www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

19. MURMURAZIÑO EDO IÑOGAITIK
DEUNGARO ESATEAREN
GANEKO IKAS-BIDEA

 

(B, 59-62. or.)

 

        1. Eztago murmuraziñoa baño sarriago egiten dan pekaturik. Kristiñau asko ikusiko dira beste gauza guztietan pekaturik eztaukenak, mandamentu guztiak gordetan dituezanak, eta ardura andi bat daukeenak pekaturako bide ta pelleburuetatik iñesi egiteko; baia guztiz dira gitxi murmuraziñoan yausten eztireanak. Orregaitik diño Espiritu Santuak: nor ete da esanagaz pekaturik egin eztabena? Eta Santiago Apostoluaren aotik diño miña gordetan daben gizona santu bat da, ze onek bere gorputzeko alde guztiak zuzen erabiliko dituz. Alegina egin daizuen bada pekatu onetarik alde egiteko adietan emongo deutsuet zer dan murmuraziñoa. Da bada iñogaitik deungaro berba egitea berak eztantzula, edo gauza deungaren bat bere atzetik esatea. Esatea legez lapurra dala, urliagaz pekatu egin dabela ta alangoak. Esaten dan gauzea astuna ta andia bada, pekatu mortala izango da; txikia, ta ezerezkeria bat baño eztana, beste batzuentzat astuna izan leitekeala. Mutil gazte bategaitik esatea guzurtia dala, ezta gauza andirik; baia esango balitz beste-onenbeste Obispo edo beste onango errespetogarriko personaren bategaitik gauza nagusia izango litzateke. Modu askotara deungaro esan leite bestegaitik, baia direanak zortzitan sartu leitekez. Lelengo guzurragaz gatxen bat esaten danean, edo eztan gauzea iñori eregiten yakanean. Bigarrengo egia esan arren, zerbaist geiagotu ta andituagaz. Irugarrengo zabaldurik eztagoan gauzea iñori esanagaz. Laugarrengo egiten daben gauzea leku txarrera boteagaz. Bostgarrengo besteak egin daben gauza ona ukatuten danean. Seigarrengo, beste persona batek alabetan dabenean, alan dala esan bearrean maleziaz ixilik dagoanean. Eta zortzigarrengo iñoren gauza ona esan bearrean ixilik ixilik eta gorderik daukanean. Edozein bere modutan besteri bere izen ona ta famea galdu edo gitxituten badeutsazue osotu ta lengora biurtu bear deutsazue.

        2. Baia, Aita, esan daroe askok, nik iñori guzurrik erantadu ezteutsat, besteai enzuna baño esan eztot. Bai nai neure Kristiñauak: ixilik egoan gauzea, edo publiku etzana besteai esanda zabaldu bazenduan, edo zabalduteko esku emon bazenduan galdu zeuntzan famea eta biurtu bear deutsazu, Bakizu barriz, au zelan egingo dozun? Bada burura ekarri egizu, ea nori, eta noen aurrean esan zenduan deungaroa, eta euretxen aurrean esaizu edo guzurra zala alan bazan, edo etzenkiala orduan ondo zer esaten zenduan, errazoerik etzeunkala urliagaitik esan zenduan gauza atan; edo beste al daizun ondoen. Baia Aita, nik ezpaneban eregi, eneban neure burutik atera, enzun egin baneban. Ezteutso; ze zuri enzun eutsuenak ezpekien eta beste aldetik zabaldurik ezpegoan, zeurea da, besteari bere izenean yatorkan kaltearen errua. Eta bardin beste aldi baten publiku izan arren, zuk esan orduko aizturik beegoan, pekatu egin zenduan eta biurtu bear deutsazu fama galdua. Baia, Aita, egia zan, neuk ikusi neban. Bai nai; egia bada bere noberak dauko eskubidea edo deretxoa ez zuk ta ez iñok bere (kreitua) famea galdu ez dagion, egin daben gauza deungea zabaldurik eztagoan artean. Eta alan ori esanagaz pekatu egin zenduan, eta ezin parkatu leikezu (pekatu ori kreitua) famea osotu, biurtu ta aleginez lengo senean iminteko gogorik euki ezik.

        3. Beste modu bat euki oi dabe askok deungaro esateko esan guraezik, edo esan gura eztabenena eginik; baita da sarri askotan ikusi doiana. Ara zelan. Dagoz lau edo bost iñogaitik deungaro esaten, baita urteiten dau beste batek: Zer! (orrek mirariz betetan zaituez?) Orrek ikaratuten zaituez? Esango banituz, bada, nik dakidazan gauza batzuk; Baia gagozan ixilik, ze orretarako obeak dira: Eztaigun murmuradu. Besteak yakin gureagaz itanduten deutse ea zertzuk direan (bada) ain ixilik euki gura dituzan gauzaak. Berak, barriz, erantzuten dau: Ara, esango banituz arriturik geratuko zinatekeze, etzeunke sinistuko bere (egingo); etzaituedaz eskandalizadu gura: itxi daiogun (bak-bakean) ixi isilik, eztaigun murmuradu. Auxe bai dala karidadea! auxe bai besteari ondo egin gurea, edo kalterik arean bere ez egin gurea! Auxe bai. (obeto esango dot) auxe bai dala infernuko susterra! Ezteutsazu azur osorik itxi, eta eztozula murmurau gura? Esaizu esango dozuna, ze kalte gitxiago egingo zeunskio dakizun guztia esanagaz berba erdi orrekaz baño; bada bear bada besteak diñoena baxen gitxiago izango da, eta ixilik egote-barritsu orregaz sinistu eragiten deutsezu danzuenai ikaragarrizko pekatuak egin dituzala. Onelangoak geienetan pekatu mortala egin daroe. Beste batzuetan yazo oi da egotea batzuk edonogaitik ondo esaten: urlia kristiñau on bat da, debozino andikoa; ezta taberna zalea bere, beti daki egia esaten, eta beste onik asko dauko orrek. Elduten da beste bat, eta asten da irribarretxuka, ta buruari eragiten, erruki bailitzan legez engañadurik dagozalako, izanik alabetan dabeena gizon galdu ta deunga bat. Onegaz egiten deutsan kaltea andia bada, egiten dau pekatu mortala, eta txikia bada, pekatu beniala. Beste batzuk ain dira miñ deungakoak eze, eztago eurentzat gauza onik, besteen egitada ta obrarik onenen ganean (beti) dauke zer esan. Astegunean, Meza enzuten badaude, oba leuke etxeko ardurea euki, diñoe; errezetan badaude, sinple bat da; danzara edo plazara ezpadoa, ez gastetearren egiten dau; tabernara, yokora ta bideune txarretara elzean ezpada zekena ta esku-eutsia dalako; berba egiten badau, betiko barritzu bat da; egiten ezpadau, barriz, motz-illuna; baita miraririk andienak egiten ikusiko balebe bere, esango leuke sorginkeriak direala eta diabrukeriak. Onelangoak Fariseoak leezkoak dira, zeintzuk J.K.° geure Jaunak egiten zituzan gauzarik santuenetan, eta miraririk andienetan eukiko eben zer-edo-zer zer-esan. Baia Jaungoikoak berak diño, zorigaistoak direala onari deunuea dirautselako.

        4. Deungaro esatea geienetan asi oi da ondo esanagaz, eta auxe da askok egiten deutsen sartzaierea, ta aurreko berbea Urlia! gizon on bat da, ezta lenengoan tabernan ikusiko; gizon arteza da, eztau iñor engañauko; (gizon) prestua da, mesede bat edozeineri egingo deutso; baia... Urlezia! sarri konfesadu ta komulgadu doa, beti dago errezetan, al daizan mezaak entzuten dituz, eneunke besterik adiskidetzat gura; zintzoa da; baia... Zorigogorreko baia! Infernuko benenoz beteriko baia! Asierako alabanzea egin ezkitiño uste dabe (ze) eztala ezer edozein gauza esatea, baita baderitxe bein iñogaitik ondo berba egin ezkero, baukela deungaro egiteko eskueskunea: eta alan zorigaistoko baia-zen [sic] osteian asten dira esaten dakiena, ta eztakiena. Ezer ikusi badeutse antxe zabalduko dabe; ezer enzun badabe antxe aterako dabe; ezta itxiko ezta buruak emon deutseen juzgu txarra ez sumea bere: azkenean, barriz, sinistu eragiteko esan dabeena, ezer-ezean legez esan daroe: ara, ezteust niri gatxik egin, eztaukat ezer beragaz, eta alan ezteutsat nik gorrotorik; nigaitik izan bedi gura dabena langoa, eztoat ezer (orretan): baia ezin egia esan bagarik itxi neike: eztakit nik zetako direan ainbeste errosario, ainbeste konfesiño ta komuniño: oba leuke bere etxeko ardurea euki, ta itxi, egiten dituzan tratuak. Santua, santua: nai dabena egin ezkero edozein da santua; eztot nik alango santidaderik gura. Modu onetan ezteutse saietzik osorik itxiten. Bakizu, barriz, zer egin dozun orduan? Palanka bat lurrean sartu gura dozunean egiten dozuna. Zuloren bat lurrean egin gura dozunean, palanka bat artuta, gora eregiten dozu. Baia zetarako? Ez an goian itxiteko ezpabere lurraren barruan sartuteko, eta zeinbat eta geiago sartu gura dozun, ainbat eta antza geiagogaz gora egiten dozu. Bada onenbeste egiten dozu deungaro esate orregaz, murmuraziño modu orregaz. Eregiten dozu ondo esanagaz, ez bertan, goian isteko, ezpada lurpean ondatuteko eta zeinbat eta gauza deunga geiago esan gura dozuzan ainbat eta geiago alabetan dozu. Ez, Aita, olango gauza astunik, sinplezaren batzuk esan dira, etxako gatxik etorri. Eta, deritxazu ori sinistu lekikezula beti? Ai Kristiñauak, bein deungaro esaka abiau ezkero ezta erraz gauzarik andienak esan bagarik itxitea. Batak esaten dau gauza bat, besteak beste bat, eta, miña berotu ezkero, ezta ezetara begiratuten. Sinpleza bat diñozu? zer da urlia neskatilla emeko edo ango mutilagaz dabilela? Bestea seindun dagoala? Arako gizona lapurra dala, arako emekumea anra galdu bat dala? Bada olangoak izan doaz murmuraziño, ta deungaro esate geienak. Baita oneek kreituko gauzaak ez al dira? Ezpadira eztakit nik zer izan lietekean. Eta esan egidazue edonos enzun dozuenean iñok zugaitik esan dabela, zuk bestea gaitik esan dozun gauzea, zelan artu dozu barri au? Ze aserrak orduan! Uste izan dozu ze kreitua galdu deutsuela, eta daukala biurtuteko obligaziñoa estua, eta au egin ezik ezin salbau leitekeala: eztaukala konzienziarik. Eta ara non daukazuzan zuk neurri bi; batagaz neurtuten dozuz zuk besteak gaiti diñozuna, eta orduan da gauza txikerra: besteagaz, barriz, zugaitik dinoena, eta izan arren gauza bera, urteiten deutsu guztiz andi ta onrakoak. Neurtu egizuz neurri bategaz eta ikusiko dozu bardinak direala.

        5. Ezteutsat egin gatx andirik, esango dozu ameneko, ze persona baten bakarrik esan deutsat. Ai Kristiñaua, alantxe zabalduten da. Persona batek zuri esan eutsun, zuk besteari, besteak bere badauko bere satisfaziñoko bat, esango deutso eta gitxien uste danean, urtengo dau kalearen erdira. Tella batek artuten dau euria, eta guztiz ixilik emoiten deutso urrengo tellari, eta alantxe doa aurrera tellarik tella, eta gitxien uste danean yausten da kalearen erdira, guztien begietara. Aita, esan neutsan ixilik eukiteko. Ai Kristiñaua, zuk ixilik euki ezin izan dozu, eta gura dozu besteak euki daizun? Gura dozu ganeko guztiak yakin dagien adiskideari dirautsazun gauza ori, ala ez. Gura ezpadozu zetako da esatea? Eta gura badozu yakin dagien, zetarako dirautsazu iñori esan ze dagiola? Ondoen ondoen da ixilik eukitea; eta alan diño Espiritu Santuak: enzun badozu berba deungaren bat bestearen kontra, ixilik euki eikezu zure barruan, bada ezteutsu orregaitik errebenta-arazoko. Azkenean barriz eranzuten dabe murmuralariak eztaukela gurari edo gogo txarrik, ezteutsela gatxik gura. Baia esan egidazue, Ze gogo deutsazue bada, murmuretan dozuenean? Zetako deungaro esaten dozue? Ete da ondogura deutsezuelako, edo onen bat etorri dagion? Eztakit, Kristiñauak, ontzat eroango zeunkean: dakuskuna da, zuek gaitik beste ainbeste esaten danean eztozuela (uste) izaten borondate onik deutsuenik, bada orregaitik ezteutsue iñok sinistuko zuei bere eztaukezuela borondate txarrik. Baia, borondate txarrik euki ez arren bere pekatu egingo dozue, eta pekatu au izango da zelan dan diñozuen gauzea, mortala gauza nagusi edo kreitukoa bada; barriz beniala txikia bada eta dana dala biurtu bearko deutsazuez datorkiozan kalteak, baita andiak badira ezingo dozue ain bagarik zerura yoan.

        6. Murmurazinoa, Kris.k, edo datoz inbidiati edo bestearen gorrototik ze eztogu gura izaiten gure adiskideagaitik ez bakarrik deungaro esan, ezta deungaro esaten dan lekuan egon gura bere, eta orregaitik zeinbat eta aserreago dagoan norbait lagunagaz, ainbat eta gozoago yako murmuraziñoa, eta guztiz atsegin andi bat artuten dau enzuten dabenean besteak bere arerioaren kontra dagozala, eta alan su geiago artuten dau, eta gurako leuke aurrera doazan. Baia ondo begiraturik onelango murmuralariak ikusiko leuke euren buruai egiten deutsela kalterik andiena, bada euren arerioai famaan zauririk egiten badeutse andiagoak ta kruelagoak dira euren arimetan egiten dituezan zauriak: eta guztiz da andia euren ganean yausten dan Jaungoikoaren aserrea, eta alan diño J.K.°k: ez egizue iñor juzgadu, ta ez zare juzgaduak izango. Esan egidazue, Kristiñauak, zetan dago zuen zoriontasun guztia? Azkenengo Judizioan ondo urteitean; ezta alan? bai, ze, an sentenzia ona emoiten baiatzue, betiko zorionekoak izango zare zeruan; baia emoten baiatsue kondenaziñoko sentenzia, galdu zinen bein betiko. Orain bada, guztiz yatsue erraz orduan sentenzia on bat eukitea. Bakizue, gero, zelan? Bada ara, J.K°.k berberak dirautsue; Zeuen lagunak neurtuten dozuezan neurriagaz, neurtuko zaituezala zeuek bere orduan. Zeuen lagunakgaitik bigun eta errukiz artuko zaituez zeuek bere Jaungoikoak: barriz gogor ta erruki bagarik (pensadu ta) juzgaduko zaituez Jaun onek, arako zeuen bizi guztiko kontua artuteko dei egin daizunean. Kris.k, ez gaitezan zoroak izan; begiratu daigun ze pelleburu ikaragarrian iminten garean iñogaitik deungaro esaten dogunean, baita auxe bakarrik izango da asko geure miñak iñoen kontra ez zorroztuteko: au eginagaz gizonak eurak amadu edo maitetuko gaituez, Jaungoikoak begiratuko deusku bere seme maiteak legez, biotz bigun ta errukiorragaz egongo da bere lekuan legez bakea, poza, ta grazia.

 

aurrekoa hurrengoa