www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

10. [BOSTKARREN AGINDUA]

 

(J, 72-79. or.)

 

Non occides.
Eztozu iñor ilgo.
Exodi. c. 20.

 

        Geure Ygko laztanak yagon ezkero laugarren aginduan gurasoak ganako lotsa ona, galarazoten deusku bostkarrenean besteai gatx egitea. Orretarako esaten deusku: (yagon gura dau bostkarrengoan guztien bizitzea, osasuna, eta ondo egona; eta orretarako dirausku:) eztozu iñor ilgo. Berba oneekaz bada esan gura deusku ez iñori bere gatxik egiteko (ezta geure buruari bere) ez geure egiteakaz, ez berbeagaz, ez ezetara bere. Eta alan agindu onetan ez bakarrik eragozten yaku iñor iltea, baita bere iñori osasunean, gorputzean, eta ariman kalte egitea. Alan geure burua edo besteren bat iltea, banatutea, odoltutea, beso bat edo azurren bat austea, benenoa edo gatxgarriren bat emotea, edo artutea, eta gaixotutea, oneek guztiok eta onelangoak eragotzita dagoz bost-karren mandamentuan. Eta ez bakarrik galarazoten yaku olango gauzaak geuk gere eskuz egitea; baita bere besteren baten eragitea. Eta orregaitik batek iñor il ez arren edo ez banatu arren, besteren baten ori egiteko, (edo iñor banatuteko) agindutea, lagundutea, atan imintea edo bidea emotea, orretarako benenoa, botikakoa, edo tretxuren bat emotea, eta oneek, galarazota dagoz bostkarreneko agindu andi onetan.

        Oneek alan yakinda ikusi daigun orain nortzuk geien onen ganean pekatu egin daroen. Eta bear dan argi-bideaz berba egiteko, lelengo esango deutsuet nortzuk egiten dabeen pekatu euren buruari kalte ekarten deutseelako (ekarriagaz): bigarrengo nortzuk (egin oi dabeen) besteai kalte eginagaz; eta irugarrengo barriz nortzuk (pekatu egiten dabeen) deungaroak esanagaiti.

        Eta euren buruai kalte egiteagaiti pekatu egin daroe 1°. Baliau oi direanak Ygkoak emoniko gorputzeko sendotasunagaz eta gogortasunagaz gorputza makalduteko, osasunagaz osasuna galduteko, gorputzeko indarrakaz gorputza argalduteko eta manketako. Gizon ta mutil indartsu ta gogor askogaz geure errietan ikusten dana da,axe batzuk buruan sartuta dabiltzazala euren indarrakaz arroturik, eta Ygkoak pekatu egiteko emon izan baleutseezan legez lagunak desafietan, temak ta posturak egiten, ezin dituezan kargaak eregiten (erantetan, yasoten) ta eroaten. Yatun ta edatun askok posturaak egiten dituez onenbeste edo ainbeste yan edo edan egingo dabeela, edo nok geiago yan ta edan. Onelangoetati gero askok osasuna galduten dabee, eta betiko erasoren bategaz geldituten dira. Bada pekatu egiten dabe alangoetan dabiltzazanak.

        2° Egiten dabe pekatu mortala osterantzean, alango postura eta panparreria bagarik larregi yaten dabeenak, yakinik larrak gatx egin oi deutsela. 3° Egiten dabe pekatu mortala yan oi dabeenak karea, ikatza, lurra, autsa, edo beste onelangoren bat; bada ori alan eginda erkindurik, maskarturik eta osasuna moteldurik gelditu oi dira. Eta berba baten, bein yakin ezkero yanariren batek gatx egiten deutsala, edatekoren batek gaixorik iminten dabela, (pipea edo zigarroa —tabako orria— artuteak kalte egiten deutsala), larregi yan-edanak galduten dabela, onelangoren bat orregaitik bere egiten dabenak pekatu egingo dau.

        4° Pekatu mortala egiten dabe euren borondatez eta yakinen ganera orditu egiten direanak. Askok eta askok uste dabe eze, eda'ala edan arren, burua nastauta euren buruen yaube eztireala parau arren, eztala katua artutea; eta barrukoa aurrean ikusten ezpadabe, eztabe pekatutzat bere artuten. Baia ez, ezta ori egia, eta bein burua nastau eta sensuna galdutera ezkero ya pekatua eginda dago, ezer errebesadu ez arren: baita barriz yazo leiteke larregi edan bagarik bere barrukoa atera (bota) bearra, edo batek gorputz-aldi txarra daukalako, edo oñak bustirik dituzalako edo beste alangoren bategaiti. Nos bada, esango deustazue, nos igarriko deutsagu geure buruari orditu izan gareala? Nik esango deutsuet; entzun. Arako biaramonean gogoratu ezin dozuenean edan ezkero zer esan, edo zer egin zenduen, besteetan bake onekoak izanik, ardaoaren beroagaz etse guztia beera ekarri bear dozuenean: biraoak eta yuramentuak egiteko izkunerik ez izanik, edanak eragiten deutsuezan birao-yuramentuakaz guztiak darda ganean erabili bear dozuezanean: etsera zatozanean albo alboka oñak alborantza egiten deutsuela, biderik zabalenak estu ta bedar dozuezala, emen labratau, an yausi; emeko ormea yo, ango sasipean etxun; urrengo goxean non loitu zinean asko eztakizuela: oneek bada eta onenlagoak yazoten yatzuezanean agiri da katutu egin zineela, eta pekatu mortal andia egin zenduela.

        Baia ezpegie ordiak uste eze, katututen direanean baxen besteetan eztabeela (edan-aldunak uste eze, katututen danean baxen besteetan eztala) pekaturik egiten. Bai, katua artutera eldu bagarik (ainbagaan) bere pekatu egin lei, eta askok egin daroe orretarako bidean yarten direalako, edo besteri bide txar ori emoten deutselako. Ara emen nos alde onetati pekatu egin doian geien. Lenengo ardangelara doazanak yakinda bere ara ezkero geienetan larregi edan bearko dabeela. Bigarrengo, dabiltzazanak asmu billa ea nondi nora izango dabeen ondo edateko erea, aldian sabelari ase-aldi bat emoteko. Irugarrengo doazanak yokora, fiestara, iletara, konbitera, eta alangoetara al daien ardao guztia edaterren. Laugarrengo ordiakaz batzanduten direanak yakinik olango lagunakaz batu ezkero orditu oi direala. Bost-karrengo iñori orditu eragiten deutsenak edo ixilik gordeta daukan gauzaren bat agertu eragiteko (erasateko, edo edan baakoan egingo ez leukeena eragiteko), edo ainbagarik burubaako tema gogaikarriakaz. Ardaoa salduteko daukeenak bere pekatu egiten dabe emoten badeutse beragaz ordituko direala dakienai edo itxiten badeutse berandu artean tabernan yokoan ta edaten egoten.

        Ordikeria da beste pekatu askoren artean pekatu andia ta ikaragarria; beste askoren sustraia, beste pekatu askok baño gizona geiago itsututen dabena, eta beste asko baño (askoren aldean) kenduten gatxago (gatx) dana. Ygkoak berak dirausku ze ordiak eztabeela zerurik ikusiko: ordikerian dagoala seigarreneko loikeria, ta zantarkeriak. Ordikeriati etorri oi dira biraoak, aserreak, gorrotoak, auzi-ondagarriak, lapurreriak, eta beste asko. Ardao larregiak emon daroa seigarreneko zantarkerietako gantza, eta ordiak eta edanduak esan ta egin daroez, euren buru argian dagozala esan ta egingo ez leukeezan nasaikeriak, ta loikeriatzar andiak. Nekez ikusiko dozue bere burua orditzat daukan ordirik. Nekezago oraindo ondu izan danik.

        Ain da gatx ordi bat salbetea eze, diño S. Juan Krisostomo-k ezin ezetara (iñondi) bere izan leitekeala. Ordi bat ezin ezek bere atera leike artuta daukan ekandu lotsagarriti (Ordi bateri ezin ezek bere galdu eragingo deutso (eragin leio) artuta daukan ekandu lotsagarria), diño Santu andi onek. Imini bekioz bere begien aurrean Jaungoiko onak beragaitik egin izan dituzan mirari andiak; alper izango da. Esan bekioz Jaun onek beragaitik ikusi zituzan neke, atsakaba, zauri eta eriotza gogorrak; alperrik izango da. Gogora ekarri bekioz aren eskuti artu izan dituzan mesede, eta ondasun guztizkoak, berak onentzat prestauta daukazan gloria, ta atsegintasun ederrak, eta deungeentzat daukazan betiko su, neke, ta ala ezin gogorragoak; ezteutso ezeri bere yaramongo; eta nago eze, bere arpegiko begiakaz ikusiko balituz infernuko su itzaltsu ta ikaragarri orreek bere, elitekeala orregaitik (orregaitarren) onduko, eta tragu bat ardaogaitik antxe suen erdian sartuko leukeala bere burua. Eztago diño Santu andi onek ordi bat zeruko bidean sartuko daben gauzarik.

        Zeuek dakutsue egunean bein zelan zarrago eta gozoago egiten yakeen ardaoa aurrerago eta zaleago (egiten dira); indar gitxiago eta edan gura geiago. Emetik ernetan yake arimako itsutasuna, eta onduteko gatxtasuna. (Itsutasunagaz) eztabe ezagututen euren pekatua, eta eztaroe konfesau (ordiak) artu dabeen moskorrik (artu izan dituezan katuetati ezta amarrenik bere); eta askotan bapere ez dabeen moskorrik, edo bai beintzat ondo gitxiturik eta ederragaz aurrera (ederkaturik). Itandu bekio ordirik galantenari ea iños katutu izan bada, eta beingoan (belan) esango (erantzungo) dau: «ez Jauna. Ara, nosikpein baten edan ondotxu, txoromorotu, eta besteetan baxen (puskatxu bat) apurtxu bat argiago parau bai, baia, katurik ez bein bere. Ezin inok esango dau ni katuagaz ikusi nabela». Ondu gura eztabeelako ibili doaz itsu oneek konfesore nasaien (arinen) edo euren barri ez dakienen billa. Neure entzula onak, zerura gura badozue, bildur andi bat artu bear deutsazue ordituteari, bada bein (oitura) ekandu txar au ikasi ezkero, ezin aztu izaten da, eta betiko arimea infernuan galdu bearra ekarri oi dau. Ordikeriaren ganean beste enparaduen ganean baxen apur bat luzeago egon naz; baia geiago ta geiago egingo baneu bere ondo eginik legoke, eta guztia ez litzateke asko izango, ze eztago eskuen artean darabilgun bostkarren agindu onetan ekandu lotsagarri onek baño arimeari kalte geiago ekarten deutsanik. Goazan beste gauza batera.

        Orain artean berba egin deutsuet euren buruai larregi emonda kalte egiten deutseenak gaitik, orain azkenean egingo deutsuet bear dana euren buruai ez emonagaiti kalte ekarten deutseenen ganean. Pekatu mortala egiten dabe eukirik zegaz bizi, zekentasunez, eskueutsiz, eta lauziri ez kasteteagaitik osasunaren kaltean euren buruai gosea emon, edo soñari ta oñari bear leukeena ez emonda, kalte andia egiten deutseenak. Eta, zeinbat kristiñau bizi dira geure artean bai gizonak ta bai emakumeak gau ta egun, eta esan lei yai ta aste, negu ta uda, nai euri, nai aterri, nai ekatx, beti arrastaka, beti amurraturik, euren buruak narras (tresna eginik) darabiltzazala zerbait aurreratuteagaiti. Eta orretarako etsean euki zegaz ondo igaro? Zeinbat andra seindun, ta askotan osasun motelagaz, auzoetakoai zer esana emoten deutseela, euri ta aterri lanean eten bearrez, etsean daukeela zegaz ondo bizi, zerbait geiago eukitearren? Zeinbat kristiñau, laborea salduteko (zeruak emonda) etsean daukeenak, eta arto puskatxu bat ozta gorrian sabelari emoten deutsenak, eta gose gogorrak igaroten dituezanak (ez kasteteagaitik)? Zeinbat gaixo dirua ta eukia ostikopean (bear bada galduten) daukenak, eta kodiziaren kodiziaz erriel bat gitxituteko errukiagaitik ilten dira euren buruai bear leukeena emon ez eutseelako (ez emonda)? Oneek guztiok bada, eta euren modukoak pekatu mortala egiten dabe.

        II. Noberen buruari gatx egiten deutseenen ganean zelan alan egin ezkero, igaro gaitezan orain besteai kalte edo gatx egiten deutseenetara, eta iragarri daigun nortzuk egin daroioen euren egite txarrakaz, eta nortzuk deungaroak esanagaz. 1° Egiten dabe bada pekatu mortala euren guraz besteren bat il, ebagi, edo irrime yo egiten dabeenak, dala arriagaz, dala makilleagaz, dala ukabillagaz, dala ostikoagaz, dala beste edozein bere gauzagaz. Baita onelangoak pekatu egin ez eze, baita bere andik datorkiezan kalte eta kastau bear guztiak bere oso osoan emon ta pagau bear deutseez. Berbarako: makilleagaz artuta, eio eio egin zenduan gizon ezkondu bat, bere bear eginagaz emaztea ta umeak mantenduten zituzana (bere bear eginaren begira eukazana): bada zeuk osotu, eta emon bear deutsazuz osatuteko bear dituzan diruak, eta oian dagoan artean galdu bear dituzan alogerak, eta irabaziak; 2° Egiten dabe pekatu mortala armaak artuta bideetara, ta etseetara lapurrerian doazanak; bada onelangoak aldean darabilde beti, edo bestea ilteko, edo eurak ilak izateko pelleburua. 3° Armea artuta (esan dan legez) izan ez arren bere pekatu egin leie bostkarren mandamentuaren kontra, iñoren ortura, solora, etsera ixil ostuka ortuariak, artoak, gariak, frutak eta; edo lapurreria egiten doazanak edo bidera inori urteten deutseenak: zegaitik eze sarri onelangoak izan daroe bertan ilak izateko bidea: guztiz bere gaurko egunean lapurrak askotu (geitu) eta lotsabaakotu, eta gizon-ilteari itzala ta bildurra galdu yakan ezkero.

        4° Pekatu mortalean bizi oi dira makillakariak, eta okasiño-tzuak (zaleak) alkar banatuteko, eta ez bein alkar ilteko bidean paretan (yarten) direalako. Eta bake-txarreko oneek pekatu askoren yaube izan doaz, bada sarri ta askotan erabili oi dabe biotzean egiten daben baño gatx geiago egin gurea, egin-ez aren damu gogorra, luzaroko gorrotoa ta ikusi-ezina, emon daroe besteak bere beste orrenbeste egiteko bidea, eta imini oi dituez errietan zer-esan (berbaleku) andiak. Ezin esan bere egin lei ze kaltegarriak direan errietan onelango makillakari okasiñotsu bake gaiztokoak. Bakea gura dabeenak eztakie euren aurrean ez zer esan ez zelan berba egin. Bear bada bapere eztan berba baten oratuta, bertan ernetan dabe ezdabaidea, errieltea, aserrea. O zeinbat pekatu egin ta eragin daroezan onelangoak! Etsea zorrez beteta, emaztea, ta umeak billosik ta goseak ilten daukeezala, dabiltz alango gizon bake deungakoak gelditu bere bagarik erririk erri, probarik proba, tabernarik taberna, ta okasiñorik okasiño, alde guztietan atsakabea, zer-esana (berbalekua), eskandalua, eta gonotoa, besterik itxiten eztabeela.

        5° Egiten dabe pekatu mortala amaak eta iñudaak edo seinzaiñak ardura andi bat iminten ezpadabe eurakaz eratzoten dituezan umetxuak ez itoteko (irototeko) edo ez ilteko. Onen ganean diño Erroma-ko doktrina liburuak eze, ez leukeela gurasoak eta besteak eurakaz eratzo bear alango ume titikorik, eta iños egingo badabe, imini bear leukee bitartean almoadaren bat, edo erropa moltsoren bat alango gauza txarrik yazo ze dedin. 6° Egiten dabe pekatu mortala euren umeak lege eztan legez, eta gogortasun larregigaz kastigetan dituezanak, arako euren umeakaz aserraturik, suaren suagaz itsuturik, zer egiten dabeen bere eztakiela, edonon yoten dituezanean, nai buruan, nai betondoan, nai sabel edo estameta ganean, nai saietz-aldeetan, eta edozein gauzagaz, ukabilagaz, ostikoagaz, makilleagaz, bartzunagaz, edo eskuan lelengo emon daioen edozein tretxugaz: gero umeak baltzunez, tontorrez ta zauriz galdurik egun osoetan bear bada oean egon bearko dabeen moduan. Kastigadu begiez bear danean gurasoak euren umeak, yo begiez, ezi begiez, baia ez arako aserre arren zer egiten dabeen bere ez dakienean, ezpada euren epetasun onean; eta ez biotzeko arrabioa aseteanen, ezpabere umeak onduteanen.

        7° Egingo dabe pekatu mortala emakume seindunak, egiten badabe sabeleko seintxua galduteko (gastetako) izan leitekean gauzarik, zelangoak direan aserre gogorrak izatea, pisu astunak buru ganean artutea, baterik bestera (dagoz) arri labanaren ganean saltu luzeak egitea, eta onelangoak. Eta oraindo pekatu ikaragarriagoa egin daroe emakume orreek euren pekatua agertu eztedin aleginak egiten dituezanean seintxua galduteko edo ilteko. Iya bizirik dagoan seiña aleginakaz galdutea da pekatu ikaragarrizko eskerga bat, zeinen kontra Eleixa ama santuak deskomuniñoa, eta beste kastigu bildurgarrizko asko iminirik daukan. Eta ez bakarrik egingo dau pekatu au egin dagian neskatillak (emakumeak) baita bere orretan iminten dabeenak, edo ori egiten zelan alan lagunduten deutsenak, botikakoa aginduten deutsen mediku-ofizialeak, edatekoa egiten daben botikarioak, eta beste edozeinbere aldetik sein-galtze orretan eskua sartzen dabeen guztiak.

        Jauna, au yazo izan yakana etse on bateko alabea da, eta errian zabalduten bada, galdurik lotuko (geldituko) da, ezin ezkondu leiteke seiñaren aitagaz: bestek au yakinik eztau beragaz egin gurako: bera ondra (kleitu) bagarik, gurasoak, etsekoak, eta senidetasun guztia damu andiagaz, eta erri guztian zer-esan andiak (ebiliko dira). Bai gura badau. Orreek kontuok leenago atera bear zirean: baia okeluetan (ostenderetan, zokondoetan) eta basterretan zer gura egin, zelan gura ibili, gerokoari bildurrik artu bagarik, eta gero seña oratu yakeenean: ai ene ondrea! ezin ezkonduko naz... eta oker egina estalduteko ta lotsaritan ez ibiltearren errurik eztaukan sein gaixoari bizitzea galarazo gura? Ori ezta lege, ez Yaungoikoak aginduten (erakusten) dabena. Mendietako pistiarik uzuenak bere eztabe orrenbeste egiten euren sabeleko umeakaz.

        Ezta balitz neskatilla ori errege andi baten alabea, eta baleki bere sabelean daukan seintxua ez galduteagaiti erreinu guztia gerra gogorretan erre ta ondatuko litekeala; edo seiñ ori galduagaz bake, zorion, eta ondasun ederrak erreinu guztian zabalduko litekezala, ezin orregaitik bere egin lei alango gauzarik, eta egingo baleu, pekatu ikaragarrizko eskerga bat egingo leuke. O sein-galtzallaak, sein-galtzallaak! bazenkie ondo zer egiten dozuen seña galduten dozuenean nonbaiste bere etzendukee alango gogorkeriarik egiteko biotzik izango. Eztakit nik zelan gau bakar baten bere lo gozoa egin zinaikeen, arima gaixo baten, bapere errurik eztaukan anima bateri Jgkoa ikustea betiko galerazo deutsazuen ezketiño. Ai! Zeuen kontra bengantzea Jgkoari eskatuko deutso arima gaixo orrek, eta bildur izan beartzare Jgkoak entzun egingo dituzala zeuen arimak gaña kosta izan yakazan arima orreen deadarrak, eta mundu onetan eta bestean zer ikusi andiak izango dozuezala.

        Pekatu mortala egiten dabe seindun dan andrea edo neskatillea gogor artu eta agiraka, ta bear bada yoka, galantak emoten oker darabildeenak. Bildur izan bitez bada arako senar gogorrak emazte nai seindun, nai seindun ez, deadarka ta otsak emoten darabildeezanak. Lege guztiak seiñ-egiteko dagoan emakumeari lotsaz ta errukiz begiratuten deutse, eta arik eta seiñ egin artean etxake kastigurik emoten deungaak (okerrak) eta gaistoak izan arren. Eta, senarrak erabili bearko dau bada emazte katigua ostikoka, ta kolpeka bildur geiago bagarik? Eztakit nik nongo legeak erakusten deutsen onelango nabarbentasunak.

        Pekatu mortala egin daroe seintxu galdua (gastaua) yakinen ganera bateatu bagarik artuta uretara bota, edo lurpean sartu egiten dabeenak. Ai kristiñau maiteak! negar egitekoa da onen ganean askotan baño geiagotan yazo oi dana. Enzuzue arren zeuen onerako eta seintxu gaixoen onerako alango aldietan zer egin bear dan, bada au ez yakinagaiti Jgkoak daki zeinbat arima eder galduten direan bere arpegi gozoa ikusi bagarik. Galdu dan seintxua bere formeagaz badator, eta ustelik ezpadago, bateatu bear da, baita ilaren etxureagaz eta ezeri eragiten ezteutsala baletor bere. Sakutotxuaren (azalaren) barruan badator sakutotxuari eten bat egin bear yako edo artaziakaz, edo atzazalakaz edo alan, eta barruan dagoanari ura egiten yaka. Bizirik dagoala agiri badau ura egiten yakanean esan bear da: «nik bateatuten zaitudaz Aitearen, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean». Eta kontu, kristiñauak, lenengo asierako berbakaz; «nik bateatuten zaitudaz», esan bear da, eta ez ainbagarik, «Aitearen», etc. eta bizirik dagoala agiri ezpadau, eta usteldurik ezpadago, esan bear da: «bizirik bazagoz nik bateatuten», etc. Baita orrenbestegaz gero aren arimatxua zerura yoango da, ume ori ilik ezpegoan. Eta ez esan iru astekoa zala, amabost egunekoa zala: dana dala alantxek egin bear da, eze batek eztaki nosgarren denporan biztuten dan seintxua, eta alan eginagaz ezta ezer galduten, eta bear bada ez eginagaiti aren arimea bein betiko linbora galduten da.

        Azkenez pekatu mortalean bizi oi dira bear dana yakin bagarik errietan paretan direan mediku-ofizialeak, edo leen iños beekien bere, liburuai autsa kendu ezagaiti aztuten itxi izan dabeenak. Gero itsu-mustuan aginduten dabe sangria bateti, purgea besteti, osatuten bada osatuten dalako, ilten bada ilten dalako; eta Jaungoikoak daki zelango kalteak egiten dituezan askoren osasunetan, eta okerrago dana, askoren bizitzan bere.

        III. Eldu gara ibilian ibilian egin bearrera irugarren agindu deutsuedanaren ganean, eta orain esango deutsuet nortzuk egin daroen geien pekatu mandamentu onen kontra, besteren baten deungaroak esanda. Egiten dabe bada 1° besteren baten su minagaz esaten deutsanak ordia, lapurra, andratia, neskazalea, txarria, zantarra edo onelangoren bat besteak ori entzunda biotzean min andia artuko badau. Onelango gauzetan begiratu bear non ta zer esaten yakon, bada baten esanda bear bada ezer eztana, edo ezerezkeria bat dana, beste baten esanda gauza astuna ta zakona izan leiteke. Esatea, kontu daigun neska gogo-arin, (zorapillo), lotsa-galduko nogaz gura dabilen baten zantarra, urdea, Elexa osteitiko emaztea, ezta pekatu andirik izango eta etxako orregaiti gorrituko arpegia; baia esaten badeutsazu neskatilla garbi baten edo andra bere lotsa onean bizi danari, pekatu andia izango dozu. Esaten badeutsazu asko lotsatuten danari, sasikumea, edo borta, pekatu mortala egingo dozu; baia esaten badeutsazu bapere ez deutsanari (biotzera igaroko etxakanari), edo entzunda barre egingo dabenari, ezta orduan ezer.

        2° Pekatu mortalean bizi oi dira arako gizon-emakume sutsu, aserrekor, bake txarrekoak, aldea-uri, auzotegi guztia, eta bear bada erria, goikoaz bera darabildeenak: orain aserratuten dira bategaz, gero beste bategaz: erdi-berba bat entzutea, eurai adikune (begirakune) bat egitea edo bear bada eurai buruak emotea, edo zerbait egin deutseela begiundutea (egin deutseelakoa artutea), asko izaten da aora datorkiezan (iñon direan) deungaro guztiak esateko. Eztau iñok eurakaz berbarik egin gura, guztiak dabiltz (dabilkez) eurak ganik iñesi, guztiak deutsee bildur. Onelangoak ezin absolbidu leiz euren ekandu zitala galduteko aleginak egiten eztituezan artean. 3° Pekatu mortalean bizi oi dira arako senar-emazteak, alkar ondo artu-ezta, beti txakur-katuak legez aserre ta bake txarrean bizi direanak, etse guztia ta etsekoak darda ganean darabildeezala euren betiko deadar ta agirakakaz, eta euren birao eskerga itzalakaz. Onelangoak gero esan daroe: esteutsagu bada ezer esango lagunari bear eztana egiten dabenean? Ezteutsegu agiraka egingo seme-alabai, otseinai (ogitukoai) eta mendekoai gauzea oker egiten dabeenean? Eta, orretarako bear dozue ainbeste astrapala? Ori berba andi bagarik eta arrantza andi bagarik bere egin leiteke, bear dan legez egin ezkero. Eta dakuskuna da, guraso agirakariak ume lotsabaakoagoak ateretan dituezala, eta ugazaba deadarkariai, oñon ta oñon (marmar) baño egoten eztakienai otseinak lasterrago lotsea galduten deutseela.

        Askok eta askok imini oi dabe atxakiatzat, arminak eta erraiestuak direala, eta barruak itxaroten ezteutsela. eta berbatxu bat entzun orduko ain modutan suak artuten dituzala eze, zer diñoen bere eztaroen yakin. Baia ori da Jgkoari pekatuen errua egoztea (ezartea), bada da esatea legez alan egiten badabe dala Jgkoak jenio errea ta estua emo'eutselako. Barriz Jgkoak berak dirausku eze, berak gizona arteza eta zuzena egin ebala, eta gizona bera gero sartu doiala milla okerrunetan. Egia artez esan bear yatzue. Zeuk, zeuk daukazu errua, zeure ekandu zitalari indarra emon zeuntsalako, arako lenengo burua agertu ebanean, ezi ta azpiratu ezta. Ea ezpabere esan egidazu, zer egin dozu zeuk zeure jenio larri ta irritu ori galduteko, edo zerbait bigundu ta eskura ekarteko? Ezerbere ez. Arako ikusi zenduanean odola berotuten yatzula, egin zenduan alegina su geiago artu baño leen amatetako? Alde egiten izan dozu aserratuteko bide ta pellebruetati? Zeure kontra zerbait esan izan dabeela asmau edo susmatu dozunean, egiten izan dozu ez yakitearren? Norbaitek deungaroren bat esan izan deutsunean, egiten izan dozutzazu [sic] zeure buruari indar ixil ixilik egoteko edo besteari bigun erantzuteko? Bai zera. Okerreko guztia bai egin izan dozula.

        Yakin izan badozu norbaitek zeure kontra ezer esan izan dabela, bertan bera itxi bearrean, ibili izan zara yakin ezinik esan daben txikien txikien giñoko guztia, eta laster gogoak emon eta zeuk sinistu bere egin izan dozu zegaitik izan dan, eta zeentzako egin izan daben. Zeure kontrako berbaren bat iñori entzun badeutsazu, edo baderitxazu zeure kontra besteak diñarduela, arik alde egin bearrean, belarriak zur zur egiten dozuz ea entzun al baziñai aek zer esaten dabeen. Iñok deungaroren bat edo berba astunen bat esaten badeutsu, aztu bearrean, beti zagoz a gogoan ta aoan dozula; guztiai esan gura zeunskioe, eta guztiak imini gura zendukez zeu zagozan legez aren kontra aserre (zeu zagozan aren kontrako aserrean). Eta alan, zelan izango eztozu jenio enea ta irritua? Zelan biotzak sua artuko ezteutsu zu zeu su emoten bazagokoz ? Ez, Kristiñauak, ezta atxakia ona jenio irrituena; norberen buruari indar egin, eta ezi, ta azpiratu bear da jenioa.

        «Yauna, esan daroe beste askok, bera asi yatan deungaroak esaten: niri ezer esan ezpaleust ni ixilik egongo nintzan. Zegaitik ak esan bear eustazan ainbeste pikardia ta lotsa-galduko berba?». —Onetati, besteak deungaro egin dabelako, zeuk bere egin bear dozu: besteak pekatu egin ebalako, zeuk bere egin bear dozu: eta bestea infernura doialako, zeuk bere atzean yarraitu bear deutsazu. Eta, zer atera izan dozu orregaz? Ezerberez; gauzea deungago imini, irritu, aserratu, eta bein baño entzungo etzenduana askotan entzun bear. Eta bear bada atarik atara kerellea, demandua, auzia ta gorrotoa. Orra zer dakarren axeak eroango eban berba baten oratuteak, eta yaramaiteak.

        Baia oraindo bere andiagoa, eta lotsagarriagoa da beste batzuen itsumendia. Askok eta askok ez bakarrik eztabe artuten egin izan daben pekatuen damutasunik, ez bakarrik eztira lotsatuten aoak emoten izan eutseezan deungaro guztiak lagunari esan izan eutselako, ezpada ze euren buruak edertu ta alabadu (goratu egin) oi dituez ori egin ebeelako, gauzarik ederrena egin izan balebe legez; eta deungeen dana, urte osoetan iraun oi dabe euren buruen alabantza (iraun oi deutse euren buruen goratasun, alarde) orreek. «Ai zelangoak entzun bear izan dituzan», esan daroe kristiñauen izena baño eztaukeen kristiñau oneek: «zelangoak esan deutsadazan: iños entzun bear badituz, entzun dituz beintzat oraingoan. Bela baltz bat baño baltzago egin dot». —Orretan kristiñaua ezteutsazu zeure buruari alabantza txarra emoten. Pekatu mortal ikaragarrizko bat egin izan dozu, eta kristiñau batek bada alabau bearko dau bere burua pekatu mortala egin izan dabelako? Benetako kristiñaua bazina lotsatu, mututu eta arpegia yausi yausi eginik geratuko (lotuko) ziñatekez (olango gauza txarra egin izan dozulako) ikusirik zeinbat pekatu egin zenduzan besteari bere txatxarkeriak eta oker eginak bere mosuan esanda (emonda). Alan egiten dabeenak ez bakarrik pekatu egin ebeen euren asarre unean lagunari deungaroak esan eutseezanean, baita bere euren buruak alabetan dituezan guztian, eta alan egiteko gogoan dirauen artean ezin krutzerik emon leioe (absolbidu leiz), ze eztauke pekatu eginaren damurik, ezta barriro ez egiteko gogorik.

        Pekatu mortala egiten dabe arako ezkonduak euren etsea ta etseko guztiak darda ganean darabildezanak euren deadarrakaz, agirakakaz, astrapaladakaz; txirimiri (txiki-miki) bategaiti, ezer eztan gauzeagaiti (ezen ganean) paretan (iminten) dira dariela aoti bitza, begietati sua, eta alde guztietati garra. Etxake enzuten besterik ezpada berbarik astunenak, garratzenak, eta lotsabakoenak, senarrak emaztearen kontra, emazteak senarraren kontra, gurasoak eta umeak alkarren kontra. Etsea da infernu egin egin bat, auzoko guztiak dagoz ikaraturik ango egunean eguneango aserreakaz, errieltakaz, tirlluakaz ta desgarrioakaz.

 

aurrekoa hurrengoa