperrik dira olangoentzako sermoiak, arpelik agirakak, arpelik zemakuntzaak, eta arpelik konfesoreak eta predikadoreak bere onerako egin al leien guztia. Imini bekioz begien aurrean Jaungoikoak beragaitik egin dituzan gauzaak; bere eskuetatik artu dituzan mesedeak; bere maitelarientzako zeruan prestauta daukazan ondasunak, eta kabu ta neurribako atsegin ta olgurak; idigi bekioz bere begietan infernuko pena, su ta tormentu guztiak; bada eztau ezek bere ikaratuko; ezta dana ta daitekean guztia asko izango ardaoari itxi eragiteko; eta guragoko dau antxe Demoniñoen erdian, eta su ikaragarrizko aetan sartuta egon ardaoaren ekandu larregiari itxi baño; berba baten esateko etxako ezegaz bere, ezegaz bere bere ekandu deungea kenduko, ezta bera salbetako modurik aurkituko bere, ze zuek dakutsue onelangoai zeinbat zarrago ainbat gozoago egiten yakela ardaoa, eta beste pensamenturik eztaukela ardaoa ta edatea baño. Baita, zelan geratuten dira onelangoak askenean, eta oraindio gazteak izanik? Kokoturik, sensun bagarik, indar bagarik, podere bagarik, edo animalia batzuk legez, edo klaruago esatarren, zubil bat dirudiela, ez konfesetako, ez Jaungoikoari erregututeko, ezta aren Majestadearen gomutarik eukiteko bere. Euren gogo eta guraari guztia, eta euren amesa bere, ezta besterik, ezpabere nondik nora ardaoa edango dabeen. Eta alantxe il bere egin doaz geienean, batzuk akzidente bategaz konfesadu bere egin bagarik, eta beste sakramentu bagarik; beste batzuk konfesetan direala, baia zelan? ganora bagarik, zer egiten dabeen yakin bagarik, eta erdi kokoturik. Orregaitik diño Espiritu Santuak ordien izenean: azotadu ninduen, eta eneban yakin, eta eneban beste gauzarik pensetan ta esaten neure artean, ezpada, nos edango dot? Eta alan esan bear deutsuet Espiritu Santu berberaren izenean ta bere berbakaz: ez egiozue ardaoari begiratu basuan argi egiten dabenean, ez eikezue esan: ai! ze kolore ederra daukan; ze gozo eta bigun igaroko da zure samatik, baia ibili ta ibili sugeak legez yango deutsu zure barrua, eta suge-tzarrak legez beteko zaituz pozoiz ta benenoz. Eta zuek, ordi konkorrok, ordi zorigogorrekook, edan egizue, ase ase egin zaiteze. Edan egizue bada ordi zorigogorrekook, ase ase egin zaiteze ardaoz, eta bein bere ekandu deunga orreri itxi gura ezpadeutsazue, zoaze Demoniño guztiakaz. Sarri ta sarri esan yatsue pulpitutik, eta konfesonarioetati zelango pekatuak egiten dozuezan, baita zelangoak eragiten dozuezan zeuen emazte eta seme-alaben artean ardao larregira ekanduagaz; sarri ta sarri imini yatzueez begien aurrean zelango eskandaluak emoiten dozuezan etxean familiaren artean, auzotegian, eta erri guztian, zuen ordikeriakaz, eta zelan zagozen kondenaziñoko bidean akzidente batek baleutsue, akto kontriziñoko bat ezin egin zinaielako; baia orregaitik bere ezteutsazue eguño ekandu deungeari itxi gura. Edan bada, orditu zaiteze, bete zaiteze ardaoz samagiño, eta zoaze infernuko Demoniño guztiakaz, zeuen gustua alan dalako. Ikusi dozue, Kristiñauak, zeinbat, eta ze ikaragarrizko gatxak dakarzan ordikeriak, alan gorputzean, zein da arimaan; ala gorputzeko ondasunetan, zein da arimakoetan. Etzaiteze bada miraritu ez admiradu Konfesore eta Predikadoreak badagoz beti beti alegin guztia egiten, zuek yausi ze zaiteezan ekandu onetan, eta yausi bazaree, andik ateretako. Dakuse erri guztietatik zabaldurik pekatu au, etse, kale eta bideetan aurkituten dituez ordiak; batzuk oñen ganean egon ezin direala; beste batzuk berba ero, gangar eta ganora bakoak esaten dituezala, baita ameneko ameneko, loi eta zikiñak bere; oneek eztaukela bageria iñogaz, aek euren emazte, seme, eta etseko guztiak darabildezala aldean, ta uxaturik. Auxe gaitik prediketan dabe ainbeste bider ordien kontra. Zer deutse geiago bere kontra edo bestee pekatuen kontra egitea? Zer emoiten Yake onegaitik? Zer irabazten dabe? Arean bere ez. Eta alan-bere beti zagoze esaten: oneek Predikadoreok beti beti dagoz ordien kontra; ezpalego legez beste pekaturik zeri egin. Eztaukenean zer esan, edo akabetan yakenean sermoia, ekin ordiai eta taberneari: beti dauke eginik sermoia. Ez, Kristiñauak, ezta au zegaitik ain sarri prediketan dan ekandu onen kontra. Zuei deutsuen amodio, eta ongureak, zuen errukiak au erasoten deutse. Gura dozue onen ganean berbarik egin eztaien Predikadoreak? Kendu egizue ekandu zitel ori, eta eztozue enzungo ordien kontra sermoirik; barriz zuek aurrera ordikeria, eta ez predikadu bere kontra, ezin au izan leiteke.

        Beste gatx guztiz andi bat ikusten da ordietan. Eztira agertuten konfesetara urtean bein baño. Eltzean da aste-santua: zelango esturak? Zelango izerdiak, zelango larriak? Eztira konfesetan yoango lelengo egunetan, ezpada azkenengoetan. Eta orduan zelan elduten dira? Urkamendi batera bililloaz [sic] legetxe. Begiratuten dabe ze konfesore dagozan, an ete dagoan bere ezaunen bat, modu onetan bera engañadu al daian, eta agindu ze dagion tabernara yoan ez eiteko. Ezta yoango igaz edo leenago konfesadu ebagana, modu onetan dabil, zer egin eztakiala. Aror zegaitik direan ain ezaun ordiak aste santuan. Konfesoreak aginduten badeutso eldu bere ez egiteko tabernara, berak zabalduten dau emon yakan penitenzia. A ze gogorra dan, diño urlia konfesorea, enauko urrengoan artua. Esaizu gizon itsua: Zer gura zeunke egin daizun konfesoreak badakus konfesoreak tabernara yoatea bardin bardin dala zuretzat, zein da orditutea? Orditutea bardin dala zein zure etse eta auzoak eskandalizetea? Emon deutse Konfesoreari diru pilloren bat, zuri agindu deizun, tabernara ez yoateko? Emetik aterako dozue kontu zelangoak izango direan ordien Konfesiñoak. Alantxe daroe aurrera euren ekandu zitela; beragaz elduko dira eriotzako ordura, eta Jaungoikoak yakin zelangoa izango dan, orduan egin daien konfesiñoa, egiten badabe. Idigi egizuez bada nosbaist zeuen begiak, infernuetara yausi gura ezpadozue. Alan izan daiteala. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa