www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

1. [ARERIOAI PARKATUTEAREN GANEKOA]

 

(J, 105-111. or.)

 

Ego autem dico vobis diligite inimicos,
benefacite his qui oderunt vos.
Math. 5, v. 44.

Nik dirautsuet: Maite izan egizuez arerioak, eta
mesede egioezue deungaro gura deutsuenai.

 

        Eldu zan bein baten Jesukristogana Fariseo bat, eta itandu eutsan: «Maisua, zein da Jgkoaren legeko mandamentu andia?». Eta erantzun eutsan J.K°.k: «maite izango dozu zeure Jgko Jauna zeure biotz guztiti, zeure alegin guztiagaz, eta zeure gogo guztiagaz. Auxe da guztien arteko agindurik andiena, eta lelengo lelengokoa. Bigarrena barriz da onen irudikoa: maite izango dozu zeure laguna zeure burua legetxe». Eta iñok esan ze legian, antxina Yudeguak egin ebeen legez, lagunaren izenean eztatozala arerioak, eta geuri gatx egiten deuskuenak, esan eban beste bein Yaun onek: «nik dirautsuet maite izateko zuen arerioak, eta ondo egiteko gatx egiten deutsuenai, eta oraziño egiteko zeuen kontra dabiltzazanak-gaiti, eta zeuei guzurren batzuk eregiten deutsuezanak-gaiti». Arerioai, bada, ondo gura izatea da Jgkoak agindurik deuskun gauzea.

        Askok uste izan dabe, San Jeronimo-k diñoanez, arerioai, eta kalte egiten deuskuenai ezin ondo gura izan lekikiela; eta asko dala alangoai gatxik ez opa izatea. Baia Santuak berak diño, onelangoak yakin bear leukeela, Jgkoak eztabela aginduten ezin dan gauzarik; eta bai gauza alde guztietati onak, eta tatxa-bakoak (atxakia-bakoak). J.K°.k berak maite (laztan) izan zituzan bere arerioak. Dabidek maite izan eban Saul, bera il gurarik ebili yakana; baita Absalon bere seme gaistoa bere, berari Errege izatea kendu gura izan eutsana. Jose-k maite zituzan bera erbestera saldu ebeen anaiak. S. Esteban-ek eta S. Paulo-k maite izan zituezan euren kontra ebiltzazanak (ebilzanak), eta S. Juan Krisostomo-k, S. Gregorio Nazianzeno-k, S. Anbrosio-k, eta beste askok mesede andiak egin eutseezan, eurai gatx egin eutsenai. Egia esan bear da, gatx izaten da alan egitea; baia, zer? Jgkoak gauza gatxak ezin agindu al (bere) leikeguz?, eta berak bein agindu ezkero, egin bear ez al doguz?

        Bein, bada, arerioak maite izan bear doguzan ezkero, eta gorrotorik artu bear ezteutsagun ezkero, dakusgun orain zer aginduten yakun onen ganean. (Eta J.K°.k leen aitatu deutsuedazan berbeetan gauza bi dirauskuz: diligite inimicos vestros: maite izan egizuez zuen arerio gaiskillak, benefacite his qui oderunt vos, eta mesede egioezue zuei gorroto deutsuenai. Onen bitzuoen ganean bein banatan egingo deutsuet).

        I. Lelengo bada dirausku J.K°.k, arerioai eta gatx egiten deuskuenai ondo gura izateko. Onetan gauza bi aginduten yakuz, bata da gorrotorik eurak gana ez izateko, eta bestea amodioa edo ondo-gurea izateko. 1. Gorrotoa da besteren bat ikusi ezina, edo gatxen bat iñori opa izatea. Ezta gorrotoa, iñok egin deuskuzan gatxak gaiti, edo esan deuskuzan deungaro eta berba laburrak gaiti biotzean min artutea. Geure biotza minberea da, eta ezin geuk galarazo giñaike min ori; baia egin bear doguna da, min eta damu ori Jgkoari eske eta aleginak egin bake onean eroateko. Ezta bere gorrotoa buruak ekartea alango laburtasuna, ta bide-bakoa egin deuskunari au ta bestea egin bear lekikiola, alango burutasunai arpeki emoten baiake, eta burutik (bururik) kendutera egiten bada. Baia kendu bearren atan atan bazagoz, leku zabala emoten deutsezula bengetako asmaziñoai, alangorik egiteko gogorik artu ez arren, agiri da zure biotzean gorrotoaren sagitea sarturik daukazula. Eta ara bere okerrago badiñarduzu aren kontra deungaro esaka: ba'akizula zuk alangoari zer egin bear litxakion; alan ta alan egin bear lekikiola, kerella bat ekarri bear litxakiola, astin-aldi bat emon bear litxakiola eta onelangoak.

        Jauna, esan daroe askok Konfesonarioan, nik ezteutsat gatxik opa, baia bera dakusdan orduko odol guztiak irakiten deust. = Eta zuk orduan, zer egiten dozu? Egiten dozu aleginik ori geldi geldi galduteko, eta gatx egin deutsun orreri ondo gura izateko? Eskatuten deutsazu beragaiti Jgkoari zeure biotz-barruan? Alan bada, eztaukazu pekaturik. Baia kontu alan eginagaz; bada erraz izaten da alango orduetan gorrotoari ondo esatea, eta biotzean ostatu emotea. = Jauna, diño besteren batek, nik urliari nigan dagoan on guztia egin gura neuskio; beragaiti Jgkoari erregututen deutsat; topetan dodanean agurra egiten deutsat; baia eztakit nik neure biotzean zer daukadan, deretxat eze eztodazala oneek biotzeti egiten. = Biotzak aginduko ezpaleutsuz, etzendukeez zuk orreek egingo, eta atan ez bildurrik izan orregaiti.

        (Ezegaitik bere ezin iñori gorrotorik artu lekikio, eta pekatu mortala da lagunari gorroto izatea dana dalagaiti.) (Oztasuna izatea edo kurrukea artutea pekatu beniala izaten da kentzera egiten eztanean, baia ezta mortala izaten, ori eztalako gorroto-antza, edo gorroto ziska baño (besterik). Zuek askotan biok bat egiten dozuez; baia eztira bat, bada gorrotoa izateko biotz txarra eta barru gaistoa izan bear yako). 2. Baia ezta asko J.K°.k aginduten deuskuna egiteko besteai gorrotoa ez artutea; azaz ganeti maite izan bear doguz biotz biotzerik, eta ondo gura izan bear deutsegu, baita gatx egiten deuskuenai eta deungaro gura deuskuenai bere». Eta yakin gurako dozue nos maite izan bear dozuezan gatx egiten deutsuenak, eta nos zeuen biotzean esan bear dozuen ondo-gura deutsezuela. Eta orain nik esango deutsuet.

        Lelengo bada, ari kalteren batzuk egiteko edo zeuen kalteen bengaia artuteko tentaziño aserreren bat, edo amurru gogorren bat daukazue zuen biotzean asmetan dozuenean. Bigarren, tentaziño andiren bat daukazuenean ez beragaz tratetako kristiñautasunak aginduten daben moduan, eta besteakaz egin oi dozuen legez. Irugarren, ain modutan artu deutsuenean biotza besteak eginiko laburtasunak edo gatxak, zein da zeuen buruai itxita, eta ernegaturik edo itxiteko ta ernegetako bidean zagozen, edo besteai zer-esana (berba lekua) emoten deutsazuen. Onelango aldietan eta beste alangoetan, biotza Jgkoagana eregi bear dozue, eta gogo gogotik eskatu bear deutsazue bere eskua ta bere grazia, zeuei gatx egin deutsuenak edo deungaro gura deutsuenak bera gaiti maite izateko.

        Arerioai zor yakan amodio onen kontra pekatu egiten dabe ln. gatx egin deutseenai kanpo ederra egin bai, baia barruan gorroto deutseenak, eta euren kontra txakur amurratuak legez dagozanak. 2n. Justiziaren edo konfesorearen bildurrez, edo besteren batzuk bitarteko sartu direalako, azaleti adiskide egiten direanak, baia barruan beti arantzea; eta bear bada onelangoak etsera etorrita esan daroe: billau dollorra; itxok bada, ze, nik erakutsiko deubat zer egin deustan. 3n. Pekatu mortala egin daroe zelataka dabiltzazanak kalte egin deutsenai zoroztuten [sic], ea ikusi al baleioee zer edo zer, gero galerazoteko aek gura daben ofizioren bat. 4n. Pekatu mortala egin daroe askotan ofizio edo beargintza batekoak, zeintzuk ikusten dabeelako bestea euren buruak baño zerbait obetotxu, beti dabiltz aren kontra deungaro esaten, eta tatxetan (atxakietan) aren gauzak, moduak, buru ona, eskolak, eta besteak. Au urri ikusi oi da merkatarien artean, eskribau, mediku, ofiziale ta beste askoren artean, eta ara geiago erriko eskribau ofiziale izateko, edo beste alangoren baten atzean badabiltzazanen artean.

        6n. Pekatu mortala egin daroe iñok kalteren bat egin deutsenean, edo berba astunen bat edo kleitukoren bat esan deutsenean, justiziara bagarik konpondu gura eztabeenak, ez bakeak egin, besteak alan gura izan arren. Onelangoak esan daroe: eurak eztoazala justiziara bengetako gogoa gaiti, ezpada justizia egin bear dalako eta gaistoak kastigau bear direalako; baia geienean euren biotzeko gorroto zitalak daroaz oneek juezen aurrera. Esan egidazu ezpabere, zeuk besteari kalteren bat edo gatxen bat egin bazeuntso, eta gero konpondu gurarik, besteak esango baleu ezetz, eztabela gura, justiziara bear dabela, esango zenduke justiziaren amodioz dabilela? Ez beintzat. Esango zendukeana da zeuri bengau gurarik dabilela. Bada beste orrenbeste egiten dozu zeuk bere. Ai, diño S. Juan Krisostomo-k, zeuk uste dozu eze ori eginda biotza zabal zabalik geldituko yatzula: Diabruari bai zabalduten yakala biotza zeu onetan ikusirik.

        Baia, Jauna, ezteutsagu geure kleituari begiratuko? Geuk bere geure garbitasuna bear dogu. = Ondo, begiratu eikiozu zeure kleituari ordu onean. Baia zer deritxazu, Juezetara yoan da, zeure burua zurituten dozula? Bai beintzat. Kerellea besteari emoten deutsazu: papeletan ezarten da ak zeuri zer esan eutsun. Besteak bere berbea yan gurako eztau; eutsi gurako deutso bein esan dabenari, eta orretarako on egin gurako deutsu alan zareala. Askoren belarrietara zabalduten da leen gitxik ekiena; eta askori, nok galarazoko deutso asko esatea? Obeto begiratuten yako kleituari lurpean guztia zakatuta, eze ez kerellea aterata. Bertan bera itxiten danean gauzea, laster aztuten da, papelean dabilenak luzaro dirau; gero ta gero bere papelean datz, eta papelean askok ikusiko dau.

        Oneek guztiok, bada, esan arren eurak ezteutsela besteari gorrotorik, eta kanpoti arpegi argia eta txera andia (abegi ona) egin arren, eztituez benetan maite; bada (Jgkoak aginduten deuskun amodioa ezta azaletiko amodio utsa, ezpada biotz biotzetikoa, Elexa ama Santuak erakusten deuskun legez. (Inocen. XI prop. 10 et 11.) Amodio au modu bitara izan leiteke. Bata da guztiak erabatera eta pilloan legez maite direanean, esango baleu legez batek bere biotzean: nik gizon guztiak maite dodaz Jgkoa gaiti. Beste modua da bat edo bat berez, eta besteakganik aparte maite danean, esango balitz legez: nik urlia maite dot Jgkoagaiti).

        II. Baia biotzean dagoan amodioa kanpoti bere agertu bear da, besteai lagunduten deutsegula, eta ondo egiten deutsegula geure bearrean dagozanean. Eta orregaiti esan eban J.K°.k: Benefacite his qui oderunt vos: mesede egioezue zuei gorroto deutsuenai. Onen kontra pekatu egiten dabe lenengo, ikusirik, eurai gatxa egin deutsena, premiña andiren baten, lagundu ta sokorridu gura ezteutsanak. San Agustin-ek diño: «karzelan dago zorrak gaiti zeure anaiea; goseak ilten dago, edo beste premiña gogorren baten? Bada zegaz badozu, emendatu bear dozu. Baia esango dozu: eta nik, neure diru ederra emon bearko dot, besteak premiñarik eta estu-aldirik ikusi ze dagian? = Ori badirautsu zeure biotzak, eztaukazu Jgkoaren amodiorik: etzara Jgkoaren seme. Zelan bada daukazu kristiñautzat zeure burua?».

        Pekatu mortala egiten dabe gurasoak euren umeai ukatuten badeutse edo luzatuten badeutse emotea, orren bearrean dagozala, senipartea, lejitimea, dotea edo yatorkeena; euren gogoko etzanagaz edo gura ez ebeenagaz ezkondu zirealako. Baita egia esateko, geienean gurasoak eurak izan oi dabe alango ezkontzen errua, umeak itzal onean azi eztituezalako, itxi bagarik fiestetati, zelaietati, bigireetati, eta alangoetati ibilten, eta galarazo bagarik non gura sartuten, nogaz gura batzanduten. Pekatu mortala egiten dabe dabiltzazanak beti erea daben guztian bestearen kontra deungaro esaka, beti usigiten (aginka) legez, aganako daukeen borondate txarra erakusten dabeela. Pekatu mortala egiten dabe azpiti dabiltzazanak galarazoten besteak gura daben errentea, ofizioa, agintaritzea, beste bagarik ezpada besteak gatxen bat egin deutsalako. Onelan prest dagozanak besteari kalte egiteko nai esanagaz dala, nai eginagaz dala, nai beste modutan, ezteutse ondo gura besteari.

        Pekatu mortala egiten dabee azkenean, iñok zerbait egin deutselako, beragaz tratetan eztabeenak, alangoen artean tratau oi dan moduan. Ai zeinbat konfesiño oker egin oi direan alde onetati! Lelengo, bada, pekatu mortalean bizi oi dira ezkondu asko, zeintzuk, edo bata besteentzako eztirealako, edo euren borondateaz kontra ezkondu zirealako, beti dabiltza katu-txakurrak legez aserreka, alkarren gauzak ezin baketan eroan dituezala. (Pekatu mortala egiten dabe ezkonduak aserratu direalako, edo bear bada kirrimorrotu baño beste bagarik, (ze onetarikoak bere izan doaz) gogortuten yakeezanak lagunari, laketu gura bagarik lagunak matrimonioa serbidu gura dabenean). Pekatu mortala egiten dabe ezkondu orreek euren buruti alkarganik alde egin eta bizi-alargun egiten badabe, eta alan bizi direan artean eztagoz ez konfesetako, ez gure Jauna artuteko.

        Pekatu mortala egiten dau iñogaz zerbait izan dabelako, bestea konbidetan ezpadabenak yaten, edaten, eztegura, funziñora, edo beste lekuren batera, zeintzuetara alango modukoak konbidau doazan, eta a bera bere berak konbidauko eban alango aserrerik edo irrimirri-aldirik beragaz izan ezpaleu. Baita pekatu mortala egingo dau besteagaz zerbait izan dabelako yoan gura eztabenak besteenera baskariten, estegura edo funziñora, besteak esanda bere. Eztago obligaziñorik iñor konbidetako, ez iñoren konbitera baietz esateko; baia ez konbidetea edo ez yoatea aserratu dalako, edo besteak zerbait egin deutsalako, da esatea legez gorroto deutsala, eta bengau gura yakola. Eta beingoan guztia esateko, iñok gatxen bat, edo nai-bakoren bat egin ezkero, edo berba astunen bat esan ezkero, edo kleitua galarazo ezkero, tratau gura ezpadozu beragaz, errian besteak tratau oi dabeen moduan, da esatea legez agaz gorrotoan bizi zareala.

        Bardin pekatu mortala egin daroe aide askok, auziren bat izan badabe, edo euren artean berbaren bat edo aserreren bat, arkalegaz, aideen artean egin oi dan legez, tratau gura ezik dabiltzazanak. Guztiz dira asko aideen artean alangoak gaiti pekatu mortalean bizi direanak. = Jauna, esan daroe, agurra eta berbea egiten deutsat bideren baten topetan badot. = Eta, nok esan deutsu orrenbestegaz asko dozula pekatu ez egiteko zure etsea iños idigiten ezpadeutsazu, eta zeu bere aenean eguño sartuten ezpazara? = Bikuntzan bizi direanen artean bere, edo urrengo auzoen artean, ezta asko bidean edo kalean arkal ikusten direanean agur egitea, edo berba egitea: bada alangoak arkalen bake onean bizi direanean ori baño geiago egin daroe, eta alan ori ta ez besterik eginagaz arkalen gorrotoa erakusten dabe, eta zer-esana iminten dabe.

        Azkenean pekatu mortala izan doa arerioari, edo gatx egin deutsuenari agurrik ez egitea; berba egiten deutsuenean ez erantzutea, edo burrufada (burrume) bat egitea, errezetan astea agurrik edo berbarik ez egiteagaitik; berak dakusala bidea austea beragaz ez topetako; berari irri ta barre egitea; zuenera datorrenean parka eskatutera, yakinik berak zuek etsean zagozela, kanpoti zareela esatea. Eta, zeinbat onelango egin oi dira mundu zabaleti atxina, eta, ze bildur gitxi artu yoaken onelango pekatu anditzarrai! Eta, zer esango dot arako guraso edo senarrak gaiti, zeintzuk iñogaz zerbait izan dabeelako eragozten deutseen umeai edo emazteari besteenean sartuten? Oneek pekatu mortala egin daroe, eta ez bat ez eze, baita asko ta asko, bada zer esana iminten dabe errian.

        Orain itanduko deustazue ea guraso bat egon al baledi umeari berbarik egin bagarik, edo etsean sartuten itxi bagarik deungaro ta gurasoen gogoaz kontra ezkondu dalako. Onetara esango deutsuet: umea ezkondu bazan bere ideakoagaz, eta odolari kalterik egiten ezteutsanagaz, eta gurasoari bere ezkontzearen barri emon beutsan, eztauko alangoan ez gurasoak ez senideak eskubiderik etseko sartzaierea galarazoteko, ez berbea ukatuteko, ez bere eztegura orregaiti ez yoateko, bada umeak ez eban orretan gauza txarrik egin. Umeak egin badau biderik eztakarren ezkontzaren bat, odolari etxatorkanagaz, eta orregaz gurasoai bide-bako andia emon badeutse; orduan gurasoak, ondo dakienen esanera, egon leitekez ilabetean, edo ilabian umea etsean artu bagarik, edo berbarik bere egin bagarik, orregaz berari iragarteko egin daben buruerea, ta zantarkeria (txarkeria), eta beste umeai bildurgarritzat izan dakioen.

        Baia egon guraso asko egon oi direan legez lau bost urtean, edo geiagoan umeagaz tratau gura bagarik, etsera etorten itxi bagarik, edo umeagaz tratau arren, suñagaz edo erranagaz egin gura bagarik, ori pekatu da, egin ezin leitekean gauzea da. Zer da au, gurasoak? Orren gogorrak izan bearko dau zuen gorrotoak, zein da geiago iraungo deutsuen umeen alderako atzeen alderakoak baño? Zeuen odolari eztautsan atzeagaz bildur zare agur eta berba egin bagarik egoten; eta umeagaz, suiñagaz, edo erranagaz alan egoteko, eztago bapere bildurrik? Ori ezta lege, ez Jgkoak aginduten dabena: eta olan zagozen bitartean etzagoze konfesetako, eta ain gitxi zeruan sartuteko. = Jauna, desondrau gaituz ume orrek ezkontza orregaz. = Ori askotan ezta egia izaten, ezta besterik izaten gurasoen andi usteak eta putzak baño. Baia alan balitz bere, asko da orren kastigurako ilabeteko edo ilabiko atzerea. Alan egonagaz, garbituko al dozu dexondra ori? Ezkontza orrek eztauko atzera biderik, eta alan egon, nai egon ez, beti izango dozu umea ume, suiña suiñ, errana erran, eta guztiak zure odoleko, edo zure odolari dautsenak.

        (Ainbestera elduten da batzuetan askoren biotzaren zitelkeria eze, gorroto artuten deutse, erru bagarik eurai kalte egiten deutsenai, edo kalte egingo deutseela deritxenai, eta alde onetati bere askok pekatu egin daroa. Ara emen onetariko batzuk. Pekatu egin daroe umeak, gura leukeenak euren gurasoak ilda balegoz, euren gauzaak, aziendak ta ondasunak eurentzat izateko. Pekatu egin daroe gura leukeenak gurasoa Jgkoak garbituko baleu, edo txotxaturik (gitxiendurik) ta ume eginik dagoalako, edo oaturik dagoalako, edo gaixoagaz diru pillo andia yoateko bideak dakazalako, edo beste alangoren bategaiti. Pekatu mortala izango da gurasoak nai izatea Jgkoak umea eroango baleu, arlotetxu bizi direalako, edo zegaz emendatu, ta azi askotzarik eztaukeelako. Pekatu izango da ezkonduak nai izatea laguna ilda baleuko, bere burua libre ikustearren.)

        III. Iñori gatxen bat egin deutsanak, kleitua galarazo deutsanak, berba astunak esan deutsazanak, eta alangoak parka eskatu bear deutse; baia besteak bere artu bear dau biotz onagaz, ta errai zabalakaz; eta alan egingo ezpaleu, pekatu egingo leuke. Eta gauza onen ganean pekatu egingo dau, bestea orretara datorrenean, etsean sartuten bere itxi gura ezteutsanak, edo esker gaistoan botetan dabenak, edo gizon onen batzuk bitarteko iminten deutsazanean, entzun bere gura eztabenak. Errua daukanak parka eskatu bear dau, lege dan legez; baia a ezpaletor, eta aurrera bere gorrotoan iraungo badau, zeuk aurreratu bear zatxakoz bakeak egitera, non-da guztiz gatx egiten ez yatzun, edo kalte andiren bat orregaiti izango eztozun. Karidadeak erakusten deusku besteen arimeen osasuna billatu bear dogula, nekeren bategaz izango bada bere, eta gauza yakina da, a gorrotoan bizi dan artean, zerurako ondo eztagoala. Eta beste aldeti zeuk bere eztozu biotzeko baketasunik ez gozorik izango barriz arik eta bakeak egin artean.

        Baia, zeinbat atxakia iminten eztituez au ez egiteko gorrotoan, bizi direan guztiak? Mendiak eta aldats-gora andiak aurreti iminten yakeez ori egiteko esaten yakeen bakotxean. Aita, diño batek, nik ezteutsat ari gatxik opa. Jgoikoak egin dagiola niretzat gura dodan on guztia: baia a bere etsean, eta ni neurean. = Eta Jgoikoak zeuri pekatu egiten dozunean beste ainbeste egingo baleutsu, eta botaro bazinduz bein betiko bere etseti, zeruti, ondo zengokez zeu? Ori ezta J.K.°k diñoana egitea. Diño Jaunak bestea ondo gura izateko geure buruari gura deutsagun modu moduan. Eta alperrik eze zuk zuretzat gurako etzenduke besteren batek zuri beste ainbeste egitea. Zeuk ari ondo gura izateko, egin bear dozu beragaz, aren moduko besteakgaz egin oi dozun guzti guztia; agur egin, berba egin, mesede egin orren bearra dabenean, konbidau bear bada, eta alangoak. =

        Ai Aita! Baleki berorrek nor dan bera ez leuket alangorik esango. Zital dollor bat da guztia: eztauko ak zati onik; agaz ezin iñor bake onik egin lei. = Zital dollorrago izan zara bada zu Jgkoagaz, zeuk egin dozun ainbeste pekatugaz, eta alan da guzti gura dozu Jgoikoak parkatu deizun. Eta, nosik onakoa dau orrek alangoa izatea? Zeugaz aserratu zanetik onakoa nonbait. Leen bere ak orain daukan jenio egin egina izango eban, eta leen bakean bizi zineen. Baia guztiok daukagu geure zitalkeriatxua, eta zitalkeriatxu oneri ezer ukatu gura ezteutsagu. Egin bear dozu bada alegina zeure buruari zerbait ukatuta beragaz bakeak egiteko. = Aita: nik agaz tratetan badot, bat eskatu, bestea eskatu, etse guztia ondatuko deust. Eta ak bein gauzea eroan ezkero, eztaki atzera biderik. = Bada ez emon. Eztirautsut nik ari emoteko zeuk zeure etsean bear dozuna. Premiñan dagoana emendatu bear izaten da; baia osterantzean etxako», emon bear atzera ekarten eztakianari, etserako bear dana. Baia ezta orregaiti aserre bizi bear, agurra egin bagarik, berba egin bagarik, eta besteai egiten yakena egin bagarik. =

        Eta, Aita, niri egin deustana kastigu-bagarik geldituko da? = Ez, ezta geldituko, deungarorik egin badeutsu. Edo berak bere buruari kastigua emon bearko deutso, edo ezpabere Jgoikoak orren kastigua erakutsiko deutso. Baia zeuri ez yagotzu kastigu ori emotea, bada Jgkoak esanik dauko: «nire kontura bengaia: nik emongo deutset bear dabena. = Eta itxiko deutsat gura daben guztiagaz urteten? = Orren ganean bago zer-esan. Kendu gura baleutsu zeurea dan etsea, soloa, basterra, basoa, orretarako eskubide bagarik; orduan bestelan galarazo ezin badozu, auzia emon ziñaio, edo berak emonari yarraitu. Kendu gura baleutsu asko balio eztaben gauzaren bat, eta kontuak ondo atarata, auzitan abiau ezkero, aren alegiña ta geiago gastau bearko badozu, ezta auzitan asi bear. Al badozu gizon baten eskuetan imini, eta aren esanera egon; eta ori ezin bada, galdu egizu zeure gauza ori. Berba astunen bat esan badeutsue, aserreren bat izan badozu, bide-bakoren bat egin badeutsue eta alangoetan, ito egizu zeure barruan guztia; eta etzaitez yoan Eskribauetara: Auziak eztakar gauz'onik: Diruak gitxitu, lanak atzeratu, nagikeria ikasi, ospitalerako edo konkursurako bideak artu; burua alatu, bakea galdu, orreek dira auzien irabaziak eta ondasunak. Eta ezta ori okerrena: arimako kalteak dira orreek baño deungagoak. Ozta ozta ikusiko da pekatu-bako auzirik. Auzitan ibili, eta bear eztanik ez egin, ori Santuak bere nekez egiten dabeen gauzea da, diño San Franzisko Salesek.

        Asiko dozu bide oneko auziren bat; baia gerora gerora sartuko yatzu auzi ori irabazteko alango amurru gogorra ze, edozein gauza egingo zenduke auzi ori irabastearren, bear eztana bere bai; eta San Joan Krisostomo-k diñoan legez, pozago egongo zara pekatu eginda auzi ori irabazten badozu, eze ez, pekatu egin bagarik auzia galdu badozu. Orregaiti J.K°. geure Jaunak ez ginduzan auzizaleak gura, eta erakutsi euskun atal bat galduta bere, edo naibakoak, eta laburtasunak ixilik eroan da bere, ez auzirik artuteko. Ara emen bere berba ederrak: «Iñok eskoako matrallan yoten bazaituz, imini egiozu beste matrallea bere. Eta auzia emon gura deutsunari, eta auziagaz soñeko tunikea kendu, emoiozu kapea bere. Eta iñok bazaroaz milla pausuen bidean, zoaz zu beragaz beste bir-milla pausu bere». Eta, zeinbat etse eder saldu eztira euren yaubeak auzitan ibilita zorrez ondatu zirealako? Itxi egiozue, arren, auzitan ibilteari; eta esku artean darabiltzuezan auziak, gizon on baten eskuetan imini, eta aren esaneti ebagi. Osterantzean etseak, diruak, bakea, arimea eta guztiak galduko dozuez. =

        Aita, berak dauko erru guztia; ni bakean nengoan; nik ez neutsan gatxik egiten. = Au entzun daroagu egunean egunean; baia geienean ezta egia. Batak eta besteak errua izan daroe; batak asi zalako, ta oña emon ebalako; eta besteak parkatu ez eutsalako, eta bateri beste bategaz, edo beste bigaz erantzun eutsalako. Eta alan ezpalitz bere, gogora ekarri egizu zelan egin dozun zeuk Jgkoagaz, eta zeinbat bider ari bear eztana egin deutsazun, ak zeuri gauza txarrik egin bagarik; eta agaz guztiagaz Jaunak parkatu deizun gura dozula.

        Orain biar ta etsi dira Komuniño jeneraleko egunak, eta gure Yauna artuteko guztiok bakeak egin bear dozuez. Eta alan alkarren gorrotoan bizi izan zareenok ez etorri bakeak egin bagarik. Toledoko amaikagarren Konzilioak agindurik dauko Komuniño santura ez etorteko gorrotoan bizi direanak. Orretarako gaur sermoirik urten da laster, ezer izan dozuenok alkarreri parkaziñoa eskatuko deutsazue. Jgkoak berak dirausku, besteren bategaz zerbait izan badozu, ezpedi eguzkia sartu beragaz bakeak egin bagarik. Eta parka eskatutea biotz biotzetik izan bear da, bakotxak nor beren buruari errua egozten deutsala. Eta ez lengo kontuai eragin: ez asi zeuk au egin zeustan, bestea egin zeustan; alan egiteko oba da bapere ez egitea, bada ori ezta besterik ezpada lengoa barriztetea, eta biotzeko zauria gordinago egitea. Kontu bada orregaz. Ara bada, auxe da parka eskatuteko modua. Urlia, bakit nik bear eztana egin neutsuna; baia damuturik nago, eta Jgkoagaiti parkatu egidazu. Besteak erantzungo deutso: nik orretan izan neban zeuk baño erru geiago, eta zeuk parkatu bear deustazu, eta onik aurrera adiskideak legez biziko gara, eta onenbestegaz itxi bertan bera.

 

aurrekoa hurrengoa