www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

6. ONDO KONFESETAKO BEAR DAN
PROPOSITU EDO GOGOAREN GANEKO
BERBA-ALDIA

 

(B, 99-103. or.)

 

        1. Ondo konfesetako bear dan irugarren gauzea da Propositua. Au ezta beste gauzarik, ezpabere artutea bene-benetako gogo, edo borondate irrime eta sendo bat, ez ostera pekatu egiten biurtuteko. Iru gauza euki bear dituz Proposituak ona izaiteko; izan bear da pekatu guztiena; sendo edo irrimea, eta eragillea, edo alde-eragiten deutsana pekatariari pekatu guztietatik; eta euren bide eta pelleburu yakinetatik. Lenengo izan bear dau pekatu guztiena; au da, euki bear dau gogo edo propositu sendo bat itxiteko ez pekatu au edo bestea, ezpabere direanak; eta alan ezta asko, pekatu batzuk ganako borondatea istea, gordeetan bada beste batzuk ganakoa. Esaterako: Gizon batek uts egin dau mezea yai-egun baten bere guraz, eta azaz ganetik dauko ekandua bere aragiagaz pekatu egiteko, edo ezpabere ordituteko. Bada onen propositua ona izaiteko, ezta asko artutea gogo bene benetakoa beste-bein mezea yaiegunean ez galduteko, euki bere bear dau borondate oso-osoa, pekatu loi, edo ordituteko daukan ekandu zitela goitu, eta kentzeako; osterantxean onen Propositua utsa da, ezta prestu parkatuteko, ez pekatu loia eta ordikeria zeinen Propositurik eztauken ez eze, baia ezta meza galdua bere, aen propositua euki arren. Ekanduzko pekaturik badago, euretara ez biurtuteko Proposituan imini bear da ardurarik andiena, gatxago dalako; eurak isteko gogo edo borondatea artutea, gitxitan, eta nosik beiñean egiten dana ez egiteko baño. Sarri ta sarri dakusgu egia au. Betor konfesetara norbaist pekatu modu bigaz: izan bedi bata noxean bein baxen egiten eztana, eta zeineganako ekandurik eztaukan: esaterako, mezea edonos ardura-ezagaitik galzea. Izan bedi bestea, zeinen ekandua daukan; kontu egizue: ordituteko edo aragizko pekatuak egiteko. Bada guztiz erraz egingo yako, artutea Propositu sendo ta indar andiko bat, ez geiago mezea erratuteko; barriz, guztiz astun, gatx eta garratz egingo yako tabernea edo aragizko pekatuak itxitea. Agindu bekio ordituteko ekandua daukanari tabernara yoan ez eiteko; ze gatx, ze neketsu, ze aldatz-gora egiten ez yako? Artuko dituz penitenziarik gogorrenak; baia ezin iñondik bere ekarri al izango da, tabernea itxitera: zelango atxakiak! zelango agintzaak! Eta bear bada zelango yuramentuak, eztala ostera ordituko tabernara yoan arren! Al daian guztia egingo dau Konfesoreak galaazo ze dagion tabernara yoatea.

        2. Betor konfesetara mutil neskatillaren bategaz pekatu egiten dabenen bat, ta olgura, erromeria, edo danzan ibiliagaitik pekatuan yausten danen bat; onek badauko beste pekatu ekandubako bat, berpertatik artuko dau, beste bein egin ez eiteko gogoa, eta emongo dau berba osoa, eztala iminiko pekatu atan yausteko pelleburuan; baia agindu bekio itxi daiala neskatilla agaz daukan adiskidetasuna, eztagiala beragaz berba-aldi luzerik euki, ezteitela beragaz bakarrean egon, ezteila yoan erromerietara, danza, ta fiestetara: ze penitenzia astuna! Ze gogor, ze garratza! Eztago iñondik bere onda-bide oneek itxi erazoteko modurik. Ba'kizue, gero, zegaitik dan ain gatx, ekanduzko pekatuetara ez biurtuteko propositua eukitea? Ara bada: Zeinbat eta sarriago egin pekatu bat, ainbat eta andiagoa da beraganako etxutasuna; zeinbat eta andiagoa etxutasuna, ainbat eta gozoago; zeinbat eta gozoago ainbat eta gurago; eta zeinbat eta gurago ainbat eta gatxago bera itxitea.

        3. Gura dozue oraindio bere obeto ta obeto ezagutu, ze gatx dan, ekandu txarra kentzeko gogoa artu edo eukitea? Begira, bada, zer yazoten dan ekandu deungen bat daukanagaz. Sarri ikusten dira gizon eta andra guztiz santu dirudienak; egunean egunean errosarioa errezau, eta mezea enzuten dabee: sarri konfesadu eta komulgadu, beti errezetan, eta al daien guztian Elexara; pekatuen gerizeak berak bildurtuten dituz, ta nosbaist pekatuan yausten badira eztauke bakerik arik-eta konfesadu artean, eta esan leiteke, artez artez doazala zerura. Euki begi onetariko batek ekandu zitai bat; kontu daigun; sartu bedi tratu txarretan, edo saldu-erosi okerretan, atera begi irabazi on bat, zaletu bedi irabazi onetara, aberaztu bedi bere lukreriakaz, bein sartu bekioz biotzean deungaro irabaziriko ondasun orreek, bada ikusiko dozue, zelan eztaben pekatutzat bere eukiko daukan irabazi modu oker au. Aurrera daroaz bere debozino, errosario, meza, barau, limosna eta beste egite onak; baia aurrera daroa tratu eta irabazi txarra bere. Esan bekio eztireala bereak daukazan ondasunak; itxi daiola saldu-erosi bide bako ari; lukreria dala-ta; eztau yaramonik bere egingo, eztau sinistu bere egin gurako, pekatu danik. Zetatik deritxazue datorrela, beste pekatu guztien gorrotoa euki arren, lukreria pekatutzat bere ez eukitea? Artu daben ekandutik. Saldu-erosi oker edo tratu txarrak gaitik diñodana, diñot beste ekandu zitalak gaitik, zelangoak direan: ordikeria, loikeria, murmuraziñoa, biraoa ta maldiziñoa, eta yuramentua. Eta (ta alan), zer balio deutsu beste pekatu guztien ganeko propositu irrimeena eukiteak, ezpadaukazu guztiena? Zer balio deutsue zeure meza, errosario, barau, konfesiño eta Komuniñoak? Ezer-bere-ez. Ain zaukaz katigu Demoniñoak, zein da baperen bere propositurik ezpazeunko. Txoritxu baten yazoten yakana yazoten yatzu zuri bere. Artzen dau mutil batek txoritxu bat, eta lotuten dau kadera batetik ariagaz. Txontxu onek libre daukaz burua, iduna, kadera bata, egoak; eta esan leike gura daben lekura yoan leitekeala. Baia, zer deutso, buru, idun, gorputz eta egoak libre eukitea gaitik, kadera batetik katigu badago? Arako uste dabenean libreago dagoala, eta nora-gura egaz egingo dabela, eztazau alako kaderan daukan aria, tira egiten deutso mutilak eta dakar eskura, eta egiten dau beragaz gura dabena. Onen beste yazoten da zugaz Demoniñoaren artean; loturik zaukaz gaiskiñak ekandu zitalagaz. Zuk ekandu oneri deutsazun etxuntasunagaz, eztozu ezaututen loturik zagozanik; eta beste pekaturik zeugan eztakutsulako, deritxazu libre zagozala. Zeure deboziño, meza, konfesiño, komuniño ta limosnakaz uste dozu zerura zoazala egaz; baia engañadurik zagoz, Demoniñoak zaukaz loturik, ta katigu ekanduaren firuagaz; eta ezteutso ardurarik, zu beste pekatu guztietatik libre egotea gaitik, bakar bategaz bere azpian bazaukaz. Orregaitik gura badozu urten Demoniñoaren atzamarretatik, pekatu guztietara zabaldu bear dozu zeure propositua.

        4. Bigarrengo: Propositu edo borondate au izan bear da sendo, irrimea eta indartsua, au da prest egon bear da, daukana galtzeako, bear bada, ondasun, diru; ondra, eta bizitzea bera, pekatura ostera biurtu baxen leen. Propositu au euki leiteke, bildur izan arren, ameneko barriro yausiko dala pekatuan. Kontu daigun: Dauko batek bere aragiagaz pekatu egiteko ekandu deungea. Bildurturik infernuan yausteko daukan pelleburuagaz, artuten dau pekaturik urteiteko gurari bizi bat. Onetara al daian ondoen prestaurik konfesetan da. Dauka pekatu onetara biurtu ez eiteko gogoa, eta gogo sendo bat; baia ezaguturik, ze luzaro iraun deutsan ekandu zital onek, ze indar andia artu daben, ze gozo egiten izan yakan, ze etxutasun andia sentietan daben bere aragian, bildur da ostera yausi erazoko deutsala bere argaltasunak pekatu onetan. Onek bada, bildur izan arren pekatuan yausiko dala, badauko borondate osoa, alde egiteko alegin guztiagaz, pekatuen bide ta okasinoetatik, eukiko dau Propositu benetakoa. Baia, zer diñot? Bildur au ez bakarrik ez da Proposituaren kontrakoa, ezpada benetakoa bada, berak sendatu ta fuertetuko dau, bada artu erazoko deutsaz pekatuen bide ta pelleburu guztietatik iges egiteko, ardurarik andiena.

        Irugarrengo: izan bear da Propositua erazogillea; au da, artu erazo bear dituz pekatuan barriro yausi ez eiteko al dituzan modu guztiak. Auxe da Proposituak bearren daben gauzea, eta zetan ezaututen dan benetako danez; eta yakin gura badozu euki dozun, ala ez, bear dan propositua, begira zelan bizi zarean konfesadu ezkero. Zeatz eta ondo kunplietan badozuz Konfesoreak emoniko penitenzia guztiak, ez bakarrik arako pekatuen zorra pagetako eta kitututeko direanak, ezpabere beste barrien barri biurtu ez eiteko lengo pekatuetara, bere direanak bere; baita gogo onegaz itxiten badozuz leen pekatu erazoten eutsuezan bide eta ibilunaak, eta alde egiten badozue pelleburuetatik, zure Propositua ona, eta irrimea izan zan. Barriz ezpadozuz zeatz, ta ondo ondo egiten arako pekaturik urrun egiteko direan penitenziak, itxiten ezpadozuz pekaturako bideune, pelleburu ta arri labanak, eta ezpadozu egiten alegin guztia ekandu zitel ori kenzeko, ezaun (agiri) da eztozula euki propositu benetakorik, eta etzareala ondo konfesadu. Arpelik esango dozu Propositu sendoa daukazula, ez beste-bein pekaturik egiteko; arpelik egingo dozuz penitenziarik ikaragarrienak; arpelik emongo dozu egun guztia errezetan; eta arpelik negarretan urtuko zara, ze eztaukazu gogo edo Propositu egiazkorik, ta utsak dira irudi utseko ezaugarri eta salañe naste orreek.

        5. Obeto yakin dagizuen nos daukazuen Propositu benetakoa, eta nox ez, gura deutsuet imini iruditxu bat. Neskatilla bat dago etse baten otsein, serbietan. Dauko soldata ona, probetxu andiak, eta betiko ondo geratuteko uste andiak, eta esperanza galantak. Artuten dau adiskidetasun loi eta lotsagarri bat ugazaba, edo beste etxekoren bategaz, eta dago denpora luzean itsuturik ikaragarrizko pekatu loian. Idigiten dituz nos edo nos bere arimako begiak, eta ikusirik infernu baten yausi aginean dagoala, doa negarretan urturik konfesetara. Orain bada, gura dozue yakin onen propositua sendoa, eta egiazkoa danez? Begira, bada, zer egiten daben. Zeatz eta ondo egiten badituz Konfesorearen esanak, ta berak emoniko penitenziak, eta onek aginduten deutsalako, urteiten badau etse atatik, gurago dituzala galdu daukazan probetxuak, ondo geratuteko daukan esperanzea, eta bear bada artuen daukazan soldatak, pekatura biurtuteko pelleburuan egon baxen, agiri da propositu egiazkoa daukana. Barriz atsera badago etse atarik urteiteko eta aleginak egiten badituz, zein konfesoreak urte erazo dagion; edo, bein urtengo dabenaren baiezkoa Konfesoreari emonik, zein absolbiziñoa ukatu dagion, bertan geratuten bada, soldataak eta probetxuak galdu ez eitearren, geroko ondo geratutearren, edo zer-esango dabeena gaitik, eztauko Propositu benetako edo egiazkorik, eta Konfesiño txarra egiten dau. Oneri ezteutso balio arean esateak etse atan egonagaitik eztala geiago yausiko pekatuan, eztala bakarrik egongo, orduragiño pekatu egin dabenagaz, ezteutsala urreratuten bere itxiko, eta artuko dituzala al daizan modu guztiak pekatuan barriz yausi ez eiteko; ze bertan dagoan artean, pekatuen bideune labanean, eta pelleburuan dago, baita alan dagoan artean ezin esan leike propositu benetakoa daukala.

        6. Berberau diñot beste pelleburuak gaitik bere; eta alan tabernaan ordituten danak, ezin esan lei... propositu benetakoa daukala, tabernea itxi ezik; yokoan aserratuten danak, birao eta maldiziñoak ezarten dituzanak ezin esan lei... propositu egiazkoa daukala yokoa itxi ezik. Jolas, olgura, erromeria, danza, eta mutil-neskatilla arteko adiskidetasunetan infernuko su zikin eta loian erretan danak, eta berba atsituak esaten dituzanak, ezin esan lei... propositu egiazkoa daukala, pelleburu guzti onetatik alde egin ezik. Beste gauza baten bere agiri da propositu-eza, edo onduteko gogo faltea, eta da, konfesoreak emoniko penitenzia arzeko atserakuntzean. Dakus konfesoreak, konfesetan danak daukala ekandu zitalen bat, edo beragan yausteko pelleburua, erremediau ezik. Kontu daigun: dakus daukala bere buruagaz ukutu edo eskuka loiak egiteko ekandu lotsagarria, edo artu aginean dagoala: deritxo konfesoreari, ekandu au kentzeako, edo artutea galarazoteko bitartekorik, eta erremediorik, indartsuena, eta onen onena dala amabosterik amabostera konfesetea: Aginduten deutso, bada, penitenzia au, Ene! ze garratz! ze astun ta gogor! ze gatx ta gazi egiten yakan penitenzia bigun au! Zelango atxakiak eztituz asmetan? Beste edozein-bere penitenzia, guztiz astunago izan arren bere, errezago egiten yake. Beste batek dauko biraoak, añenak, yuramentu guzurragazkoak botateko ekandua; dakus konfesoreak ekandu au daukana, urterik urtera baxen konfesetan eztalako, orregaitik aginduten deutso penitenziatzat, illabeterik illabetera konfesetako. Jesus! ze penitenzia astuna! ze konfesore gogorra! Ez nauko ain laster ostera bere oñetan ikusia. Ze aleginak beste penitenzia bat emon dagion? Oneek eta onelangoak eztauke pekatura biurtu ez eiteko gogorik: ze baleuke, poz arren ozta artuko leukee, euren arimeen osagilleak emoiten deutsan, osasungarri ondutekoak.

        7. Esan danetik, errez ulertuko dozue, neure enzula maiteak, konfesiño on bat egiteko gauzarik gatxena, baita bere bearren bearrena, dala, pekatuak, guztiz itxiteko gogoa; orregaitik bada, onetantxe imini bear dozue ardurarik andiena. Deritxat ainbeste konfesiño deunga egiten badira, geienak gogo onen faltaz direala. Askok eta askok uste dabe ze, bein esaminea egin, pekatuak konfesadu, eta absolbiziñoa artu ezkero, eginik dagoala ondo konfesetako bear dan guztia. Dakus konfesoreak, pekaturako bidean dagoan batek, eztabela urten gura pelleburutik, eta ukatuten deutso absolbiziñoa. Antxe dira larriak, estukuntzak, eta negarrak, Zelango erreguak, zelango eskaariak, zelango iskintza galantak absoluziño-bagarik bialdu ze daian. Esaten deutso konfesoreak, itxi dagiala lenengo pekaturako bidea, urten dagiala daukan pelleburutik, eta emon dagizala leenaz eta aurretiaz bere proposituaren igargarriak; bada bestelan absolbietan badau, bien arimaak galduko direala. Ezteutsala ezerbere balio absolbiziño arin emonak, leen baxen deungago geratuko dala: ze, pekatuak parkatu eta grazia artu bearrean, beste pekatu ikaragarrizko egingo dabela. Adietan emon dagiala leenago bere Propositua, eginagaz alegina bere ekandu zitala kentzeako, edo gitxienez gitxituteko, itxi dagiola pekaturako bideari, urten dagiala bideune txar ta pelleburuetatik, ze, au egin ezik, ezin iñondik bere absolbidu leikeala. Baia au guzti au ezta asko. Gura leuke leengo ekanduan aurrera yoan, pekatu bidean geratu, lengo pelleburuan egon, ta absolbiziñoa artu; eta deungeen deungeena dana, uste dau ze, absolbietan badau konfesoreak parkatuko yakazala guztiak.

        8. Gizon itsua, andra sensunbakoa, zetako dozu, zer balio deutsu absolbiziño orrek? Zer aurreratuten dozu bera artuagaz? Pekatuan barrurago sartzea, Demoniñoaren lakioan estuago katigurik geratutea, Jaungoikoaren arerio izaitea infernuaren urrago yoatea. Orregaitik ezin konfesoreak mesede andiagorik egin leikezu absolbiziñoa ukatutea baño: eta egin leikezun gatx eta kalterik andiena da absolbietea: bada ukatuten badeutsu, da urten daizun, infernura daroazun bidetik, eta sartu zaitezan zeruko bide artezetik; baia emonagaz absolbiziñoa, itxiten zaituz zeure betiko kondenaziñoko bidean, eta txarren dana, sinistu-erazoten deutsu zeruko bidetik zoazala. Itsuturik modu onetan, aurkituten zara infernuko ateetan. Gura badozu bada zure konfesiñoa ona izan dedin, eta konfesoreak absolbidu zagizan, emon egizuz zeure proposituaren igargarriak; urratu egizuz ekandu zitalak, itxi egizuz okasiñoak, urten egizu pelleburuetatik, eta erdu J.K°.ren oñetara; esan egiozuz berari, konfesoreari esanagaz, zeure pekatu guztiak, eta orduantxe geratuko zara pekatuen katea bagarik, eta ibiliko zara bide artezetik, zeinek eroango zaituzan zerura. Alan izan daiteala. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa