www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

2. [ARTU DIREAN GOGO ONETAN
IRAUTEKO BIDEEN GANEKOA]

 

(J, 113-119. or.)

 

Poenitentibus... dedit (Deus) viam justitiæ,
et confirmavit deficientes sustinere...
minue offendicula... et cognosce justitias et judicia Dei,
et sta in sorte propositionis et orationis altissimi Dei.

Eccli. c. 17. v. 20, 22, et 24.

 

        Ze pozik egon doian atxurlaria, izerdi galantak bota, eguzki onak artu soloak erabilteko, eta gero batuteko denporan dakusaz bere artoak edo gariak galbegi eginik! Ze pozik egon doian itxasoti ibili dana, bide andiak egin, neke ederrak ikusi eta azkanean ondasunez beterik bere errian leorra artuten dabenean! Aztu egiten yakez ordura arteko nekeak. Alantxe yazoten yaku geuri bere gaurko egun onetan. Amabost egun da misiño santu au asi genduala. Zuek ikusi dozue zelan buruak nekatu bear izan doguzan bai pulpituan, bai konfesonarioan. Zuek bere, zuen nekeak artu izan dozuez sermoiak entzuteko eta zuen konfesiñoak egiteko. Baia dakusgunean zeinbat arima eder, Diabruaren atzamarretarik aterata, Ygkoagana etorri direan, biotza pozen pozez urtuten yaku, eta ontzat emoten doguz geure neke guztiak, eta orain arteko buruko-minak. Bai, N.ko erri noblea, egunokaz, ondo agiri izan da zeugan Yaungoikoaren errukitasuna, ta grazia! Ondo esku-betean zabaldu dituz Yaunak zure ganera bere argiak, bere samurtasunak, bere laguntzak! Deritxat eze asko ta asko gaur amabost ilda Infernurako zireanak, gaurko egun onetan ilgo balira, Zerurako izango litzatekezala. Beragaiti esan bear dogu geure biotzeko poz andi bategaz, auxe dala Ygkoak eginiko eguna, eta berean poztu egin bear gareala.

        Baia, zetarako izango da Zerurako bidea artutea, bide erditi atzera egiten bada? Bilbo-rako bidea milla bider batek artu arren, bide erditik atzera egiten badau, eztau eguño Bilbo ikusiko. Zeinbat ete dago gaurko egunean Infernuko gar artean erretan eta kiskalduten, aldikada baten edo bear bada luzaro onak izan zireanak? Saul, Yoas, eta Yudas aldi baten onak izan zirean; baia euren kalte gogorrean itxi eutsen bide onari, euren buruakaz Infernuan yo ebeen. Eta onetarikoz bete beterik dagoz liburuak. Arpel arpelik egin izango dozuez zuen konfesiño jeneralak, arpel arpelik itxi izango deutsezue zati baterako orain arteko pekatuai; barriro euretara biurtuten bazare, eztozue Zerurik ikusiko; Infernua izango da zuen betiko etsea. Onen bildurrak biotza ilun ilun egiten deust, bada bakit nik errietan zer yazoten dan Misiñoa yoan ezkero. Bai, bakit, eta zuen onerako orain zuei iragarri bear deutsuet.

        Ezteritxat, neure entzula onak, ekarri leitekeala irudi obagorik adietan emoteko Misiñoakaz errietan yazoten dana, zein da Yosueren aldian Yordan eritxon ibaiko urakaz yazo zana. Yosue Santuak aginduta sartu zirean Sazerdoteak Yordan-eko ibaian, utxa santua lepo ganean ebeela. Bertati goiti beera etozan urak, utxa santuari lotsea ta itzala artu izan baleutse legez lotu zirean geldi geldi, aurrera biderik egin bagarik; beste urak barriz beerantza yoazala egintzan ibaiaren erdi erditi bide leor ederra Israel-tar guztiak oñik busti bagarik igaroteko. Baia, zeinbat deritxazue iraun ebala bide leor orrek, eta urak geldi egote orrek? Utxa santua ibaiaren erdian egontzan bitartean ta ez geiago. Ak andi urten orduko urak lengo bidea artu ebeen, eta agurr, yoantzan ibai erdiko bide leor ori.

        Ara emen Misiño santuakaz yazo oi danaren irudi egin egina, nik biotzean minik artu bagarik zuei ezin adierazoko deutsuedana. Batoz Misionistak erri batera, asten dituez sermoiak, eta orra non pekatuai ebaten yakezan lengo bideak. Guztiak datoz euren arimak garbitu gurarik Konfesoreen oñetara; itxiten yake adiskidetasun txarrai; galdu gura dira lengo ekandu dongak, gazteak artuten dituez gogo eder batzuk geiago ez yoateko dantza nastuetara, yolasera, bigirara, eta batzar gaistoetara; biurtu oi dira iñoen gauzak: orduan ezin bada, artuten dira asmu ederrak aleginak egiteko; sartzen da etseetan bakea; kentzen dira gorrotoak, eta, guztia berba baten esateko, erriak beste bat dirudi. Baia, zeinbat deritxazue dirauela aldatze onek, on izate onek? Misiño santuak errian dirauan artean, edo ez asko geiago. Arik denpora gitxi garrenean, entzun daroagu batzaako dantzak, eta naasteko batzarrak leen legez egiten direala, lengo bideak artu oi dituez, leengo adiskidetasunak, zantarkeriak, biraoak, gorrotoak, ordikeriak, auziak, lapurreriak eta okerrkeria guztiak.

        Eztiñot nik au guztiak gaiti, ezta onago bere; bakit nik banaka batzuk, eta askok uste dabeen baño geiagok iraun oi dabeena urteetan eta urteetan, baita euren bizi guztian bere, eta onei begiraturik ontzat emongo gendukez geure buruko-alak, eta izerdiak, besteakaz ezer aterako ezpagendu bere, baia geienak lengo bide deungeetara biurtuten dira; eta bear bada leen baxen amurru andiagoagaz. Zetan dago gero au neure Kristiñauak? Nondi datoz onelango kalteak errietara? Leen negar egin alango gauzaak egin (egiña) direalako; leen esan eztituezala eguño bere egingo, eta barriro egin bear? Ez al dira biotzetik izan emon dituezan berbaak? Euren negarrak izan ete dira guzurrezko negarrak? Ez, neure Kristiñauak, ezteust niri biotzak alangorik emoten, eta uste dot eze, euren negarrak zindoak izan direala, eta euren berbak bere biotzerik emonak. Zetan bada deritxazue dagoala kalte ori?

        Nik esango deutsuet orain zetan dagoan geien. Batzuk biurtuten dira lengo bizi-modu txarrera, eztituezalako artuten asi dabeen onean irauteko bear direan neurriak. Besteak galduten dira besteren batek pekaturako bidea emoten deutselako. Oneek biok dira erriak galduten dituezanak. Nik, kristiñauak, gura neunke (baita ondo biotzerik gura dodala), zuei alangorik yazo eztakizuen, eta orretarako esango deutsuet doktrinatzat zer egin bear dozuen artu dozuen bizi-modu onean irauteko, eta gero Sermoian ulertuten emongo deutsuet ze pekatu ikaragarria dan besteai pekaturako bidea emotea. Ara emen arratsalde onetan entzun bear deustazuena. Entzuzue bada orain irauteko egin bear dozuena.

        1. Lelengo lelengo, bada, alde egin bear dozue pekatuen bide ta okasiñoetatik. Auxe egitea gogo gogoti artu bear dozue, bada au eginda biderik erdia eginik daukazue; eta au egin ezik, galdutzat emoten dot nik zuen arimako osasuna. Begien aurrean euki bear zendukee; eztot ondo esan, biotz biotzean sartuta euki bear zendukee pekaturik urten dozuenok, gaixo andi baterik urten dozuela, eta argalik eta erkin eginik zagozela, eta edozein bere ezerezkeriak lengo gatxagaz iminiko zaituezala. Ez egizue au bein bere aztu: argalik zagoze, erkinik zagoze, makarrik zagoze, indarrik eztaukazue, eta edozein bere gauzak yausi eragingo deutsue; eta orregaiti ardura guztizko bat izan bear dozue pekaturako bideetati alde egiteko.

        Alan zuk mutil gazte, zuk neskatilla, entzun deuskuzu bein baño geiagotan, dantzan ibilteak nai dala plaza agirian, nai dala zelaietan, edo okeluetan ta zokondoetan, ekarri oi dituzala esku-estutute laztanak, labankeriak, berba loiak, eta gero etserako bideetan, eta geroago gogo ta pensamentu loiak, zantarkeriak, berotasunak, edo bear bada orreek baño bere okerragoak? Bada ez oñik imini dantza tokian, ezta dantzan egiten ikusteko bere. Bakutsu zeuk bigiretara yoanagaiti, edo karobira, olara, txakolinak egiten direan tokira, gorularietara, ezpatalarietara, gaubelara yoanagaiti, ibili oi direala bultzaka, egozka, amilketan, zirrika, kilika ta zantarkerietan? Ez yoan alangoetara. Bakutsu zeuk beste orrek urliagaz berba egin dozunean izan dozuezala mosuak, laztangak, eskuak bear eztan lekuetati erabilteak eta zantarkeriak? Ez agaz egon; alde egin beraganik.

        Zeuri, otseiña, etsekoren batek emoten deutsu deungerako bidea? Urten etse orretarik. Otseiña dozu zeure tentagarri? Kanporako bidea emon. Bakizu zeuk, gizona, tabernara edo ondretara ezkero, orditu oi zareala? Betiko agurra egin taberneari eta ondrai. Bakizu beste orrek, urliagaz edo ulizeñagaz batzandu ezkero izango dozuzala yuramentuak, biraoak ta araoak? Ez orreekaz batu. Bakizu emakumea auzoko andreagaz batu ezkero besteen bizitzai eragin bearko deutsazuela, eta kleituko gauzak, ixilik dagozanak bere antxe urten bearko dabeela? Bada itxi agazko berbaiteari. Eta, berba baten esateko, bein yakin ezkero ain gauza edo orren gauza dala zuentzako gatxerako bidea, eta pekaturako arrilabana, itxi bear deutsazue gauza orreri. Ain bagarik etzare onduko, eta utsean yoko dabe zuen gogorik beroenak eta zolienak bere. Ezteutsat nik au neure aragia... kenduten, Ygkoak esanik deusku, baita egia Ygkoak esana legez, pelleburua maite dabena berean galduko dala, bide labana gura dabena berean yausiko dala. Esaten deutsue geiago: zeuei pekaturako bidea emoten deutsuena badozue eskoako begia, eskua edo kaderea bera baxen bearrago, orregaiti bere zuekanik kenduteko.

        Ondo ekian au antxinako basamortuko agura santuak. Entzuzue au zuen onerako. Yoan yakon bein baten mutil gazte bat Padar agura zar baten konseiutxu batzuk emoiozala. Baietz bada, (erantzun eutsan agureak) paperean imini leizala berak esango eutsazanak, geroko bere aztu ze lekiozan: Lelengo konseiua, esan eutsan agura onak, pekatuen bide dongeetatik alde eigizu. Bigarren konseiua, pekatuen bide dongeetatik alde eigizu. Irugarren konseiua, pekatuen bide dongeetarik alde eigizu. Aitaxe, esan eutsan gazteak, irugarrenez gauza bera entzun ebanean, ori gauz'ori bein ez eze birritan bere iminirik daukat. Orduan agureak, agura asko yakitunak legez erantzun eutsan: Ezta ardura, ene seme; imini eigizu irugarrenez bere, ze ain da ona, eta ain sustrai andikoa konseiu au eze, eztira gauza nik emon neinkezuzan ganekoak; baia berau gogo gogoti gorde ezkero, Zerurako biderik geiena eginda daukazu. Bada esana esan: pekatuen bide txarretarik urrun egin bear dozue, artu dozuen bizitza onean iraun gura badozue. Ez esan, zoro askok esan daroena; yoango gara, baia eztogu dantzarik egingo, ezkara zantarkerietan ibiliko; ezkara ordituko; egongo nas besteagaz, baia ezteutsat itxiko gauza txarrik egiten. Orreek utsak dira; eta bide orreek galdu ezik gura ta gur'ez yausiko zare. Eta orretan bazagoze kontu egizue zuen konfesiñoakaz bapere gauz'onik egin eztozuela.

        2. Bizitza onean irauteko bigarren egin bear dozuena da sarri ta ondo konfesau (ta) komulgetako, eta biotzeko berorik al dozuen andienagaz. Esan deutsuet sarri ta ondo konfesetako. Bada, zetarako izango da sarri konfesetea ondo egingo ezpada? Zetarako izango da amabostean bein konfesetea, lotsaz itxitako pekaturen bat beti kolko barruan erabiliko bada? Zetarako izango da zortzian bein egitea zorrak pagetako aleginik egiten ezpada, edo iñoena bere yaubeari biurtuten ezpaiako? Deungaro egiteko oba litzateke bein bere ez egitea. Esan deutsuet bere al dozuen biotzeko berotasunik andienagaz konfesetako, egiten zareela pekatuen damu ta gorroto andiagaz, eta ez ostera pekaturik egiteko gogoagaz. Asko dira kristiñauen artean konfesauta arik lasterrean pekatu mortalean yausten direanak; ostera bere konfesau, ostera bere pekatu egin eta alan dabiltzazanak. Baia onelangoak bildur izan bear dira eztireala gauza euren konfesiñoak, eta pekatuaren damurik bapere artuten eztabeela, eurak baietz uste izan arren.

        (Eta pekatuak txikiak eta benialak izan arren, orreek bere kalte andiak dakardez, guztiz bere ekanduz legez, eta gauzeari zaletasuna artuta egiten badira, eta orregaiti oneek bere albaitenez galarazotera egin bear dozue, eta orregaz bere pekatu mortaletarik urrunago ibiliko zare). Eta prestaera obeakaz konfesetako gauza bi artu bear zendukeez gogoan konfesetan zareen bakotxean. Bata da bear bada orduko konfesiñoa izango dala zuen atzenengo konfesiñoa. Batek edo batek alan izan bearko dau, eta, nok esan deutsue ordukoa izango eztala? Ai! Sinistu bear ezteutsazue ez gaztetasunari, ez osasun onari. Ez gazteai, ez osasun onekoai ezteutse beldurrik arean artuten eriotzeak. Bigarren gauzea da, konfesorearen belaunetan zagozenean, uste izan bear dozuela Yesukristo-ren belaunetan zagozela. Ai! Ta alan balitz, zelan bigunduko litxakezuen biotza, zuen pekatuak esaten dozuezan orduan! Bada alantxe bigunduteko aleginak egin bear dozuez konfesetan zareen guztian.

        Konfesiño ondo egina da, diño San Agustin-ek, pekatuak galarazoteko, eta pekatuakaz galdu zirean birtute onak barriro atzera artuteko; da Diabruari iminten yakan debeku ta eragozgarri andia, eta Infernuaren bildurgarri itzala. Emeti agiri da guztizkoa dala pekatuak galarazoteko sarri egiten dan Konfesiño ona. Baita itanduko deustazue ea zeinbaterik zeinbatera egingo zareen. Eta nik dirautsuet batzuk zortzi egunerik bein egiteko, beste batzuk amabostean amabostean, eta ezta izan bear zuen artean garaurik bere ilean bein egingo eztanik. Ez esan zuek orretarako zer-egin andiak daukazuezala. Eztago ilean bein ez egiteko zer-eginik, ez gauza dan atxakiarik. Zeuen zer-egin andi orreen artean, topetan eztozue astia, eta astiune galantak bere lo egiteko, yateko, ibilteko (paseetako), eta bear bada arpelik egoteko bere? Baita orreek orretarako ilean bein baxen geiagotan egiten direanak dira. Eta arimea garbituteko, eta bere osasunari begiratuteko, eztozue ilean beingo astirik topauko?

        Ez esan bere, buru bagarik askok esan daroen legez, ea ain sarri zer konfesauko dozuen. Eztago munduan zer konfesau eztabenik. Egunean zazpi bider yausten direala santuak, dirausku ondo dakian Ygkoak berak; eta zuek ain santu izan bagarik, zortzian bein edo ilean bein eztaukazue zer konfesaurik. E! Orreek pekatu txikiak dira, esango dozue. Yaungoikoari alan gura dakiola; baia eztakit, eztakit... Zer konfesau eztaukeela diñoenen artean konzienziako nasaikeria, eta ardura eza puskatxu bat bere izan leiteke. Baia ondo: alan baderitxazue txikinak baño izan eztitezala pekatu orreek; baia buruan epai txiki bat daukazuenean ainbat lasterren osatuteko aleginak egiten dozuez; ezta alan? Bada arimako epaiak burukoak baño gitxiago eztira. Eta, non da arimako epai txiker orreek osatuteko konfesiñoa lango gauzarik? Konfesoreen ganean barriz esango deutsuet guztiai lotsa ona agertuteko, baia zuentzako albait onena artuteko. Iñok galarazoten badeutsue fiestara, yolasera eta alangoetara yoaten, zuek usteko dozue estuegia dala konfesore ori; baita niri deritxat eze bera legezkorik eztala. Nire eretxian konfesore nasaien atzean dabiltzazanak eztauke pekatuen damurik, ezta apurrik bere.

        Komuniño santua bere sarri ta bear dan legez artutea da bide ona onean irauteko. Komuniño santuan artuten dogu bene-benetan geure Yauna, zeru-lurraren egillea, ondasun guztien iturria. Eta bera bularrean daukagula, zelango mesede ederrak egingo ezteuskuz Yaun onek? San Agustin-ek eta S. Joan Krisostomo-k diñoe eze, ume txikia yanda azi ta gogortuten dan legez, alantxe geure Yauna artuta indartuten eta aziten dala geure arimea graziaren eta gloriaren merezimentuakaz. Eta San Bizente Ferrer-ek dirausku: geiago irabazten dala komuniño ondo eginiko bategaz, aste guztian ur ta ogi barau eginagaz baño. Au alan izanik eztakit nik zelango lotsea daukeen askok urte guztian konfesau bagarik eta komulgau bagarik egoteko. Zerurako bidea, Yesukristo-k diñoaneti, bide estua ta bedarra da, eta eztau ak nasairik ondo artuten: bide luzea da eta aldatsgorea, eta indarrak bear doguz bide ori egiteko. Komuniñoaren ganean eztirautsuet nik zeinbaterik zeinbatera artuko dozuen; orretan konfesorearen esanera egon bear dozue. Baia zuen eskuan daukazue nos-gura eta non-gura egitea beste komuniño modu bat zeineri komuniño espiritualaren izena emoten yakan, eta ezta besterik ezpada komulgetako guraria biztutea, eta geure Yauna artuteko daukagun gurari eder bat Yaunari berari agertutea.

        3. Bide onean irauteko egin bear dozuen irugarren gauzea da, egunean egunean liburu on baten irakurtea, eta zati baten gauz'onen bat gogoan dozuela egotea. Gauz'on ori gogoan izateari oraziño mentala esaten yako; baia nik eztot aotan artu gura izan berba o, zuek ez ikaratutearren; bada esaten baiatzue oraziño mentala eukiteko, berbertati erantzun daroazue, ori eztala zuen buruetarako, eskola gitxien yaube zareela zuek ori egiteko; eta beste aldeti barriz zuen ogia irabaziko badozue, lanean (bearrean) egin bear dozuela, eta oraziño mentalean egoteko lekurik eztaukazuela. Baia, Kristiñauak, eztago iñor munduan, gauz'onen bat gogoan dabela egongo ezin danik. Santokristo bat dakutsuenean, etxatorzue gogora Yaun onek gugaiti zelango eriotza gogorra ikusi eban? Iñor errian ilik topetan badabe, ezteutsue gogoak emoten eztaukagula ordu segururik, eta gitxien uste dogunean geu bere ilgo gareala? Bada ori da ta ez besterik oraziño mentala eukitea: olangoren bat gogoan artu eta orretan egotea. Eta au eztabe galerazoten zereginak, lanak, eta arazuak, bada eurak egiten direan artean bere ori egin lei.

        San Joan Klimako-k diño ze, berak topau ebala Sinai-ko mendian fraile eskola gitxiko bat, baia Yaungoikoaren amodioan aurrera ebilena, eta beti gogoan gauz'onen bat ebala egon bearko ebana. Ez eban onek liburu andirik eskuetan artu, bere eginen guztia zan, eskaratzekoa (subetekoa) egitea; baia antxe, lapiko artean, eukan bere oraziño mentala, antxe suaren aurrean urtuten yakan bere biotza, eta begi bietati zara zara eriozan negar anpulu gozoak. Itandu eutsan San Yoanek berak ea zelan ainbeste zer-eginen artean beti beti oraziño egiten egoten zan, eta besteak erantzun eutsan: nik lapikoa egiten dodanean kontu egiten dot eztodala gizonontzat egiten Yaungoikoarentzat baño. Aurrean daukadan suak gogora dakart Infernuko sua, eta alan nago beti gauz'onen bat gogoan dodala.

        Zek galarazoten deutsue, berbarako, atxurrean egiten dozuen artean gogoan artutea, beintzat Yaungoikoak geuri mesede ederrak egiten deuskuzala, lurrari alango frutu eta labore gozoak emon eragin...; edo zuei lurra emoteko bere alan atxurtuko dabeela; edo azia usteldu ta ernetan dan legez, alan geure gorputzak bere lurpean usteldu ezkero biztuko direala Yudizioko egunean? Zek galarazoten deutsue edozein bearretan zagozela burura ekartea Yesukristoren yaiotzea, edo pasiñoa ta eriotzea, edo Infernuko pena gogorrak, edo Zeruko gloria gozoak? Zeuen gogo txarrak. Zeinbat obago izango litzateke alangoak gogora ekarrita, orreen ganean berba egitea, eze ez besteen bizitzai eragiten egotea, edo barre eragiteko atxakiagaz zelebrekeriak eta zantarkeriak esaten egotea, eta arimea alan galdutea?

        Yaungoikoak berak dirausku beti beti oraziño egiten egoteko, bein bere, utsik eta itxi-aldirik egin bagarik. Bekian Yaunak eginenak eta lanak izango genduzala; baia baki bere orreek eragozten eztabeela oraziño egitea. Azaz ganeti, zek galarazoten deutsue goxean oetik yagiten zareenean edo gauean oera baño leen gauz'onen bat buruan artu ta miñari eragin bagarik geldi geldi egotea? Ordu laurentxu gitxienez egoteko deboziñoa artu bear dozue; eta besterik ezpadakizue, edo buruak besterik emoten ezpadeutsue, esaiozue biotzagaz Yaungoikoari: asto batzuk zareela, eztakizuela berari zelan berba egin; eztakizuela bere kontra egiten baño besterik; berak irakatsi bear deutsuela oraziñoa eukiten, berak lagundu bear deutsuela onak izaten eta onelangoak.

        4. Artu dozuezan gogo onetan irauteko laugarren egin bear dozuen gauzea da, ardura guztizko andi bat artu bear dozue pekatu txikiak edo benialak ez egiteko. Ai bazenkie ondo onek zeinbat balio daben! Pekatu txikirik ez egiteko kontuan dabilenak, orrek eztau, ez, egingo pekatu andirik; baia ardura ori artuten eztabena, gox edo berandu ori ezta pekatu mortal bagarik izango. Yaungoikoaren esana da gauza txikiai bildurrik artuten ezteutsana, geldi geldi bera andietan yausiko dala. Baita barriz errazago da pekatuai, txikiak direan artean, arpegi egitea, eze ez gero, andi eginda, pekatu mortalak azpian artu gaituzanean. Eztakutsue askotan txatar bateti askotan etse galantak erretara datozala? Eta txatar ori lelengoan amatau balitz etse orreek etzirean erreko. Baita orduan guztiz zan erraz txatar ori amatetea; baia gero suak indarrak artu ezkero, erriko gizonak eta ibai bateko urak eztira asko izaten sua amatetako.

        Alantxe da bada pekatuakaz bere. Nondi uste dozue asi direala lapurtotzar andiak? Lauziri, laumarai ostuteti; sagar bat, arrautza bat, arta bitxin (mitxer) bat, edo kabilla bat kenduteti. Nondi asi zan galduten arako gaurko egunean seigarrenekoan begi bietagiño ondatuta bizi dan gazte ori? Lelengueran etzan izan labankeriatxu bat epelik entzutea baxen, gero gogoz eta barrez entzuten zituzan berba arinak ta zelebrekeriak; geroago berba nasai loiak bere bai; geroago abiau zan besteai erantzuten eta berak bere besteainbeste esaten; geroago izan eban ukiera arintxu bat, eskua bear eztan tokietati erabilte bat; eta gerora gerora obrazkoan (aragizkoan) bere yausi zan. Lelengoa egin ezkero errazagoa izaten da bigarrena, errazagoa oraindo irugarrena eta laugarrena; eta azkenean (guenean) onenbestean itzalak bota dituz, eta galdu deutse bildurra obrazko (aragizko) orrei eze, ur otza legez parra parra edaten dituz.

        Auxe da pekatari andi guztiak eroan izan dabeen bidea: pekatu mortaltzarren oña beti izan da pekatu txikiren bat. Birao andien oña birao txikerra, guzur andien oña guzur txikerra, murmuraziño andiena murmuraziño txikerra, gurasoai lotsa txarra artuteena murruxkada (burrufada) bat, gorroto andiena kurrukea, eta ordi galanteena tragutxu bat geiago ezartea, eta alan besteetan. Ai zeinbat ete dagoz Infernuetan pekatu benialakaiti! Ez pekatu benial utsak asko direalako bat Infernura botateko, ezpabere pekatu benialetarik bidea artuta, pekatu mortalak bere egitera etorri zirealako. Yudasegaiti dirauskue yakitun andi askok lelengo asieran txitozko santu andi bat izan zala eta milagro andiak egin zituzala. Baia ara gerora zetara yo eban. Eta, bakizue zein izan zan bere galdu bearraren sustrai guztia? Yudas-ek eukan lagunen arteko diruen kontua; atarik atara asi zan ziri miri zerbait bere aldera atzeratuten, eta lapurreta txikiak egiten; otzitu zan Yesukristo ta Apostoluak ganako amodioan; deungaro bere esan eban Madalenea-gaiti, eta azkenez ibili ta ibili Yesukristo Yaungoiko ta gizon egiazkoa saldu eta bere burua urkatu eban. Orregaiti bada bildur ikaragarri bat artu bear deutsezue pekatu txikiai, eta aleginak egin bear dozuez orreek galarazoteko.

        Bai, sinistu egidazue, errietan ainbeste pekatu egiten badira, dala pekatu benial txikiai bildurrik artuten etxakeelako. Konfesetan zatozenean igarten yatzue zeuen bildur-eza. E! esan daroazue, biraoak egin dodaz nik, baia ene biraoak eztira izan iñori oratuko; murruxkada (burrufada) batzuk gurasoai egin deutsedaz, baia ezteutset, alan, lotsa andirik galdu; guzurrak esan dodaz, baia, e! ez iñoren kaltekorik; iñogaiti deungaro esan izan dot, baia, e! ene murmuraziñoak ezteutse iñori kleituan ukutu. Onelangoak esan oi dozuez epel epelik ezer ezpalira legez. Sarritan entzuten yatzue, A bestelako! Origaiti eztoa iñor Infernura; Ei, eroa! Ori ur bedeinkatuagaz kenduten dan gauzea dozu; eta onetariko beste asko adietan emoten dabeenak zeuek pekatu txikiai lotsarik bapere artuten ezteutsazuela. Baia emendi, zer dator gero? Pekatu andiai bere lotsea galdutea eta bildur bagarik egitea. Bada neure Kristiñauak, iraun gura badozue artu dozuen bizitza onean, bildur andi bat artu bear deutsezue pekatu txikiai eta ardura andi bategaz ebili beartzare orreek ez egiteko. Eta alan egin ezik, galdutzat emon egizuez zeuen buruak.

        Oneek lau gauzok dira guztizko bide onak bizi-modu onean irauteko, eta pekaturik ez egiteko, eta ondo ondo yagoten badozuez deritxat eze zuen buruak pekatu egiterik gordeko dozuezala. Baia iñosko alditan zeuen argaltasunez pekatu mortalen baten yausten bazare, egin bear dozue ainbat lasterren konfesetara, eta zeuen arimak garbitutera. Geixotuten bazare, bertati dakazue medikua edo ofizialea geixoak indarrik artu baño leen. Umetxuren bat ibaira yausten baiatzue leen-bait-leen atera gura dozue bertan ito ze dedin. Eta zuen arimak ikusirik pekatuaren geixoaren azpian, eta infernuko oxinean ondatu aginean, etzare ansiatuko ta estutuko leen baxen leen zeuen arima orrei begiratuteko? Ai! Kristiñauak: pekatu mortalean luzaro dagoanak agiri dau pekatuari bildur askotzarik ezteutsala eta orrek laster ostera bere pekatu egingo dabela. Pekatu mortal bat ezta luzero bakarrik egongo beste pekatu bateri atea idigi bagarik, bada San Gregorio Aita Santu zanak diñoan legez, penitenziako uragaz laster garbituten eztan pekatuak bere pisuagaz dakar gizona beste bat egitera. Oneek biok pisu geiago daukeen legez errazago dakarde irugarrena, eta zeinbat eginago eta ainbat egiten errazago.

        Beste aldeti barriz, bakizue zeuek, Kristiñauak, zeen begira zagozen? Nok esan deutsue nos artean biziko zareen, eta nos ilgo zareen? Ez egizuez zuen buruak palagau (lorenyeu): leen esan deutsuet, eta barriro esan bear deutsuet ez begiratuteko gaztetasunari, bada gazte asko ilten dira; ezta osasun onari bere, eze osasun oneko asko ta asko ilten dituez lapurrak, suak, urak, ames dongak, yanak, eta beste milla gauzak. Eta, alangorik yazoko balitxazue? Baukazue Infernura yoateko biotzik? Ori badozue, eztago munduan zuek baxen biotz geiagokorik. Alan uste eban, eta ondo, Karlos Enperadore izen onetako bostkarrenak. Bein baten bere Kapitai-soldaduakaz egoala, itandu eutsen onei ea nor eritxen mundu onetan zala biotzik geien eukana. Batek bat esaten eutsan, besteak beste bat, bakotxak eritxon moduan. Baia berak zeruko yakituria bategaz esan eutsen gizonik asartuena eta biotz geien eukana zala, pekatu mortalean egon eta barre ta lo gozo egiten ebana.

        Azkanean barriz esan bear deutsuet Ama Birjineagaz deboziño andi bat artu daizuela. Maria Santisimeari asko gura deutsanak ondo agiri dau Zerurako dala, diño Alano-k. San Buenaventura-k diño Birjineari dagokala: O Birjina gozoa! Birjina zorionekoa! Galdu bearrak direan legez zeuganik alde egiten dabeenak, alantxe ezin galdu leitekez, zeugana datozanak, eta zeuk errukiz begiratuta mantupean artuten dozuzanak. Baia, ez egizue uste or zirri-morro abemaria zarraparra batzuk esanda, edo beste alangoren batzuk eginda guztia eginik daukazuela Ama Birjinearen deboto izateko. Ez, errezuakaz batera bizitza ona bere bear da, eta Yaungoikoak aginduten daben modukoa: onek lagunduten ezteutsala ganeko guztiak gitxi balioko dau. Ama Birjineari oraziño batzuk esan, eta beste aldeti bere Semea pekatuakaz il, deritxazue ondo eretxiko deutsala Birjineak orreri? Ez beintzat, Ama Birjina Maria ezta adiskide azal-ganetikoen zale. Orregaiti bada bizitza ona aurreti, eta gero Ama Birjineaganako biotz beroa, orixe da benetako deboziñoa izatea.

        (Au ondo egiteko ondo litzateke agaz batera artuko bazeuntse San Yosepe-ri bere deboziño andia. Santu au izan zan mundu onetan Maria Santisimearen lagun maitea, Yaungoikoaren Semearen Aita ordekoa, eta irurok zeruan bere arkal ondo artuten dabe. Eta alan San Yosepe-k ezetan eskua sartuten badau, gauza orrek ondo urten bearko dau. Eta santu andi oneri gauza askotarako eskua emon deutso Yaungoikoak yakitun askok dirauskueneti. Emon deutso eskua yadiesteko ta alkantzetako berari dei egiten deutsenentzat grazia gorputzean ta ariman seigarrenekoetarik garbi izateko. 2° Pekatuetarik urteteko. 3° Ama Birjineagaz deboziñoa izateko. 4° Eriotza on bat egiteko. 5° Osasun galdua atzera artuteko. 6° Seme-alabak izatea alkantzetako. 8° Eta Demoniño gaistoak bere guztizko bildur andi bat deutse bere izenari. Orregaiti da guztiz ederra Santu andi onen deboziñoa, eta gauza orretarako artu ziñaike egunean egunean zazpi aita-gurea ta abe-maria esatea.)

 

aurrekoa hurrengoa