www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

20. [ZORTZI-GARRENA EDO
MURMURAZIÑOA]

 

(J, 97-104. or.)

 

Custodite ergo vos a murmuratione quae nihil prodest,
et a detractione parcite linguae quoniam
sermo obscurus in vacuum non ibit.
Sap. cap.I. vers.11.

 

        Eztago munduan besteak gaiti deungaro esatea baño zabalago dabilen pekaturik. Ederto baten diño onen ganean S. Paulinok: «Gitxi ta gitxi dira (diño san Paulino-k) ekandu gaisto au artuta eztaukeenak; eta nekez aurkituko dozu bere bizitzea ain modutan zuzenduten dabenik zein da besteen bizitzai eragin bearko ezteutsan; eta onenbestean yarraituten deutse gizonai besteak gaiti txarto esateko lera gaisto onek eze, beste ganeko pekatuetati alde egin dabeenak bere onetan atzenengo lakioan legez nastitu eta katigatu (eta yausi) bearko dira». Baia Yangoikoak berak onen ganean kontuan iminten gaituz eta dirausku: «begira murmureteagaz, eze ezta ezetarako bere ona, eta ez iñogaitik deungaro esan, bada atzetik eta aopean esaten dan berbea bere ezta kastigu bagarik izango. Alde egin dagizuen bada zeuek pekatu onetarik, nik esango deutsuet orain murmuraziñoaren ganeko doktrina.

        Da murmuraziñoa iñogaiti deungaro esatea berak eztantzula, edo iñoren atzeti gauza deungaren bat esatea; esaten danean legez batak yuramentu okerra egin dabela, bestea ordia dala, besteak lapurretan egin dabela, neskatillea seindun dabilela eta alangoak. Esaten dan gatxagaz besteari kleituan biziro ukututen baiako, izango da pekatu mortal astuna; baia kalte gitxi egiten baiako, pekatu txikia baño ezta izango. Baia ori igarteko, etxako berbeari bakarrik begiratu bear; eze batentzat esanda, berba txikia dana, besteentzat bear bada berba andia izango da. Soka lodi baten emoten yakan moropilla (gorapilla, tornua) laster da askatuta; baia emoiozue sedaari mee bateri moropil estu bat, eta, ea zelan askatuten dozuen? Alantxe da bada deungaro esanagaz bere, nogaiti eta zer esaten dan. Esatea mutil koxkor bategaiti, edo gizon barritsu barbullo bategaiti guzur utsa dala, alde guztietati guzurra dariola, ezta gauza andirik; baia beste orrenbeste esango balitz Obispo Yaunagaiti, edo beste alango lotsa ta geriz andiko bategaiti gauza astuna eta zakona izango litzateke.

        Alde askotara pekatu egin leiteke deungaro esanagaz; baia guztiak, edo bai geienak datoz orain nik, San Tomas-eri artuta, esango deutsuedanetara. Lelengo besteren bategaiti berak egin eztaben gatxen bat esaten danean, edo guzurra asmetan yakanean. Onen ganean pekatu egin daroe mutil askok, zeintzuk ezkontzako berbea emonda, damutu baiake, euren buruak garbitutearren, neskatilleari milla guzur asmetan deutsezan: bestegaz adiskide izana dala, yazoa dala, eta onelangoak. 2° Pekatu egin daroe neskatilla ez gitxik zeintzuk eurak dakienaganik seindun sortu ezkero, gauzea daukanari, edo senartzat gura leukeenari errua ezarten dakien. 3° Egin daroe kerella eta kontrakerellak ekarten dituezanak; edo auzitan dabiltzazanak, eurenagaz urtetearren auzi-lagunari egin ez ebana, esan ez ebana ezarten deutsenak; baita bere euren alde, bear bada tragu bat ardaogaiti; guzurraren ganean yuramentu okerra egiten dabeenak. 4° Egiten dabe norbaitegaz aserratuta umea edo senarra gaixotu baiake, edo kalteren bat etorri (baiake), bestea sorgin egiten dabeenak. 5° Pekatu egiten dabe etsaguntzaren baten euren buruak sartuteko asmuagaz, ugazabagana doazanak milla guzurregaz lengo errentadorearen kontra. 6° Pekatu egiten dabe bere neskatillaren bat gaixoki eta moteltxu ikusten dabeelako beingoan asten direanak, ak nonbaiste bere seindun izan bear dabela. Bost onetariko bada eregiten (esantetan, irakoriten) dira errietan, baita ondo arin, eta ardura andi bagarik.

        Bigarrengo: pekatu egiten da egia izan arren esaten dan gauzea, geiagotuten eta andituten bada. Ikusi dozuz bein neska-mutil bi alkarregaz modu txar andi bagarik berbeetan; eta beste bagarik atatik asten zara zeu zabalduten, orreek adiskideak direala, neskatilla ori (bero dabilela) itzalak botata dituzala, orrek nonbaitean (aurkiz) ezkonduteko izaratxua bearko dabela eta olangoak. Bada pekatu egin izan dozu. Ikusi zenduan bein gizonen bat edan zamar, epel eta txoromorotxu, eta geiago bagarik esaten dozu a gizona ordi konkor bat, eta edatun galdu bat dala. Bada pekatu egin izan dozu. Izan izango dau batek seigarrenekoan argalkeriaren bat, eta diñozu zeuk, ori neska-zalea, edo mutil-zalea dala. Bada pekatu egin izango dozu.

        Irugarrengo, pekatu mortala egiten dabe ixilik dagoan gauzea eztakianari edo eztakienai esaten deutseenak. Otsein batek ostu izango dau zerbait etsean, eta ugazaba andreak ez bakarrik etse guztia beera ekarri bearko dau; eta etserik kanpora bota bearko dau, baita bere guztiai iragarri bearko deutse zegaiti dan ta zegaiti eztan. Bada pekatu egiten dau ugazaba andra orrek. Ukatuten deutsu iñok zorra edo emon zeuntzan gauzea: baia berak eta biok baxen eztakizue. Bada pekatu izango dozu besteai esaten bazabiltz. Izan izango dau mutilen batek errakuntzaren bat neskaren bategaz: baia, oi dan legez, ixilean eta biok baño eztakiela. Bada mutil orrek esaten badau agaz zer izan daben, pekatu mortala egingo dau.

        Eta ez (egizue) uste eze or batek edo bik, edo alango banaka batzuk yakin ezkero, edo baten edo besteri aopean eta ixilik entzun ezkero, iya zabal dabilela gauza ori. Ez beintzat, eztago alango legerik, lagunaren kleitua aotan erabilteko. Ea ezpabere, gurako zendukee zeuek bear eztanen bat eginda, bik edo iruk dakielako, orreek zabalduko baleutsue? Bada orretati atera bear dozue, zeuek besteakaz zer egin bear dozuen. Nos pekatu eztan ixilik dagoan gauzea bear danari esatea gero entzungo dozue. Ixilik dagoan gauzeagaiti esan dodana, esan bear deutsuet guztiak yakin arren, aztuta legez dagoanagaiti; zeuek esanda, barriztetan badozue, pekatu egingo dozuela. Alan pekatu egin daroe, iñor ezkonduteko dagoanean, dakiezan aren gatx eta oker guztiak, aztuta lo legez dagozanak, barriztetan eta palonbretan dituezanak.

        Laugarrengo: Pekatu egiten dabe, batek esan daben edo egin daben gauz'ona, edo ez deungea, deunga egiten dabeenak. Badira munduan asko ta asko ain miiñ zitalekoak eze, eurentzat eztago ez lagun onik, ez gauza artezik. Ezteutse iñori bere parkatuko ez gizonan ez mutilan, ez andrean ez neskatilleari; ez abadeari ez fraileari; ez iñori. Eztago eurentzat ondo eginik dagoan gauzarik. Ikusten badabe iñor astegunetan mez'entzuten, (esaten dabe) oba leuke(ala) etseari ardura obea artuko baleutso. Errezetan sarri badiñardu, sinple bat da. Limosna-gin ona bada, bere burua santu egitearren ta ontzat euki dagien egiten dau. Tabernati, yokoti eta bide gaistoetati alde egiten badau, zekentasunak eta eskueutsiak eragiten deutso. Yolasera, erromeriara, dantzara ezpadoa, sinple ta zoro egiten dabe. Eta nago eze, balekuse oneek bat edo bat mirariak egiten, esango leukeela sorgina dala, gaiskiñak dituzala. Onelangoak Fariseoak legezkoak dira, zeintzuk Jesu Kristo geure Yaunak egiten zituzan gauzarik santuenetan eta egikunerik andienetan bere, beti izan bearko ebeen zer-edo-zer zer esan. Baia euren zori-gaistokoak onari deungea esaten deutselako.

        Onezaz ganeti pekatu mortala egiten dabe iñoren ona ukatu egiten dabeenak, iñok besteren ona esaten diñarduanean ontzat emon bearrean, gaistoz entzuterik eta sinisterik emoten ez deutsenak, edo besteren ona esan bear ta, otz-otzik eta erdi-esanean baxen esaten eztabeenak eta olangoak. Baita bere pekatu mortala egin lei siñuakaz, begi-kiñuakaz, barreagaz, irri-barreagaz, destañakaz eta onelangoakaz, adietan (ulertuten) emoten bada besteren pekatua, edo ukatu egiten bada besteak egin izan daben gauz'ona. Oneek dira deungaro esateko dagozan modu argiak eta agiriak; baia? zeinbat beste modu eztagoz estalduak eta edertuak besteai orpoak yateko? Zeinbat apaingarri ta estalgarri asmetan eztira norberen buruari sinistu eragiteko bere deungaro esatea pekatu eztala? Diabruak onelango edergarriakaz galdu ze zagiezan orain iragarri bear deutsuedaz onetariko batzuk.

        Batzuk, bada, berba egiten dabe iñogaiti pekatu andia eztan gauzearen ganean, baia zearretara legez adietan emoten dabe pekatu andia dana bere; orregaiti bere orren ganean argiro egin eztabeelako uste dabe eze, eztabeela alango berba-ikuneagaz pekatu andirik egiten. Ara emen askotan baño geiagotan entzun oi dana. Batzanduten dira andrakume bi edo iru eta birautso batak besteari: «eztozu ikusi urlia neskatillea? Eguno! ni ikaraturik gelditu nas, ikusirik zelan dabilen ain ederrik eta apaindurik. Eztakit nik nondi nora daukan orrek orrenbesterako: bere gurasoak guk bazauguz, aek eztauke zer emon andirik, eurak artuko leukee baleukee: soldata uts bat orrenbesterako ezta. Bada, nondi irabazten dau orrek alan ibilteko? Nik eztakit. Gu beintzat bear ta bear (arrastaka guztiak) eginda bere, ezkara ez orrenbesterako ez eze ezta gitxiagorako bere». Onetan lotuten da (geldituten da) euren berba-ikuntza guztia, eta geiagorik esan eztabeelako uste dabe eze, eztabeela kleituko (murmuraziño) gauza andirik (erabili) esan, eta konfesiñoan itanduten yakeenean ea kleituko deungaro andirik esan badabe; beingoan erantzun oi dabe: «ez Jauna; or yanzien ganeko guztiak dakien gauza bat esan dot; baia ez iñori oratuko yakan kleituzkorik». Baia gauzeari ondo begiratuten baiako ezta ori egia.

        Ea ezpabere, zer esan gura dau gurasoak zer emon andirik eztaukeela; soldatea orrenbesterako eztala; eztakizuela nondik daukan alan ibilteko? Esan gura dau edo adiskideren bat daukala gauzea emoteko, eta ez adiskide on ona, edo ostu egiten dabela: edo seigarrenekoti edo zazpigarrenekoti egiten dabela. Eta ori kleituzkoa ezpada, eztakit nik zer izan leitekean. Egia da batzuetan neskatillaak eurak olangoak esateko bide andiak (larregi) emoten dituezala, soñari bear leukeen baño geiago emonda; baia alde onetati laburtuten ezpada pekatua, gauzea bera berez kleituzkoa da, eta pekatu mortala izango da orreek alan esatea. Eta dana dala beti da oker egina besteai atzea yaten ebiltea. Berak egiten badau, berak Yaungoikoari kontu emon bearko deutso; zeuei ezteutsue ezer, eta an dabela bere oker eginagaz.

        Beste batzuk deungaro esan daroe deungarorik argiro esan bagarik, eta esan gura eztabeelakoa eginik. Ara zelan: Egongo dira lau edo bost iñogaiti txarto esaten, eta urtengo dau besteren batek: «zer? ori baño eztakizue? Bestelako! ori ezta gauza. Esango banituz, bada, nik dakidazan batzuk... Baia gagozan ixilik, orretarako obeak dirata: eztaigun murmuradu». Besteak yakin gureagaz itanduten deutse, ea zertzuk direan ain gorderik euki gura dituzanak. Berak barriz erantzuten dau: «Ara, esango banituz gogorturik eta ikaraturik geldituko ziñatekeze; etzeunkeez sinistu bere egingo; etzaituedaz ezkandalizadu gura; eztaigun murmuradu». Bai orretan, eztozu murmuradu gura; eta bestearen okerren bat argiro esan ta agertau eztozulako usteko dozu eze, pekatu andirik egin eztozula; baita orretarako pekatu geiago egin dozu erdi berba ernari orregaz, dakizuna esanda baño: bada bear bada besteak diñoena baxen gitxiago izango da guztia, eta ixilik egote barritsu orregaz sinistu eragiten deutsezu dantzuenai ikaragarrizko pekatu eskergeren batzuk dakizuzala.

        Beste batzuetan yazo oi da egotea lau edo bost norbait alabetan. Elduten da beste bat, eta abietan da irribarreka buruari eragiten, erruki baleutse legez atan (engañadurik) dagozalako, eta dirautse: «ori alabetan zagoze? Eztaukazue beintzat zer egin txarra. Bazenkie bada, nik legez, nor dan bera, etzeunke orretan denporea galduko». Ementxe itxiten dabe guztia bertan bera, edo geien geien bere erdiz erdizko berba apurren bat baño esaten eztabe. Baia berba oneekaz galdu eragiten badeutsee alabetan egozanai besteagaiti eukeen uste ona eta sinistu eragiten badeutse deungea dala, pekatu mortala egin dau.

        Deungaro esatea askotan asi oi da ondo esanagaz, eta auxe da askok egiten deutsen sartzaierea, eta aurreko berbea. Eta bein alabantzea egin ezkero uste dabe eze, eztala ezer edozein gauza esanagaiti. Alan ateraten dabe dakien eta eztakien guztia. Ezer ikusi badeutse, ondrakoa izan arren, eta bestek yakin ez arren, antxe argitara urten bearko dau. Ezer entzun badabe antxe zabaldu bearko deutse. Eztau onelango batek esan bagarik itxiko ezta bere buru txarrak emon deutsan susma deungea, edo peko gaiztoa bere, eta besterik ezin dabenean, bestearen gauza ona leku txarrera ezarri (deungera yo) bearko dau, eta esango dau, ak baakiala zegaiti dabilen, ak baakiala zegaiti egiten daben; eta eztala urregorria argi egiten daben guztia.

        Alan entzungo deutsazue onelango baten esaten: «Urlia! ai! ze gizon ona dan! Eztozue, ez, ori tabernatan ta yokoan ain laster ikusiko. Ezteutsu orrek egunik itxiko mez'entzun bagarik: ezta luzaro egongo konfesau ta komulgau bagarik. Gizon zintzoa ta prestua da: adiskide baten mesede bat egiteko eztau orrek iñoren bearrik. Eneuke nik gura bera baxen adiskide obarik». Eta onen osteian esan bearko dau, zorrai erantzuten eztakiala, umeakaz ardura gitxi daukala, nondi-gura ta nogaz gura ibilten itxiten deutsela, saldu-erosietan al daben guztia eroatearren ezer ezteutsala, iñok ezer egiten badeutso kerella bat ekarri bagarik izango eztala, eta onelan irabiotu bearko dituz onzi bete gauza.

        Onelangoak, diño Fr Luis beneragarri Granadakoak, direala sangria egin, eta odola ateraten dabeen ofizialeak langoak (legezkoak). Ofizialeak gaixoari odola aterateko, lelengo besoa ondo igotzi, labandu eta leundu egiten deutso, eta gero erruki bagarik (trast) zart, zana urratu eta odola atera. Alan egiten dabe oneek bere, lenengo ondo esanagaz igotzi ta labandu, eta gero deungaroagaz ebagi ta manatu. Eta azkenean ofizialeak egin daben zuloari legez, eurak bere esan daben deungaroari euren txaplatatxua ezarri bearko deutse. «Ara, esango dabe, niri eguño bere gatxik egin ezteust onek; eztaukat nik beragaz ezer (arean), nigaitik izan bedi gura daben legezkoa; ez yoat niri orretan ezer: baia nik ezin itxi nei egia esan bagarik. Eztakit nik zer egiteko direan ainbeste konfesiño ta komuniño, ainbeste errezu: oba leuke etseari ardura obea artu, daukazan tratu moduak itxi, eta puska bat umillago izan, gura daben guztiagaz urteteko temak artu bagarik. Santua, santua... Neu bere santua izango nas, gura dodan guztia egiten itxiten badeuste. Eztot nik olango santutasunik gura...». Aror zetan geratu dan lenengo alabantza guztia. Baia, ai! zeinbat pekatu ikaragarri artu daroen onelangoak euren lepo ganean! Ezteutse garbietan euren pekatua, ez aurrengo ondo esanak, ez azkeneko txaplatadeak.

        Baago deungaro esateko beste modu polit bat bere, eta da norberen burua Jaungoikoaren amodioan erre errerik erakutsita, edo bestearen errukiz bete beterik dagoalakoa eginda, eta onetan yausten dira asko beste aldeti onak direanak, eta sarri konfesetan direanak bere. «Au bai mundua! esango dau batek. Eztakit ni zetan yo bearko dogun. Ezin iñogaz bere fiau lei. Josus! nik entzun dodana... Nekez sinistu bere egin lei... baia urlia mesedeak ain lekutako neskatillea beterik ei darabil. Eguño! Alango gizonak ori egin bearra! Ori orreek egiten badabe, zer egingo dabe gero besteak?». Eta alan esan bearko dituz bataren adiskidetasun loia, bestearen izorra, bestearen seiñ-galdua, edo iñora botea, bestearen edana, bestearen lapurretea, bestearen aserrakuntzea, eta beti orreek egiten direalako biotzean min artuko baleu legez; eta usteko dau eze, orreek alan esanagaiti eztabela pekaturik. O Diabruaren itsumendi negargarria! Onelan atrapetan dituz gaizkin zital onek, arrañak, karnadeagaz estalduta dagoan amuagaz, artu oi direan legez, osterantzean galduko ez leukezan arima asko.

        Azkenerako itxi dot besteak baño oraindo txarrago eta kaltegarriago dan deungaro esatea, eta au da enbusteria. Errietan izan oi dira txismeru enbusteru-enbustera bake galtzailleak. Oneek batzuetan egiagaz, beste batzuetan guzurragaz, batzuetan ikusi edo entzun dabeenagaz, besteetan azalak emon deutsenagaz, batari ondo-gura baleutso legez, bestea kontuan imini gura baleu legez, besteari konseju on bat emon gura baleutso legez, esaten deutseez adiskideen, auzoen eta senideen artean nok zer esan daben, ta zer egin daben, alkarren kontrako berbaak. Batari esaten deutse [sic]: «Zeugaiti urliak au ta au esan eban». Besteari: «Zeure lepoti, bai, urlezia olgau zala! Berein barre gozo egin zituzan aurtemin zeure gauzakaz!». Beste bateri esango deutse: «Zeure senarra (edo emaztea) ulin aiñagaz egontzan atso». Beste batzuetan esango dau: «ona daukazu urlia... Oraindo ez ei deutsu atan itxiko... Jesus! Aren miiña!... Neu lotsatuta egon nintzan ak zeu gaitik esan zituzanak entzunda. Beintzat gauza [sic] arima gaistoaren yaubea da bera. Nik alangoari auxe ta auxe egingo neuskio...

        Onelango esanakaz iminten dituez bata besteen kontra, eta sartuten dabe etseetan gerra bizia. O zeinbat senar-emazte leen euren bake onean bizi zireanak imini oi dira alkarren gorrotoan, eta txakur-katuak legez arkal ezin eroanik otseiñ zitai bategaiti, edo beste miiñ-gaistodun bategaiti! O zeinbat ezkontza eder galduten dira, Jgoikoz egingo zireanak! O zeinbat auzo leen adiskide zireanak gelditu oi dira arkal ezin ikusirik, eta arkalen gorroto gogorrean! Ez arren entzuterik emon onelango miiñ gaisto-labanai, zeuen bake onean bizi gura badozue: bada Jgoikoak berak diñoan legez onelangoak errietati garbituten badira ezta aserrerik ez errieltarik izango. Ez egin burubagarik askok egin daroena, urdai zatia, bata ta bestea emon: ez neure Kristiñauak: ezpabere baster guztietako errondo, erezi, ipuin ta guzurrakaz etorriko yatsuez zeuen kalte txarrean.

        Oneek dira iñogaiti deungaro esateko dagozan modurik yakinenak, eta eurakaz besteari kleitua gauza astunean galarazoten baiako pekatu mortal ikaragarrizkoa egiten da, eta atzera biurtu bear yako, eta aleginean lengo senean imini bear yako kleitu galdua, eta ori egin ezik ezin parkatu lei pekatu ori, eta bitartean egiten direan konfesiño-komuniñoak okerrak dira, eta pekatu mortal eskergaak. Baia, zelan atzera biurtuko da kleitu galdu ori? Nok ori egiten dau? Ai! ori gatx baño gatxago da, eta munduan nekez ikusten dana. Bakutsue ze gatx dan pitxar bateko ura, bein lurrera utzitu ezkero, atzera pitxarrera artutea? Bada oraindo gatxago baño ezta iñori galdu eragin yakan kleitua lengo oñean imintea. Eta alanbere Elexako guraso eta teologuak dirauskue ao betean eze, iñondi al bada gura ta gur'ez egin bear dala, pekatua parkatu eta zeruko bidean sartuteko. Eta orregaitarrik baño ezpalitz bere, beti bildurpean ibili bear gintekez iñogaiti deungaro esateko.

        Alanbere Jgoikoaren grazia lagun dogula, ezta ezingo dan gauzea iñori galdu yakan kleitua atzera emotea, eta orregaiti orain nik esango deutsuet, ori zelan egingo dozuen. Guzurra bazan besteagaiti esan zenduena, esan bear dozue artez ta garbiro guzurra zala: eta alan siñistu gura ezpadeutsue, yuramentu egin ziñaikee sinistu eragiteko. Egia bazan baia zabaldurik ez egoana, orduan guzurrik esan bagarik esango dozue, etzenduela ondo esan, etzenkiela ondo zer esaten zenduen, bear etzana esan zenduela, errazoerik etzeunkeela esan zenduen gauza atan, eta alangorik sinistu eztagiela. Beste modu eder bat dago ori egiteko, eta da orain ondo esatea leen deungaro esan zenduenagaiti, eta esan zenduenen aurrean, eta zeuen esana yakin dabeneen aurrean. Baia ezelan bere ezin bada galdu zan kleitu ona atzera biurtu, edo aztu bazan gauza ori, eta gaurko egunean ilik legez badago, edo besteak beste aldeti bere kleitua irabazi beeban, eta alangoetan eztago olango kleitua biurtu bearrik. Konfesore yakintsu eta ondo aituten yakan batek esango deutsue nos, non eta zelan egin bearko dozuen guztia berari zuzen ta garbiro esan ezkero.

        Yakin bear dozue baia, eztala beti pekatu iñoren deungaro egina agertutea. Batzuetan agertu bearra izaten da, eta beste batzuetan ondo da agertutea. Ofizialeak askotan epaia egin bear izaten deutso zaldar itsuari, eta zabaldu bear izaten dau osatu gura daben zauri erdi usteldua. Iru gauzatarako esan lei pekatu bagarik besteak egin izan daben gauza txarra; edo norberak zer egin bear daben yakiteko, edo ez dakianari kalterik etorri ze dakion; edo gauza okerra egin dabenaren onerako. Alan zeuei iñok egiten badeutsue, edo egin gura badeutsue kalteren bat, edo ondo eztanen bat zein galarazo gurako zendukeen, itundu ziñaitekeze gauzea ondo aituten yakan bategaz, yakiteko zer egin bearko dozuen, orretarako agertu ta iragarri bearko badozue bere nor dan alango bear eztan okerra egiten deutsuena.

        Alan ezta pekatu izango gurasoai esatea, eragotzi dagioentzat, umeen okerreriak, ibilkune txarrak eta adiskidetasun ez onak: ezta pekatu ugazabai esatea otseiñen lapurretak, eta maña gaistoak: ezta pekatu izango Alkate Yaunari edo Fiel Yaunari esatea gabeetako gizonen batzaar deungaak, edo gazteen sartu-urten alan-olangoak: ezta pekatu izango Abade-maisu Yaunai esatea etseetako zer-esanak ta pekatu-bideak: ezta pekatu izango otseiñ gitxi yakinai esatea lagunen edo ugazabeen ekandu gaistoak, eta emoten dakiezan deungerako bideak. Ezta bere pekatu (izango) iñok itanduten dabenean iñogaiti, edo ezkonduteko dala, edo otseiña artuteko dala, edo beste alango gauza baterako, orretarako bear dana esatea, bestearen pekatua agertu bearko bada bere.

        Onelango aldietan bada, eta alangoetan ezta pekatu iñoren deungaroak, yakinak eta ziurrak izan ezkero, esatea, galarazo leikezanari edo yoakanari bakarrik, gorrotoz eta bengau gureaz ezpada, eta bai gauzaak ondo ikusi gura zintzoz. Alan da guzti alango orduetan ezta esan bear bear-bearra dana baño geiago, eta azaz gora kleitu astuneko gauza andirik esaten bada, pekatu mortala izango da. Itanduten deutsu ezkondu gura daben batek ea ain lekutako neskatillea ona bada, modu onekoa, egillea, eta beargina (lagungin ona). Zeuk dakizu ak gaixoak errakuntzatxo bat izan ebala; baia gauza ori ixilik dago, eta zeuk eta alango besteren batek baxen eztaki. Bada pekatu egingo zenduke olango erezia besteari iragarriko bazeuntso. Iñoren pekatua edo gauza deungea errian zabaldurik badago, eta guztien artean badabil, edo laster beste alderen bateti zabaldu bearko bada, ezta pekatu mortala izango erri atan orren ganean berba egitea; baia izan leiteke beste erriren baten zabaldutea edo zabalduteko bidea emotea.

        Oneek alan dira; baia askok eztabe esan bear andirik bear izaten besteen kleitua bal bal zabal erabilteko eta edozeinegaiti bildur bagarik edozein gauza esateko, eta okerrago dana onelangoak gero ori zuzen konfesetako ardura andirik artu eztaroe. Eta edonok nosbaiteko baten alangorik autortuten badau, izan bearko da milla edergarriz yanzirik, eta atxagia alde guztietati dariola. Baia onelango atxakiakaz eztituez euren buruak Jgoikoaren aurrean zurietan, ez. Ikusi dagizuen bada gauza eztireala ekarri oi dituezan atxakiak, orain nik banaan banaan alango atxakiai erantzungo deutset. «Yauna, esan daroe askok, nik iñogaiti deungaro esan dot; baia ezteutsat nik neure aragiari kendu; besteari entzuna, edo nik ikusia baño esan eztot». Bai gura badau, neure Kristiñaua; ixilik beegoan gauza ori, eta zeuk etzekienen aurrean palonbrau bazenduan, pekatu egin zenduan; bada zeuk, eta ak, eta edozeinek dauko eskubidea iñok galarazo eztagion bere kleitu ona, egiaren ganean bere.

        «Yauna, esan oi dabe beste batzuk, egia da nik deungaro esan dodana; baia ez alango gauza astunik: ezerezkeria batzuk baño izan eztira. Ez, ene deungaro esanak ezteutso iñori giarrean ukutu». Baia, deritxazue ori beti sinistu lekikezuela? Ai, Kristiñauak! Bein deungaro esaten abiau ezkero, berbeak berbea dakar; batak bat esaten dau, besteak beste bat, eta miiña berotu ezkero etxako ezeri bere begiratuten. Zer esan gura dau ezpabere, bateko neskatillea seindun dala, bestekoa urlia mutilegaz adiskide dala; emeko gizonak edo emakumeak lapurretan egin dabela, edo bear eztanagaz dabilela: angoak yuramentu okerra guzurragaz egin dabela? Eztira oneek kleituzko gauza astunak? Niri deritxat eze giarrera bere elduten direala. Bada onelangoak izan oi dira geien, errietan izan doazan deungaro esateak. Eta esan egidazue, iños entzun dozuenean norbaitek (bestek) zeuek-gaiti orrenbeste esan dabela, zelan artu oi dozue barri ori? Ai ze biotzketea, ze min zolia artu daroazuen biotzean! Ze su minak, ze aserreak artuten zaituezan! Esan daroazue arimarik eztaukala, kleitu guztia galarazo deutsuela, zeuen garbitasuna bear dozuela, eta emoten ezpadeutsue infernu gogorra ikusi bearko dabela. Eta aror non daukazuezan pisu bi; batagaz pisetan dozue zeuek besteak gaiti esan dozuena, eta beti urteten deutsue gauza arina, eta besteagaz pisetan dozue zeuek gaiti besteak esan dabena, eta gauza bera izan arren, urteten deutsue gauza astuna eta pisutsua. Pisatu egizuez biak pisu baten, eta ikusiko dozue bat direala.

        Beste batzuk esan daroe: «astuntxuak, bai, izan dira nik esan dodazan gauzaak, baia zabal ebiltzazanak; guztiak ekiezanak». Leen bere entzun dozue eztala asko gauza bat zabal (azal) ebilteko bost edo seik edo geiagok yakitea, erririk geienak ezpadaki. Baia eztago nok au askori buruan sartu dagioen, eta bein lagun artean edo bear bada lagun arte bagarik (edo ain bagarik) entzun ezkero, non gura ardura bagarik esaten dabe. Baia ezta alan, eta pekatu mortala egiten dau iñoren deungaroa erririk geienak eztakiana, eztakianari esaten deutsanak, gauza ori zabalduteko bidea emoten dabelako. Ai! onen ganean ardura eta bildur puskatxu bat artuko balitz, ez litekez ain laster zabalduko errietan iñoren etenak, ta errakuntzaak.

        «Yauna, bada, deritxat eze, neure esaneti etxakala kleituan kalte andirik etorriko; bateri baxen nik esan ezteutsat, eta ari bere barruan eta ondo ixilik». Bada, Kristiñauak, alantxek zabaldu doaz gauzaak. Zeuri besteren batek ixilik esango eutsun: zeuk beste bateri ixilik esan deutsazu, ak bere izango dau bere kutunen bat nori ixilik esan, eta gitxien uste danean urtengo dau kalearen erdira errondo ta erezi txar orrek. Tellakaz euriari diñautsanean yazo oi dana: tella batek ixilik artuten dau zeruti euri tantea, ixilik emoten deutso urrengo telleari, ak besteari, besteak besteari, eta alan eskurik esku legez elduten da ertzean dagoan tellaragiño, eta gitxien uste danean aror non yausten dan taska taska ots andiagaz itoxura kalearen erdira guztien begien aurrera. «Baia esan neutsan ixilik eukiteko». Zeuk ezin ixilik euki izan dozu, eta gura dozu besteak euki dagizun. A da zorakeria! Gauza ori gorderik egon dedin gura badozu, egizu Jgoikoak dirautsuna: «iñoren deungaroa entzun badozu, zeure barruan ito egizu; ezteutsu orregaiti istand'arazoko, ez».

        Deungaro esaleen eta murmuratzalleen ganean zerbait esan ezkero esan daiguzan berba bi iñogaiti deungaro esaten dagozanai gogoz eta pozik entzutea emoten deutseenak gaiti. Alkarren antzekoak dira deungaro esalea, eta deungaro esalearen entzula gozoa; eta batak legez besteak bere pekatu egiten dau. Eztakit nik, ziñoan S. Bernardo-k, eztakit nik nok daukan erru geiago, ala deungaro esaten diñarduanak, ala ari entzuten dagoanak. Batak eta besteak diabrua aldean dauke, esaten diñarduanak miñean, entzuten dagoanak belarrian. Ezpalego nok entzun, ez legoke nok esan. Iñok eztaroa salduten bere zaldia edo bere idia, iñok erosiko ezteutsala dakian lekura. Ederto erantzun eutsan batek zirautsanari, beragaiti urliak iñon direan deungaroak esan zituzala: «Ez, bada, zeuk entzuterik emon ezpazeuntso». Beragaiti ez bakarrik eztozue iñogaiti deungarorik esan bear; baia ezta bere lagundu eta batzandu bear etzare deungaro esateko ekandu txarra daukeenakaz.

        Onelango aldietan bada, iñor zeuen aurrean deungaro esaten abietan danean, pekaturik gura ezpadozue, egin bear dozuena da, besteren ganean agintaritasuna badaukazue gurasoak, ugazabak, maisuak, edo alangoak zareelako, ixildu eragin bear deutsazue. Agintaritasunik ezpadaukazue; baia biotzak lagunduten badeutsue, askotan ondo izango da deungaro-esalea lotsatutea; eta orretarako alazokoak (alagalakoak) dira beste askoren artean S. Bernardoren berbaak: «zeuk esaten dozuzan bestearen faltak eta deungaroak alan badira ezpadira, geuk eztakigu: baia zeu deungaro-esale-murmuradorea zareala artez dakusgu». Eta esaten badeutsue murmuradoreak: «baakiala berak iñoren falta aek non ezarten dituzan; edo, arren iñori ez esateko: konfesiñoan legez esaten deutsuezala»; erantzun egioezue S. Juan Krisostomo-ren berbakaz: ea zoroa ala gaistoa dan, berak obeto euki bear leukean eta euki ezin daben iñoren faltea, zuek ixilik eukiko dozuela uste izateko.

        Baia onenbesterako biotzik ezpadaukazue orduan egin bear dozuena da alde egin leku atarik, edo beinik bein arpegia ilundu, bekokia moztu, biotzean min artu alangoak esaten direalako, eta ixilik egon. Au edozeinek egin lei, eta guztizkoa da deungaro esaleai ixildu eragiteko. Jgoikoak berak dirausku: «iparrak euriak eta lañoak garbituten dituz, eta arpegi ilunak ixildu eragiten deutse miñ deungaro esalaai». Baago beste modu politpat bere deungaro esateak galarazoteko, edo ebateko; eta da terzioa artuta, berbeari beste gauza batera yo eragitea. Konturako, besteak iñogaiti deungaro esaten dagozanean, zeuek aren osabea, izekoa, edo ari dautsanen bat aitatutea, eta orregaz berbetea berakauten legez gauza atara ekartea.

        Ai Kristiñauak! Gogoan artuko bagendu ze gorrotogarria dan besteak gaiti deungaro esatea, ezkenduke alangorik bein bere ez esan ta ez entzun bere gurako. Jgoikoak berak dirausku gorrotogarriak direala beretzat, baita iguingarriak gizonentzat deungaro-esaleak. Bai, gorrotagarriak dira Jgoikoarentzat deungaro-esaleak, bada deungaro esanakaz egiten dabe pekatu ikaragarrizko bat parkatuko eztana arik eta besteari galarazo deutsen kleitu ona alean lengo senean ta oñean imini dagioen artean. Eta deungaro-esate orregaz galarazoten badeutsaz eskuartekoak, ondasunak, ezkontzea edo beste zorionen batzuk, askotan yazo oi dan legez, pekatu bat ez eze, orduan asko bere izango dira. Dira gorrotagarriak Jgoikoarentzat deungaro-esalaak, bada sarri ta sarri Jgoikoari eskua artuten dautse, Jgoikoak beretzat gorde eban yuzgetea eta biotzeko barrunak igertea, eurak euren aurreti egiten dabe.

        Dira iguingarriak eta gorrotagarriak gizonentzat, direalako zitai batzuk zeintzuen miñ gaistoetarik eztagoan iñorbere seguru eta gorderik: ez ezkongeak ez ezkonduak, ez Yustiziako yaun prestuak ez Errege yauna, ez Sazerdoteak ez Obispo yaunak ez Aita Santua ta ez iñor. Guztiak gaiti izango dabe zer esan, guztiai ebagi bearko deutse kleitu ona, galerazo bearko deutsez beste on asko. Eta, zer deritxazue dakazala alan deungaro esatera? Euren biotzeko zitalkeriak. Zitalkeriak bai, bada geienean deungaro esaten dabe iñogaiti edo gorroto deutselako ta ezin ikusi dabeelako, edo besteren onak erre egiten dituzalako. Auxe da deungaro esateak daukan sustrai prestua; eta mundu zabala arakatuten ibili bagarik ikusi ziñaikez besteari ondo gura deutsanak eta aren onagaz (poza) artuten dabenak eztabela beragaiti deungaro esaten, eta entzuteak bere onik egiten ezteutsala. Geure buruak gaiti eztaroagu deungaro esaten, eta entzunak bere su emoten deusku. Eta, zegaiti? Geure buruari ondo gura deutsagulako. Gurasoak ez oi dabe euren umeak gaiti deungaro esaten, entzun bere gura izaten eztabe, eta ume orreen oker egin guztiak gorde ezkutadu, (ostendu) eta lurpean zakatu gura leukeez. Orregaiti ez nas aspertuko zeuei bein esanagaz lenengo asikeran esan dautsuedazan Jgoikoaren berbaak, eta barrien barri esango deutsuedaz. «Begira murmureteagaz, eze ezetarako bere ezta ona, eta ez iñogaitik deungaro esan, bada atzeti eta aopean esaten dan berbea bere ezta kastigu bagarik izango». Eta azkenean esango deutsuet.

 

aurrekoa hurrengoa