PEDRO BENTURA TA ANA MANUELA
Goletatxu bat etorri da gaur
gatzez da orioz beterik,
eta etxeetan ezta gelditu
inor zarrik ez gazterik.
Pedro Benturak eztan ikusi
berak nai daben damea;
ta kai-ganean esan dabela
zabaldu iako entzutea.
Ana Manuela, neure maitea!
zelan etzara zu agiri?
beste guztiai agertu iakez
euren maiteak; ta ez niri.
Aita etorri iat, ama bere bai;
eta zu ez, neure laztana!
beti betiko munduan lagun
izango zaitudazana.
Emen nator ni Pedro Bentura,
geroago ta meaago,
neure berbea betetuteko
bost aste baino lenago.
Ikusi dodaz urte betean
neska eder maitegarriak,
euren atzean eroiezanak
galai guztien begiak.
Baina neuretzat ezot ikusi
Ana Manuela langorik;
bera lez eztau beteten inok
munduan neure gogorik.
Nai izan baneuz zazpi andra goiko
Venus ederra langoak,
bilatu barik opa izan iataz
entzute txarrik bakoak.
Onek eukiarren diru-zati bat
ta etxe iminiak neuretzat;
ezin izan ni, Ana Manuela!
zeurea naz-ta besteentzat.
Sevilla andian zapatu baten
urten neban nik errira
eta ninoian kalerik kale
denda guztiai begira.
Arteztu nintzan ederrenerantz
idun-oial bat artuten,
iru dama andi egozan tokira
dendako gauzaak salduten.
Dama galantak eukiagati
zar ta gazteak munduak;
arek langorik, iru batera...
ezta Haremetan Turkuak.
Nungoa nintzan iakun nai eben
eta esan neutsen nik moduz
—Bizkaian bere labankeriak
gazterik ikasten doguz.—
«Etzaitez ioan, erantzun eusten,
izurdak legez itxasoz;
obato dozu itota baino
oian iltea ta gaisoz.»
«Nai badozu izan merkataria
irurok gagoz eskongei:
eta munduan ezainagorik
mutil gazteak topau lei.»
Eskerrik asko, dama galantak
esan neban nik orduan
zoria izango neukela uste dot
baten nai baten bornuan.
Baina euskaldunak bein berbatuak
biotza eztogu geurea,
eta itxaroten iagot Bermeon
Ana Manuela neurea...
Ana Manuela lagun-artean
egon da isilik entzuten;
eta barreka eldu dan orduan
laztan bat emon da artuten.
|