www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-II
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 2000

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (II), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 2000

 

 

aurrekoa hurrengoa

11. [KONFESIÑO JENERALA]

 

(J, 39-45. or.)

 

Recogitabo tibi omnes annos meos
in amaritudine animae meae.
Isaiae c.38.

Gogora ekarriko deutsudaz neure bizi guztiko
urteak nire arimako damurik andienaz.

 

        Gaurko arratsalde onetan, neure entzula biotzekoak, egin bear deutsuet Konfesiño jeneralaren ganeko doktrinea Misiño denporan egin oi diranetarik onena eta mesedegarriena. Misiño Santuak egin oi dira pekatari gaixoak onduteko, bide gaistoetatik edo bildurrezkoetatik dabiltzazanak bide ziurrera eta artezera ekarteko, eta Kristiñau epelak Jgkoaren amodioan berotuteko. Baita onetarako batzuk egin bear dabe Konfesiño jenerala, eta beste batzuentzat ondo da Konfesiño ori egitea. Bai, bada Konfesiño jeneral ondo eginak zuzenduten dituz ordura arteko Konfesiño gaistoetako okerrak, ateraten dituz arimako kezkak eta arantzak, kenduten dituz onerako epeltasunak eta nagiak, eta dakar gure arimeetara guztizko bake gozo bat.

        Zer dala uste dozue gero Konfesiño jeneral o? Da bada leen banaz banaan egin zirean konfesiñoak ostera guztiak erabatera egitea eta barrieztetea, esaten yakazala aldebatera konfesoreari, leen konfesa aldi askotan konfesau eta esan zirean pekatuak, baita leen konfesaurik eztagozanak bere. Konfesiño jenerala ezta guztientzat bardin datorrena. Batzuentzat Konfesiño jenerala egitea da guztiz kaltegarria, beste batzuei Konfesiño jeneral ori egiteak mesede andia egiten deutse, beste batzuk berriz gura ta gur'ez egin bear dabe zerurako izango badira. Dakusgun orain nortzuentzat dan kaltegarria, nortzuentzat mesedegarria, eta nortzuentzat bear bearrezkoa.

        I. Da kaltegarria Konfesiño jenerala benetako eskrupulosoentzat, edo arima bildurtiegientzat. Leen, euren aleginez, ondo eginik badauke, eta ori egin ezkero bizimodu ona badaroe, onetariko asko larregi estutu oi dira: aztu oi yoakez zeintzuk konfesau zituezan: larrituten dira, eta barriro esan gura leukez; eta esan arren Konfesoreak lengoai bake bakean itxiteko, barriro eta barriro yoakez lengo gauzakaz burua austen. Ai ene! esan daroe euren artean, zetarako da Konfesoreak lengoai ez eragiteko agindutea, ak nire biotzeko barri ezpadaki? Aren esana ta guzti infernura yoan bearko dot. Onelango zorakeriakaz galduten dabe Jgkoaren gauzetarako gogo guztia. Baia esan egidazu zareana zareala: zuk Konfesiño jenerala egin zenduanean, etzenduzan esan gogoan zeunkazan pekatu mortal guztiak? = Bai Jauna, baita geiago izan balira bere, direanak esango nituzan. = Eta arrezkero, eztozu alegina egin lengo ekandu txarreetara biurtu ez eiteko? = Bai, Jauna. = Bada zagoz geldi, eta egizu itsu itsuan Konfesorearen esana. Osterantzean bein bere eztozu biotzean bake onik izango.

        Baña kontu Kristiñauak, leen esan deutsuet; eta barriro ta barriro esan bear deutsuet nik berba egiten dodala benetako eskrupulosakgaiti: bada badira eskrupulosoak dirudienak eta benetan eskrupuloso eztireanak bere. Onetarikoak egin izango dabe bear bada bein baño geiagotan Konfesiño jenerala; baia lotsaz itxi izango dabe pekaturen bat edo beste esan bagarik. Estututen dituz gero euren biotzak, eta beti dabiltz bildurpean; eta alango larri-aldi batzuetan baioakez Konfesoreari euren bildurrak adierazotera eta iragartera; baia baioakez erdi berbakaz, bein bere ondo agertu bagarik kolko barruan gordeta darabilden pekatua. Onelangoen bildurrak eztira eskrupuloak ez burubako bildurrak, ezpada Jgkoak biralduten deutseezan argialdiak ta bildurtasunak; eta eztabe bake onik izango arik eta euren pekatu lotsaz ixilduak osoz oso esan artean. Orregaiti Konfesorearen esanera egoteko zuzen esan bear yako biotzean dagoan guztia, bere itaunetara garbiro erantzuten yakala.

        Da guztiz mesede andikoa Konfesiño jenerala Kristiñau asko ta askorentzat. Lelengo iños leenago egin eztabenentzat, baita neure eretxian eskrupulosoentzat bere oneek leen egin ezpadabe, eta au izan leiteke bildur guztietarik urteteko bidea, Konfesore yakitun baten oñetara badoaz. Eztago iñor zuzen yakin leikeanik ume egunetako edo zortzi urteti amabostera arteko konfesiñoetan utsik egin eztabela. Zelan prestetan da esamina eginaz? damua ta propositu artuanaz [sic] egun zoro aetan? Nor baketuko da bada denpora atako konfesiñoakaz?

        II. Da bere txito mesedegarria ta ona ezkondutera doazanentzat, alan arimak garbi garbi eginda, emon deioezan Jgkoak, bear dituezan graziak ta laguntasunak, ezkontzeak dakazan obligaziñoai erantzuteko, nekeak pazienziatan eroateko ta lagunagaz bake ona egiteko. Ozta ozta izango da Frailerik ez Monyarik, edo habitua sartuteko [sic] edo profesetako Konfesiño jenerala egin eztabenik leen eginda izan arren bere. Alan bada egin bear leuke ezkonduten direanak bere, bada askok uste ezpadau bere, ezkontzeak aginduten dituzan egin-bearrak eztira Erlijiosenak [sic] baño laburragoak. Baia, zer diñot nik? Zeinbatek eta zeinbatek ezkondutera doazanen artean izango dabe Konfesiño jeneralaren premiña ta egin bear osoa euren gazte denporako zantarkeriakgaiti, eta bear bada ezkontzako berbea emon ezkero egin izango dituezalako ezkonduen gauzak, gero alear erremediauko direalako atxakiagaz? Ai! Gitxi ta gitxi sartu oi dira garbiro ezkontzako Sakramentu santua artzera.

        Da bere guztiz mesede andikoa ezkondu askoentzat bizi izan badira euren lagunakaz bake txarrean, bear bada matrimonioko gauzetan bear danean lagundu gura bagarik, edo euren seme-alabai bear dan konturik artu ezpadeutse, galarazoten ez deutseela dantzetara, fiestetara, bigiretara, eta neska-mutilen arteko batzarretara yoatea. Izango da mesedegarria Konfesiño jenerala auziak eta demanduak izan dituenentzat, euren ustez garbiro eta gauza okerrik egin bagarik ebili badira bere, bada auzitan ibili ta pekaturik ez egitea Santu andientzat baño ezta (andiak bere nekez egiten dabeen gauzea da), diño S. Franzisko Sales-ek. Izango da bere mesedegarria Jgkoaren bideetan, eta serbizioan leen baño beroago ibilteko gogoak artu dituezanentzat, Konfesiño jeneralagaz, lengo nagitasunak eta epeltasunak galduteko. Eta azkenean berba baten asko artuteko, ondo da Konfesiño jenerala egitea leen bere bizian egin eztabeenak, baita irurogei eta irurogeta amar urtekoak (urte egin dabeenak) badira bere, eta nire ustean eskrupulosoak bere, leenago egin ezpadabe; eta au izan leite bildur guztietati urteteko biderik onena, Konfesore yakitun baten oñetara badoaz. Eztago iñor seguru yakin leikeanik bere ume egunetako edo zortzi urterik amabosterako konfesiñoetan utsik egin eztabela. Zelan prestau oi da egun zoro aetan esamina eginagaz? Zelango damua ta propositua eroan doa konfesiñora? Nor bada baketuko da denpora atako konfesiñoakaz?

        III. Entzun dozue noentzako dan kaltegarri Konfesiño jenerala, eta noentzako dan mesedegarri. Orain entzun bear dozue nortzuk egin bear dabeen gura ta gur'ez Konfesiño jenerala. Auxe da doktrina onek daukan gauzarik onena eta alan orain zuur egon beartzare, bada nonbait zuen arteko asko artuko dituz orain esango dodanak, eta nire eretxian askoren onerako. Zuek dakizue ondo Konfesiño on bat egiteko bost gauza bear direala: lelengo, esaminea; bigarren, damua; irugarren, propositua; laugarren, Konfesoreari egin direan pekatu mortal guztiak esatea; eta bostkarren, Konfesoreak emon daben penitenzia egitea. Bada onetariko baten edo baten uts egin dabeenak egin bear dabe Konfesiño jenerala. Dakusguzan oneek gauzok astiro astiro.

        Lelengo lelengo egin bear dabe Konfesiño jenerala euren Konfesiñoetarako bear dan esaminarik egin eztabeenak. Eta zeinbat onetariko etorri yoakuz egunean egunean gure belaunetara? Zeinbat esaminaren apurrik bere egin eztabeenak? Zeinbat esaminea azaleti ta iraitzean baño egin eztabeenak? Zelango esaminea egin oi dabe urte guztian konfesau bagarik egon oi direan askok edo geienak? Bada, Kristiñauak, batek bere erruz, esamiñearen faltaz, eta aleginak ez eginagaitik pekatuak bear dan legez burura ekarteko, itxiten badau esan bagarik pekatu mortalen bat, egiten dau konfesiño deungea, eta pekatu mortal barri bat, eta konfesiño deunga ori zuzenduteko egin bear dau Konfesiño jenerala.

        2.3. Baia Konfesiño gaisto geiago egiten dira benetako damua eroaten eztalako. Ona emen nos alde onetati izan oi dan gaiztoa Konfesiñoa. Batek, osterantzako pekatu mortal guztiai gorroto izan arren, bateri edo bateri ondo eresten badeutso, eta aren ganean damurik artuten ezpadau, Konfesiño okerra egiten dau, eztaukalako bear dan legezko damurik, eta alan eginiko Konfesiño guztiak barriztau bear dituz Konfesiño jeneral bat eginda. Bada asko dira Kristiñauen artean au egiten dabeenak. Nik orain esango deutsuedaz onetariko batzuk.

        Baita ain asko badira bere, niri deritxat eze bitara datozala guztiak, eta oneek dira pekaturik mesede artuten dabeenak, eta onduteko propositurik eztaukeenak. Lelengo bada Konfesiño jenerala egin bearra izaten dabe pekaturik mesede izan dabeenak, edo izango dabeela uste dabeenak, bada onetariko geienak damu bagarik konfesau doaz. Alan bada Konfesiño jenerala egin bear izaten dabe ezkontzako esperantzeagaz pekatu egin ebeen neskatillak, ezkontzako urte orreek luzaro iraun badabe. Baita onetariko askok ezkontzeak ondo urten badeutse, eztaroe ezkontza-aurreko pekatuen damu andirik artu, bada askotan ikusten dogun gauzea da, onelango pekatuen ganean itanduten yakenean otz otzik erantzun daroe: egin genduan, baia arkal erremediau genduan. Erremediau arren pekatu egina pekatu, ori parkatuko bada damu ona ta andia bear da. Orregaiti bada onelangoak aleginak egin bear dituez damu ori artuteko eta Konfesiño jeneral on bat egiteko.

        Konfesiño jenerala egin bear izaten dabe guraso askok, zeintzuk euren umeak ezkondu ditezan amurruagaz, aginduten dituez fiestetara, zelaietara, bigiretara, dantza nastuetara, eta alango mutil-neskatillen batzarreetara. Onelango gurasoak euren umeai pekatu egiteko bideak emoten deutseez eta alde orretati euren lepo ganean dituez gazteak egiten dituezan, eta egin leikezan pekatuak, zeintzuen ganean bear bada bere bizian eztabe damurik artu izango, entzun arren ori ezin egin leitekeala. Eta ara geiago egin bearko dabe Konfesiño jenerala gurasoak, euren umeak urliagaz edo urlinaiagaz ezkontzea egitera etorri daitezentzat, edo egin ezkero galdu ez daitentzat, itxi oi deutseenak semeari neskatillearen etsera yoaten, edo besteko mutilari eurenean sartuten: bada orrek iraun daben arteko Konfesiñoak eta bear bada arrezkerokoak, deungaak izango zirean.

        Konfesiño jenerala egin bear dabe prest egoten izan direanak (edo prest dagozanak) irabazi bidebakoak egiteko; zelangoak direan arako merkatari, dendera eta tratulari atera al daben guztia ateraten dabeenak, begiratu bagarik zer dan lege eroatea; edo tratu okerrak egin, neurrian edo pisuan labur emon, edo txarra onagaz ta bastua fiñagaz nastauta, iñoen lepoti aberaztuten direanak. Konfesiño jenerala egin bear dabe lapurrak; eta ez bakarrik lapurtotzar andiak bideetara urteten dakienak, edo zaldiak, beiak, diru moltzo andiak ostu oi dituezanak, baita bere litxurrerietan dabiltzazanak emen artaburu batzuk ostu, an gari puska bat, bestean kabilla batzuk; edo bikuntzako lagunari orain abiko arrautzak, gero ollo bat eta alan. Egin bear dabe amarren-primiziai bear dan baxen gitxiago emon oi deutseenak. Konfesiño jenerala egin bear dabe gauza ostuak biurtu al leikeezala biurtu bagarik daukeezanak, edo amarrenai atzeratua amarrentzalleai emon bagarik, edo zor egiazkoai bear dan legez erantzuten ezteutseenak. Konfesiño jenerala egin bear dabe testamentario eta herederu askok, dirua arima fielak baño maiteago dabeela bizi direanak, urte osoetan ilak itxi zituezan zorrak pagau bagarik eta mezaak atera bagarik beti luzatu ta luzatu arima gaixoen kaltean.

        Onen ostean (ondoren) datoz propositu on bagarik konfesau direanak. Onduteko gogo bagarik eztago damu onik, eta pekatuak parketako asko danik, eta alan eginiko Konfesiñoa barriztetako Konfesiño jenerala egin bear da. Baña, nortzuk dira onduteko gogo bagarik konfesetan direanak? Guztiak konfesetara datozanean esan daroe eurak onduteko asmua badabeela, baia ez guztiak ezeze ezta gitxiagok bere eztaroe asmu ori izaten. Ara nondi igarten yakeen. Orreek konfesau ezkero (aleginak egiten badituez onduteko) zeatz ta ardura onagaz egiten badituez konfesoreak orretarako emon deutseezan penitenziak eta aginduak, alde egiten badabe lengo bide txarreetati, lengo lagun deungeetati, eta aleginak egiten badituez barriro ez yausteko propositu ona. Baia alan egin bearrean, yaramonik egiten ezpadabe, badabiltz lengo bideetati, lengo lagun txarrakaz, eztauke benetako propositurik. Eta alan egin oi dabeenak bitara datoz. Lelengo propositurik izan eztaroe eta orregaiti Konfesiño jenerala egin bear izaten dabe, zetan edo atan pekatu mortala egiteko ekandua daukeenak edo leen izan dabeenak.

        Alan Konfesiño jenerala egin bear dabe pitian pitian guzurragaz juramentu egiteko ekandua daukeenak. Jaiegun oso santuetan euren maña gaiztoz bear eragotzi luzeak egiteko ekandu txarra daukeenak. Konfesiño jenerala egin bear dabe gurasoai lotsa txarra artuten dakien umeak euren erremuxkadakaz, purrustadakaz, atzera erantzuteakaz, muxingakaz gurasoen biotzak beti minberaturik eta damuz beterik darabildezala. Konfesiño jenerala egin bear dabe gurasoak umeai edo umeen aurrean birao egiteko izkune dongea dabeenak; aginduten dituezanak zelaietara, hermita bazterretara, bigiretara, eta neska-mutilen arteko batzarreetara (fiestetara); eurakaz batera anditxu eginda eratzoten dituezanak; edo mutil-neskatxitxuak alkarregaz nastean; doktrinea irakasten ezteutseenak; itxiten deutsenak ezkontzea egin ezkero, edo egitera etorri daitentzat semeari neskatillearen etsera yoaten edo besteko mutilan eurenera etorten; edo gazte biak nondi-gura ebilten.

        Konfesiño jenerala egin bear dabe arkalen artean bake txarra egin dabeen ezkonduak, bear dan orduetan matrimonioko gauzetan lagundu gura bagarik; edo euren buruti arkalganik alde eginda bizi-alargun azpaldian egiten dabeenak. Egin bear dabe iñogaz gorrotoan azpaldi onetan bizi izan direanak, bestea begiz bere ikusi ezin dabeela; ordiak; luna, karea, ikatza, edo kalte egingo deutsen besteren bat yaten edo edaten izan dabeenak. Eta seigarrenekoen ganean, zer esango dot? Emen bai datorrela Konfesiño jenerala egin bear dabeenen erreskadea! Emen datoz bestegaz adiskidetasun deungea izan dabeenak; emen berba nasaiak edo ipuin loiak esaten dakiezanak; emen pensamentu loiak gogoan erabili eta euren artean erretan egon oi direanak; emen gazte dantza naastu-zaleak, batzaar, ta erronda zaleak; eta emen Jgkoak dakizanak, ezkonduen artekoak bere. Bai ezkonduen arteakoak bere, eze, zeinbat onetarikok egin oi ditue umeak ez izateko zantarkeriak; eta gero konfesetan ez ditue pekatu ezpalira baño geiago; baita orretarako pekatu andiagoa egiten dabe ezkonduta ezpalegoz baño? Eta, ainbatek bestelango gauza txanak egin eta gero biotzean kezkea ta arantzea izan arren eztituez konfesetan? A Kristiñauak! noberen zagiko ardoagaz bere orditu leiteke, tabernakoagaz ez eze. Iñok gauzonen ganean bildurrik edo kezkarik badauko, itundu bedi konfesoreagaz; bada eztira orreek leku onetarako. Konfesiño jenerala egin bear dabe prest egoten izan direanak (ut supr.).

        Konfesiño jenerala egin bear dabe besteak gaiti deungaro esateko eta murmuretako izkune txarra daukeenak, besteai guzurrak asmetan (erantetan) deutseezala, edo emen entzuna an esaten dabeenak zabal eztabilen gauzea izanik.

        Oneek guztiok bada eta onelangoak (bada guztiak ezin izentadu leiz), onelango ekandu gaistoai yarraitu deutseen artean, eztabe Konfesiño onik egin, eta Konfesiño gaisto oneek zuzenduteko egin bear dabe Konfesiño jeneral bat ondo ondo prestauta. Bai ondo ondo prestauta, pekatuen bideak kenduta, ekandu deungak kentzen asita, eta bakotxari berea emonda. Ez etorri konfesetara pekatuak oñean dirauela, eta onduteko aleginik egin bagarik. Atan birao-gilleak, juramentu-gilleak, berba loiak esaten dakizuenak, Konfesiñora baño leen itxi zuen biraoak eta juramentuak eta berba loiak. Gurasoak, Konfesiñora baño leen galarazo zuen umeai fiestara, zelaira, bigirara eta alangoetara yoatea. Gazteak, zuek gogoak artu alango lekuetan oñik ez ifinteko eta gurasoai euren lotsa ona gordetako. Bizi-alargunak, ez etorri Konfesiñora arkalgana batzandu bagarik. Iñoen ondasunak dozuezanak, ez etorri bakotxari berea emon bagarik, (aleginean), eta lotsa bazare yaubeari berari emoten, aldean ekarri egizue konfesonariora, eta konfesoreak egingo dau zuen buruak agertu bagarik.

        Entzunak entzunda bear bada esango dau batek edo batek: Jauna, bada kontu gogorra da beintzat ori. Nik esaten nituzan pekatu guztiak, ez neban bapere ezkutetan. Zetarako, bada ausi bearko dot burua, Konfesiño jenerala egin ezinik? = Alan galdu gura dituz diabruak asko, galarazoten deutsela Konfesiño jenerala, aora daroen errraria baño bearrago dabeena. Zer da konfesau arren, pekatuen damurik ezpazeunkan? Utsa da, edo obeto esateko kaltegarria da damu bagarik egiten dan Konfesiñoa. = Bada, Jauna, damua bere baneritxon neroiala. Samurtuten yatan biotza; esaten neban enebala geiago pekaturik egingo. Egia da gero griña ta pasiño txarrak itsututen ninduala; baia ez nik, konfesetan nintzan orduan, alango asmurik neunkalako. = Baia, Kriatiñaua, egia da zeuk urte askoan pekatu mortala egiteko ekandua izan dozula, eta konfesauta denpora andi bagarik lengo pekatuan yausten zineala? Bada agiri da bear dan damurik izan eztozula. Balitz baten edo baten (alangoren baten / alan baten / bein edo baten) argaltasunez yaustea, orrek eztau galerazoten damua izatea; baia bai izkunez eta ekanduz egiten dan pekatu yarraituak eta alan olangoak izan dozuzalako, egin bear dozu Konfesiño jenerala.

        4. Baia zetan igarten dan geiago Konfesiño jeneralaren bearra da norberen guraz eta yakinen ganera konfesiñoan esan bearren bat esan bagarik itxiten danean. Emendi bada dator Konfesiño jenerala egin bear izatea pekatu mortalen bat edo bat edo beste esan bearren bat lotsaz edo bildurrez edo oker egin gurarik konfesau bagarik itxi dabeenak. Egin zenduan txikitxutan zantarkeriaren bat nebatxuagaz, arrebatxuagaz, eskolako edo auzoko lagunagaz, eta lotsaz edo bildurrez eztozu iños konfesau? Bada Konfesiño jenerala egin bear dozu. Baia lelengotan, eta gero bere amazazpi amazortzi urtera artean gogoak emon ezpeutsun ori pekatu izango zanik; eta gero edo sermoiren baten entzunda, edo libururen baten irakurrita, edo beste alde bateti konturatu bazinean, eta lotsaz edo bildurrez esan bagarik itxi bazenduan, amazazpi amazortzi urterik onako Konfesiño jenerala egin bear dozu, eta leenagokoa bere obeto izango da egitea, bada txikitan bere ain argiro argiro batek ezpadaki pekatu direala, beti alanbere egin oi dira malizia moduren bategaz, billatuten direala orretarako leku ezkutuak eta bakarrak.

        Egin zenduan andi eginda ganaduren bategaz pekatu loiren bat eta, lotsaz etzenduan konfesau? Bada egin bear dozu Konfesiño jenerala. Zeu bere, neskatilla, yausi zinean seigarrenekoan; edo oso osoan egin ezagaiti (ezarren), ibili zinean zantarkeriak egiten; eta gero, lotsaarren etzenduan konfesau, edo esan zenduan zan baño gitxiago edo ederrago? Bada Konfesiño jenerala egin bear dozu. Zuk, beste orrek, egin zenduan seigarreneko ori, nebeagaz, arrebeagaz, ezkonduagaz, boto kastidadekodunagaz; konfesau zenduan pekatua, baia lotsaz etzenduan esan zelango lagunagaz izan zan? Bada Konfesiño jenerala egin bear dozu.

        Egin bear dabe Konfesiño jenerala Konfesoreak itandu ez eutselako pekaturen bat konfesau bagarik itxi dabeenak. Ara askogaz zer yazoten dan. Itanduten deutse Konfesoreak: egin dozu ain gauza? = Bai, Jauna. = Zeinbat denpora da egin zenduala? = Jauna, lau urte. = Eta konfesau dozu iños ori? = Ez, Jauna. = Eta, zegaitik ez? = Ezteuste, Jauna, itandu (eskatu) berorrek legez. = Zer da itandu ezagaiti? Nai itandu nai itandu ez, esan bear dira Konfesiñoan pekatu mortal guztiak, eta alan egin ezik ezta gauza dan Konfesiño onik egiten. Egin bear dabe Konfesiño jenerala pekatu bein lotsaz itxiak, aztuta itxi balituez legez konfesetan dituezanak. Au bere askok egin daroe. Itxi izango dituez lotsaz esan bagarik pekaturen batzuk, estututen dituz biotzak, eta gero ta gero bere batoz bada pekatu orreek esatera; baia orduan bere lotsatuten dira esaten zelan leen lotsaz itxi zituezan, eta esaten dabe aztuta izan zala. Oneek eztabe onegaz gauz onik egin, eta bear dan bidean sartuteko Konfesiño jenerala egin bear dabe. Egin bear dabe Konfesiño jenerala euren pekatuak ain modutan edertuten dituezanak, ezei [sic] konfesoreak benialtzat adietan (ulertuten) dituz pekatu mortalak zireanak.

        Oneek entzunda, eztakit bateri bateri biotza larritu ez ete yakon. Nik, esango dau bere artean, Konfesiño jenerala egin bear neuke, eta erraria (aoko ogia) bera baño bere bearrago dot. Baia, zelan nik egin nei Konfesiño jeneral ori? Zelan nik arteztu nire pekatuen kontu nastauak? Ni txiki txikitarik asi nintzan pensamentu zikinai leku oso osoa emoten, berba loiak esaten ta entzuten; egin dodaz Jaungoikoak dakizan eskuka loiak, neure bakarrean, baita lagun gaistoen artean bere; ibili nas edozein naste-borrasteko batzarreetan, edozein nasaikeria egin arren ezer ez eustala; neure buruko ulleak baño pekatu geiago egin dot; konfesetan izan nas, baia esaten ez nituzan erdiak, ezta onago bere; esaten nituzan buruak emoten eustazanak, ta besteak gorde; esaminarik egiten ez neban, damurik bapere ez. Onelan izan da nire bizitzea. Zelan bada nik egingo dot Konfesiño jeneral ori? Zelan atera anbeste pekatuen kontua?

        Kristiñau larritua, ondu gura zara? Itxi gura dozuz bein betiko orainarteko leku, olgantza, okasiño eta ekandu deungaak? Bada orreek badira zure gogoak, errazki zabalduko dozu zere biotz ori. Ez estutu; guztia errez errez egingo da. Billatu eikezu Konfesore yakintsu arima-zale bat; ari argiro esan zelangoa izan zarean, eta lagundu deizula Konfesiño on bat egiten, eta ikusiko dozu, ze ederto egiten dozun guztia.

        Eta au obeto egin dagizuen esan bear deutsuet zuen aldeti zer egin bear dozuen. Yakin bear dozue bada eze, eztabela iñok Konfesiño txarrik egiten bururik ez izan arren. Eta alan atso-agura laurogei urtekoak bere, erraz egin leie Konfesiño jenerala, burua erdi konkorturik euki arren. Jgkoak ezteutso bakotxari eskatuten, bere aldeti al dabena baxen besterik. Ori egin ezkero, pekaturen bat, edo pekaturen batzuk, edo pekatu asko, aztuta geldituten badira, ezta ardura: orreek besteakaz batera Jgkoak parkatuten dituz; eta gero Konfesiño jenerala (egin) ezkero, gogora baletoz, eztago Konfesoreari urrengo konfesa-aldian esan baño. Egizue bada zuen aldeti dagoana pekatuak gogora ekarteko.

        Eta esamina ori egiteko lelengo lelengo aterako dozue kontu ea bataz beste urte bakotxean zeinbat bider konfesau zareen. Gero mandamentuetati yoango zare. Bein edo beste baño egin eztirean pekatuak laster dira burura ekarrita. Alan batek seigarrenekoan bere ezkongeiagaz baño bestegaz egin ezpadau, eta ori bere alango banaka batzuetako gitxitan, laster buruak emongo deutso orreri zeinbat bider izan direan guztiak. Tintago egin direanean eztira ain erraz zuzenduten; eta ezin esan badira ain zuzen zuzen, esan zeinbat izango zirean gitxi goiti beeti. Ekanduzko pekatuetan oraindo gatxagoak dira kontu zeatzak, eta orregaitik besterik ezin dozuenok aterako dozue kontu zeinbat denporan iraun deutsuen gauza txarra egiteko izkuneak, eta bataz beste zeinbat bider izan zatekean egunean, astean, ilean, edo urtean.

        Genero bateko pekatuak alde batera esango dozuez. Seigarrenekoan bost ezkondu-bakogaz ogei bider egin dabeenak eztau ibili bear: Jauna, bategaz egin neban bein, bestegaz iru, bestegaz sei. Esan begi beingoan: Jauna, ezkondubakoakaz ogei bider pekatu egin dot. Genero banatako pekatuak bakotxa berez esan bear dira. Alan ezkondubakoakaz egin direan pekatuak eztira nastu bear ezkonduakaz egin direanakaz; ezta aldeakaz egin direanak atzeakaz egin direanakaz. Bakotxa berez esan bear da: onenbeste ezkonduakaz, onenbeste ezkondubakoakaz, onenbeste aldeagaz, onenbeste boto kastidadeko-danagaz.

        Itanduten baiake konfesetara datozanai ea damurik badauke Jgkoa ofendidu dabeelako, guztiak diñoe baietz; baia asko baño geiago dira egiazko damu-bagarik konfesetan direanak. Ai! damututen yakanak zerbait egina, eztau geiago alangorik egin gura, eta alegin guztiak egiten dituz ostera ez egiteko. Damututen baiatzue iñori mesede egina, esan daroazue: Ai bada, yakin izan baneu...! Eztauko urrengoan nigana etorri baño; nik emongo deutsat: arin joan bearko dau neure aurreti. Alan bada pekatuen damua daukanak bere, eztau pekaturik egin gura, eta aleginak egiten dituz ez egiteko. Baia, zeinbat eta zeinbat dira alango aleginik egiten eztabeenak? Zeinbatek diraue urte osoetan pekatu mortala egiteko ekandu gaistoa aurrera daroela, konfesauta konfesauta bein bere onduten eztireala (ondu bagarik)? Bada alan egin dabeenak eztabe damu onik izaten eta egin bear dabe Konfesiño jenerala. Egia au ezagutu dagizuen, mandamentuetati izentaduko deutsuedaz onetariko ekandu txarretako batzuk, eta orregaz era batera yakingo dozue nortzuk egin bear dabeen Konfesiño jenerala damuaririk eta propositurik izan ez dabeelako. Alan bada Konfesiño jenerala egin bear dabe: pitian...

        Ejempl. Dutari... Cardab. pag 29.

 

aurrekoa hurrengoa