GABON AFARI BAT
Gabon eguna da egun laburra
erlojuetan bakarrik;
eztot eukiten iluntzerako
belaun bietan indarrik.
Eta bat, eta bi, eta iru, eta lau
ardaoak moskortuten dau.
Neure Maria dabil goizerik
intxaur-saltsea gietan:
inor eztau nai subil-ondoan
egun guztian berbetan...
Eta bat, eta bi...
Zazpi ta erdiak emoten dituz
etxeko erloju txikerrak:
iezarten gara guztiok maian
Iaunari emoten eskerrak.
Eta bat, eta bi...
Zatituten dot ogi biguna,
eta lenengo kuskurra
sendotuteko da amurruturik
dagoan txakur adurra...
Eta bat, eta bi...
Lenengo dator orio-azea
ondo egosi ta bigunik;
eztago zeian aza ta lora
bere iseko lagunik.
Eta bat, eta bi...
Izan dogun lez Iaunari eskerrak
etxean ugari matsa,
betor txakolin pitxarkadea
ta aren urrengo lebatza...
Eta bat, eta bi...
Ekazu Txomin goiko baldati
txetxu bateko edontzia;
gabon dogu gaur etxeko andrea,
eutsi lenengo zurruta.
Eta bat, eta bi...
Lebatza dago gozoa baina
eztot ikusten ardaorik;
ezta euskaldunik egin deutsanik
Erriojari biraorik.
Eta bat, eta bi...
Edan gazteak txolindu artean
ez itxi ardaorik basuan
gaur edozeinek itxi bear dau
garbi basua barruan.
Eta bat, eta bi...
Ekazu Kontze subil-ondoti
maira makallao-saltsea;
ian sendo neure maite maiteak,
errukia da galtzea.
Eta bat, eta bi...
Eztogu edaten gaur aparitan
edan maiteak ugari;
gabon gaubean egon bearda
apaldu-ezkero kantari.
Eta bat, eta bi...
Jesus! Maritxu ze besigua,
orain dakazun errerik;
naiago neuke ia onezkero
maira ezpaletor besterik.
Eta bat, eta bi...
Ardao gitxi gaur emen edan da
lau pitxarkada bakarrik;
eztogu egingo dantzarik gero
barruak lagundu barik.
Eta bat, eta bi...
Urra Maria! Urra guztiok
au da intxaur saltsa gozoa!
urte guztian eztot nik euki
gaur baizen pozik gogoa...
Eta bat, eta bi...
Ea tragu bat, bai ta bi bere
edan maitea zia lez
Balitz sarritan gabon eguna,
bein baino urtean eztalez!
Eta bat, eta bi...
Betor kopea bete beterik,
kafetara botateko bat,
beste bat gero neuk edateko
kafea artuta ostekotzat.
Eta bat, eta bi...
Nundik ekarri da neure eskatzera
orain bigarren argia,
eztogu bear argia geiago
lengoa baino Maria.
Eta bat, eta bi...
Dantzan asi iat orain eskatza,
eztogu bear besterik
eztot ikusten, ai ze barrea!
gazteak, oera biderik.
Eta bat, eta bi...
Zer da Maria? eztakit zelan
gaur aurkituten nazan ni
senar bakar bat len euki dozu
eta daukazuz orain bi.
Eta bat, eta bi...
Eskatu daigun neure maiteak
oera goiazan baino len,
batu gaizala Iaungoiko Iaunak
betiko zeruan. Amen.
Eta bi, eta iru, eta lau, eta bost
ardaoak moskorra emon dost.
|