www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

5. BIRAOAREN GANEKO IKAS-BIDEA

 

(B, 33-35. or.)

 

Venenum aspidum sub labiis eorum.
Psal. 13.

 

        1. Da biraoa Demoniñoari norbaistentzat dei egitea, edo eskatutea gatxen bat norberen buruari, edo iñori etorri dakiola: esaten danean legez: milla Demoniñok eroan aiela, eriotza gogorrak artu aiala; bizirik biurtu ez adila; lupu gogorrak yo aiala; tripa-ala minak aroala; arren bada gorronzi gogorrak nire begietatik kenduko al au, eta onelango beste ainbat modu, ze eztago guztiak kontadu al daianik. Esaten dan gatxa andia bada, eta gogo edo deseorik badago yazo edo etorri dakion, pekatu mortala izango da. Atenziñoz zagoze, Kristiñauak, bada da guztiz bearra emoitera noian doktrinea, bada ain dago zabaldurik pekatu genero au ze, deritxat, Kristiñau guztiz asko doazala beragaitik Infernuetara. Sarri-askotan etorten oi zare konfesetara, eta esaten oi dozue: Aita, nik birao asko bota dodaz, baia eztira biotzetik izan. Baia ezin beti sinistu legikezue. Gura dozue yakin biotzetik direanez ala ez? Ara emen bada ezaugarri alazokoa. Birao egiten deutsazun persona ori laztana badozu esaterako adiskide guztizkoren bat, senar edo emaztea, nori asko gura deutsazun, eta nogaz bakean bizi zarean; nosean bein eta gitxitan bada, eta su andi bagarik, señale (agiri) da eztireala biotzetik izan. Baia birao egiten deutsazuenagaz aserraturik bazagoz, agiri da biotzetik dana. Kenduten deutsue falta andi bat egiten deutsun gauzaren bat, eta aserraturik orregaitik diñozu: Arren, bada beso biak yausi (igartu) dakiozala; ondo agiri da biotz txarra daukazula bere alderako, eta gur'ozula yazo dakion. Emoiten badeutsue auziren bat, eta errazoerik euki ez arren zure eretxian, irabazten badeutsue, eta sentimentuz beterik esaten dozu: Jaungoikoak, niri egin deustana legez, pagadu dagiola; arren bada aterik ate ikusi dagidala; luzidu eztaiala; auts biurtu dakiola; gexo gogorrean gastadu dagiala. Oneek eta onelango biraoak geienetan dira pekatu mortalak.

        2. Baderitxazu eztaukazula orduan yazo din [sic] gogorik, esan egidazu: nos bota oi dozuz birao orreek? Egin deutsuen gatxa gomuta dozuenean; aen ganean berba egin deizuenean; baita onetarako zeruragino ponderetan (goratu) dozue egin deutsuen gatxaren anditasuna, guztiai adierazoten deutsezu sentimentuaren (naibagearen) anditasuna ain modutan, ze eztozu aurkituko dantzueenetatik bat, zeinek esan eztagian ezin ikusi dozula. Baia esango dozu: Aita, bertatik damututen yat. Ezteutso; bada ezarri zenduan orduan berean biotzetik bazan, egin zenduan pekatu, laster damutu arren. Esan egidazu ezpabere, yaurt-egingo bazeuntso bateri balasu bat, eskusadu zendukez eriotza atatik bertatik damutuak? Edo esan zeinke: eztot nik eriotza a egin, ze bertatik damutu yat. Bada bardin da biraoan. Nai damutu, nai ez, ya dago ordurako pekatu mortala eginik. Beste batzuk eranzun daroe: Aita, aserreagaz izan da; baia berpertatik igaroten yat. Egia da ordu berean eztakit zer egingo neuskion, baia jira bira bat egin orduko, eztago ezer. Bai, Kristiñaua, aserreagaz bota dozuz, eztakizu zer egingo zeuzkion, eta etzeunkan gogo edo intenziño deungarik? Ori nok sinistuko deutsu? Nik beintzat eztakit iñok sinistu al deikezun. Aita, bertatik igaroten yat. Zer da orregaitik? Beindanik bein egin zan gatxa. Su emon eiozu aserreagaz polbora-barrika bateri, eta esan egizu gero bertatik igaro yatzula. Beste batzuk esan oi dabee: Aita, nik birao guztiz asko egin dodaz, ezin kontadu bere egin leiz; baia ezta daukadan ekandu txarra baño. Ekandua daukazu? Ainbat okerrago: bada andiagoak dira ekanduz egiten direan pekatuak. Eta, ze alegin egin dozu ekandu ori galtzeako? Arean bere ez: ze dakuzguna da eztireala egin gura konfesoreak emoniko penitenziak, neke tangaren bat badauke; eta orregaitik galdu bearrean, aurrera doazala, eta geroago ta geiagora doazala.

        3. Kalte andiak dakar biraoak: baia etxekoen aurrean egiten direanen kalteak, guztiz dira andiagoak. Onen artean alkarreri egiten direan biraoak pekatu mortala izaiteko, ezta bear biotzetik izan ditezan; eta alan pekatu mortalak izan leitekez alango gogo txar bagarik. Semeak botaten badabee, pekatu mortala izango da, borondate deungarik euki ez arren: bada galduten deutso zor deutsan lotsea: eta alan aginduten eban Jaungoikoak atxinako legean, gurasoen kontra birao egiten eban semea ilteko. Senar-emazteak alkarreri egiten deutsezanak, askok diñoe pekatu mortala direala arrabiagaz bada bere eta sarri badira, oneekaz galduten deutse alkarreri zor deutseen lotsea, amateetan dabee amodio ta karidadea eta kentzen dabee etxeko bakea. Gurasoak seme-alabai egiten deutsezanak geien geienetan pekatu mortalak izan oi dira biotzetik ez izanagaitik; bada pekaturako bidea emoiten deutse, eta erakuste txarra: eta bardin da eurai ezarri ez arren, euren aurrean egiten badira. Negargarrizkoak dira, Kristiñauak, biraoak dakazan gatxak. Geuk, geuk: Geuk enzuten oi doguz oraindio lurrean agiri eztirean umetxuen biraoak. Arritu eta bildurrez ikaratutekoa da enzutea, oraindokoarren berbaz ondo eztakienen biraoak, eurenagaz urten ezin dabeenean: gura eztabeen gauzaren bat aginduten yakeenean, lagunakaz aserratuten direanean, ez yake enzuten demoniñoa, Diabrua eta biraoa ezpada. Zergatik, gero? Zuei enzuten deutsuelako. Au esaten yatsuenean eranzun darozue, Zer egingo dot? Seme galdu batzuk daukadaz, eztabee nire esanik egin gura, lanzean lanzean lotsea galduten deuste, arrabiau erazoten deuste, eta orduantxe egiten deutset birao. Esan egidazue guraso zori gogorrekoak, edo obeto esatearren borreru gogorrak, ezer egin dozue zuen birao orreekaz? Egiten dabee obeto esana? Dira kristiñau obeak? Itxi dituez geistokeriak? Ondu dira? Baia zer diñot nik ondu? zuen semeak geistoak badira, zuen biraoakaitik dira, eta oraindokoarren okerragoak izango dira. Eztozue gauz'onik egingo, ez zuek, ez zuen semeak. Zorigaistokoak izango zare mundu onetan eta bestean: bada Espiritu Santuak diño: gurasoen biraoak zimentuetaragiño etxe guztia iruliten ta galduten dabela. Maledictio Matris eradicat fundamenta.

        Eneunskio bein bere azkenik emongo onen ganean yazo direan gertakuntza edo exenpluak esan gura banituz. S. Agustin-ek diño ze, ama batek amar semeri birao egin eutsela, esanik arren bada Kain-eri legez ikara gogorra sartuko balekie. Guztien ganean yausi zan biraoa, eta amarrak geratu zirean dardar ikara geldi ezin egonik. Amak au ikusita sentimentuaren sentimentuz bere burua urkatu eban. Eurak barriz lotzaarren, iñon egon ezinik ibili bear izan eben erririk erri; eta S. Agustin-ek dirausku berak onetariko bi ikusi zituzala. A gurasoak, gurasoak! Deritxat familia osoak, aasabak (aitobeak), gurasoak, semeak, llobak, eta onen semeak eta beste seme ta seme asko, bata besteen atsean doazala infernuetara biraoakaitik. Zuek emoiten deutsazue aziera deunga au semeai, oneek artuten dabee ekandu deungea, irakasten deutse euren semeai, eta oneek besteai; eta modu onetan batak besteaganik heredetan dabee hazienda edo maiorazgua bailitzana legez, baita orregaitik ikusten dira familia osoak zeintzuetan eztagoan biraoa, añena, agirakea, deadarra, eta aserrakuntzea baxen. Eztirudie, eztiñot kristiñauenak, ezta gizonen etxeak bere, ezpabere infernuko Demoniñoaren bizi-lekua. Ezta euretan enzuten Jaungoikoaren izen santua, blasfemetako ez izanik: guztia da demoniñoa, Diabrua, Barrabasa, arraioa, añena ta biraoa. Danzuen guztiak eskandalizetan dira. Auzotegi guztia dago arriturik, eta bildurrez ikara gogorrean, euren semeak, eta ume giñokoak edonon dira ezagun, euren birao, esakune deunga ta geistokeriakaitik. Eta orregaitarren datoz konfesetan bake eta epetasun andi bategaz, pekaturik ezpaleukena legeztxe, eta akusetan dira: Jauna, birao batzuk bota (egin) dodaz, baia eztira biotzetik izan, eztot intenziño txarrik euki. Eta, emon dozun eskandalua? Semeen exenplu deungea? Kristiñauak! Kendu egizue ekandu deunga ori, galdu gura ezpazare. Erremedio ta bide asko dagoz onetarako; baia nik bat bakarrik emongo deutsuet, baita bera da S. Juan Krisostomok ekandu onen kontra emoiten dabena, eta diño Santu andi onek ze, au egin ezkerokoan, kenduko dozuela, eta berau bakarrik asko izango dala guztiz galduteko. Ba'kizue, gero, ze erremedio dan? Ara bada. Egiten badozue biraoren bat, diño Santu onek, ez egizue afaldu gau atan, eta zoaze oera ezerbere artu bagarik. Imini egizue auxe lege au zuen etxeetan, eta birao egiten dabenari ez emon afaririk. Ba'kit gogor egingo yatsuena eta esango dozuena ezin lorik egin dozuela: baia obago da gau bat edo beste nekez igaroitea, Infernuetan beti betiko erretan egotea baño.

 

aurrekoa hurrengoa